Segurtasun Saila

Arautegia

Inprimatu

232/2000 DEKRETUA, azaroaren 21ekoa, Artxibo Zerbitzuetako Araudia eta Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentazio Ondarea erregulatzeko arauak onartzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 235
  • Hurrenkera-zk.: 5495
  • Xedapen-zk.: 232
  • Xedapen-data: 2000/11/21
  • Argitaratze-data: 2000/12/11

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Herritarren dokumentazio-ondarea Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legean dago araututa. Ondare horren bitartez hezurmamitu da gure memoria kolektiboa, eta berori osatzen duten agiriak, espedienteak eta artxibo-fondoak tresna ezin egokiagoak dira gure historia interpretatzeko. Agiriak, gainera, dauden eusgarrian daudela, gauza arrunta dira herritarren eguneroko bizitzan; instituzioen eguneroko jardunean, berriz, ezinbesteko eusgarri.

Dokumentazio Ondarea osatzen duten dokumentuak edo gerora bilduko direnak behar bezala kontserbatzeak, modu antolatuan, berebiziko garrantzia du, baita agirietan jasotako informazioa zabaltzeak ere, eta horrela jasotzen da Euskal Kultura Ondarearen Legean. Ildo horretatik, nahitaezkoa da Legean xedatutakoa arau honen eta gerora emango direnen bitartez garatzea eta zehaztea.

Proposatzen den arau honek helburu bikoitza du: autonomia erkidegoko artxibo-zerbitzuek eguneroko kudeaketan dituzten arazoei irtenbidea ematea eta arduradunei arazo horietako asko konpontzeko bide egokiak eskaintzea. Horretarako, bildu egiten dira zerbitzuaren barne kudeaketako arazoak konpontzeko diren xedapenak eta informazioa herritarren artean zabaltzeko eta horien esku jartzeko direnak, eskaria gero eta handiagoa baita.

Hori dela eta, legezko definizioa garatzearren, Dokumentazio Ondarearen kontzeptu zabala zertan gauzatzen den deskribatuko da zehatz-mehatz. Horren barruan sartuko dira Euskal Autonomia Erkidegoan sortu edo sortuko diren agiri interesgarri guztiak, eta bereziki azpimarratzen da horiek kontserbatu beharra, ondarea erabiltzeko eta kudeatzeko ohiko irizpideak ezarriz (transferentzia, balioespena, deuseztapena, mailegua...). Hori dena, arau doien bitartez egingo da (doiak baina nahikoak terminoen eta kontzeptuen beharrezko homologazioa errazteko).

Arau sistema bakarra ezarriko da artxibo-zerbitzu guztietarako –foru-erakundeen eta Estatuaren zerbitzuetarako izan ezik– eta dagokien dokumentu-ondarearen zatia gordetzeko eginkizuna ematen zaie. Horretarako, ordenamendu juridikoan dauden lankidetza-bideak erabiltzeko deia egiteaz gain, gutxieneko funtzio normalizatuak aurreikusten dira, agiriak kontserbatzeko helburua bete ahal izateko. Artxibo-zerbitzuei, oro har, aplikatu beharreko xedapen hauek helburu bakarra dute: berezkoa duten gordailu-eginkizun antolatua normalizatzea eta homogeneizatzea; horrela, beren arteko nahitaezko harremanak aberastuz.

Euskadiko Artxibo Sistema Nazionala Euskal Autonomia Erkidegoko artxibo-zerbitzuak koordinatzeko eta normalizatzeko tresna izateko diseinatu da. Hortaz, baliabide egokiena da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokor eta Erakundezkoaren eta baita beste erakunde publiko zein pribatuen berezko zerbitzuen jarduera bateratua homologatzen laguntzeko, beti ere, helburu jakin batekin, gure dokumentazio-ondarea babestea eta bertan jasotako informazioa erarik egokienean zabaltzea.

Azkenik, ezarritako eskemaren euskarri, bi erakunde sortzen dira Euskadiko Artxibo Sistema Nazionalaren barruan: "Dokumentu Ondarearen eta Artxiboen Euskal Kontseilua" eta "Dokumentazioa Balioesteko eta Aukeratzeko Batzordea". Lehenengoa Eusko Jaurlaritzaren parte-hartze, aholku eta kontsulta organoa izango da artxibo eta dokumentu ondarearen alorrean. Bigarrena, berriz, lehenengoaz bestela, dokumentuen kudeaketari buruzko alderdi teknikoez arduratuko da, eta balioespen, aukeraketa eta garbiketa prozesuetan parte hartzeaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko instituzio guztietako artxibo-zerbitzuei buruzko irizpideak emango ditu.

Ondorioz, Kultura Sailburuaren proposamenez, Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoari entzun ostean, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2000ko azaroaren 21ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

  1. – Euskal Dokumentu Ondareak hezurmamitzen du gure memoria kolektiboa. Oroitzapen horiek, hortaz, mendeetan zehar jatorri askotatik heldutako dokumentuak dituzte oinarri.

  2. – Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 55.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, hauek osatzen dute Euskal Herritarren Dokumentu Ondarea: historian zehar, beren eskumenak, zereginak edo jarduerak Euskal Herrian gauzatu dituzten Administrazio, erakunde eta norbanakoek sortutako edo jasotako dokumentu interesgarriek, horien titularra dena dela eta dauden tokian daudela.

  3. – Xedapen hauek eraenduko dute Euskal Herritarren Dokumentu Ondarea: Dekretu honek eta, osagarri gisa, Euskal Kultura Ondarearen Legeak xedatutakoaren arabera sailkatutako edo inbentariatutako artxibo-fondoak, dokumentu bildumak edo horiek osatzen dituzten dokumentuak babesteko araubideek.

