Departamento de Industria, Transición Energética y Sostenibilidad

Osaba Bin Floren. Laburpena

Osaba Florentinok eskilaretatik erori eta sekulako kolpe hartuko du buruan. Sendagileak turbante baten moduko benda handi bat jarriko dio buruan, eta handik aurrera osaba Bin Floren deitzeko eskatzen die bere inguruan biltzen diren hiru neska-mutilei:Tomaxito, Iñazio eta Maiteri.

Hirurak bihurtuko dira osaba Bin Florenek egunez egun zatika kontatzen dien historia harrigarriaren entzule. Izan ere, turbantearekin osaba Bin Floren, Bagdadeko ipuin-kontalari baten paperean sartuko da. Eta kontatuko die nola bazen behin kalifa bat, gauez lo egiteko arazoak zituena, eta gau haietako batean, mozorrotuta, Bagdadeko kaleetara irten zena. Kalifak ipuin-kontalari baten etxea topatuko du kasualitatez, eta han ezagutuko ditu istorioak entzutera inguratutako bi gizon, eta berea kontatzera joandako gaztea. Gazte honek, kutxa bat darama bizkarrean, eta kutxaren jabea topatu nahi du, kutxak zoritxarra besterik ez diolako ekarri. Eta bere zoritxarren berri izan ondoren, kalifak, bi gizon entzuleei emango dio kutxaren jabea aurkitzeko ardura. Berebiziko abenturatan sartuko dira bi gizonak kutxaren bila abiatutakoan, eta haien bidez ezagutuko dugu Kasim, kutxaren benetako jabea, eta nola iritsi zen kutxaren jabe izatera, eta kutxarekin batera dena galtzera.

Turbantea buruan duen bitartean osaba Bin Florenek eutsiko dio elkarrekin kateatutako hamaika abentura kontatzeko gaitasunari. Baina zer gertatuko da osaba Bin Floren sendatzen den egunean?

Osaba Bin Floren. Zatiak

• -Osaba Florentino? Niri ez deitu horrela gehiago, horregatik! Ni ez naiz osaba Florentino, ni osaba Bin Floren naiz, Bagdadeko Abu Nuas ipuin-kontalari ospetsuaren adiskide kuttuna.

• Ama Teresa oso kezkatuta dago osaba Florentinorekin.
-Eskaileretan erori zenetik burua arindu egiin zaio gaixoari- esan dio bere senarrari eguerdian etxera etorri denean-. Ez dakit zer egin. Bendak buruan ikusi dituenean Bagdadeko ipuin-kontalaria edo horrelako zerbait dela sinetsi du, eta hor dabil bazterrak endredatu beharrean./p>

• "Bazen behin batean -hasi da kontatzen osaba-, kalifa ahaltsu bat Bagdad izena duen urrutiko hiri handi batean, eta Harun ar-Rashid deitzen zioten kalifa horri".

• Kalifak ez zuen inoiz hain poesia ederrik entzun, ezta halako musikarik gozatu, eta konturatu zenerako gauaren erdia joana zen hegan. Lehen mendea bezain luzea egiten zitzaion gau luze haietako baten erdia tximista baino azkarrago joan zitzaion oraingoan.
-Kontakizunen garaia iritsi da- esan zuen Abu Nuasek olerki eta abestiekin amaitu zuenean.

• -Lurmutur ingurutik igarotzen diren ontziek behar-beharrezkoa dute itsasargia. Kalifari eskatuko diot horretarako dirua, eta ez dit ukatuko. Nire hitza kalifaren hurrengoa da. Izango duzue sua mantentzeko dirua, eta halaxe izango dela sinets dezazuen, oraintxe bertan emango diot sei hilabeteko saria suaz arduratuko denari: 200 dinar.

• -Salbatu? Nik zu salbatu, gero zuk ni salatzeko? Kutxa nirea da! Nik zu salbatu? Gero zu nire kutxaz jabetzeko?
Aitak amorru handiz errepikatzen zituen hitz horiek, eta indar handiz heltzen zion kutxari. Kutxaz jabetu ondoren, gero eta urrutirago ikusi nahi zuen oholtza eta oholtza gaineko gizona.

