Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Arautegia

Inprimatu

2/2003 LEGEA, maiatzaren 7koa, izatezko bikoteak arautzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 100
  • Hurrenkera-zk.: 2925
  • Xedapen-zk.: 2
  • Xedapen-data: 2003/05/07
  • Argitaratze-data: 2003/05/23

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Eusko Legebiltzarrak ondoko legea onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei:

Pertsona askok, beren buruaren askatasunaz baliatzerakoan, harreman-talde afektibo eta sexual iraunkorrak eratzen dituzte, ezkontza-kontratu bidez gauzatzera iritsi gabe, edo araubide horretara lotzerik nahi ez dutelako, edo, sexu bereko bikoteak izateagatik, ezkontzeko aukerarik ez dutelako. Elkartze horiek benetako familia-guneak sortzen dituzte, gaur egun inolako arautze juridikorik ez dutenak, zuzenbidearen babesik ezaren eraginez gatazkak epai bidean jartzen diren kasuetan epaileek eta auzitegiek emandako interpretaziora mugatuta.

Berezia da bi gizonek edo bi emakumek osatutako bikoteen familia-motek jasaten duten babesik eza, bereizkeria jasaten baitute bestelako bikoteen aldean, egindako aukera afektibo eta sexuala beste edozein aukera bezain zilegi izan arren, ordenamendu juridikoak ezkontzako ateak ukatzen dizkielako, eta gizon batek eta emakume batek osatutako bikote ezkongabeen eskubide berberen gozamena ukatzen dielako zenbait kasutan.

Espainiako Konstituzioko 39. artikuluan aipatzen da agintari publikoen betebeharra familiari gizartean eta ekonomian babesa bermatzeko eta babes juridikoa emateko. Artikulu horretan ez da aipatzen familia-eredu jakin bat, ez eta eredu nagusi bat ere; beharrezkoa da, beraz, familia ulertzeko moduaren gainean interpretazio zabala egitea, egungo gizartearen egoerarekin eta Konstituzioko gainerako artikuluekin bat etorriko dena, batez ere 9.2 artikuluarekin (agintari publikoen betebeharra da norbanakoaren eta norbanakoak elkartzen direnean sortutako taldeen askatasuna eta berdintasuna lortzeko baldintzak sustatzea), 10.1 artikuluarekin (ordena politikoaren eta bake sozialaren oinarri dira pertsonaren duintasuna eta nortasunaren garapen askea), eta 14. artikuluarekin (espainiarrak berdinak dira Legearen aurrean, eta ezin da gailendu inolako bereizkeriarik ez jaiotza, arraza, sexu, erlijio edo iritziarengatik ez norbanakoaren zein gizartearen beste edozein izaera nahiz gorabeherarengatik ere).

Bereizkeriarik ezaren printzipioa hautsi egiten da, batez ere, homosexualen kasuan, ezkontzeko eskubidetik baztertuta uzten direlako, nahiz eta bazterkeria hori Konstituzioko testuan agertu ez. Bereizkeria hori, halaber, ekimen hauen guztion kontrakoa da: Europako Kontseiluko Parlamentu Batzarrak homosexualen eskubideei buruz onartutako 1981eko urriaren 1eko erabakiaren kontrakoa, eta erabaki hori bere egin zuen Eusko Legebiltzarrak 1982ko maiatzaren 28an onartutako legez besteko proposamen baten bidez; 1984an Europako Parlamentuak onartutako erabakiaren kontrakoa, Europar Batasunean gizarte-errealitateak izandako bilakaera jasotzeaz aparte gayen eta lesbianen berdintasuna sustatzeko neurriak hartzearen aldeko lehenengo ekimena onartu baitzen; Europako Kontseiluaren 1988ko maiatzaren 7ko erabakiaren kontrakoa, izatezko bizikideen arteko ezkontza-kontratuen eta itunen eraginkortasuna onartzeko eskatzen baitu; Europar Batasuneko homosexualen eskubideen berdintasunari buruzko Europako Parlamentuaren 1994ko otsailaren 6ko erabakiaren kontrakoa, berretsi egin baitzen herritar guztiek tratu berdina jasotzeko eskubidea dutela beren joera sexuala alde batera utzita, eta Batasuneko estatuei eskatu baitzitzaien utz ziezaiotela joera homosexualeko pertsonei tratu desberdina emateari bai xedapen juridikoetan bai administraziokoetan, eta erabaki hori bere egin zuen Eusko Legebiltzarrak 1995eko ekainaren 23an onartutako legez besteko proposamen baten bidez; eta Europar Batasuna eratzeko itunak aldatzen zituen Amsterdamgo Ituneko 13. artikuluaren kontrakoa, hain zuzen ere artikulu horrek ahalmena ematen baitio Kontseiluari sexu-joera dela-eta dagoen bereizkeriaren kontra borrokatzeko. Aipatutako 13. artikulu hori "Printzipioak" izeneko zatian dator itunaren baitan, eta esan nahi du berebiziko garrantzia duela Europar Batasuneko lege-eremu osorako. Europako Kontseiluko Parlamentu Batzarrak 2000ko irailaren 26an gomendioa egin die Kontseiluko kide diren 41 estatuetako gobernuei neurriak har ditzaten pertsona homosexualen aurkako bereizkeria baztertzeko.

