Segurtasun Saila

Arautegia

Inprimatu

3/2011 LEGEA, urriaren 13koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 207
  • Hurrenkera-zk.: 5263
  • Xedapen-zk.: 3
  • Xedapen-data: 2011/10/13
  • Argitaratze-data: 2011/11/02

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Eusko Legebiltzarrak urriaren 13ko 3/2101 Legea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzkoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

Enplegua sortzea eta enpleguaren kalitatea hobetzea da Europar Batasuneko nahiz Batasuna osatzen duten estatuetako aginte publikoen helburu nagusietako bat.

Amsterdamgo Hitzarmena indarrean jarri zenean, enplegua sustatzea Batasunaren helburuen artean sartu zen eta, era horretara, «interes orokorreko gai» bihurtu zen. Lisboa, Niza eta Bartzelonako Europar Kontseiluetan enplegu betea lortzera bideratutako politika aktiboak «lanpostu gehiago eta hobeak» bultzada berezia eskatzen duten hiru sektoreetako bat zirela adierazi zuten.

Helburu hori lortzen laguntzeko, Europar Kontseiluak estatu kideetako enplegu-politiken arteko koordinazioaren alde egin du, eta koordinazio hori, edonola ere, Enpleguari buruzko Luxemburgeko Ezohiko Gailurrean Batasunerako adostutako jarraibideetara egokituko da eta lanaren eta enpleguaren arloan eskumenak dituzten lurralde-mailako erakunde guztietara hedatuko da.

Estatu espainiarraren esparruan Espainiako Konstituzioaren 40. eta 41. artikuluetan (RCL 1978, 2836; ApNDL 2875) aginte publikoei agintzen zaie enplegu betea jomuga izango duten politikak egin ditzatela eta langabezia-kasuan behar besteko laguntza eta prestazioak ziurta ditzatela. Agindu hori kontuan hartuta, Espainiako Konstituzioaren 148.1.13. artikuluak ahalbidetzen du autonomia-erkidegoek ekonomiaren garapena bultzatzearen esparruan eskumenak bere gain hartzea, nazio-politika ekonomikorako jarritako helburuen baitan. Konstituzioaren 149.1.13. artikuluak Estatuari uzten dio ekonomia-jarduera oro har planifikatzeko oinarrien eta koordinazioaren gaineko eskumen esklusiboa, eta 149.1.7 artikulu berean ezartzen du Estatuak eskumen esklusiboa duela lan-legerian, autonomia-erkidegoetako organoek hura gauzatzeari kalterik egin gabe.

EAEn enplegu-plan instituzionaletan aurkitzen dugu enplegu-politikei eta enpleguaren hazkundeari buruzko erreferentzia. Plan horietan jarritako azken helburuen artean daude lan-jardueraren mailak igotzea eta langabezia murriztea, Europar Batasunean dauden mailen batezbestekora eta Europako Enplegu Estrategiak ezarri dituen helburuetara hurbiltze aldera. Legeak, azpimarratu beharra dago, lidergoa Eusko Jaurlaritzari ematen dio enplegu-politiketan eskumena duten organoekin eta tresnekin informazioa trukatzeko, elkarlanean aritzeko eta koordinatzeko prozedurak ezartzeko, bere plan integralak, sailenak eta sailen artekoak, definitu eta beteko dituenean. Horrez gain, Lege hau garatzerakoan onetsiko diren plan, programa eta neurrien erreferentzia izango dira Europako Enplegu Estrategia eta lan arloko legedia betetzearen ondorioz emango diren gainerako xedapenak. Bikoiztasunak ekiditeko eta sistema eraginkorra, globala eta bateratua bermatzeko helburuarekin, koordinazio-, kooperazio- eta kolaborazio-eredu bat ezartzen da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua foru-aldundiekin eta enplegu-politika aktiboen arloan ekintzak garatzen dituzten toki-erakundeekin aritu dadin.