• Egun batez, itsasoko labarretara joan zen ilunabarrean "lapurra, lapurra" oihu eginez. Labarretako bidexkan behera jaitsi zen zalaparta batean. Gero, hondartzara iritsitakoan, itsasoan barneratu zen, olatu artean. Itsaso barrura abiatu zen, zerbait lapurtu zion norbaiten atzetik balebil bezala.
Ez nuen gehiago ikusi.

• -Kutxa bizkarrean hartu eta herriz herri joango naiz. Nire historia kontatuko dut herri guztietan, ezagutuko dut nor den itsasoak eramandako gizon haren oinordekoa, emango diot kutxa, eta berriz ere aske izango naiz, neu izango naiz berriro ere.

• Maite, Iñazio eta Tomaxito erabat hunkituta geratu dira osaba Florentinok kontatutako historia lazgarriarekin, zeharo penatuta gizon kutxadunaren zoritxarrarekin eta goitik behera harrituta osabak ezagutzen eta esaten dituen gauza haiekin guztiekin.

• -Ez dakit, bada, osabari ez ote zaion burua arintzen hasi -esan dio isilean ama Teresak sendagileari-, ipuin arraroak kontatzen hasi da azkenaldian, eta…
-Ipuinak?-esan du on Ebaristok ozenki- , horixe erremediorik onena! Ipuinak kontatzeak on egingo dio. Burua argi edukitzen lagunduko dio, eta hori oso ona da horrelako kolpeak sendatzeko. Ea, zuek, umeok, etorriko al zarrete egunero osabaren ipuinak entzutera?

• Harun ar-Rashid bi gizon haiek tentatzen aritu zen kalifaren jauregirantz bideratzen zituen bitartean.
-Gustatu al zaizue Abu Nuasek kalifari eign dion poema?- galdetu zien.
-Alak gorde dezala gure kalifa- esan zuen Abdala ilezuriak-, baina badu arrazoi pittin bat Abu Nuas maltzurrak esaten duenean kalifa gorra dela, hainbat aldiz joan bainatzaio bere jauregira niri egindako bidegabekerien berri ematera, eta inoiz ez dut izan nire kexuak harengana helarazteko aukerarik, eta hitz egiten uzten ez duena gorra bezalakoa da, edo okerrago…

• -Kutxaren benetako jabea aurkitzea izango da zuen lana -esan zien kalifak-. Zuek zarete orain nire ezkutuko belarria eta nire begi ikerlea. Zoazte Bagdadera, edo zoazte nire lurraldeetako mugetara, edo mundu zabalera, baina ekar ezazue arazo honen berri, gazte kutxadunari lagundu egin nahi baitiot.

• -Zuri bakarrik kontatuko dizut nire sekretua- esan dio Tomaxitok Petronila ahateari-. Ez dut nahi osaba Florentinok turbantea kentzea. Ia seguru nago kenduko balu Kasimen kontuak ahaztu egingo lituzkeela, eta nik jaki nahi dut nola amaitzen den historia hori.

• Kapitainak laburtu zidan gertatutakoa.
-Zu joan eta berehala, marinel gehienak hasi ziren elkarren artean marmarrean, eta esaten zuten: "Badakigu altxorraren kutxa ez duela eraman. Bila dezagun hemen inguruan eta aberatsak izango gara". Eta ontziaren konponketak ahaztu, eta altxorraren bila pasatzen zituzten orduak eta orduak…" . Gero, elkarren artean haserretzen ziren: "Zuk badakizu non dagoen eta ez diguzu esan nahi, zeuretzat bakarrik nahi duzulako". Haserreek okerrera egin zuten, eta hamabost urteren barruan batzuk besteen esku hil dira, zenbait erotu eta desagertu, goseak eta eritasunak eraman ditu beste batzuk, eta azkenean gu laurok bakarrik geratu gara.

• Kasimek denbora laburrean hirugarren aldiz kontatu behar izan zuen bere bizitza: Basorako moiletan lehenengo, kalifaren aurrean ondoren, eta gela ilun hartan hirugarren aldiz.

• -Hau bai dela historia harrigarria- esan zuen Harun ar-Rashid kalifak-. Irakurtzen duen edonork izango du zer ikasi orratz baten muturrez sesamo hazi baten gainean idazten bada. Baina historia ezagutzen dugunez, nik epaia eman aurretik erantzun iezaiozue galdera honi: Bizi izan duzuen guztia bizi ondoren, zein da zuentzat altxorrik preziatuena?