Gure ordenamendu juridikoak dagoeneko jaso ditu zenbait kasu ezkontza-elkarteen antzeko afektibitate-harreman egonkorrez elkartutako bikoteei ezkontideen pareko egoera onartzeko, zehazki adopzioari, hiri-errentamenduei, asilo-eskubideari, arlo penaleko zenbait xedapeni edo gizarte-prestazioei buruz.

Hala ere, ordenamenduan badira zenbait lege-xedapen ezkontzan oinarritutako ohiko familia-eredutik bestelakoak diren ereduen aurkako bereizkeria egiten dutenak, ez baitute kontuan hartzen Konstituzioko 32. artikuluan ezkontzeko eskubidea jasotzen denean ez ezkontzeko eskubidea ere jasotzen dela, baita beste familia-eredu bat aukeratzeko ere, eta eskubide horretaz baliatzeak ez duela zertan legearen aurrean tratu txarragorik sortu. Konstituzioko testuan debekurik edo mugarik egon ez arren sexu bereko pertsonen artean ezkontzeko, praktikan, hala ere, eragotzi egiten zaie eskubide horretaz baliatzea bi emakumek edo bi gizonek osatutako bikoteei.

Euskal Autonomia Estatutuko 9.2 artikuluan ezartzen denez, euskal agintari publikoek herritarren oinarrizko eskubideak eta betebeharrak egoki betetzea zaindu eta bermatu behar dute, baita norbanakoaren eta norbanakoak elkartzen direnean sortutako taldeen askatasuna eta berdintasuna benetakoak eta eraginkorrak izatea lortzeko baldintzak sustatzeko eta oztopoak kentzeko beharrezko neurriak hartu ere, herritar guztiek Euskadiko politika, ekonomia, kultura eta gizarteko bizitzan parte har dezaten erraztasunak emanez. Estatutuko 9.1 artikuluak a) eta b) idatz-zatietan adierazten duenez, euskal agintari publikoek herritarren oinarrizko eskubideak eta betebeharrak egoki betetzea zaindu eta bermatu behar dute, eta bizi-baldintza hobeak lortzeko politika bultzatu behar dute bereziki.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Autonomia Estatutuko I. tituluan jasotakoaren arabera, izatezko bikoteen egoeran eragina duten hainbat gairi buruzko eskumenak ditu, hala nola Euskadi osatzen duten lurralde historikoentzat berezkoa den idatzizko zein ohiturazko Foru Zuzenbide Zibila eta Zuzenbide Zibil berezia zaindu, aldatu eta garatzekoa, eta bere eraginpeko lurralde-eremua finkatzekoa (10.5 artikulua); adingabeak babestu eta horien tutoretza egiteko erakunde eta establezimenduen antolaketa, araubidea eta jarduteko modua; barne-osasuna (18.1 artikulua); eta, bereziki, gizarte-laguntza (10.12 artikulua). Beharrezkoa da, beraz, Zuzenbide positiboan berariaz aipatzea ohikoak ez diren familia-ereduak askatasunez eratzeko bereizkeriarik ezaren printzipioaren aplikazioa, Euskal Autonomia Erkidegoaren legedia interpretatu eta aplikatzerakoan inoren aurka bereizkeriarik egin ez dadin beraren familia-mota dela-eta; berdin izango da familia horren jatorria seme-alabatasuna, ezkontza edo bi pertsonaren arteko elkartze afektibo edo sexuala izatea, direla pertsona horiek sexu berekoak zein desberdinekoak.