Euskal Herriko Autonomia Estatutuak, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onetsi zenak, 12.2 artikuluan ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoari dagokiola lan-legeriaren arloko Estatuko legeria betearaztea, esparru horretan lan-harremanei dagokienez gaur egun Estatuak dituen ahalmenak eta eskumenak bere gain hartuta. Estatutuan ezartzen da, halaber, Autonomia Erkidegoari dagokiola, Estatuko goi-ikuskapenarekin batera, honek lan-legeria betearazteko dituen zerbitzuak antolatu, zuzendu eta babesteko ahalmena, eta langileen kualifikazioa eta prestakuntza osoa bultza daitezen lan-baldintzak gizartearen aurrerabide eta garapenera egokitzen saiatuz.

Bestalde, Autonomia Estatutuaren 10.25 artikuluan ezartzen da Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa duela Euskadiko jarduera ekonomikoa sustatu, garatu eta planifikatzeko ekonomiaren antolaketa orokorraren arabera.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2010eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 2/2009 Legearen xedapen gehigarrietako bigarrenak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua eratzen du zuzenbide pribatuko ente publiko gisa.

Autonomia-erkidego guzti-guztiek onartu dute enplegu-zerbitzu publikoak erakunde autonomo gisa eratzea.

Azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuak jasotzen du Transferentzien Batzorde Mistoaren erabakia Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-prestakuntzaren arloan lan-legedia exekutatzeari dagokionez Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak egiten dituen funtzioak eta zerbitzuak.

Kasu honetan, erdozein enplegu-zerbitzu publikoren balizko gune funtzionala, eta, bereziki, araudi honetan jasota dagoena, erakunde autonomo gisa uztartzen da bere izaera naturalean zein juridikoan, eta, beraz, zuzenbide publikoari eta bere kontrolei lotuta behar du egon.

Eragin horietarako, lege honen bidez Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua administrazio-erakunde autonomo gisa eratzen da, Euskadiko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 legegintza-dekretuaren 7.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Legea lau kapitulutan dago antolatuta:

  1. kapituluan erakundearen izaera, helburuak eta eginkizunak arautzen dira. Hirugarren artikuluan laugarren atal bat sartu da enplegu-politika aktiboen transferentzia berehala egitekoa denez.

  2. kapituluan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren gobernu-organoak arautzen dira.

  3. kapitulua langileei eta baliabide ekonomikoei buruzkoa da.

  4. kapituluan araubide juridikoa jaso da.

  1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua eratzen da administrazio-erakunde autonomo gisa, eta nortasun juridiko propioa eta jarduteko erabateko ahalmena izango ditu.

  2. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua gidatuko da egungo legeak ezarritakoaren, Euskadiko Autonomia Erkidegoan administrazio-erakunde autonomoei aplika dakiekeen araudiaren eta euren estatutuen arabera, estatutuok Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez onartuko baitira, lanaren arloan eskuduna den sailak proposatuta.

  3. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua enpleguaren arloan eskuduna den sailari atxikita geratuko da.

  1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak helburu gisa du laguntzea egonkorra eta kalitatezkoa den enplegua izateko eskubidea erabat gara dadin eta laguntzea lan-merkatua osa dadin eraginkortasunez langileen enpleagarritasuna bermatzeko, eta enpresen eskaerei egokitutako langileen beharrei erantzuteko, eta kohesio soziala eta lurralde-kohesioa laguntzeko, agintzen zaizkion enplegu-politikak eta lan-legedia egikaritzeko politikak kudeatuz.

  2. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jardunbideak irizpide zehatz batzuk beteko ditu, hala nola, gardentasuna, aukera-berdintasuna eta bere ekintzan inor ez diskriminatzea; beste politika publikoekin koherentzia eta arrazionalizazioa bilatuko ditu beti eta bere funtzionamenduan efikazia eta efizientzia etengabe lortzen saiatuko da; tokian tokiko errealitatera egokituko da; bere zerbitzuetan kalitatea eta arreta pertsonalizatua eskainiko ditu; bere funtzio publikoak doakoak izango dira eta etengabeko elkarrizketa izango du gizarte-eragileekin.

  3. Era berean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren xedea bere zerbitzuen erabiltzaileak artatzeko sistema modernizatzea eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak sartzea da.

