Klima-aldaketaren aurkako nazioarteko erantzuna
Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioa (PDF, 416 KB) eta Kiotoko Protokoloa munduko hainbat gobernuk gauzatutako jardueren jatorria da, Klima Aldaketari buruzko Adituen Gobernu arteko Taldeak (IPCC) bildutako frogen aurrean, zeren horiek berresten baitute giza jarduerek eragindako klima aldaketa.
Herrialdeek 1992ko maiatzean adostu zuten Konbentzioa, eta hau 1994ko martxoaren 21ean sartu zen indarrean. Alderdien lehenengo Konferentzian (COP izenez ezagutzen da, bere ingelesezko siglengatik: Conference of the Parties), edo Klimaren Goi Bileran, 1995eko hasieran Berlinen eginda, negoziazio txanda berri bat hasi zen, 1997an onartutako Kiotoko Protokoloarekin bukatuko zena. Kiotoko protokoloak derrigorrez bete beharreko helburuak ezarri zituen herrialde industrializatuentzat, isurien alorrean, eta 2004ko azaroaren 18an sartu zen indarrean, Konbentzioan izandako 55 herrialdek edo alderdik berretsi ondoren.
Konbentzioak adostasun ia unibertsala lortua zuen 2007ko ekainean, zeren 191k berretsia baitzuten ordurako. Gaur egun, konbentzioa 195 herrialde edo alderdiz osatuta dago, eta horiexek dira klima aldaketaren inguruko erabakiak hartzeko aginte gorena dutenak.
Orain arte, Alderdien 20 Konferentzia egin dira:
- Klima Aldaketari buruzko I. Konferentzia (Berlin, 1995)
- Klima Aldaketari buruzko II. Konferentzia (Ginebra, 1996)
- Klima Aldaketari buruzko III. Konferentzia (Kioto, 1997) - Kyotoko Protokoloa
- Klima Aldaketari buruzko IV. Konferentzia(Buenos Aires, 1998)
- Klima Aldaketari buruzko V. Konferentzia (Bonn, 1999)
- Klima Aldaketari buruzko VI. Konferentzia (La Haya, 2000)
- Klima Aldaketari buruzko VII. Konferentzia (Marrakech, 2001)
- Klima Aldaketari buruzko VIII. Konferentzia (Nueva Delhi, 2002)
- Klima Aldaketari buruzko IX. Konferentzia (Milán, 2003)
- Klima Aldaketari buruzko X. Konferentzia (Buenos Aires, 2004)
- Klima Aldaketari buruzko XI. Konferentzia (Montreal, 2005)
- Klima Aldaketari buruzko XII. Konferentzia (Nairobi, 2006)
- Klima Aldaketari buruzko XIII. Konferentzia (Bali, 2007)
- Klima Aldaketari buruzko XIV. Konferentzia (Poznań, 2008)
- Klima Aldaketari buruzko XV. Konferentzia (Copenhague, 2009)
- Klima Aldaketari buruzko XVI. Konferentzia (Cancún, 2010)
- Klima Aldaketari buruzko XVII. Konferentzia (Durban, 2011)
- Klima Aldaketari buruzko XVIII. Konferentzia (Catar, 2012)
- Klima Aldaketari buruzko XIX. Konferentzia (Varsovia, 2013)
- Klima Aldaketari buruzko XX. Konferentzia (Lima, 2014)
Klima Aldaketari buruzko Gobernuarteko Adituen Taldea (IPCC) da klima-aldaketari buruzko ezagutza zientifikoak ebaluatzeaz arduratzen den nazioarteko erakundea. 1988an eratu zuten Munduko Meteorologia Erakundeak (MME) eta Nazio Batzuen Ingurumenerako Programak (NBIP), eta geroago Nazio Batuen Batzar Nagusiak berretsi zuen. Asmoa zen politiken arduradunei aldizkako ebaluazioak eskaintzea klima-aldaketaren oinarri zientifikoaz, horren inpaktuez eta etorkizuneko arriskuez, aldaketetara egokitzeko eta aldaketa horiek moteltzeko aukerez informatzeaz batera.
Sortu zenez geroztik, IPCCak bost ebaluazio txosten prestatu ditu. Horietako azkena 2014ko abenduan Liman egindako COP20 bilera baino egun batzuk lehenago aurkeztu zen.
800 zientzialarik baino gehiagok eginda, Bosgarren Ebaluazio Txostenaren konklusioak eztabaidaezinak dira: klima-aldaketak atzerakorik ez duten inpaktu arriskutsuen mehatxua dakar, baina badira haren efektuak moteltzeko aukerak.
Garbi dago gizakiok badugula eragina klima-sisteman; gainera, eragin hori gero eta handiagoa da eta haren inpaktuak kontinente guztietan antzematen dira. Eragin horri aurre egiten ez bazaio, klima-aldaketak igoaraziko du inpaktu larri, orokor eta konponezinak gertatzeko probabilitatea, bai pertsonei dagokienez eta bai ekosistemei dagokienez. Hala eta guztiz ere, badira klima-aldaketara egokitzeko aukerak; horri lotuta, aldaketa moteltzera zuzendutako jarduera zorrotzen bidez, lortu egin daiteke klima-aldaketaren inpaktuak kontrolpean mantentzea, eta, hortaz, etorkizun hobea eta jasangarriagoa sortzea.