Lege honek egungo legedian bizirik dirauten bereizkeria guztiak gainditzeko bidean aurrera egin eta horretan lagundu nahi du, familiako kideen izaera edo gorabehera pertsonal edo soziala bada bereizkeriaren oinarri, gure gizarte-inguruaren kulturan onartutako afektibitate- eta sexualitate-adierazpide ugarien arabera ulertuta familia; eta horrekin batera Konstituzioan bereizkeriaren aurka, nortasuna askatasunez garatzearen alde eta familiaren babes sozial, ekonomiko eta juridikoaren alde aipatzen diren printzipioen arau bidezko garapena hobetu nahi da, araudia gizarteak historiako une bakoitzean bizi duen egoerara egokituta.

Ondorioz, lege honen helburua, batez ere, pertsona askok beren nortasuna garatzen lagunduko dien familia-eredua aukeratzean jasaten duen lege-diskriminazioa desagerraraztea da; aukera afektibo eta sexual guztiak errespetatuko dituen esparru bat sortu nahi da, aniztasun, berdintasun eta askatasun printzipioak errespetatuta. Helburu horiek lortzeko, lehenengo kapituluko artikulu batean ordenamendu juridikoa interpretatu edo betearazteko orduan bakoitzak aukeratutako familia-moduagatik edo joera sexualagatik inolako bereizkeriarik egitea debekatu da. Artikulu hori garrantzi berezikoa da unibertsala izateagatik.

  1. kapituluan bertan legearen ezarpen-eremua zein izango den zehaztu da; izan ere, bikotekideetako batek administrazio-egoitza Autonomia Erkidego honetan baldin badauka, legeko eskubideak aitortuko zaizkio bikoteari, inolako bereizketarik egin gabe Estatukoen eta atzerrikoen artean. Horrekin batera, legearen arabera bikote hitzaz zer ulertuko den zehaztu, bikotetzat hartzeko zein baldintza bete beharko diren finkatu eta legeak berak sortutako Izatezko Bikoteen Erregistroa arautu du, oinarrizko printzipioetan. Erregistro hori garrantzi handikoa da, izen-emateak bikotea eratzeko balio duelako, hain zuzen ere legeak aitortutako eskubideak eskuratu nahi ez dituzten bikoteak ez daitezen beren borondatearen aurka legeko eskubide eta betebeharren menpe geratu.

  2. kapituluan, hain justu ere, erregistroan izena ematen duten bikoteek zein eskubide eta betebehar izango dituzten arautu da. Testuak oinarri duen printzipioaren arabera, bikotekideek askatasunez egindako hitzarmenei balioa eman nahi zaie, eta, hitzarmen horiek akatsen bat baldin badute edo ez baldin badira baliozkoak, orokorrean erregelamendu bidez ezarriko diren klausulek diotenari heldu ahal izango diote; eta horretan, gainera, aurreikuspen batzuk egin dira, seme-alabarik izanez gero, horiek babesteko, bai eta, bikotea desegitean edo bikotekide bat hiltzen bada, babes gutxien duen aldea babesteko ere.

  3. kapituluan adingabekoen adopzioa edo horiek familian hartzea arautu da, baita izena eman duten bikoteek zein oinordetza-erregimen izango duten ere. Lehenengo kasuan, gaur egun bi gizonek edo bi emakumek osatutako bikoteek baino jasaten ez duten bereizkeria desagerrarazi nahi da, kasu horietan ukatzen baitu egungo ordenamendu juridikoak haurrak elkarrekin adoptatu edo familian hartzea. Bigarren kasuan, legeak maila berean jarri ditu erregistroan izena emango duten izatezko bikoteak eta ezkontideak, Foru Zuzenbide Zibilean oinordetza-erregimenari buruz esaten direnetan; horrekin batera, gaur egungo legedian oinordetzako zein aukera dauden ere aipatu da.