  1. – Oro har, Euskal Herritarren Dokumentazio Ondarea osatzen duten dokumentuak berez dagokien artxibo-fondoan sartuko dira, edo, horrelakorik egon ezik eta arrazoi bereziengatik, dokumentu-bilduma batean, beti ere, kontserbatzeko eta kudeatzeko helburuarekin.

  2. – Artxiboetako jardueraren ikuspegitik, artxibo-fondoa da erreferentzia-elementu behinena Dekretu honetako xedapenak eta horiekin bat datozenak aplikatzeko orduan, arau horietan berariaz aipatzen diren salbuespenak salbuespen.

  3. – Euskal Kultura Ondarearen Legearen 57. artikuluaren arabera, artxibo-fondoak baldintza hauek bete behar ditu: dokumentu multzo organikoa izatea; edozein administrazio, erakunde edo norbanakok bere funtzio edo zereginak betetzen diharduela bildua izatea eta era antolatuan kontserbatuta egotea, bertan jasotako informazioa era egokian hedatuko dela bermatzeko.

  1. – Jarraian aipatzen diren erakundeek beren funtzio edo zereginetan dihardutela sortu, bildu edo kontserbatutako dokumentu interesgarriek osatzen dute Euskal Herritarren Dokumentu Ondarea, dokumentuok diren garaikoak direla. Hona hemen erakundeok:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra eta Erakundezkoa.

    2. Eusko Legebiltzarra eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak.

    3. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa lurralde historikoetako administrazio orokorrak eta erakundezkoak.

    4. Toki erakundeak: udalak; udalek baino lurralde txikiagoa hartzen duten entitateak; toki-izaera duten udalaz gaindiko entitateak (Arabako koadrilak barne) eta, eskualde-mailan sortzen diren bestelako administrazio-entitateak.

  2. – Jarraian aipatzen diren erakundeek beren funtzio edozereginetan dihardutela sortu, bildu edo kontserbatutako dokumentu interesgarriek ere osatzen dute Euskal Herritarren Dokumentu Ondarea, dokumentuok diren garaikoak direla. Hona hemen erakundeok:

    1. Estatuko Administrazioa eta horren menpeko entitate edo erakundeak, beti ere, Euskal Autonomia Erkidegoan jardun edo jarduten badute eta aplikagarri zaien Estatuko legeriaren aurka jo gabe.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden Europako Batasuneko organoak, beti ere, aplikagarri zaien Batasuneko legeriaren aurka jo gabe.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden unibertsitateak eta heziketa eta prestakuntza zentroak.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden Justizia Administrazioko organoak.

    5. Euskal Autonomia Erkidegoko notariotza eta erregistro publikoak.

    6. Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten zuzenbide publikoko korporazioak.

  3. – Jarraian aipatzen direnek beren funtzio edo zereginetan dihardutela sortu, bildu edo kontserbatutako dokumentu interesgarriek ere osatzen dute Euskal Herritarren Dokumentu Ondarea, dokumentuok 50 urte edo gehiago badituzte:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoan dauden eliza-erakundeek eta erlijioetako elkarte eta organoek.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoan dauden erakunde politiko eta sindikalek eta enpresarioen entitateek.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko kultura eta hezkuntza erakunde, fundazio eta elkarteek.

    4. Historian zehar, Euskal Autonomia Erkidegoan eragina izan duten familiek eta pertsonek.

    5. Beste edozein erakunde partikular edo pertsona fisikok.

  4. – Dekretu honen aplikazioari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoz kanpoko zenbait erakunde, administrazio eta entitate publikok beren funtzio edo zereginetan dihardutela sortu, bildu edo kontserbatutako dokumentu interesgarriek ere osatzen dute Euskal Herritarren Dokumentu Ondarea, dokumentuok diren garaikoak direla, baldin eta artxibo-fondoa eratuta badago eta erakunde horien jurisdikzioak edo jardute eremuak Euskal Autonomia Erkidegoa edo horren zati bat hartu edo hartzen badu.

  5. – Halaber, edozein pertsona edo entitate pribatuk bere funtzio edo zereginetan diharduela sortu, bildu edo kontserbatutako dokumentu interesgarriek ere osatzen dute Euskal Herritarren Dokumentu Ondarea, dokumentuok 50 urte edo gehiago badituzte eta artxibo-fondoa edo dokumentu-bilduma eratu bada.

Euskal Kultura Ondarearen Legearen 55.3 artikuluaren arabera, titular pribatuen esku egonik, 50 urte baino gutxiago duten zenbait dokumentu, dokumentu-bilduma edo artxibo-fondok ere osa dezakete Euskal Herritarren Dokumentu Ondarea. Horretarako, Administrazioak espediente bat hasi beharko du, bere kabuz edo interesatuak eskatuta, eta Eusko Jaurlaritzako Dokumentu Ondarearen eta Artxiboen Aholkularitza Kontseiluak aldeko irizpena eman behar du.

  1. – Euskal Herritarren Dokumentu Ondarean sartutako agiriak, horien titularra erakunde publiko bat bada, jabari publikokoak dira eta ezin dira besterendu, bahitu, zergapetu edo preskripzioz eskuratu, ezta horien kontrako trabak jarri ere.

  2. – Edozein pertsona edo entitate pribatuk artxibo-fondo edo dokumentu-bilduma publiko bateko osagai nabarmenak diren agiriak baditu eta horien gaineko legezko titulurik ez badu, eskumena duen erakundeari eman behar dizkio, artxibo-fondoan sar ditzan.

