Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Azken eguneratzea: 2007/02/16
Esther Larrañaga: Klima aldaketara egokitzeko neurriak aurreratuz gero, Bilbon gerta litezkeen uholdeen ondoriozko kalte ekonomikoen erdia baino gehiago ekidin liteke
Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak Britaniako gobernuaren ereduari jarraituz landutako metodología bat aurkeztu du. Metodologia Anil Markandya irakaslearen zuzendaritzapean osatu da eta aztertu den lehenengo kasua klima aldaketak Bizkaiko hiriburuan sor ditzakeen kalteak izan dira.

Oso tresna baliotsua da, klima aldaketaren ondoriozko kostu ekonomikoak kalkulatzeko balioko baitie administrazioei eta erakunde publiko nahiz pribatuei, eta kostu aldetik eraginkorrak diren egokitzapen-neurriak aukeratzeko.

Bilbon uholdeak izanez gero, horien kostu ekonomikoa %56,4 gehituko litzateke klima aldaketaren ondorioz.   Horixe adierazten du Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburua Esther Larrañagak EHUko Sarrikoko kanpuseko areto nagusian aurkeztu duen lanak: “Euskadin Klima Aldaketak izango duen eraginaren kostua balioesteko metodología”   Bilboko kasua”, Sailak eskatuta aztertu da, Batheko (Erresuma Batua) Unibertsitateko katedradun eta Klima Aldaketaren gobernuen arteko paneleko (IPCC) aditua den Anil Markandyaren zuzendaritzapean.

Azken batean, gaur aurkeztu den metodología, tresna baliotsua da edozein tokitan klima aldaketaren ondoriozko kostu ekonomikoa kalkulatzeko eta kostua-eragimenaren araberako irtenbiderik egokienak aukeratzeko.   Horretarako, Gobernu Britaniarrak klima Aldaketaren eraginari buruzko bere programaren esparruan (UKCIP) kostuak balioesteko garatu duen metodoa Euskal Herriko eremu geografikora egokitu du, eta kasu honetan, Bilbon izan daitezkeen uholdeek kostuak balioesteko aplikatu du metodoa.    

Hala, egon daitezkeen hiru egoera begiesten ditu: : Oinarrizko egoera (gaur egungo egoera), erreferentziako egoera (etorkizuneko egoeraren aurreikuspena, baina klima aldaketa kontuan izan gabe), eta azkenean, klima aldaketa egoera (erreferentziako egoera baina klimaren aldagaiak erantsita)  

OINARRIZKO EGOERAN urtean batez beste izan daitezkeen kalteak  224,65 eta 275,09 milioi euro bitartekoak dira. Bizitegirako jabetzan izan ohi da galerarik handiena, kostu osoaren ehunekorik handiena.   Kontuan izan behar da 1983ko uholdeek 360 milioi euro inguruko kalteak eragin zituztela Bilbon (urte hartako prezioen arabera). Kopuru horrek, 2005eko prezioen arabera, 930 milioi inguru esan nahi du.   ERREFERENTZIAKO EGOERAN, 2080. urtera arteko proiekzioan, urtean batez beste izango diren kalteak 229,25 eta 281,27 milioi euro bitartekoak izango dira.   KLIMA ALDAKETA EGOERAN ordea, hau ere 2080. urterako proiekzioan eta 2005. urteko prezioetan, urtean batez beste aurreikusten diren kalteak 358,46 eta 439,77 milioi euro bitartera iritsi daitezke.  

Beraz, klima aldaketaren ondorioz kostuan izango diren gorabeherak, hau da, Klima aldaketa egoerako kostuaren eta Erreferentziako egoeretako kostuaren arteko aldea 129,21 eta 158,50 milioi euro bitartekoa izango da; argiago ikus dezagun, % 56,4 gehiago.   Beste era batera esanda: : Klima aldaketaren ondorioetara egokitzeko neurriak aurrez hartuz gero, %50eko gainkostua ekiditu ahal izango litzateke, Bilbon gerta litezkeen uholdeen ondoriozko galeretan.  

Larrañaga sailburuak azpimarratu zuenez, igorpenak gutxitzeko neurriak ezinbestekoak dira, baina ez dira nahikoa; egokitzapenerako jarduerak ere landu baharra dago, klima aldaketak ekar ditzakeen eragin eta ondorio txarrei aurre hartu eta ahal den neurrian gutxitzeko.   “Gaur ekinez gero, bihar klima aldaketaren ondorioz izan ditzakegun kalte eta kostu handiagoak ekiditu ahal izango ditugu. Jardungabezian egoteak bat-batean etor dakiguken klima aldaketaren ondoriozko eraginaren arriskua onartzea dakar, eta eragin hori geure gain hartu ezin ditugun kalteak eta kostuak izan daitezke.  

Testuinguru horretan dago kokatuta metodología hau eta bere gaitasuna, Larrañagaren hitzetan, honetan datza: erabakiak hartzeko ardura dutenei (arduradun publiko zein pribaturi, estatuko nahiz EAEko eta toki erakundeetakoei) klima aldaketaren kostuak balioetsi eta egokitzapenerako neurrien kostuekin alderatzeko eskaintzen die.   Sailburuak, metodología hau administrazioko beste esparru batzuetan eta enpresetan aplika dezaketen  adituak prestatzeko nahia ere azaldu zuen.  

Gaur aurkeztu den lan hau Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila klima aldaketaren aurkako borrokan lantzen ari den jardueren barruan dago, horixe baita sailburuak legegintzaldi hasieran ezarri zuen lehentasuna, gizartearen sentsibilizazioan eta 2006ko urtarrilean Sailen arteko Klima Aldaketaren Euskal Bulegoaren sorreran gauzatu dena. Klima Aldaketaren Euskal Bulegoa aspaldidanik ari da “klima aldaketaren aurkako borrokarako Euskal Plana” lantzen, eta aurtengo udazkenean argitaratuko da.  

Izan ere, sailburuaren ustetan, klima aldaketa ez da jada hipotesi hutsa, benetako arazoa baizik, Nazio Batuetako adituek egin eta Parisen ezagutzera eman den txostenak baieztatu duenez.