Euskadiren eskumen-esparruan, honako hauek dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eginkizunak:

  1. Euskadiko Autonomia Erkidegoaren eskumeneko enpleguaren, enplegurako prestakuntzaren eta lan-txertatzearen arloko politika publikoen antolamendu eta plangintza orokorra, sektoriala eta lurraldekoa proposatzea.

  2. Enpleguko, enplegurako prestakuntzako eta autoenpleguaren eta enpresen sorkuntzen sustapenerako programak kudeatzea.

  3. Enplegu egonkorra sortzeko gizarte-ekonomiako programak ezartzea.

  4. Enplegua sortzeko tokiko ekimenak babesteko programak diseinatzea, toki erakundeekin lankidetzan, enpleguaren aldeko tokian tokiko itunak garatzea sustatuz.

  5. Europar Batasunaren Eures Sareari (Europako Enplegu Zerbitzuak) dagozkion eginkizunak betetzea.

  6. Lan-merkatuaren beharrizanen, okupazio-profilen eboluzioaren, lanbide-eskakizunen eta lan-orientazioaren prospekzio eta informazio arloan betearazteko eginkizun guztiak betetzea.

  7. Lan-bitartekotza kudeatzea eta enpleguaren eskatzaileen erregistroa eramatea, eta lan-kontratuen, euren luzapenen, bukaeren eta eginkizun lotuen komunikazioa jasotzea.

  8. Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan diharduten enplegu-agentziei dagozkien gainerako eskumenak baimendu eta gauzatzea.

  9. Enpleguaren eta prestakuntzaren arloko lankidetza-hitzarmenak sinatzea.

  10. ETEei (Enpresa Txiki eta Ertainak) prestakuntzan, enpleguan eta garapenean laguntzeko bulegoak sortzea, Tokiko Administrazioarekin koordinatutako leihatila bakar gisa.

  11. Enplegu-programa bereziak egitea lan-munduan eta gizartean sartzeko zailtasun bereziak dituzten gizataldeentzako.

  12. Enpresaburuek lan-kontratuak erregistratzeko edo, hala badagokio, jakinarazteko betebeharrarekin zerikusia duten eginkizunak, kontratuak erregistratzeko lan-legerian etarrita daudenak, betetzea eta lan-kontratua amaitzean Enplegu Bulegoari horren berri ematea.

  1. Enplegu-eskatzaileen izen-ematearekin eta erregistroarekin zerikusia duten eginkizunak betetzea.

  2. Enplegu-eskatzaile gisa langabeziako prestazioen eskatzaileek edo onuradunek dituzten betebeharrak betetzen direla egiaztatzea, eta ez-betetzeen berri ematea, hala dagokionean, prestazioen erakunde kudeatzaileari.

  3. Zehatzeko ahala betetzea enpleguari eta langabeziari buruzko arloetan, bere legeria espezifikoan ezarritako baldintzetan.

  4. Saiakuntzako proiektuak diseinatzea, bereziki europar eremukoak, enplegu-arloko zerbitzuen eskaintzan ikuspegi eta irtenbide berriak garatzea ahalbidetuko dutenak.

  5. Enplegurako Urteko Prestakuntza Plana egitea, onartzea eta ebaluatzea.

  6. Tokiko erakundeen prestakuntza-planetan parte hartzea.

  7. Gizarte-eragileekin parte hartzeko bideak ezartzea.

  8. Enplegurako prestakuntza-jarduerak burutzeko laguntza teknikoa eskaintzea.

  9. Lankidetza-zentroak eta -erakundeak homologatzeko eta errekonozitzeko irizpideak ezartzea, bai eta euren funtzionamendua gainbegiratu eta kontrolatzea ere.

  10. Urteko Memoria egitea.

  11. Arlo hori erregulatzen duen legeriak ezarritako moduan, diru-sarrerak bermatzeko prestazio ekonomikoak tramitatzea.

  12. Herritarrek, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzuak erabiltzen dituztenean, erkidego honetako gurago duten hizkuntza ofiziala aukeratzea izango dutela segurtatzea.

