KLIMATEK. EGHILUR Urrakortasun hidrikoa: iragan hurbileko joeretatik etorkizunekoetara
Dokumentu-zerrenda
Xehetasunak
Zirkulazio orokorreko ereduetatik XXI. mendeko hainbat denbora-horizonterako ateratzen diren klima-agertokiak dezente aldatzen dira batetik bestera, baina askoz handiagoa da aldakortasuna «agertoki hidrologikoez» ari bagara; hau da, zer-nolako errejimen hidrikoak espero daitezke ibaietan (aintzat harturik, baliabideak kudeatzeko interesgarriak diren emari ertainak ez ezik —urtegiak, adibidez—, emari txikiak — ur-masen egoera ekologiko onaren oinarrizko baldintzatzaileak— eta handiak ere — uholde-arriskuekin lotuta—); izan ere, simulazioan/iragarpenean erabilitako eredu hidrologikoen ziurgabetasuna gehitu behar zaio klima-ereduen berezko ziurtasunik ezari.
Simulazioa ARRO ikuspegitik egin behar da ezinbestean, IBILGU ikuspegitik harago. ARRO ikuspegian, ezinbesteko zeregina betetzen du lurzoruen erabilerak (lurraldearen okupazioa), ibaietako etorkizuneko emarien errejimena ez delako klima-aldaketaren (prezipitazio eta tenperaturak) ondorio izango soilik: lurzoruen erabileraren aldaketaren ondorio ere izango da; hala landaredia klima-aldaketetara egokitzearen ondorio nola gaur egun lurraldearen antolamenduan hartutako erabakiena.
Ikuspegi horrekin, proiektuaren helburua izan da denborazko ikuspuntua duten bi galderari erantzutea, halakoen berezko ziurgabetasuna ere kontuan hartuta: nondik gatoz? Nora dirudi goazela? Funtsezkoak dira egokitzapen-neurriak oinarritu behar dituen ezagutza lortzeko (erresilientzia hidrologikoa). Batetik, iraganeko joerei buruzko ezagutza ekarri nahi da, eta horretarako, eskualde-mailan Bizkaiko Golkoan behatutako emariserieen azterketatik ondorioztatu dira, premisa honi jarraikiz: epe laburrera, eragin handiagoa izango dute iragan hurbileko joerek. Bestetik, etorkizunerako aurreikusteko modukoak diren joeretarako, erreferentziakotzat jotako EAEko arro zehatzak simulatu dira, kasu honetan, tokiko mailan.
Emarietan behatu diren joerei buruzko eskualdeikuspegia lortzeko asmoz, eta EAEn daudenak baino serie luzeagoak kontuan hartu nahian, 164 estazio biltzen dituen azter-eremua aukeratu da. Hasiera batean gutxienez 20 datu-urte hartu dira barne, 2015eko irailaren 30era arte (1. irudia). Eguneko ur-emarien serieak aztertzeko, erakunde hauek kudeatutako neurketa-estazioetatik lortu dira datuak: Gipuzkoako Foru Aldundia (GFA), Bizkaikoa (BFA), Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa (CHC), Ebrokoa (CHE), Nafarroako Gobernua (GN), Iberdrola, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa (CAB) eta Eau France (DREAL Aquitaine). Azterlan honetan, ur-emari ertain eta txikietan jarri da arretagunea. Hasierako 164etatik, urmaelak, bat-bateko aldaketak eta ikertzeko aldiak aztertu ondoren, 117 estazio aukeratu ziren, lau denboraldi hauek ikertzeko: 20 urte (1995-1996 urte hidrologikotik 2014-2015era arte) 117 estazioetako datuekin; 40 urte (1975-1976tik 2014-2015era arte) 43 estaziokoekin; 60 urte (1955-1956tik 2014-2015era arte) 18 estaziokoekin; eta 95 urte (1920-1921etik 2014-2015era bitartean) 3 estaziokoekin.
Ondoren, ur-emari ertainen serieak eta ur-emari txikien iraupen eta larritasunari buruzko serieak sortu ziren, denborazko hainbat eskalatan, aurrez aukeratutako iraupen bakoitzerako: egunekoak (365 balio urtean), hilabetekoak (12 balio urtean), sasoikoak (4 balio urtean) eta urtekoak (balio bat urteko), baita, urteko garai sentikorrenak hauteman nahian, urtaroen arabera (negua: urtarrila-martxoa; udaberria: apirila-ekaina; uda: uztaila-iraila; udazkena: urria-abendua; datu bat urtaro bakoitzeko) eta hilez hil ere (balio bakarra urteko hil bakoitzerako: urtarrileko seriea, otsailekoa, etab.). Hala, hautatutako 117 ur-emarien serie bakoitzerako, 232 serie mota sortu dira: guztira, 27.144 serie, eta joeren azterketa aplikatu zaie. Azterketa Mann- Kendall testaren bitartez egin da, autokorrelazioaren eragina deuseztatu ondoren. Testetik joeraren zeinua (positiboa, goranzkoa, edo negatiboa, beheranzkoa) eta esangura atera dira. IPCCren irizpideei jarraikiz, gertatzeko probabilitate gisa adierazi da; hala, egiazkotzat jo dira % 66tik gorako gertatzeprobabilitatea zuten joerak.
