Fotografia, ekoizteko beste modu batzuen aldean gehiago, ziur aski, indar-zurrunbilo bortitzaren erdian dago gaur egun. Izan ere, erreportajeek duten botereak, errealitatean oinarritutako fikzioek piztutako lilurak eta efektu berezien bidez sortutako irudi birtualek, batetik, eta horiek arte-munduarekin duten harreman gero eta ezegonkorragoak, bestetik, asaldatzen ari dira irudiak gaur egungo gizartean duen estatusa, eta, nahaste-borraste horretan, fotografia harea mugikorretan eta galduta dabil.
Egiazko lekuen argazki faltsuak [Mikel Eskauriaza], batetik, eta, bestetik, amesgaiztoko egoeren egiazko argazkiak [Pepo Salazar]: hirurogeiko hamarkadaren amaieran eta hirurogeita hamarreko hamarkadan Almeriako Tabernas basamortuan westernak filmatzeko erabili izan zen plato bateko kale nagusiari ateratako argazkiaz ari naiz. Eguzkiak kiskalitako harri- kartoizko dekoratuan, zaldi bat zutitu egin da, eta estimuluen egiazko mundura itzularazi digu. Paradoxaren argazki horrek dosi berberetan bildu ditu gaur egungo irudiaren bi poloak: erreportajea eta irudi eszenaratua. Beste argazkia bista panoramikoa da: gertuko mendixka batetik aterata, Lakuntzako Universal diskoteka erakusten digu, ETAk jarritako lehergailu batek suntsituta. Bi indarkeriak bat egin dute han:
indarkeria ikonografikoak, heavy, makinero eta hiriko diskoteketara joan ohi diren beste tribu batzuenak, eta egiazko indarkeriak, talde terrorista harenak. Eta bi indarkeriekin batera, bi alderdi erakusten dizkigu argazkiak: heroikoa eta groteskoa.
Heroikoa, “gatazkaren ondorengo paisaia”; groteskoa, helburu militarra diskoteka bat izatea.
Gezurrezko gertakarien egiazko irudiak [Jon Mikel Euba], egunerokoa sexu- eta adiskidetasun-, politika- eta indarkeriaegoera bihurtzen deneko kontakizunak. Taldeko politika eta “gazteen” sarea agertuko dituzten egoera asmatuak: jantzi,
osagarri eta eszenografia bereizgarria ageri dira, baina kontatu beharreko gertaera jakina (bandalismoa, terrorismoa, dibertsioa, istripua) ez da inon azalduko: zehaztugabe dago, ondo eta nahita zehaztugabe, gainera. Gaur egungoari “artelan irekien” polisemia badagokio ere, anbiguotasun estrukturalak hartu du haren tokia. Eta “politikaren” ikonografiak ere, espekulazio iturri gisa, badu bere lekua. [Asier Mendizabal] Pankarta esplizituak, baina ez haien mezuagatik, urrutitik darien jarreragatik baizik; eguneroko inguruneko objektuak; gertuko egoerak; Euskal Herrian ohikoak ditugun jarrerak eta haientzat sortu nahi duten ikonografia berezia… Eta hori guztia instalazioaren bidez eraikia.
Narrazio-egituraren leherketak barreiatu egin ditu kontakizunaren pasarteak, loturarik gabeko irudiak, bizitza-atalak eta arte-zatiak. [Txuspo Poyo, Inazio Escudero] Collage prozedurak norabide ugariko metakontaketa sortu du, ikus-entzunezkoen alorrean, eta behe-ikonosferako zatiak nahiz zinemagintzako izen entzutetsuak barne hartu ditu nahastuta.
Orson Welles eta Nani Moretti ditugu, esaterako, aipu, baina ironiak eta urruntasunak ez dute lortu nolabaiteko mirespena ezkutatzerik. Emakumezkoei buruzko diskurtsorik ere badago: emakumezkoen gorputza, zer da berariazkoa, zer da zirkunstantziala. [Estibaliz Sadaba] Jatorri kontzeptualeko agiria da, bai eta ikus-entzunezkoek gorputzaren eta haren funtzionamenduaren inguruan ezarritako estereotipoen eraikuntza ere.
Errealitatera hurbiltzeko modu bat, subjektibotasunaren ikuspuntutik ia erabat bideratua. [Jesus Arpal] Gizarte-gaien ordena, subjektiboaren desordena. Artelanaren manikeismo faltsuak bizitasunaren jarrera bateraezinen erlatibotasuna erakusten du, telebistako iragarkietako lehen eta gero delakoaren antzera.