  13. Enplegu eta lan-merkaturatze politiken arloetan legeek edo Eusko Jaurlaritzak egozten dizkioten edo Estatuko Gobernuak eskualdatzen, eskuordetzen edo gomendatzen dizkion beste zernahi eginkizun garatzea.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak elkarlanerako eta lankidetzarako akordioak egin ahal izango ditu edozein pertsona juridikorekin, publikoa edo pribatua izan, bere helburuak eta jarduerak Eskualdeko Enplegu Zerbitzuarentzat interesa dutenean lanbide heziketaren, orientazioaren, lan-bitartekaritzaren eta lan-merkaturatzearen arloetan, gizarte- eta ekonomia-eragileen lankidetza eta parte hartzea sustatuz esparru horietan.

  1. Erakunde Autonomoa desegitea Administrazio Kontseiluak proposatuko du eta Eusko Legebiltzarrak legez onetsiko du.

  2. Dagokion arauak ezarriko du zein neurri izango zaizkien ezargarri erakundeko langileei, langile horiek arautzen dituen legeriaren esparruan.

  3. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua desegiten denean, bere ondarea Euskal Autonomia Erkidegoaren eskuetara pasatuko da.

  1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren gobernu-organoak honako hauek dira:

    1. Lehendakaritza.

    2. Administrazio Kontseilua.

    3. Zuzendaritza Nagusia.

  2. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren estatutuok erakundearen egitura organiko eta funtzionalari buruzko alderdiak garatuko dituzte eta, horren arabera, beraren funtzionamendu-erregimena ezarriko dute, bai eta beraren xedeak hobeto betetzeko beharrezko diren bestelako alderdi guztiak ere.

  1. Administrazio Kontseilua Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren gobernu-organo gorena da eta hamabost kidek osatuko dute.

  2. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseilua honako kide hauek osatzen dute:

    1. Presidentea, zeina izango baita enpleguaren alorrean eskuduna den sailaren pertsona titularra.

    2. Presidenteordea, zeina izango baita enpleguaren alorrean eskuduna den sailburuordetzaren pertsona titularra.

    3. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia.

    4. Bi kide, zeinak Eusko Jaurlaritzak izendatuko baititu eta, hala badagokio, kargutik kendu, enpleguaren arloan eskuduna den sailak proposatuta.

    5. Bost kide, Euskadin ordezkaritzarik handiena duten sindikatuen ordezkari gisa.

      Bost kide, Euskadin ordezkaritzarik handiena duten sektore arteko enpresa-erakundeen ordezkari gisa

  3. Administrazio Kontseiluaren akordioak bertaratutako kideek emandako botoen gehinego soilez hartzen dira, eta beharrezkoa da Administrazioa ordezkatzen dutenen aldeko botoa. Lehendakariak kalitatezko botoa du berdinketak desegiteko.

    Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eginkizunak betetzeko akordiorik hartzea behin eta berriro ezinezko gertatzen denean eta erabaki horiek atzeratzerik ez dagoenean, Administrazio Kontseiluko lehendakariak, behin beharra eta presa justifikatu ondoren, dena delako gaiaz botazio ez ohikoa egitea erabaki ahal izango du salbuespen gisa, halako moldez non hartu beharreko akordioa hartu ahal izango den, aski izanik horretarako Administrazioa ordezkatzen duten kideen aldeko botoa.

Honako hauek dira Kontseiluaren eginkizunak:

  1. Erakundearen aurrekontu-aurreproiektua, kontuak eta urteko memoria onartzea.

  2. Erakundearen plan orokorrak eta jarduera-programak onartzea.

  3. Enplegu Plana diseinatu, onartu, jarraipena egin eta ebaluatzea.

  4. Enplegurako Prestakuntza Plana diseinatu, onartu, jarraipena egin eta ebaluatzea.

  5. Erakunde publiko eta preibatu, unibertsitate, enpresa edo partikularrekiko lankidetza-hitzarmenak onartzea enplegu eta prestakuntza alorrean.

  6. Enplegu eta prestakuntza alorreko laguntza-deialdiak egitea.

  7. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduteko irizpideak prestatzea.

  8. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren kudeaketa kontrolatu eta ebaluatzea, bere helburuak hobeto betetzeko beharrezko iritzitako neurriak proposatzea.

  9. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko Erregelamenduaren onarpena proposatzea.