  4. kapituluan, aurreikuspen batzuk egin dira EAEk dituen eskumenen barruan, Zuzenbide publikotik bereizkeria desagerrarazteko, eta, horretarako, ezkondutako bikoteak eta bestelako bikoteak maila berean jarri dira zerga, funtzio publiko, osasun, familiako bitartekaritza eta zenbait administrazio-izapideren arloan. Lan arloan eta Gizarte Segurantzarenean ere beste horrenbeste egin da, Euskal Autonomia Erkidegoak gaur egun esparru horretan dituen eskumen urrien eremuan.

  5. kapitulua lege honetan arautzen den bikote-modua amaitzeari buruzkoa da; zergatik gerta daitekeen eta zein ondorio izango dituen zehaztu du. Bi aldeak ados jarrita edo aldeetakoren batek erabakita amaitzen bada bikotea, prozedura azkar eta erraza erabili ahal izango da, baina segurtasun juridikoaren printzipioa ere zainduko da, ezin izango baita inolako izen-ematerik baimendu aurrekoa bertan behera utzi arte edo ezkontza desegin arte. Horrela, eta kontuan izanda legean Bikoteen Erregistroa arautzen duten artikuluetan aipatzen denez erregistro hori gainontzeko era bateko zein besteko erregistroekin lotuta egongo dela, asmo txarrik gabe edo asmo txarrez gertatutako bikoizketak saihestuko dira.

  1. – Lege honen helburua da izatezko bikotea eratzea erabakitzen duten pertsonei aplikatzeko lege-erregimena arautzea.

  2. – Euskal Autonomia Erkidegoaren legedia interpretatu eta aplikatzerakoan, ezin izango da bereizkeriarik egin inoren aurka beraren familia-mota dela-eta; berdin izango da familia horren jatorria seme-alabatasuna, ezkontza edo bi pertsonaren arteko elkartze afektibo edo sexuala izatea, direla pertsona horiek sexu berekoak zein desberdinekoak.

  1. – Lege hau aplikatzeko, izatezko bikotea da bi pertsonaren arteko elkartze askearen ondorioa; pertsona horiek adinez nagusi edo adingabeko emantzipatuak izan behar dute, gaitasun osoa izan behar dute, eta ezin dute euren artean lerro zuzeneko odol- edo adopzio-ahaidetasunik eduki, ez eta alboko lerroko bigarren mailako odol-ahaidetasunik ere. Harreman sexual edo afektiboa izan behar dute elkarren artean, eta berdin izango da pertsona horiek sexu berekoak edo desberdinekoak izatea. Gainera, bikoteko kideek, ez batak ez besteak, ezin dute ezkontza edo izatezko bikotearen bidezko loturarik izan beste inorekin ere.

  2. – Lege honetako xedapenak 3. artikuluan eta ondokoetan zehazten den eran eratutako izatezko bikoteei aplikatuko zaizkie. Horrela, bada, izena eman ahal izateko, bikotekideetako batek behintzat Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean eduki behar du egoitza, eta ez da begiratuko beste bikotekideak zer herritartasun duen.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroa sortuko da, eta hor izena ematen duten bikoteak legez eratu direla joko da; beraz, izena ematen ez duten bikoteei ez zaie lege hau aplikatuko.

  2. – Hala bikotearen eraketa, arau hauen xede dena, nola bikote-harremanaren eduki juridiko-patrimoniala Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroak emango duen ziurtagiriaren bidez egiaztatuko dira.

  3. – Udal-erregistroak dituzten herrietan egiten diren izen-emateek eraketa-ondorio berbera izango dute, baldin eta izena ematerakoan lege honetan ezarritako eskakizunak bete badira; Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroak egiaztatuko du eskakizun horiek bete direnetz.

  1. – Honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroa sortzen da, eta unean-unean haren kudeaketaren ardura duen sailaren menpean egongo da; erregistro horrek administrazio-erako kudeaketa izango du eta era deszentralizatuan jardungo da.