Marx eta Engels zuzen bazeuden, produkzio-harremanek baldintzatu egiten dute, ezinbestean, gainegitura ideologikoa, eta horren baitan daude artea eta arkitektura. Eta botere ekonomiko
motak argi ikusteko baliagarria den eraikuntzarik baldin badago, eraikuntza hori arkitektura industriala da: ekoizpen-harremanen gunea eta agertokia. Objektibotasun ekonomikoak arkitektura industriala bezainbeste markatu dituen elementuen ikuspegi subjektiboak. Baina iragan hurbil industrialari buruzko agiria baino gehiago, edo hormigoiaren distira biluziaren froga baino gehiago, irudi honek fikziozko gailu batez egina dirudi. [Aitor Ortiz] Gertukoaren, arkitekturaren eta lekuaren ametsen aldean, erakustokiaren taxonomiak [Maider Lopez] bizikidetzako eta lasaitasuneko esparru batera eramaten du ikuslea. Apaintzeko bultzadaren hondar gisa, erakustokiko hormetako kolore biziek interiorismoaren hutsalkeriaren eta espazioa pertsonalizatzearen artean dihardute.
Eta espazioarekin lotuta, baina altzari osagarrien ikuspegitik, erakusketari eta haren testuinguruari buruzko dokumentazioa agertzen da. [Xabier Salaberria] Informazioaren alde adierazpenari uko eginez, bi mahai txikik lehiaketara aurkeztutako txostenak gordetzeko balio dute. Artelan horrek auzipean jartzen du epaimahaikoen hautaketa, eta deialdiari buruzko informazioa eskaintzen die ikusleei.
Artearen eta denbora-pasaren arteko muga higikorrean, jolas jasoak eta gaiztoak, hutsalak eta sakonak, ez direnaren itxuraren azpian kamuflatuak, objektua desmaterializatzearen eta nork bere baitan ezin hartuzko informazio pilaren artean nabigatzea. Internet da orain bitartekoa; haren bidez sortuko dira jai-giroan eta umore hutsean artearen esparruari sakratutasuna kendu nahi dioten piezak [ti-ta.net], eta hantxe jarriko da zalantzan bitarteko horren funtzionamendua, publikoa eta aldi berean pribatua: intimitatean nabituales bigatzea dugu alde batean, eta zainketaren perbertsioa bestean.
[Roberto Aguirrezabala] Mugarik gabe konektatzearen eremu zabalean, komunikazioaren utopia, artisten eta ikusleen arteko harremanaren arintasuna. [bigara] Oinarrioinarrizko adierazpenera eramana, artistek telefono bat jarri dute gelan, ikusleek beraiekin hitz egiteko aukera izan dezaten, eta artearen zentzuari buruzko elkarrizketa galdu hura berreskura dadin. Artelanak interface hutsean disolbatzen du bere edukia, eta, aldi berean, egiazkoaren eta egungoaren eremu zabalera zabaltzen du.
Bitartekoari egindako itaunketarik ere bada, fotografiaren alorrean. [Iñigo Royo] Zine bateko besaulki-patioaren hiru irudi; haietan, filmak proiektatzen dituztenean hain berariazkoa den argi dardaratia; eta, azkenik, testu bat: kontatzaileak zalantzan jartzen ditu bere oroitzapenak. Eta hiru belaunaldi: fotografia; haren ondorengoa, zinemagintza; eta aurrekoa, literatur kontaketa. Hiru horiek gurutzatzean, bitartekoari buruzko hausnarketa eratuko da (ikusi ezin denari, atzemanezinari argazkia ateratzea), eta, batez ere, irudikatzeko prozesuak jarriko dira zalantzan.
Artearen egungo egoeraren sintoma bereizgarrietako bat marrazkiak agertzea da. Azken urteotan irudia izan da nagusi, baina, gaur egun, trantsizio beteko garai honetan, eta irudiaren aldi hori igaro eta gero, merkatua laster sortuko den “pintura berri” guztia xurgatzeko prestatzen ari da. Eta marrazketak badu zeresanik prozesu horretan: etortzear diren eskulan-motetara moldatzeko balioko du. Pintura-lanak oso erakargarriak diren arren, marrazkiek aura kontzeptual modukoa dute oraindik ere, diskurtsiboak dira deskribatzaileak baino gehiago, ordenatu egiten dute esanahia, ez xahutu.
