Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

2002ko Gure Artea Sariak

 



Iragana, oraina eta etorkizuna

Bi urtean behin egiten den Gure Artea lehiaketa tresna baliagarria eta fidagarria da egungo euskal adierazpen plastikoari eta ikusizkoari neurria hartzeko. Horrela izan da azken hogei urteotan, 1982an urteroko lehiaketa moduan ezarri zenetik, 1996tik aurrera bi urtean behin egiten bada ere.

Une bakoitzeko sorkuntza artistiko bizienaren eta egungoenaren bi hamarkadetako ibilbidean, Gure Arteak, urterik urte, gure herriko artearen panorama zabaletik sortzailerik nabarmenenak biltzea lortu du eta sortzaile horiek beren obrarik adierazgarrienetako asko eta asko eman dituzte. Horregatik, hogei urte hauetako edizioetan zehar bildutako obrek aldi emankor horretako euskal sorkuntza artistikoaren bilakaeraren ikuspegi sintetikoa eskaintzen dute.

Gure Artea lehiaketa Euskal Herriko eta bere inguruko arte garaikidea ekoizten eta zabaltzen duten zentro nagusietako arte plastikoen eta ikusizkoen jardueren egutegian lehen mailako erreferente bihurtzeko asmoarekin sortu zen. Eta urte horien buruan, harro esan dezakegu, helburua bete dela, deialdi hori nahitaezko zita eta gure artistarik onenak zabaltzeko tresna eraginkor bihurtu da-eta.

Halako une batean, artearen eremua pil-pil eta irakiten dagoen unean, orain aurkezten dugun Gure Artea 2002 erakusketak, arte garaikidearen bizitasuna islatzen jarraitzen du, protagonista hautatu batzuek sortutako obren bidez. Gero eta euskarri-mota gehiago erabiliz, joera sortzaile anitz erakusten dute; agian, joerarik eza da agerikoen, inoiz baino irekiagoa eta askeagoa baita testuingurua.
 

Miren Azkarate Villar
Kultura Sailburua