  2. – Erregistroaren xedea da izatezko bikoteen eratze- eta amaitze-deklarazioak jasotzea; bikoteak ezarri ahal izango dituen ekonomia- eta ondare-erregimena arautzeko hitzarmen eta itunak ere jasoko dira.

  3. – Izena emateko eskabidearekin batera, bikotekideek, izena emateko nahia adierazi ez ezik, 2.1 artikuluan ezarritako eskakizunak betetzen dituztela egiaztatu ere egin beharko dute; gainera, bikotearen bizilekua adierazi beharko dute.

  4. – Bikoteko kideetako edozeinek eskatuz gero, edo legezko interesa egiaztatzen duen edozeinek nahiz epaile eta auzitegiek eskatuz gero, erregistroak izen-ematearen ziurtagiria egin eta eman beharko du.

  5. – Egin dituzten izen-emateak jakinarazi beharko dizkiote udal-erregistroek Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroari, eta bikotekideek sinatutako hitzarmen eta itunak adierazi beharko dituzte jakinarazpen horietan; egindako izen-emateen bertan behera uzteak ere jakinarazi beharko dizkiote, bai eta horien aldaketak ere, bizilekuari edo hitzarmen edo itun arautzaileari eragiten badiote.

  6. – Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroa beste autonomia-erkidego batzuetan beraren antzeko direnekin koordinatu beharko da kasuan kasuko hitzarmenen bitartez.

  7. – Erregelamendu bidez ezarriko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroaren egitura eta jardunbidea.

  1. – Izatezko bikoteko kideek beren elkartzearen ondorio diren harreman pertsonal eta ondarezkoak arautu ahal izango dituzte agiri publiko edo pribatuaren bitartez, eta bakoitzaren eskubide eta betebeharrak zehaztuko dituzte hor, bai eta bikotea deseginez gero eman beharreko ordain ekonomikoak ere.

  2. – Ezingo da hitzartu izatezko bikotea aldi baterako eratzea, ez eta haren eraketa baldintzaren baten menpe ezarri ere. Administrazio publikoek ez dituzte erregistroan jasoko edozein bikotekideren oinarrizko eskubide eta askatasunak hautsi litzaketen itunak.

Bikoteek, berariazko hitzarmen bat egin ezean, badute era orokor batez ezarritako klausulei heltzea. Klausula orokor horietan honako alderdi hauek egongo dira aurreikusita:

  1. – Etxebizitzari eusteko eta gastu erkideetarako egin beharreko ekarpenak, baliabide ekonomikoak jarriz edo norberaren lanaren bidez. Gastu erkideetarako ekarpen izango dira etxeko lanak; orobat, beste bikotekidearen lanbide edo enpresan laguntza pertsonal edo profesionala ematea, ordaindu gabe edo behar bezala ordaindu gabe egiten denean; baita norberaren jarduera edo ondasunetatik datozen baliabideak ere, bakoitzaren diru-sarreren araberakoak, edo, bakoitzaren diru-sarrera horiek nahikoa ez badira, bakoitzaren ondarearen araberakoak. Ez dira gastu erkidetzat joko bikotekide bakoitzaren ondasunak aldezteak edo kudeatzeak eragindakoak, eta bikoteko kideren baten interes hutsekoak direnak ere ez, oro har. Bikotekideetako inork ezingo du ondasun erkideen gaineko bere eskubidea besterendu, kargapetu edo, oro har, eskubide horretaz xedatu, baldin eta horrek eskubide horren erabilera beste bikotekidearen baimenik gabe erabiltzeko aukera badakar.

  2. – Bikotea amaitzearen ondorioak, honako hauek zehaztuz:

    1. Behar bezalako mantenurako bikotekideren batek behar izan lezakeen aldizkako pentsioa, egoera hauetakoren bat gertatuz gero:

      1. – Bikotean elkartzeak diru-sarrerak eskuratzeko gaitasuna gutxitzea eragin izana pentsioa eskatzen duenari.

      2. – Bien artean izandako seme-alabak zaindu beharragatik lanean aritu ezina, edo eginkizun hori lanean aritzeko oztopo handia izatea.

