Segurtasun Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2019ko uztailaren 10ekoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez argitara ematen baitira etxebizitzaren eta lurzoruaren arloan 2019. urtean babes daitezkeen zenbait jardunetarako laguntzak finantzatzeko esleitutako kredituen zenbatekoak.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 134
  • Hurrenkera-zk.: 3446
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2019/07/10
  • Argitaratze-data: 2019/07/16

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; Ogasun; Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Etxebizitzaren programan jarduera-lerro desberdinak daude, eta egoera horrek berekin dakar Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak edo haren erakunde publikoek jarduketa zuzenak egitea, lurzorua erosi eta urbanizatzeko edo etxebizitzak eraikitzeko, saltzeko zein alokairuan emateko. Jarduketa horiek kontratu publiko, kontratu-programa, lankidetza-hitzarmen eta abarren bitartez bideratzen dira, eta prozedura espezifikoak eta bereiziak dituzte haien emaitzak herritarrei jakinarazteko.

Dirulaguntza-politika ugarik deialdi indibidual eta espezifikoa izaten dute esaterako, itunpeko sustapen bateko dirulaguntzen esleipena edo deialdi publiko propioak eta bereiziak renove, irisgarritasuna, eta abar. Edozein kasutan ere, deialdi horietan ezarrita egoten dira politika horiek finantzatzeko kredituak.

Azkenik, etxebizitzaren eta lurzoruaren arloan badaude beste laguntza batzuk ezaugarri hauek dituztenak: arau bidez erregulatzen dira eta ez dute aldizkako deialdirik, eta beraz, edozein unetan eska daitezke eta segidan ematen dira. Horiek horrela, aurreikusita dago horiek finantzatzeko aurrekontu-kredituen zenbatekoak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar direla. Betebehar hori ezarri da herritarrei emateko informazio-maila hobetzeko, bereziki onuradunei.

2019. ekitaldiko kredituak argitara emateko betebeharrak honako arau hauei eragiten die zehazki:

39/2008 Dekretua, martxoaren 4koa, babes ofizialeko etxebizitzen erregimen juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa (2008ko martxoaren 28ko EHAA, 59. zenbakia).

2006ko abenduaren 29ko Agindua, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, etxebizitza birgaitzeko finantza-neurriei buruzkoa (2007ko urtarrilaren 25eko EHAA, 18. zk.). Agindu hori 2007ko martxoaren 8ko Aginduak zuzendu zuen (2007ko maiatzaren 7ko EHAA, 86. zk.) eta honako agindu hauek aldatu egin zuten: 2011ko azaroaren 23ko Agindua, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena (2011ko azaroaren 29ko EHAA, 226. zk.); 2014ko azaroaren 26ko Agindua, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena (abenduaren 1eko EHAA, 229. zk.), eta 146/2015 Dekretua, uztailaren 21ekoa, kreditu-erakundeen eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko finantza-lankidetzakoa etxebizitzaren eta lurzoruaren arloan.

2006ko abenduaren 29ko Agindua, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, lehentasunez erregimen orokorreko zein erregimen bereziko babes ofizialeko etxebizitzak sustatzera bideratutako lurzoru-ondare publikoak osatzeko lurzorua kostu bidez eskuratzeari dagozkion lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa (2007ko urtarrilaren 25eko EHAA, 18. zk.).

2008ko azaroaren 7ko Agindua, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, babes publikoko etxebizitzak sustatzeko laguntzei eta alokairua bultzatzeko neurriei buruzkoa. (2008ko azaroaren 19ko EHAA, 222. zk.). Agindu hori honako agindu hauek zuzendu zuten: 2008ko abenduaren 9ko Agindua (2009ko urtarrilaren 29ko EHAA, 14. zk.) eta 2009ko urtarrilaren 28ko Agindua (2009ko martxoaren 12ko EHAA, 50. zk.); eta honako xedapen honek aldatu egin zuen: 628/2009 Dekretua, abenduaren 22koa, kreditu-erakundeen eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko finantza-lankidetzakoa etxebizitzaren eta lurzoruaren arloan (2009ko abenduaren 30eko EHAA, 250. zk.).

Agindua, 2010eko urriaren 6koa, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, etxebizitzak erosteko finantza-neurriei buruzkoa (2010eko urriaren 21eko EHAA, 203. zk.).