  1. – Euskal Herritarren Dokumentu Ondarea osatzen duten artxibo-fondo, dokumentu edo dokumentu-bildumen titularrek edo jabeek agiri horiek kontserbatu eta zainduko dituzte; ikusteko modua ere egingo dute, aplikagarri den legerian ezarritako moduan, eta, hala badagokio, eskumena duen Administrazio publikoari ikuskatzeko aukera emango diote, Euskal Kultura Ondareari buruz indarrean dagoen legerian ezarritako betebeharrak konplitzen diren begira dezan.

  2. – Euskal Kultura Ondarearen Legearen arabera, betebehar horiek konplitu ezik, dokumentuen jabetza ken daiteke, edo legez ezarritako zehapenak jarri.

  3. – Agiriak kontserbatzeko beharra duten titularrek edo jabeek berariaz horretarako eman daitezen laguntza eta dirulaguntza publikoen hartzaile izango dira.

  1. – Euskal Dokumentu Ondarearen Inbentarioa, Euskal Kultura Ondarearen Legearen 55. artikuluan aurreikusia, Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Orokorraren zati bat da. Inbentario Orokor hori berariazko arauen arabera eraenduko da.

  2. – Euskal Dokumentu Ondarearen Inbentarioan sartzen diren artxibo-fondo, dokumentu eta dokumentu-bildumek babes-araubide bat izango dute, hain zuzen ere, Euskal Kultura Ondarearen Legearen III. Tituluan eta aplikagarri diren gainontzeko xedapenetan inbentariatutako ondasun higigarrientzat ezartzen dena.

  3. – Berrogeita hamar urte edo gehiago dituzten dokumentu, artxibo-fondo eta dokumentu bildumak Euskal Dokumentu Ondarearen Inbentarioan sartuko dira besterik gabe, titularra dena dela eta berariazko inskripzio-egintzarik gabe, horixe xedatzen baitu Euskal Kultura Ondarearen Legearen 55.2 artikuluak.

Estatuaren eta lurralde historikoen artxibo-zerbitzuei ez zaie Dekretu hau aplikatuko, horrela xedatzen baita Euskal Kultura Ondarearen Legearen 74. artikuluan. Hala ere, zerbitzu horiek Euskadiko Artxibo Sistema Nazionalean sartu ahal izango dira, horretarako hitzarmena sinatuz gero.

  1. – Euskal Herritarren Dokumentu Ondarea osatzen duten artxibo-fondoak, dokumentuak edo dokumentu-bildumak Dekretu honen arabera sortzen edo biltzen dituzten erakunde publikoek beren artxibo-zerbitzua izango dute.

  2. – Dokumentuak, dokumentu-bildumak eta artxibo-fondoak barnegiro, ekipamendu eta segurtasun baldintza egokiak dituzten lokaletan gordeko dira.

  3. – Artxibo-zerbitzuaren arduradunak larrialdietarako plan bat egin eta egunean mantenduko du, artxibo-fondoaren segurtasuna bermatzeko eta horren kontserbazioa arriskuan jar dezaketen hondamendiei aurre egiteko.

  1. – Egon dauden edo sor daitezen artxibo-zerbitzuak zerbitzu publiko izango dira legez, eta dokumentu-ondarea bildu, antolatu, balioetsi, kudeatu eta hedatzeaz arduratuko dira.

  2. – Artxibo-zerbitzuek zeregin hauek beteko dituzte gutxienez:

    1. Dokumentazioa jaso, antolatu eta deskribatu eta titularren edo eskatzen duten erabiltzaileen esku jartzea. Erabiltzaileak pertsona fisiko zein juridikoak izan daitezke.

    2. Laguntza ematea beren ardura duen administrazio edo erakundea hobeto eta era eraginkorrago batean funtziona dezan. Horretarako, azkartu egingo dituzte esku artean dituzten administrazio-izapideak eta bestelako gorabeherak.

    3. Beren eskura duten baliabide guztiak erabiliz, herritarrei dokumentazioa ikusteko aukera erraztea, indarrean dauden lege-arauetan eta Dekretu honetako III. Kapituluan jasota dauden xedapenen arabera.

    4. Dokumentuak erabiltzeko eta horien segurtasuna bermatzeko behar diren instalazioek bete behar dituzten baldintzak ezartzea eta horien mantentze-lanak ziurtatzea.

    5. Dokumentazioa modu egokian erabil eta trata dadin, erabiltzaileentzako prestakuntza-programen edukiak finkatzea eta jarduerak bultzatzea.

    6. Irakaskuntzari laguntzeko eta ondarea zabaltzeko jarduerak gauzatzea eta horietan parte hartzea.

  3. – Artxibo Sistema kudeatzeko ardura dutenez, artxibo-zerbitzuek zeregin berezi hauek ere beteko dituzte:

    1. Artxibo Sistema kudeatzeko arauak garatzea eta aplikatzea; bereziki, dokumentuen transferentzia, aukeraketa eta deuseztapenari buruzkoak.

    2. Kudeaketa-artxiboen eta bitartekoen kudeaketa zuzentzea eta koordinatzea.

  1. – Euskal Kultura Ondarearen Legearen 77. artikuluaren arabera, artxibo-zerbitzu guztiek izango dituzte aurreko artikuluko zereginak bete ahal izateko behar diren beste langile tekniko espezializatuak.

  2. – Aparteko kasuetan, herri edo instituzio txikietan eta, ondorioz, zerbitzu publiko mugatuak dituztenetan, artxibo-zerbitzuko arduraduna tekniko espezializatua izan ezin denean, horren ardura funtzionario batek hartuko du, zehazki, entitatean zerbitzuaren ardura duen administrazio-unitateko batek.

  3. – Artxibo-zerbitzuaren arduradunaren zeregin izango da horren kudeaketa eta jarduera zuzentzea eta koordinatzea, Dekretu honetako aurreko artikuluan jasotzen diren zereginak bete ahal izateko.

