Markina-Lekeitio
Markina: Ziortzako kolegiata. Karmengo Andra Mariaren komentua
Bizkaian, lehenengo ibilbidea Lea-Artibai eskualdean zehar egingo dugu. Hortxe, Ziortzako Kolegiatan, Markinan, alegia, Berpizkunde garaiko Bizkaiko erretaulen erakusgarrietako bat ikusi ahal izango dugu: berezko lengoaia formala, margoa eta eskultura nahasteagatik nabarmentzen dena. Horrela ba, Francisco Vazquezi eratxikitako kalitate handiko lau margo horiek, nahitaez aipatu behar dira Bizkaiko Berpizkundeari bagagozkio. Aipagarri da baita, erretaulako Andra Mariari buruzko bi irudi gotikoak eta beroriek barnebiltzen duten jarlekuko goragunearen arteko harmonia ere.
Bestalde, Jasokundeko Andra Mariaren eliza ere bisitatuko dugu. Eliza horren erretaula nagusia 1526-1530 urteen bitartean egin zen, nahiz eta gerora aldatu XVI. mende berean eta XVIII. ean. Berpizkundeko sasoi hartan eginiko lana da, beraz. Bizkaiko lehen Berpizkundeko erakusgarri adierazgarrienetakoa da, hala Berpizkunde garaiko lauki?erretaula izateagatik, nola bere hornigaien oparotasunarengatik zein polikromiarengatik.
Azkenik, Karmeldarren Komentuan, erretaula nagusia eta alboko irudiak ikusi ahal izango ditugu, 1723 eta 1736 urtetik aurrera eginikoak, hurrenez hurren. Hortaz, beranduko estilo barRokokoak biak. Euskal barrokoaren maisu esanguratsuenetako batek eginiko lana da, Santa Teresaren Marcos lekaideak, alegia. Hirurek osatzen dute multzo bateratua kronologiari, tipologiari eta egitarau ikonografikoari dagokionez.
Lekeitio: Jasokundeko Andra Mariaren eliza
Gero, Lekeitiora joango gara, hor baitago gutxi dela zaharberritu den erretaula gotiko handienetako bat: Lekeitioko elizako erretaula nagusia. Euskal erretauletan eredutzat hartzen da, eta erretaula gotikoetan, aitzindari. XVI. mendeko (1500-1510) lehen hamarkadan eginiko lana da, hispanoflandestar estilokoa. Egilea ezezaguna da, gauza bakarra dakigu horri buruz: piezetan ageri diren aztarnei esker jakin ahal izan dugu zazpi egile aritu zirela lanean zuzendaritza bakar baten aginduetara, ziurrenik Europako iparraldeko maisu atzerritarrez osatutako taldea. Bada, erretaula horrek egitarau ikonografiko zabala hartzen du bere baitan, bai eta kalitate handiko polikromia garaikidea (1510-1514) ere, bere estiloaren erakusgarri. Oinarri kromatikoan urrea da nagusi eta horregatik, hain zuzen ere, oparotasun- eta luxu-kutsua du.