Erakusketa honetan badago umore garratz eta sarkastikoa agertzen duenik [Juan Perez Agirregoikoa], konpromiso feminista azaltzen duenik [Azucena Vieites], bai eta subjektibotasunarekiko militantzia adierazten duenik ere [Abigail Lazkoz].
Eta, azken batean, hirurogeita hamarreko hamarkadako tradizio kontzeptualaren oinordeko dira denak; ez laurogeiko hamarkadako espasmo grafikoen seme-alaba.
Charles Blanc-ek, Grammaire des arts du dessin liburuaren egileak (ospetsu samarra egin zen 1867an, liburua argitaratutakoan), marrazketa eta kolorea* kontrajarri zituen. Blanc-ek zioenez, marrazketa “arteko sexu maskulinoa” da, eta koloreak, berriz, “rol femeninoa hartzen du artean, marrazketaren menpeko eginkizuna, sentimenduak arrazoimenaren menpe egon behar duen bezala”. Baina ideia irmo horiek ez omen dira bereak, berak asmatuak; aitzitik, “ordena naturalean” omen dute funtsa, marrazketaren funtzionamendua grabitatearen legearen edo mareen alternantziaren parekoa bailitzan.
Lege horiek urratuz gero, “ordena natural” horren
harmonia hautsi egingo da, eta artea —hala dio Charles Blanc-ek— galbidean egongo da, “koloreak hondamenera eramana, Evak gizateria galbideratu zuen bezala”. Izan bedi aipu hori historiako bitxikeria, bai eta sexismoa, darvinismo soziala eta artearen teoria elkartuz gero sor daitezkeen aberrazioen adierazgarri ere. Erakusketa honetan, behintzat, argi dago soilik marrazketaren eremuan aritzen direnek [Abigail Lazkoz, Azucena Vieites] gezurtatu egiten dutela Charles Blanc-en burugabekeria sexista —abizenean bertan ere kolorearen galbide femeninoa baztertu duela dirudi—, aurretik eta orain marrazketan aritu eta aritzen diren emakumezko ugarien babesean: esate baterako, Sue Williams eta Jessica Diamond, laurogeiko hamarkadatik aurrera, eta Nicole Eisenman eta Kara Walker, gaur egun. Zakarkeriaz jositako carnet batetik aterata, marrazkiz osatutako behin-behineko instalazioak [Juan Perez Agirregoikoa] Picassoren arlekina hartu du berriro, hainbat gairi buruzko iruzkin hondagarriak eszenaratzeko:
“Zabalagaren besarkada”, artearen eta txirrindularitzaren arteko lehia eta arrakastara eramango gaituen substantzia suspergarriak,
eta Jean Baudrillard-en “simulazio-efektua”.
Pintura-lan gutxi dago aurtengo erakusketan, baina, gainera, pintura erabili ohi duten artistetatik, inork ez du aurkeztu koadrorik lehiaketara. Eta hori gero eta arruntagoa bihurtzen ari da gure inguruan. Eta, izan ere, pinturak irudia ekoizteko beste modu batzuen jazarpena jasan behar duen garai honetan, berriro itzuli da hirurogeita hamarreko hamarkadako paradigma kritikoetako bat: peinture eta tableau direlakoen arteko desberdintasuna (formala nahiz politikoa); alegia, pintura-lanen diziplina generikoaren eta
hura koadroan gauzatzearen arteko aldea.
Artelan batzuetan, ekoizpenaren beraren oinarrietatik egin da transferentzia: batek pintura besterik ez du ageri (materiala), eta mihiserik ere ez dagoenez, Pollock-en jatorrizko jarrera lur gainean jarri behar izan du atzera [Jose Ramon Amondarain]; beste batek erredukzionismora jo, eta horma-irudi bihurtutako pintura-lanean bakanduta ageri da kolorea; hormako pintura, neurriduna, sustraitze neo-kontzeptualerako
bultzada ikonofobikoan [Maider Lopez]. Beste artelan batek, berriz, ordeztu egin du haren ezaugarria, abstrakzio geometrikoa, eta marrazki satirikoak islatu ditu; baina horiek ere aurrekoen pareko hausnarketa eskaintzen dute artearen eginkizunaren eta artistak haren baitan izan
beharreko lekuaren inguruan [Juan Perez Agirregoikoa].