  1. – Barne kudeaketari dagokionez, artxibo-zerbitzuak Artxibo Sistemaren formula hartuko du. Horren egitura aldatu egingo da, erakunde titularraren antolamenduaren konplexutasunaren arabera.

  2. – Dekretu honetan ezarritako arauen interpretazio eta aplikazioari begira, bi elementu hauek uztartzearen emaitza joko da artxibo-sistematzat: administrazio-kudeaketa eta dokumentuen fluxua fase jarraitu zenbaiten inguruan. Fase horiek kasuan kasuko administrazio-unitateetan gauzatuko dira, hau da:

    1. Bulegoko artxiboetan.

    2. Bitarteko bulegoetan.

    3. Artxibo nagusietan.

    4. Artxibo Historikoan.

      Bitarteko artxiboaren eta artxibo nagusiaren faseak administrazio-unitate gisa egotea ala ez, artxibo sistema bakoitzaren konplexutasunaren baitan egongo da.

  3. – Sartzen edo igortzen diren dokumentuak hierarkiaren arabera ordenatuko dira Artxibo-sisteman eta, kontserbatzeko eta deuseztatzeko arauez gain, dokumentuak ikusteko eta kontsultatzeko baldintzak ere aplikatuko dira, Dekretu honetan eta aplikagarri diren gainontzekoetan ezarritako xedapenen arabera.

  4. – Artxibo-zerbitzua arduratuko da artxibo-sistemaren funtzionamenduaz eta sistemaren antolamendu-faseak artikulatzeaz, fase horiek eraginkorrak eta operatiboak izan daitezen.

  1. – Horren ardura duten administrazio-unitateek beren bulegoetan edo egokitutako tokietan gordeko dituzte sortzen dituzten agiriak, harik eta bitarteko artxibora edo, hala badagokio, artxibo historikora igortzen diren arte.

  2. – Bulegoko artxiboen zeregina da administrazio-unitateen lanaren emaitza diren agiriak era antolatuan kontserbatzea; baita gordetako dokumentuen instalazioa, kontsulta eta kokapena kontrolatzea ere.

  3. – Bulegoetako artxiboetatik igorritako dokumentazioa artxibo nagusietan eta bitartekoetan kudeatu eta gordeko da era antolatuan, harik eta artxibo historikoetara igortzen den arte.

  4. – Artxibo historikoa da artxibo zerbitzuaren ardatza eta egoitza naturala, Dekretu honetan ematen zaion egituraren arabera.

  1. – Hauek dira artxibo-zerbitzu bakoitzaren edo administrazio publiko titularren artxibo-sistemaren arduradunaren zereginak:

  1. – Dokumentuak aztertzeko eta balioesteko prozesua koordinatzea eta, hala badagokio, gauzatzea.

  2. – Dokumentuak kontserbatzeko egutegia Dokumentuak Balioesteko eta Aukeratzeko Batzordeak (DOBAUBA) emandako arau eta irizpide orokorren arabera egitea, transferentzia, kontserbazio eta deuseztapen epeak zehaztuta. Batzorde horren sorrera eta zereginak Dekretu honetako 30, 31, 32 eta 33. artikuluetan arautzen dira.

  3. – Dokumentuak deuseztatzeko prozesua kontrolatzea, kontserbazio egutegian ezarritako irizpide eta arauen arabera.

  1. – Artxibo-sistema bakoitzak dokumentuak balioesteko eta aukeratzeko duen kide anitzeko organoak emango ditu egutegiei buruzko irizpenak. Horrek Dokumentuak balioesteko eta Aukeratzeko Batzordeari igorriko dizkio irizpenak, hiru hilabe naturaleko epean bere txostena egin eta jakinaraz dezan. Epe horretan, eskaera egin zuen artxibo-sistemak erantzunik jaso ez badu, irizpena aldekoa dela ulertuko da.

  2. – Artxibo-zerbitzuan edo, hala badagokio, artxibo-sisteman dokumentazioa baloratzeko eta aukeratzeko batzorderik ez duten administrazioetan, dokumentazioa kontserbatzeko egutegiak eta dokumentazioa balioesteko eta aukeratzeko proposamenak onartu aurretik, Dokumentazioa Balioesteko eta Aukeratzeko Batzordeak aldeko irizpena eman beharko du nahitaez. Horrek, hiru hilabeteko epean, bere irizpena eman eta jakinaraziko du. Eskabidea egin duen artxibo-sistemak epe horretan jakinarazpenik jasotzen ez badu, irizpena aldekoa dela ulertuko da.

  1. – Erabiltzeko aldia amaituta, dokumentuak bulegoko artxibotik bitarteko artxibora edo, baldin badago, artxibo historikora bidaliko dira, kontserbazio egutegian ezarritako epeetan eta baldintzetan.

  2. – Dokumentuak bidali baino lehen, zentro edo unitate igorleak aztertu egingo ditu, eta zirriborroak, bikoiztutako agiriak, kopiak eta espedienteaz kanpoko elementuak kenduko ditu. Dokumentuak betetako izapideen hurrenkeran ordenatuko dira, aplikatutako prozedura erregulatzen duen araudiaren edo, horrelakorik ez badago, prozedura orokorrari buruzko araudien arabera. Administrazio-unitate igorleek ezin izango dituzte jatorrizko agiriak deuseztatu, ezta beste espediente batzuetakoak direnak ere, horiek beren espedienteetan sartu behar baitira.

  3. – Transferentziak egiterakoan, akta bat edo igorritakoaren zerrenda bat egingo da, bikoiztuta. Kopia bat dokumentuak igorri dituen artxiboan geldituko da eta bestea artxibo hartzailean.