  10. Gai jakinetarako batzorde teknikoak edo lan-taldeak era daitezen onestea, eta bere osaketa eta zereginak erabakitzea.

  11. Zuzendaritza-karguen izendapenaren eta kargu-uzteen berri ematea.

  12. Erakundearen interes bereziak gobernatu eta administratzeko bestelako ahalmenak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko beste organo bati berariaz eman ez zaizkionean.

  13. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren estatutuetan ezartzen direnak.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lehendakaritzak ondorengo eginkizunak izango ditu:

  1. Erakundearen ordezkaritza bere gain hartzea.

  2. Administrazio Kontseiluaren bilerak deitzea eta bileretako buru izatea.

  3. Erakundearen izenean bere eginkizunen arabera adosten diren lankidetza-hitzarmenak sinatzea.

  4. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eskatzen dizkion edo Administrazio Kontseiluak eskuordetzen dizkion bestelako eginkizunak.

  1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zuzendaritza Nagusia Gobernu Kontseiluaren dekretu-bidez izendatuko da, enpleguaren arloan eskuduna den sailaren titularrak proposatuta.

  2. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak honako eginkizun hauek izango ditu:

    1. Erakundearen aurrekontu-aurreproiektua egitea eta erakundearen Administrazio Kontseiluari proposatzea.

    2. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua zuzentzea eta Administrazio Kontseiluaren akordioak gauzatu eta betearaztea.

    3. Erakundearen eginkizunak garatzeko beharrezko diren hitzarmenak Kontseiluari proposatzea.

    4. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari berez dagozkion gaietan kontratuak egitea eta administrazio publikoen kontratuei buruzko legeriak kontratazio-organoei ematen dizkieten ahalmenak eta eskumenak gauzatzea.

    5. Erakunde publikoaren zerbitzuak zuzendu eta gainbegiratzea bere xedeak betetzeko, eta langile-zuzendaritza egikaritzea.

    6. Erakundearen gastu- eta ordainketa-aginduak ematea, Estatutuetan zehazten diren kasuetan Administrazio Kontseiluak eman behar duen aldez aurreko baimenari kalterik egin gabe.

    7. Erakundearen urteko jarduera-memoria egitea, bai eta Administrazio Kontseiluak eska diezaiokeen beste edozein txosten ere.

    8. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuen estatutuek agintzen dizkion edo Administrazio Kontseiluak eskuordetzen dizkion bestelako eginkizunak.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren estatutuek arautuko dituzte, lege honetan aurreikusita ez dagoen guztian, gobernu-organoen kideen eginkizunak, osaera eta izendapena eta erakundearen zerbitzuen egitura organikoa eta funtzionala, funtzionamendu-erregimena eta erakundearen egoitza.

  1. Erakunde autonomoko langileak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko zerbitzura dauden langileak arautzen dituen araudiaren bidez arautuko dira.

  2. Lanpostuetara iristeko prozedura Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako lanpostu publikoei ezartzen zaien berbera izango da, eta publikotasun, berdintasun, merezimendu eta gaitasun irizpideak bermatuko ditu.

  3. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko lanpostuetan Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko herri administrazioetako langileak arituko dira, lanpostu bakoitzari esleitutako eginkizunen izaeraren arabera.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baliabide ekonomikoak honako hauek izango dira:

  1. Euskadiko Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura urtero ezarriko diren diru-kopuruak.

  2. Tasak, prezio publikoak eta ondasunen eta eskubideen ondoriozko era guztietako produktuak eta errentak, eta bere jarduerak egikaritzearen ondoriozko diru-sarrera arruntak eta ezohikoak, barne harturik erakunde autonomoaren aurrekontuaren kargura emandako diru-laguntzen onuradunek betebeharrak ez betetzeagatik izapidetutako itzulketa-prozedurei dagozkien diru-sarrera publikoak eta zehapenetatik datozenak.

  3. Legeak baimenduta jaso ditzakeen ohiko eta ezohiko diru-sarrerak.

  4. Bere alde emandako diru-laguntzak, ekarpenak eta dohaintzak.

  5. Izendatu ahal zaizkion bestelako baliabideak.

Erakundearen araubide juridikoa Euskadiko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren III. tituluko II. kapituluan ezarritakoa izango da.