    2. Ordainik jaso gabe edo behar besteko ordainik jaso gabe bikotearen etxebizitzarako edo beste bikotekidearentzako lan egin duen bikotekideak jaso beharko duen ordain ekonomikoa, baldin eta lan horrengatik bidegabeko aberastea eragin bada, bien ondareen artean desberdintasuna sortuz.

    3. Kideetako baten heriotzagatik edo heriotza-deklarazioarengatik bikote-harremana amaitzen denean, bizirik gelditzen den bikotekideak edukiko duen eskubidea etxeko arreoaren jabetzarako eta heriotzaren ondoko urtean zehar etxebizitza erkidea erabiltzeko, baldin eta bien artean elkarbizitza egon bazen eta nahitaezko oinordekoen seniparteari kalterik eragiten ez bazaio. Ez du eskubide hori izango izatezko bikote berria eratzen badu edo ezkondu egiten bada.

Bikotekideek, biek batera, indarrean dagoen legediaren arabera, adingabeak hartu ahal izango dituzte familian, ezkondutako bikoteen eskubide eta betebehar berdinekin.

  1. – Sexu bereko pertsonek osatutako bikoteko kideek, biek batera, adoptatu egin ahal izango dute, sexu desberdineko pertsonek osatutako bikoteen eta ezkondutako bikoteen eskubide eta betebehar berdinekin.

  2. – Bikoteko kide baten seme edo alaba biologikoak zein adopzio bidezkoak eskubidea dute bikoteko beste kideak adopta ditzan.

Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilaren uztailaren 1eko 3/1992 Legeak ezarritako ondorioetarako, izatezko bikoteak ezkondutako bikoteen parekotzat hartuko dira. Horrela, bada, oinordetza-erregimenari dagokionez, eta kasuan-kasuan aplikatzekoa den foru-zuzenbide zibilaren arabera:

  1. – Kideetako bat hiltzen denean bizirik irauten duenak ondasun erkide guztien gozamena eduki dezan hitzartu ahal izango dute.

  2. – Elkarren artean ondasun guztiez xedatu ahal izango dute agiri bakar batean, testamentu mankomunatu edo elkarrekikoaren bidez, eta biek ezeztatu edo aldatu egin ahal izango dute testamentu hori.

  3. – Testamentuan edo oinordetza-itunean, batak bestea eskuorde izendatu ahal izango du.

Euskal Autonomia Erkidegoak dituen araugintzako eskumenen barruan, izatezko bikoteek ezkondutako bikoteek duten zerga-tratamendu bera izango dute.

Izatezko bikotea osatzen duten pertsonak ezkontideak bezalakoak izango dira Euskal Funtzio Publikoaren Legean eta Euskadiko funtzionarioen estatutua arautzen duten arauetan esaten direnetarako, hain zuzen ere lizentzia, baimen, administrazio-egoera eta lanpostuak betetzeari dagokionez.

Bikotea osatzen dutenak ados jartzen ez badira, familientzako bitartekaritzaz baliatu ahal izango da biek nahi baldin badute, aukera hori arautzen duen araudiarekin bat.

Osasun-zerbitzuetan, izatezko bikotea osatzen dutenek osasunaren arloko araudiak ezkontideei eta senitartekoei aitortutako eskubide berak izango dituzte; era berean, eskubidea izango dute beren bikotekideen diagnostikoari, pronostikoari eta tratamendurako aukerei buruzko informazio ulergarria, osoa eta etengabea jasotzeko –ahoz eta idatziz–, baita organoak eman eta organook ateratzeari buruzko informazioa jasotzeko eta lekukotasuna adierazteko ere.

Osasun arloko esku-hartzeren bat dela-eta gaixoaren aurretiazko baimen idatzia behar bada eta gaixo horrek erabakiak hartzeko gaitasunik ez badu, izatezko bikotea osatzen dutenek osasun arloko legediak euskal osasun publikoaren erabiltzaileen ezkontide eta senitartekoei aitortutako eskubide berak izango dituzte.