  4. – Erakunde publikoren bat desagertu edo beste baten barruan sartzen bada, horrek sortutako dokumentuak kasuan kasuko artxibo-zerbitzura igorriko dira, baldin eta bere ordez ari den erakundearen eskumenekin zerikusirik ez badute.

  1. – Dokumentuak mailegu-bidez atera ahal izango dira artxibo-zerbitzutik. Maileguak erregistro batean jasoko dira eta bi eratakoak izan daitezke:

    1. Barnerakoak, erakunde barruko administrazio-unitateentzat badira.

    2. Kanporakoak, entitateaz kanpoko pertsona edo erakundeentzat badira.

  2. – Mailegua dokumentua sortu zuen administrazioari egiten bazaio, barnerakotzat joko da. Horrelakoetan, behar besteko segurtasun neurriak gordeko dira. Dokumentuak itzultzeko erari eta epeari dagokienez, maileguaren lekuko izango den agiri batean jasoko dira.

  3. – Dokumentuak kanpoko pertsona edo erakundeei bidaltzen bazaizkie, zientzia, hezkuntza edo kulturaren alorrean erabiltzeko edo ondarearen kultura-hedapenari lotutako antzeko jarduerak burutzeko, mailegua kanporakotzat joko da.

  4. – Kanporako maileguak eman aurretik akta bat egingo da eta artxibo publikoaren arduradunak baimena eman beharko du, berariaz eta arrazoituta. Beharrezko ikusiz gero, aldez aurretik abal edo berme bat aurkezteko ere eska daiteke, zuzenbidean onartutako moduetatik edozeinetan.

  5. – Edozein kasutan, maileguaren erantzukizuna baimena eman duenak izango du.

  6. – Halaber atera ahal izango dira dokumentuak artxiboetatik baldin eta berriztatzeko edo kopiak ateratzeko bada edo erakunde igorleek edo auzitegiek eskatzen badituzte.

  7. – Aldi baterako atera nahi diren dokumentuak gordailuan badaude, horien titularrak idatzizko baimena eman beharko du.

  1. – Dekretu honen ondorioetarako, artxibo-zerbitzuetako dokumentuen kopiak, mikrokopiak eta kopia digitalak egiteko teknikak eta prozedurak sartzen dira artikulu honen barruan.

  2. – Artxibo-zerbitzuetako langileek ez beste inork egin ahal izango dituzte dokumentuen kopiak. Hala ere, aparteko kasuetan, artxiboko zerbitzu publikoaren arduradunak baimena eman dezake dokumentuak kanpora ateratzeko kopiak egiteko, beti ere prozesua kontrolatuta badago.

  3. – Zenbait kasutan, artxibo-zerbitzuko arduradunak murrizketak ezar ditzake euskarri jakin batean jasotako fondo espezifikoetako dokumentuak kopiatzeko orduan, zenbait irizpide kontuan hartuta: antzinatasuna, jatorrizko euskarriaren kalitatea eta egoera, kopien kopurua, formatuak edo erabiltzeak berak sor ditzaketen arriskuak edo eskabidea kopiak masiboki egiteko izatea. Artxibo-zerbitzuak irtenbiderik egokiena proposatu edo finkatuko du eskariari erantzuteko, eskatutakoaz bestelako kopiatze-teknikak erabiltzea barne.

  4. – Artxibo-zerbitzuak editatu gabe dituen deskribapen-tresnak ezin izango dira besterik gabe kopiatu, salbu eta barne-erabilerarako badira eta zerbitzuaren arduradunak berariaz baimena eman badu.

  5. – Kopia arruntez gain, artxibo-zerbitzuak kopia konpultsatuak ere eskainiko ditu. Sistema hori balio iraunkorra duten baina administrazio balioa iraungita edo preskribituta duten agiriekin erabiliko da. Kopia konpultsatu horietan "erasota" formula erabiliko da eta dagokion funtzionarioak ziurtagiriak sinatuko ditu. Ezaugarri horiek betetzen dituzten agirien kopia konpultsatuak idatziz eskatu beharko zaizkio dagokion artxibo-zerbitzu publikoari eta horrek kobratu egin ahal izango ditu.

  6. – Artxibo-zerbitzu publiko jakin bateko fondoetan, eskatutako dokumentuak ez badaude, interesatuak hori egiaztatzen duen agiri bat eskatu ahal izango du.

Herritar guztiek izango dute Euskal Herritarren Dokumentu Ondarea kontsultatzeko eskubidea, inolako bereizkeriarik egin gabe. Hortaz, euskal erakunde publikoek eskubide hori bermatuko dute beren ardurapean dauden dokumentuei dagokienez.

Gainera, dokumentuok kontsultatzeko eta erabiltzeko aukerak erraztuko dituzte. Beraz, deskribatzeko, informatzeko eta agiriak zabaltzeko tresna egokiak jarriko dituzte.

  1. – Kontsultatzeko eskubidea irizpide hauen arabera arautuko da:

    1. Herritarrek dokumentuak kontsultatzeko eskubidea izango dute, horien hizkuntza eta euskarri materiala dena dela, beti ere, espediente bateko zati badira, eskaria egiten den egunean espediente horri dagokion prozedura amaituta badago, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 37.1 artikuluak xedatzen duena betez.

    2. Dokumentuetako informazioak segurtasunean, ohorean, intimitatean edo norberaren imajinan eraginik badu edo bestelako datu pertsonalak jasotzen baditu eta legeak horiek guztiak babesten baditu, dokumentu horiek ezin izango dira ikusi, salbu eta eragindakoek berariaz baimena ematen badute. Eragindakoa hil zenetik hogeita bost urte igaro badira, ordea, ez da eragozpenik izango dokumentuak ikusteko. Hil zen eguna ezaguna ez bada, berriz, berrogeita hamar urte igaro beharko dira, dokumentua egin zenetik, ikusi ahal izateko.