Esan behar da 2019rako birgaitze-jardueraren lerroan, etxebizitza- eta eraikin-parkearen energia-efizientzia hobetzeko politikei zuzenean lotuta dauden zenbait jarduera Euskadiko EGEF 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan finantzatuko direla. Hori dela eta, jardueren beste publizitate-betebehar batzuk sortzen dira, zeinak xedapen honen testuan jasota baitaude.

Horren ondorioz, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren 4. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta etxebizitzaren eta lurzoruaren arloan indarrean dagoen araudiaren arabera, honako hau

Lehenengoa. 2019ko ekitaldian etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko dirulaguntza lerroei finantza-estaldura emateko honako ordainketa- eta konpromiso-kreditu hauek iragartzea:

(Ikus .PDF)

Bigarrena. «Alokairuaren sustapena» epigrafean sartzen diren dirulaguntzak babestekoak diren jardun hauetarako izango dira: babestutako alokairurako etxebizitzak sustatzeko; babestutako alokairuan eskaintzeko etxebizitzak erosteko; zuzkidura bizitokiak sustatzeko, eta landa-eremuetan titulartasun publikoko etxebizitzak birgaitu eta alokairuan jartzeko.

Hirugarrena. «2019ko Finantza Hitzarmenaren sorospenak» epigrafean sorospen-eskubidea duten jardun hauek sartzen dira: babestutako alokairurako etxebizitzen sustapena; babestutako alokairuan eskaintzeko etxebizitzak erosteko eragiketak; zuzkidura bizitokien sustapena, eta lurzorua kostu bidez eskuratzeko eragiketak egiteko, edozein herri-administrazioren lurzoru-ondare publikoak eratzeko, ondoren, ahal dela, babes publikoko etxebizitza-sustapenera bideratzeko.

Laugarrena. «Birgaitzea» izeneko epigrafea eta, zehazki, etxebizitzen eta eraikinen energia-efizientziara bideratutako diru-laguntzak estaliko dituen zatia EGEF Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren laguntzarekin finantzatuko da, 2014-2020 programazio-aldirako.

Beraz, eraikinen inguratzaile termikoetan esku hartzea eskatzen duten birgaitze-jarduketak burutzen dituzten jabekide-erkidegoek, dirulaguntza hauen onuradun badira, beren gain hartu beharko dituzte «Laguntzaren baldintzak ezartzen dituen dokumentua-LBED» agirian zehaztutako betebehar gehigarriak, Etxebizitzako sailburuordearen apirilaren 26ko 1/2017 Instrukzioari jarraikiz.

Arlo honetan azkenean emango diren dirulaguntzak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 2. apartatuko 115. artikuluan aurreikusitako zerrenda publikoan agertuko dira.

Bosgarrena. Agindu honetan aipatutako dirulaguntza-lerroek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra bete behar dute.

Lerro horien kudeaketa arruntean arau hori aplikatzeak duen norainokoa Etxebizitzako sailburuordearen maiatzaren 23ko 2/2017 Instrukzioak martxoaren12ko 2/2018 Instrukzioak garatua eta Etxebizitzako sailburuordearen azaroaren 28ko 4/2017 Instrukzioak garatu dute.

Seigarrena. 2019ko ekitaldiaren kontura eman beharreko laguntzen guztizko zenbatekoak ezin izango ditu gainditu lehenengo atalean adierazitako diru-kopuruak edo indarrean dagoen legedi aplikagarriari jarraikiz aurrekontu-aldaketarik onartuz gero kopuru horiek izango duten igoeraren ondoriozko kopurua. Aldaketak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren agindu baten bidez.

Beraz, zenbateko hori agortu ondoren, ez da laguntza gehiago emango. Kredituaren amaiera Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren agindu bidez jakinaraziko da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Zazpigarrena. Hala ere, hurrengo ekitaldi ekonomikoan ebatzi ahal izango dira araudi honetan bildutako erregulazioari jarraikiz baiezkoa jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten eta baliabide ekonomikorik ez izateagatik baino ez ukatzen diren eskaerak, betiere eskatzaileak dagokion lurralde-ordezkaritzara edo zuzendaritza funtzional kudeatzailera idazki bat bidaltzen badu, eta bertan eskaerari baldintza beretan eusteko asmoa adierazten badu. Horretarako, diru-baliabide nahikoa egon beharko da hurrengo ekitaldian.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 10a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.