Zaharrentzako egoitzek, nola publikoek hala pribatuek, ezkontzaz elkartutako bikoteei ematen zaien trataera bera emango diete izatezko bikoteei, bai egoitzetan sartu bai han bizi eta zerbitzuak baliatzeari dagokionez, gelak erabiltzea barne, bai eta egoitzako beste instalazio batzuk elkarrekin erabili ahal izateari eta egoitza erabili eta bertan egoteko beste edozein baldintzari dagokionez ere.

Izatezko bikotea osatzen duten kideetakoren bat hil egiten baldin bada, beste kideak gorpua identifikatu, eskuratu, lur eman, hildakoaren objektuak jaso eta beharrezko diren gainerako izapide eta kudeaketa-lanetan parte hartu ahal izango du, ezkonduek egiten duten baldintza beretan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, bere eskumenez baliatuta, egin beharrekoak egingo ditu izatezko bikoteek –sexu berekoak nahiz desberdinekoak izan– eta ezkondutako bikoteek berdintasunezko tratamendua izan dezaten Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetako araudia ezartzerakoan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, gizarte arloan dituen eskumenez baliatuta, egin beharrekoak egingo ditu lan arloko eta Gizarte Segurantzako arauak ezartzerakoan izatezko bikoteek eta ezkonduek eskubide-berdintasun osoa izan dezaten bai arlo publikoan bai pribatuan.

Lege honetan aipatzen direnetarako, izatezko bikotea ondorengo arrazoiengatik joko da amaitutzat:

  1. Kide biak horretan ados jarri direlako.

  2. Bietako batek hala erabaki duelako, eta besteari egiaztatzeko moduan jakinarazi diolako.

  3. Bikotea osatzen dutenetako bat hil delako edo hildakotzat jo dutelako.

  4. Izatezko bikotea osatzen dutenak elkarrekin ezkondu direlako.

  5. Bikotea osatzen dutenetako bat ezkondu egin delako.

  1. – Izatezko bikotea amaitzen baldin bada, bi kideek, edo bi kideetako batek –erabakia bakarrarena baldin bada–, kasuan kasuko erregistroko izen-ematea bertan behera uzteko eskatu beharko dute. Ez kide batek ez besteak ezin izango du lege honen araberako beste bikoterik osatu, aldez aurrekoa bertan behera uzten ez baldin badu.

  2. – Erabat egiaztatuta baldin badago izatezko bikotea osatzen dutenetako bat edo biak hilda daudela, edo bietako bat edo biak ezkonduta, izen-ematea bertan behera utzi ahal izango du Administrazioak bere kabuz nahiz interesatuak eskatuta.

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

    Euskal Autonomia Erkidegoan lege hau indarrean jarri aurretik onartutako lege eta araudi guztietan ezkontzari buruz egindako aipamenak izatezko bikoteei buruz egindakoak ere badirela joko da aurrerantzean.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

    Lege honetan berariaz araututa ez dauden gai guztietan, izatezko bikoteak Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoekin izan litzaketen harreman juridikoetan ezkontideekin parekaturik egongo dira, eta indarrean dauden arauak aplikatzeak eragin litzakeen mugak bakarrik izango dituzte.

    LEHEN XEDAPEN IRAGANKORRA

    Lege hau onartu aurretik osatutako izatezko bikoteei ere ezarriko zaie honetan esaten dena, baldin eta legean aipatzen diren baldintza guztiak betetzen badituzte. Horretarako, udal-erregistroek, aldez aurretik bikotekideek baimena ematen badute, Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistrora izatezko bikote guztien zerrenda bidaliko dute, dituzten agiriekin batera, erregistroak izen-emateak baliozkoak diren edo ez egiazta dezan.

    BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

    Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroaren araudia onartu bitartean, sortzen diren zalantzak lege honetan esaten denaren arabera argituko ditu erregistroak.

Indarrik gabe geratu dira lege honetan esaten denarekin bat ez datozen xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENA

Sei hilabete igaro baino lehen, Eusko Jaurlaritzak behar diren erregelamenduzko xedapenak emango ditu lege honetan esaten dena betearazi eta garatzeko, nahiz eta lege edo foru-arau bidez garatzekoak diren arloak hala garatuko diren.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteizen, 2003ko maiatzaren 7a.

Lehendakaria,