    3. Jarraian aipatzen diren dokumentuak edo espedienteak ezin izango dira ikusi, arauek eragozten dutelako:

      1. – Merkataritza- edo industria-sekretupean daudenak.

      2. – Delituen ikerketari eta Estatuaren moneta-politikari, defentsari eta segurtasunari buruzkoak.

      3. – Gobernuak zenbait eskumen gauzatzeari buruzkoak, hain zuzen ere, Konstituzioaren arabera administrazioz kanpokoak diren eskumenak.

      4. – Beste hainbat, arautzen dituzten xedapenen arabera eraenduko direnak.

  2. – Aurreko paragrafoan adierazitako kasuetan, idatziz arrazoitu beharko da zergatik ukatzen edo murrizten den dokumentuak kontsultatzeko aukera. Idazkian, administrazio-egintzetan eska daitezkeen inguruabarrak eta alderdiak jasoko dira.

  1. – Aurreko artikuluan esan bezala, partikularrek dokumentuak kontsultatzeko eskubidea izango dute, baina kontsultak egitean ez dute artxibo-zerbitzuaren ohiko jarduera oztopatuko. Zerbitzuko arduradunak zehaztuko du kontsulta nola egin, eta berak begiratuko du Dekretu hau eta aplikagarri diren xedapenak betetzen direla.

  2. – Kontsulta-egileak Administrazioak ikusten uzten dituen dokumentuen kopiak edo egiaztagiriak ere egin ahal izango ditu, legez ezarritako ordainketak eginda.

  1. – Dekretu honen ondorioetarako, Euskal Herritarren Dokumentu Ondarea osatzen duten artxibo-fondoak, dokumentuak eta dokumentu-bildumak pribatutzat edo titulartasun pribatukotzat joko dira baldin eta horien jabe zuzenbide pribatupeko pertsona juridikoak edo fisikoak badira.

  2. – Titulartasun pribatuko artxibo-fondoak, dokumentuak eta dokumentu-bildumak artxibo-zerbitzu publikoetara igor daitezke, jabeek eta artxibo jasotzaileetako arduradunek adostutako baldintzak eta kontratu motak beteta.

  3. – Titulartasun pribatuko artxiboetako fondoen segurtasuna bermatzeko, eskumena duen administrazio publikoak ikuskatu egingo ditu, Euskal Kultura Ondarearen Legearen 61. artikuluaren arabera.

  4. – Materialak kontserbatzeko eta ez suntsitzeko edo lermatzeko obligazioa bete ezik, nahitaezko desjabetzea egin daiteke, Euskal Kultura Ondarearen Legearen 62.1 artikuluaren arabera.

  1. – Euskadiko Artxibo Sistema Nazionala (EASN) Euskal Kultura Ondarearen Legeak sortu zuen. Hauek osatzen dute:

    1. Kudeatzeaz arduratuko den zentroak, Euskal Kultura Ondarearen Legearen 80. artikuluaren arabera.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokor eta Erakundezkoaren artxibo-sistemak.

    3. Euskadiko udal eta toki administrazioaren artxibo sistemek.

    4. Artikulu honetako aurreko idatz-zatietan aipatuez bestelako zenbait artxibo-zerbitzu publikok, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta egonik, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin egindako hitzarmenen bitartez sartzen direnek.

    5. Titulartasun publikoa ez duten dokumentu-bildumen edo artxibo-fondoen titularrek, baldin eta hitzarmen bitartez, kasuan kasuko baldintzetan sartzeko eskaria egiten badute.

  2. – Horietaz gain, honako erakunde hauek ere egongo dira Artxibo Sistema Nazionalaren barruan:

    1. Dokumentu Ondarearen eta Artxiboen Aholkularitza Kontseilua.

    2. Dokumentuak Balioesteko eta Aukeratzeko Euskadiko Batzordea.

  1. – Euskadiko Artxibo Sistema Nazionalean sartzeko, artxibo-fondoen, dokumentuen edo bildumen titularrek idatziz egin beharko dute eskaria. Eskari hori Kultura Sailaren agindu baten bitartez onartuko da, hala badagokio, eta sarrera titularrarekin sinatutako hitzarmen baten bitartez egingo da.

  2. – Sartzeko hitzarmenak honako hauek jasoko ditu gutxienez:

    1. Artxibo-fondoaren deskribapen laburra eta titulartasunaren egiaztagiria.

    2. Artxibo-fondoa dagoen higiezinaren edo instalazioen deskribapena.

    3. Erabiltzaileei emango zaizkien zerbitzuak.

    4. Sisteman sartzeak dakartzan konpromisoak finantzatzeko formulak.

Sisteman sartutako artxibo-zerbitzu eta -fondoek onura hauek izango dituzte:

  1. Doako teknika- eta zientzia-aholkularitza jasotzea.

  2. Lankidetza programetan parte hartzeko eta dirulaguntzak jasotzeko aukera izatea eta berariaz ezartzen diren bestelakoak.

  3. EASNek ezarritako komunikazio-sarean sartzea.

  4. Etengabeko prestakuntzako programetan parte hartzea.

  5. Artxibo-fondoak, bildumak eta dokumentuak gordetzeko eta zaintzeko erraztasunak izatea.

  6. Ondarea kontserbatzeko, deskribatzeko eta zabaltzeko programetan lehentasunezko finantzazioa izatea.

  1. – Euskadiko Artxibo Sistema Nazionala Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari atxikita egongo da eta Euskal Kultura Ondarearen Legearen 80. artikuluan ezarritakoaren arabera sortzen den zentroa arduratuko da horren kudeaketaz.