  1. Aurrekontu-araubidea, ekonomiko-finantzarioa, kontrol ekonomikokoa, kontabilitatekoa, eta orokorrean, Euskal Herriko Ogasun Orokorrarenak diren arloei dagokiona, izango da erakunde autonomoentzako ezarriko dena.

  2. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak urtero egingo eta onartuko du dagokion aurrekontuaren aurreproiektua eta Eusko Jaurlaritzari bidaliko dio, bereizita sar dadin Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan.

  1. Erakundearen titulartasunekoak diren eta horri esleitzen zaizkion ondasun eta eskubideei aplikatzeko araubideak, azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretu bidez onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginean ezarritakoarekin bat egiten du.

  2. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eginkizunak egiteko beharrezko ondasunak eta zerbitzuak kontratatzeko eta lortzeko araubide orokorra izango da kontratazio publikoari buruzko araudian ezarriko dena.

Lehenengoa. Legebiltzar-kontrola.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak, Gizarte Politika, Lan eta Berdintasun Batzordean agerraldia egingo du, urtero, erakunde publikoaren jardueraren urteko memoriaren berri emateko.

Bigarrena. Aurrekontu-aldaketak.

Legea indarrean sartzen denetik bi hilabeteko epean, aurrekontuen arloan eskuduna den Eusko Jaurlaritzako sailak erakunde autonomoaren aurrekontuan aurrekontu-egokitzapenak eta -aldaketak egingo ditu, erakundearen jardueren hasieran indarrean zeuden Aurrekontu Orokorren partidetan esleitutako zenbateko osoa handitzea ekarri gabe, Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontuen Batzordeari jakinaraziz, hamabost eguneko epean.

Hirugarrena. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua zuzenbide pribatuko erakunde publikoaren desegitea.

Lege honen bidez desegiten da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua zuzenbide pribatuko erakunde publiko gisa. Administrazio-erakunde autonomo gisa eratutako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua desegindako ente publikoaren eskubide eta betebehar guztietan subrogatuta geratuko da. Bere baliabide materialak eta pertsonalak dagozkien antolaketa-araubideek ezarritakoaren arabera atxikiko dira.

Lanbide erakunde autonomoko lan-kontratuko langile finkoak, hala Egailan sozietate publikotik nola Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikotik etorriak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegora lan-kontratuko langile finko gisa transferituak izan badira azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuaren kariaz eta baldin eta Jaurlaritzak Lanbiderentzat onesten duen lanpostu-zerrendaren arabera funtzionarientzat kalifikatutako eginkizunak betetzen ari baziren Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legea indarrean sartzean, edo eginkizun horiek betetzera pasatu badira aipatutako data baino lehenago deitutako hautaketa- edo sustapen-proben ondorioz, langile horiek parte ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak oposizio-lehiaketa sistemaz betetzeko deitzen dituen barne-sustapeneko hautaketa-prozesuetan, langileok betetzen ari diren eginkizunak edo lanpostuak atxikita daudeneko kidego edo eskaletan, beti ere beharrezkoa den titulazioa edukiz gero eta exijitzen diren gainerako eskakizunak betez gero; kasu horietan, meritu gisa baloratuko dira lan-kontratuko langile gisa egin dituzten zerbitzuak, bai eta izaera horretara iristeko gainditu dituzten hautaketa publikoko probak.

Baldin eta lan-kontratuko langile finko horiek gainditzen ez badituzte aipatutako hautaketa- edo sustapen-probak, edo haietan parte hartzen ez badute, lan-kontratuko langile finko gisa jarraituko dute.

Jaurlaritzak lege hau indarrean sartzen denetik lau hilabeteko epean onetsiko du Lanbide erakunde autonomoko lanpostuen zerrenda.

INDARGABETZE XEDAPENA

Indargabetuta geratzen da 2010. ekitaldirako Euskadiko Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 1/2009 Legearen bigarren xedapen gehigarria.

Era berean, indargabetuta geratzen dira Lege honen aurka doazen maila berdineko edo baxuagoko arau guztiak.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta ondorengo egunean indarrean sartuko da.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko urriaren 21a.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.