Azken txostenak aurreko ebaluazioek baino segurtasun handiagoaz adierazten du zein izan den XX. mendeko erdiaz geroztik nabaritutako berokuntzaren kausa nagusia: berotegi-efektuko gasen isuriak eta beste bultzatzaile antropogeno batzuk.
Kyotoko Protokoloa Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen III. Esparru Konbentzioan sortu zen, eta 1997ko abenduaren 11n sinatu zen. Protokoloak berotegi-efektuko gasen isuriak egonkortzera behartzen ditu herrialde industrializatuak. Protokoloa Konbentzioaren printzipioen arabera egituratu zen. Hala, isuriak murrizteko helburu lotesleak ezarri zituen 37 herrialde industrializaturentzat eta Europar Batasunarentzat, zeren aitortzen baitzen horiek direla erregai fosilak 150 urtez baino gehiagoz erretzearen ondorioz atmosferan gaur egun dauden berotegi-efektuko gasen maila altuen eragile nagusiak.
Protokoloak bultzatuta, gobernuek legeak eta politikak ezarri dituzte beren konpromisoak betetzeko, enpresek ingurumena hartu behar izan dute kontuan beren inbertsioei buruzko erabakiak hartzerakoan, eta, gainera, protokoloak karbonoaren merkatua sortzera eraman du.
Kyotoko protokoloa lehenengo urrats garrantzitsutzat hartzen da berotegi-efektuko gasen isuriak murrizteko eta egonkortzeko xedez mundu osoa benetan barne hartzen duen erregimenaren bidean.
2015eko abenduaren 12an, Pariseko Alderdien Konferentziak (COP) Pariseko Akordioa (PDF, 240 KB) onartu zuen.
Pariseko Akordioa alderdi anitzeko akordio bat da, juridikoki loteslea eta 195 herrialdek onartua. Herrialde horietako gobernuek epe luzerako helburu bat adostu zuten, alegia, munduko batez besteko tenperatura 2ºC-tik behera mantentzea, maila aurre-industrialen aldean, eta igoera 1,5ºC-ra mugatzen saiatzea, zeren horrek nabarmen murriztuko bailituzke klima-aldaketaren arriskuak eta inpaktuak.
Akordioaren arabera, isurketa globalak ahalik eta arinen iritsi behar dira beren balio gorenera; horri dagokionez, aitortzen da horrek ahalegin handiagoa eskatuko diela garapen bidean dauden herrialdeei, eta egin beharreko murrizketak eskura dauden teknikarik onenak erabiliz egin behar direla.
Pariseko konferentziaren aurretik eta konferentziaren egunetan, herrialdeek beren Klimaren aldeko Ekintza Plan Integralak aurkeztu zituzten, beren isurketak murrizteko. Determinatutako Ekarpen Nazionalen (INDC) osoko emaitza ez da aski tenperatura globala 2ºC-aren azpitik mantentzeko mendearen amaieran. Hala eta guztiz ere, akordioak itxuratzen du helburu hori lortzera daraman bidea.
Konpromisoa: Gobernuek adostu zuten 5 urtetik behin biltzea helburu handinahiagoak ezartzeko, ezagutza zientifikoaren eguneraketaren arabera. Onartu zuten, halaber, beren helburuei begira lortutako aurrerapenak elkarri eta publikoari jakinaraztea. Gardentasuna eta ikuskapena bermatzeko, inbentario bateratu bat egingo da bost urtetik behin. Isurketak kontabilizatzeko sistema global bat sortuko da, gardena eta eraginkorra.
Elkartasuna: EBk eta beste herrialde garatu batzuek jarraituko dute klima-ekintza sostengatzen, isurketak murrizteko eta klima-aldaketaren inpaktuen aurreko erresilientzia handitzeko garapen bidean dauden herrialdeetan. Beste herrialde batzuei eskatzen zaie sostengu hori beren borondatez emateko edo ematen jarraitzeko. Nazioarteko sostengua emango zaie - etengabeko hobekuntzaz- garapen bidean dauden herrialdeei, klima-aldaketara egokitzen laguntzeko. Herrialde garatuek asmoa dute beren helburu kolektiboari eusteko, alegia, urtean 100 mila milioi dolar mobilizatzea 2025 urtera arte. Horren ostean, helburu berri bat ezarriko da.
Galerak eta kalteak: Pariseko Akordioak badu artikulu independente bat, klima-aldaketaren inpaktuei lotutako galera eta kalteen gaiaren aurrean. Herrialdeek aitortzen dute beharrezkoa dela kooperatzea eta elkar-ulertzea, ekintza eta sostengua zenbait alorretan hobetzea, hala nola alerta goiztiarreko sistemetan, larrialdietarako prestakuntzan eta klima-arriskuen aseguruetan.
Europako Batzordeak Parisko Goi Bileraren osteko garairako aurreikusten duen egutegia honako hau da:
- 2016ko martxoa: Europako eta Ingurumeneko Kontseilua.
- 2016ko apirila: sinadura New Yorken egitea.
- 2018: elkarrizketa bat egongo da, aukeran dauden ekintza global berrien ebaluazioarekin.
- 2020: indarrean dauden INDCak eguneratzea eta isurketei buruzko mendearen erdiko lehenengo estrategia aurkeztea.
- 2023: ebaluazio globala.
- 2025: INDCak eguneratzea.
Azken aldaketako data: