Segurtasun Saila

Eskumenak eta transferentziak

Inprimatu

10/1981 DEKRETUA, urtarrilaren 16koa (Dekretu horren bidez, nekazaritzako ikerketaren arloko eginkizunak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruz Transferentzien Bitariko Batzordeak hartutako erabakia argitaratzea onetsi zen).

Identifikazioa

  • Egoera: Eginda
  • Transferentziaren urtea: 1980
  • Gaia: Ikerketa Zientifikoa eta Teknikoa; Nekazaritza eta Arrantza
  • Jardun-eremua: Nekazaritza eta Arrantza
Xedea:

1. Egoitza Gasteizen zuen Patataren Sailak eratutako nekazaritzako ikerketa-unitate organikoa eta funtzionala eskualdatzea, eta, horrenbestez, CRIDA 03 izeneko Nekazaritzako Ikerketarako eta Garapenerako Eskualdeko Zentrotik (Ebro) banantzea. Unitate horren ikerketa-jarduerak Estatu osoa hartzen zuenez, Eusko Jaurlaritzak, eskumena eskualdatu eta gero bermatu behar du patatari buruzko ikerketak, gutxienez, ordura arte izandako mailan jarraituko duela. 

2. Estatuko Administrazio Zentralaren sustapen eta koordinazio orokorreko jarduerak. 

Nekazaritza-ikerketa oro har koordinatzeko eta sustatzeko eginkizunekin bat etorriz, Estatuko Administrazio Zentralak, INIA-ren bidez (Instituto Nacional para la Investigación Agrícola), honako eginkizun hauek beteko ditu: 

a) Estatuak dituen baliabideak eta Eusko Jaurlaritzak adierazitako premiak aintzat hartuta, INIAk, Estatuko aurrekontuetan dagozkien partiden kargura, dirua emango die urtero Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritzaren arloan aritzen diren ikerketa-unitateei, nekazaritza-ikerketako azpiegitura orokorretan inbertsioak finantzatzeko. 

b) INIAk, Estatuko aurrekontuetan dagozkien partiden kargura, dirua emango die urtero EAEn nekazaritzaren arloan aritzen diren ikerketa-unitateei, gauzatu behar dituzten ikerketa-programak (Nekazaritza-Ikerketako Estatuaren Programetan sartuta daudenak) finantza ditzaten; betiere ezartzen den prozedurari jarraituz. 

c) Estatuak, INIAren bidez, aukera emango dio Eusko Jaurlaritzari Nekazaritza-Ikerketarako Estatuaren Programaren lehentasunak zehaztean esku hartzeko, baita aurreko a) eta b) idatz-zatietan ezarri diren ekintzak garatzeko finkatzen diren mekanismoak edo prozedurak prestatzeko ere. 

Izan ere, eskualdaketa egin zenean EAEn nekazaritzako ikerketaren azpiegitura nola zegoen ikusita, eta Estatuko Administrazio Zentralak bere eskumenak garatu ahal izan zitzan (nekazaritzako ikerketa oro har koordinatzea eta sustatzea) Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza Saileko organo eskudunak, bost hilabeteko epean, programa bat aztertzeko eginkizuna hartu zuen bere gain EAEko nekazaritzako ikerketaren azpiegitura indartze aldera. Programa hori aplikatzeko, EAEk jar zitzakeen baliabideak eta Estatuko Administrazio Zentralak INIAren bitartez jar zitzakeenak bateratzeko ahalegina egiteko konpromisoa hartu zuten. Hasiera batean, ikerketarako azpiegitura berria indartzeko azterlan horrek honako arlo hauek hartu behar zituen, besteak beste: basogintzaren arloa, ardi latxen aziendak eta behi-azienden produkzioa. 

3. Estatuko Administrazio Zentrala eta Eusko Jaurlaritza nekazaritzako ikerketaren arloan lankidetzan aritzeko esparrua. 

Estatuko Administrazio Zentralak, INIAren bidez, nekazaritzako ikerketako gaiak oro har koordinatzeko eta sustatzeko eta gai horiei dagozkien nazioarteko harremanak eratzeko eginkizunak beteko ditu, besteak beste, honako tresna hauek baliatuz: 

 - Euskal Autonomia Erkidegoan ikerketarako dagoen azpiegitura sustatuko du honako hauei laguntza emanez: eskualdatutako ikerketa-unitateei; Eusko Jaurlaritzak sor litzakeenei; Eusko Jaurlaritzarekin ados jarrita Administrazio Zentralak sor litzakeenei; eta, orobat, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egon arren, EAEko ikerketan dauden oztopoak gainditzeko baliagarriak diren ikerketa-unitateei. 

- Eusko Jaurlaritzak EAEn eragina duten Nekazaritzako Ikerketarako Estatu Programak sustatu eta garatuko ditu, eta programa horietan berak gauzatzen dituen edo gauza ditzakeen proiektuen bilakaera zientifikoa zainduko du. 

Estatuko programa hauek sortu eta taxutzen Euskal Autonomia Erkidegoko ikertzaileek hartuko dute parte.  

- Eusko Jaurlaritzarekin nekazaritzako ikerketari buruzko lankidetza-hitzarmenak sinatuko ditu, eta finantziazioa bien artean egingo dute. 

- INIAren jakintza-gaien eta produktuen sailek, eta informatikako, dokumentazioko, liburutegiko, argitalpeneko eta bestelako zerbitzu teknikoetako unitate teknikoek laguntza zientifikoa eta teknikoa emango diete Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako ikerketa-unitateei. 

- INIAk erabilera orokorreko ikerketa-proiektuen katalogo normalizatu bat izango du, eguneraturik, eta Eusko Jaurlaritzaren esku jarriko du. Katalogo horrek autonomia erkidegoetan eta Espainiar Estatuko gainerako lekuetan egiten diren nekazaritzako ikerketarako proiektu guztien informazioa bildu beharko du, eta edonork erabiltzeko moduko fitxategi bibliografikoa ere bai. 

- Estatuko Administrazio Zentralak nazioarteko hitzarmenak edo akordioak egingo ditu, eta, Eusko Jaurlaritzak intereseko gaiak proposatzen baditu hitzarmen edo akordio horietan sartzeko, aintzat hartuko ditu.

 - Nekazaritzako ikerketa koordinatzeko kide anitzeko organoa sortuko da, eta Eusko Jaurlaritzak parte hartuko du. 

4. Estatuko Administrazio Zentralak, eskura dituen baliabideak kontuan izanda, honako zerbitzu hauek emango dizkio Eusko Jaurlaritzari; besteak beste: 

- INIAren ikerketa-zentroetan edota erakunde horrekin lankidetza-hitzarmenak sinatuta dauzkaten atzerriko nahiz Estatuko zentroetan, ikertzaileak prestatuko ditu, Eusko Jaurlaritzak proposaturik. 

- INIAren zentroek eta sailek, bai eta haren talde zientifikoek ere, laguntza emango dute EAEn nekazaritzako arloan dagoen ikerketarako eskariari erantzuteko. 

- Eusko Jaurlaritzaren nekazaritzako ikerketa-unitateek INIAren zerbitzu orokorrak baliatuko dituzte, hain zuzen ere, zerbitzu teknikoak, dokumentaziokoak, informatikoak, argitalpenekoak eta harreman zientifikoetarakoak . 

- Estatuko Administrazio Zentralak INIAren nekazaritzako ikerketa-zentroen eta -sailen jarduerari buruzko nondik norako guztien berri emango dio Eusko Jaurlaritzari, eta sinatzen diren nazioarteko hitzarmenen berri ere bai. 

5. Eusko Jaurlaritzak bermatu beharko du bere nekazaritzaren arloko ikerketa-unitateek honako hauek egingo dituztela:

 - Estatuko Administrazio Zentralak onesten dituen proiektuak (Estatuarentzat interesa dutelako Nekazaritzako Ikerketarako Estatu Programetan sartuta daudenak) gauzatuko dituzte. INIAk finantziazio osagarria emango die horretarako.

- INIAk nekazaritza-arloko ikerketan egiten dituen nazioarteko hitzarmenak behar bezala gauzatu eta beteko dituzte; eta INIAk finantziazio osagarria emango die hitzarmen horiek guztiak gauzatzeko. 

- Ahal den neurrian, nekazaritzako ikerketa-unitateetan, beste autonomia-erkidegoetako edo INIAko ikertzaileak prestatuko dituzte, beste autonomia-erkidegoek nahiz INIAk proposaturik. 

- Ikerketa-unitate horiei atxikitako ikertzaileek eta langileek nazioarteko bileretara, ekintzetara edo hitzaldietara joateko modua izango dute, Estatuaren ordezkari gisa, Estatuko Administrazio Zentralak horrela proposatzen duenean, eta Estatuak hartuko ditu bere gain jarduera horietan parte hartzeak eragindako gastuak. 

- INIAn nekazaritzako ikerketa koordinatzeko sortutako batzordeetan edo batzarretan parte hartuko dute EAEko ikertzaileek. 

- EAEn nekazaritzako ikerketaren arloan egiten diren programa, plan eta proiektu guztiei buruzko informazio osoa emango diote INIAri. 

- Eusko Jaurlaritzak, bere baliabideen arabera, nekazaritza arloan dituen ikerketa unitatetako ikertzaileen eta talde zientifikoen laguntza eta lankidetza eskainiko dizkie beste nazionalitate edo eskualde batzuetako ikerketa-unitateei, elkarlanerako esparru baten barruan. 

Eusko Jaurlaritzak Espainiar Estatuko nekazari eta erabiltzaile guztien eskura jarriko ditu nekazaritzaren arloko ikerketa-unitateetan lortutako emaitzak. 

Eusko Jaurlaritzak, dagozkion eskumenak baliatuz, kide anitzeko organo bat eratu ahal izango du, eta INIAk ere parte hartu ahal izango du hor; horrela, elkarren artean informazioa etengabe trukatu ahal izango dute eta nekazaritzako ikerketaren arloan zerbitzuak eta sostengua eman ahal izango dizkiote elkarri.