  2. – Euskadiko Artxibo Sistema Nazionala kudeatuko duen organoak zeregin hauek izango ditu:

    1. Batetik, sistema osatzen duten artxibo-zerbitzuen homologazioa bultzatzea, hala deskribaketak egiteko irizpideei nola dokumentuak erabiltzeko eta zabaltzeko arauei dagokienez eta, bestetik, sistema osatzen duten zentro eta zerbitzuek aplikatu beharreko arau teknikoak proposatzea.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko artxibo zerbitzuak eta beste administrazio batzuekin edo norbanakoekin lankidetzan sor daitezenak sortzeko, planifikatzeko eta antolatzeko aholkuak ematea.

    3. Sistema osatzen duten artxibo-zerbitzuak eta Euskal Autonomia Erkidegoan dauden bestelako artxibo-fondo eta dokumentu-bildumak kudeatzeko irizpideak koordinatzea, Dekretu honetan ezartzen diren irizpideen arabera.

    4. Euskal Dokumentu Ondarearen Inbentarioaren eta Sailkatutako Kultura Ondasunen Erregistroko Dokumentu Ondarearen Atalaren funtzionamendua eta antolaketa kudeatzea.

    5. Dokumentu-ondarea ikertzeko eta zabaltzeko lanak bultzatzea eta erakustaldiak eta argitalpenak sustatzea.

    6. Estatuko Administrazioarekin sinatutako hitzarmenen barruan, Estatuaren titulartasuneko artxiboak kudeatzea.

    7. Zentroaren helburuak betetzen lagunduko duten teknikarien eta espezialisten prestakuntza sustatzea.

    8. Beste administrazio publiko eta entitate publiko zein pribatuekin, horien berariazko zereginak betetzeko behar diren hitzarmenak sinatzeko proposatzea, hala badagokio.

    9. Esleitzen zaizkion bestelako zereginak burutzea.

Dokumentu Ondarearen eta Artxiboen Aholkularitza Kontseilua sortzen da, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari atxikita, Euskadiko Dokumentu Ondarea kontserbatu, tratatu eta zabaltzeari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren aholkulari izateko.

  1. – Honako hauek izango dira Dokumentu Ondarearen eta Artxiboen Aholkularitza Kontseiluko kideak:

    1. Lehendakaria: Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetzako titularra edo horrek izendatutakoa.

    2. Lehendakariordea: Kultura Ondarearen Zuzendaritzako titularra edo horrek izendatutakoa.

    3. Bokalak:

      1. – Kultura Ondarearen Zuzendaritzako bi teknikari. Horietako bat Dokumentu Ondarearen eta Artxiboen Zerbitzuko arduraduna izango da eta bestea zerbitzu horretako teknikari bat.

      2. – Gaian esperientzia duten zazpi pertsona entzutetsu, gehienez. Dokumentu Ondarearekin (ahal dela Euskal Autonomia Erkidegokoarekin) zerikusia duten profesionalen eta erabiltzaileen kolektiboen artean aukeratuko dira.

    4. Idazkaria: Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Dokumentu Ondarearen eta Artxiboen Zerbitzuko teknikari batek egingo ditu idazkari lanak.

  1. – Hauek izango dira Kontseiluaren zereginak:

  1. Dokumentu ondarearen eta artxiboen alorrean legeriak nahitaezkotzat jotzen dituen irizpenak ematea.

  2. Dokumentu ondarearen eta artxiboen alorrean, irizpideak ematea eta jarduera orokorrak eta bereziak proposatzea.

  3. Euskadiko Artxibo Sistema Nazionala abiarazteko eta jardunean atxikitzeko aholkuak ematea.

  4. Hiritarrek edo gai horretan eskumena dutenadministrazioek eskatuta, Dokumentu ondarearen eta artxiboen alorreko txostenak eta irizpenak egitea, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legeak xedatutakoaren arabera.

  1. – Dokumentu Ondarearen eta Artxiboen Aholkularitza Kontseiluak egoki ikusten dituen lan-taldeak eratu ahal izango ditu bere zereginak betetzeko.

  2. – Lan-taldeen eraketa eta zereginak Kontseiluak berak finkatuko ditu ohiko batzarrean.

  1. – Kontseilua ohiko edo aparteko batzarretan bildu ahal izango da, lehenengo deialdian edo bigarrenean:

    1. Kontseiluak ohiko batzar bat egingo du, gutxienez, urtero.

    2. Aparteko batzarrei dagokienez, lehendakariak beharrezko ikusten dituenean egingo dira, eztabaidatu beharreko gaiak ikusita, bere ekimenez edo kideetako erdiek, gutxienez, eskatuta. Horrelakoetan, eskarian aipatutako gaiak gai-zerrendan sartuko dira nahitaez.

  2. – Deialdia idazkariak egingo du, lehendakariaren aginduz, zazpi eguneko aurrerapenarekin, gutxienez, ohiko batzarren kasuan eta berrogeita zortzi ordukoarekin, gutxienez, apartekoetan. Deialdian, gai-zerrendaz gain, bigarren deialdi bat ere ezarriko da, lehenengoa baino ordubete geroago.

  3. – Kontseilua lehenengo deialdian baliozki eratzeko, kideen erdiak gehi bat egon behar dira bertan. Bigarren deialdian eratzeko, berriz, nahikoa izango da hiru kide egotea. Kasu bietan ezinbestekoa izango da lehendakaria eta idazkaria edo horien ordezkoak bertan egotea.