Eskulturei dagokienez, artelan bakarra dago erakusketa honetan [Eva Morant], eta ez da, ez, estatua izen serioaren oso aldekoa. Eskulturak azken berrogei urteotan izandako manipulazioen
laburpen gisa, artelanak gurpilak dauzka oinaldean, eta idulkiaren ordez motorra, peluxe arrosa batez estalita; hark kutsu organikoa eta bitxia ematen dio lanari: beldurtuta eta jakin-minak jota, aretoko bazterretan usainean dabilen beste planeta bateko izakia dirudi, eta artearen esparru hartan arrotz ikusten du bere burua.
Sentimendu intimoak, arte-munduari buruzko ironia, gezurrezko agiriak, pribatutasuna zirikatzea, aldarrikapen eta testigantza politikoak, bizigarritasunerako proposamenak, egiazko agiriak, fikzio psikologikoak… Euskal Herriko egungo egoera hurbila eta garai guztietako denboraz kanpoko kontuak, guztiak hartzen dituzte Gure Arteako aurtengo lehiaketarako aukeratutako hogei artelanek.
Gure Arteako epaimahaiko lehendakariak 2002-2003 biurtekoan izango duen eginkizunetako bat lehiaketako batzordean kide izango direnak hautatzea da. Batzorde horrek bi zeregin izaten ditu: lehena, erakusketan parte hartuko duten artelanak aukeratzea, eta, gero, artelanok Bilboko Errekalde Aretoan jarri ondoren, hiru saridunak hautatzea. Hona hemen zeregin horietarako aukeratutako lagunak: Gloria Picazo, artekritikaria eta erakusketetako komisarioa; Juan Antonio Alvarez- Reyes, desagertu berri den El periódico del arte egunkariko zuzendaria eta kritikaria; eta Silvia Evangelisti, kritikaria eta Accademia di Belle Arti de Bolonia-n gaur egungo artearen irakaslea. Hautaketa egiteko, bi parametro erabili nituen, nik neuk beraiekin dudan kidetasunaz gain. Batetik, espezialistak eta Euskal Herritik kanpokoak izan behar zuten, urruntasunak bestelako ikuspegi bat emango baitzien, eta horrek azken urteotan hemen azaltzen ari den egoerari buruzko zenbait adostasun lortzea (edo, bestela, haiek ezeztatzea) ahalbidetuko baitzuen. Bestetik, azken 25-40 urteetako arteari buruzko adituak izan behar zuten; hau da, “artean etorkizun oparoko pertsona” hutsa izateari utzi baina merkatuan oraindik entzute handikoak ez diren artistetan espezialistak izan behar zuten, Gure Artea horrelako artistengana baitago zuzenduta, nagusiki. Erakusketan izango duzue aukerarik guk egindako lana eta, batez ere, han aurkeztutako artelanen kalitatea eta egokitasuna balioztatzeko.
Amaiera
Michel Houellebecq poeta, nobelagile eta saiakera-idazle frantsesa ezaguna egin da azken urteotan, Plateforme izeneko bere azken eleberriari esker, bai eta ustez Islama eta herri egiptoarra iraindu izanaren salaketapean egin zaion epaiketagatik ere. Duela urte batzuk Frantziako Arte Ederretako bi eskolatan egon zen hizlari. Caengo eskolan, ontasunak adimenaren aldean zein alde on dituen azaldu eta gero, neskatxa baten lantegira joan zen eta, han, zera ikusi: neskatxak, bere gorputzaz baliatuta, zenbait gorputz atalen silikonazko moldeak egiten zituen eta, gero, uhalen bidez lotu.
Bi egun geroago Avignon-go eskolara joan zen, porrotari buruz hitz egitera, eta mutiko baten bideoa ikusi zuen; mutikoak zakila sartzen zuen kontratxapatutako xafla batean egindako zuloan. Parisera itzulitakoan, hauxe idatzi zuen: “Deskonposizio giro honek, gaur egungo artearekin batera doan zoritxarreko porrot honek larritu egiten nau… Hala ere, horrelako gauzak etortzea eragin duen gure garaiko testigantza hain da zorrotza, hunkituta uzten bainau. Horretaz pentsatzen eman dut arratsalde osoa, eta ezin izan dut honakoa beste ondoriorik atera: gaur egungo arteak gogogabetu egiten nau, baina konturatu naiz, halaber, horixe dela, hain zuzen, egungo egoerari buruzko azkenaldiko iruzkinik onena”.