  4. – Erabakiak hartzeko, bertaratutako kideen gehiengo osoaren aldeko botoa beharko da. Berdinketa kasuetan, lehendakariaren kalitatezko botoak erabakiko du. Botoa ezin da eskuordetzan eman.

  5. – Gai-zerrendan jasota ez dauden gaiak ezin izango dira eztabaidatu, ezta horiei buruzko erabakirik hartu ere, salbu eta Kontseiluko kide guztiak bertan badaude eta gehiengo osoz gaia presazkoa dela erabakitzen badute.

  1. – Dokumentazioa Balioesteko eta Aukeratzeko Batzordea sortzen da (DOBAUBA), Kultura Ondarearen Zuzendaritzari atxikita. Diziplina arteko organo kide anitzekoa izango da eta helburu hauek izango ditu: dokumentazioa balioesteko eta aukeratzeko irizpide orokorrak egitea eta bateratzea, onar daitezen proposatzea eta behar bezala aplikatzen direla begiratzea.

  2. – Batzordeak Artxibo Sistema Nazionalean sartuta dauden artxibo-zerbitzuen alorrean jardungo du.

Hauek dira Dokumentazioa Balioesteko eta Aukeratzeko Batzordearen (DOBAUBA) zereginak:

  1. – Dokumentuak balioesteko eta aukeratzeko irizpide orokorrak finkatzea.

  2. – Dokumentuak balioesteko eta aukeratzeko koadroei buruzko irizpenak ematea edo horiek onartzea, kasuan kasu.

  3. – Kontserbazio-egutegiei eta dokumentuak balioesteko eta aukeratzeko irizpideen aplikazioari buruzko aholkuak ematea artxibo-zerbitzuei.

  1. – Hauek izango dira Dokumentazioa Balioesteko eta Aukeratzeko Batzordeko kideak:

  1. – Lehendakaria: Kultura Ondarearen zuzendaria.

  2. – Lehendakariordea: Dokumentu Ondarearen arduraduna.

  3. – Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko artxibo-teknikari bi.

  4. – Udal artxibo bateko teknikari arduradun bat.

  5. – Historia garaikidean espezializatutako historialari bat.

  6. – Artxibozainen elkarteko ordezkari bat.

  7. – Administrazioko goi-mailako teknikari bat.

  1. – Idazkaria: Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Dokumentu Ondarearen eta Artxiboen Zerbitzuko teknikari batek egingo ditu idazkari lanak.

  2. – Batzordeko bokalak Kultura Sailak aukeratuko ditu.

  1. – Dokumentazioa Balioesteko eta Aukeratzeko Batzordea (DOBAUBA) ohiko edo aparteko batzarretan bildu ahal izango da, lehenengo deialdian edo bigarrenean:

    1. DOBAUBAk ohiko batzar bat egingo du, gutxienez, urtero.

    2. DOBAUBAko aparteko batzarrei dagokienez, lehendakariak beharrezko ikusten dituenean egingo dira, eztabaidatu beharreko gaiak ikusita, bere ekimenez edo kideetako erdiek, gutxienez, eskatuta. Horrelakoetan, eskarian aipatutako gaiak gai-zerrendan sartuko dira nahitaez.

  2. – Deialdia idazkariak egingo du, lehendakariaren aginduz, zazpi eguneko aurrerapenarekin, gutxienez, ohiko batzarren kasuan eta berrogeita zortzi ordukoarekin, gutxienez, apartekoetan. Deialdian, gai-zerrendaz gain, bigarren deialdi bat ere ezarriko da, lehenengoa baino ordubete geroago.

  3. – DOBAUBA lehenengo deialdian baliozki eratzeko, kideen erdiak gehi bat egon behar dira bertan. Bigarren deialdian eratzeko, berriz, nahikoa izango da hiru kide egotea. Kasu bietan ezinbestekoa izango da lehendakaria eta idazkaria edo horien ordezkoak bertan egotea.

  4. – Erabakiak hartzeko, bertaratutako kideen gehiengo osoaren aldeko botoa beharko da. Berdinketa kasuetan, lehendakariaren kalitatezko botoak erabakiko du. Botoa ezin da eskuordetzan eman.

  5. – Gai-zerrendan jasota ez dauden gaiak ezin izango dira eztabaidatu, ezta horiei buruzko erabakirik hartu ere, salbu eta DOBAUBAko kide guztiak bertan badaude eta gehiengo osoz gaia presazkoa dela erabakitzen badute.

  6. – DOBAUBAren ustez, hartutako erabakiek aplikazio orokorra izan behar badute, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari jakinaraziko dio, horrek onartu eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara ditzan.

  1. – Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Euskal Autonomia Erkidegoko artxibo-zerbitzuen titular diren administrazio publikoekin batera, esku-hartze plan bat sustatuko du, Euskal Herritarren Dokumentu Ondarea kontserbatzeko eta zabaltzeko programak hobetzeko.

  2. – Esku-hartze planean jaso beharreko orientabideek eta artezpideek gai hauek hartuko dituzte: azpiegiturak eta ekipamendua; antolaketa eta kudeaketa; deskribapena eta hedapena; informazio-teknologiak; kontserbazioa eta berriztapena; prestakuntza eta titulartasun publikoko artxiboak modernizatzeko behar diren gainontzekoak.

  3. – Esku-hartze planak garatzeko, artxibo publikoetako titular diren erakunde publikoek plan bereziak egin ditzakete eta eurak arduratuko dira gauzatzeaz.

Indarrik gabe uzten dira Kultura Saileko Mikrofilm Zerbitzua sortzen duen uztailaren 16ko 135/1982 Dekretua eta Dekretu honetan xedatutakoaren aurka doazen gainerako xedapenak.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (20)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.