Etorkizuneko joeren azterketak Zadorrako bi azpi-arro izan ditu ardatz: hain zuzen, Otxandio eta Audikanakoak. Gutxi gorabehera 36 eta 82 km2-ko hedadura dute, hurrenez hurren, eta Urrunagako eta Uribarri Ganboako urtegietako arroburuak dira. Proiekzio hidrologikoen simulazioa egiteko, SWAT (Soil and Water Assessment Tool) zenbaki-kodea erabili da. Goraguneen eredu digitaletik (LIDAR; www.geo.euskadi.eus) eta erabiltzaileak aukeratutako irtengunetik abiatuta, SWATek arroa mugatzen du eta drainatze-sarea sortzen du. Ondoren, malda-mapa sortzen da, eta lurzoruaren erabileren maparekin (Europar Batasuna CORINE: 1:100.000) eta mapa edafologikoarekin (higadura hidriko laminarraren metodologiaren bitartez prestatuta, Eusko Jaurlaritza, 2005) gainjartzen da, antzeko erantzun hidrologikoa duten espazio-unitateak sortzeko (Erantzun Hidrologikoko Unitatea: HRU). Espazioa banatzeko unitate horrexek du, hain zuzen ere, bereizmen handiena SWATen).
Espazioaren diskretizazioa egin ondoren, klimari buruzko datu historikoak sartu ziren (prezipitazioa eta gehieneko eta gutxieneko tenperaturak eguneko eskalan) SWAT-kodean, eta horiek kalibratu (1987-1994) eta baliozkotu (2005-2015) ziren, simulatutako ur-emariak eta Otxandio eta Audikanan benetan neurtutakoak konparatuz. Zenbaki-kodea kalibratuta eta baliozkotuta dagoenean, ereduari aldaketak egin dakizkioke: adibidez, meteorologiako datu berriak sartuz (proiekzio klimatikoak) edo lurzoruaren erabilerak aldatuz.
Horrela, klima-aldaketak bi arro horietako ur-emarietan zer-nolako inpaktua izango duen ebaluatzeko, SWATarekin simulatu dira AEMETek emandako 16 proiekzio klimatikotako proiekzio hidrologikoak (hainbat zirkulazio eredu orokor uztartuta, down-scalingeko hainbat metodorekin, bi isuri-agertokitarako: RCP 4.5 eta 8.5). Proiekzioak hiru denbora-horizonterako egin dira: 2011-2040 (2030), 2041-2070 (2060) eta 2071- 2100 (2090) eta aztertu da zer joera ager daitezkeen ur-emari ertainetan (Qm) eta ur-emari txikien iraupen eta larritasunean. Horrez gain, lurzoruaren erabilerak eragin garrantzitsua duenez hidrologiaren gain, lan honetan lehen hurbilketa bat egin da lurzoruaren erabilerek Otxandio eta Audikanako azpi-arroetan duten eraginetara. Horretarako, aldaketako hiru agertoki gertagarri proposatu dira azpi-arro bakoitzerako: hasi nekazaritzakoetatik eta basogintzakoetara arte.
Azken 60 urteetan (1955/1956tik 2014/2015era) denbora-homogeneotasuna ikus daiteke uremarien portaeran: agerikoa izan da goranzko joera ur-emari ertainetan, eta gora egin dute ur-emari txikien iraupenak eta larritasunak ere; espazioari dagokionez, orokortu daitezke joerok. Hortik ondorioztatzen den urteko joera urtaro-eskalan aipatutakoaren berdina da, eta, batez ere, udaberri eta udako joeren baldintzapean dago. Nolanahi ere, azken 20 urteetan (1995/1996tik 2014/2015) denbora-heterogeneotasuneko egoera ikus daiteke. Horiek horrela, ikusi da neguan eta udaberrian gora egiten dutela ur-emari ertainek, eta uda udazkenera arte luzatzen dela, ur-emari ertainak murriztuta eta txikien iraupena eta larritasuna handituta. Konbinazio hori dela eta, gorabeheratsuagoa da ur-emarien banaketa urtean zehar. Emaitzek homogeneotasun espaziala agertzen dute denbora-horizonte bietan, eta eskualdeko kausa klimatiko baten ondorio gisa ulertu behar da. Horrez gain, hein batean, koherenteak dira Europako eskalan egindako azterlanekin.
Bigarren galderari —nora dirudi goazela?— erantzuteko saiakera egitean, aintzat hartu behar da lortutako emaitzak ziurgabetasuneko iturri ugariren mende daudela. Hala eta guztiz ere, ondorioztatu daiteke ur-emariak behera egingo duela XXI. mendean zehar, pixkanaka, urtaro guztietan eta urteko eskalan. Joera hori nabarmenagoa da Audikanan (klima mediterranearragoa du) Otxandion baino. Bietan ala bietan, udazkenean agertzen da ur-emarien murrizketa handiena eta neguan txikiena. Europako mailan, Frantziako eskualde atlantikoan eta Iberiar penintsulan ere hauteman daiteke beheranzko joera hori ere. Ur-emari ertainek behera egiteko aukera handia ikusten da; horrez gain, aski litekeena da urteko eskalan ur-emari txikien iraupenak eta larritasunak gora egiteko joera izatea etorkizunean. Goranzko joerak oso argiak dira udaberrian, baita udan eta udazkenean ere RCP 8.5 agertokirako (isuri handien agertokia).
Aitzin-urrats gisa, agerian geratu da zer-nolako garrantzi hidrologikoa duten lurzoruaren erabilerek, bereziki urtaro-eskalan. Batik bat, ur-emari txikiei (uda-udaberria) eragiten diete. Ikusita etorkizunerako iragarpenak, horrek garrantzi handia du uraren kudeaketaren eta lurraldearen berezko kudeaketaren ikuspuntutik; hala, plangintza hidrologikoaren barruan sartu behar da lurraldearen plangintza.
Bai ur-emarien serie historiko luzeenetan (60 urte; 1955-1956 eta 2014-2015 artean), bai proiekzio klimatikoetatik abiatuta simulatutako ur-emarien serietan (2011-2100), argi eta garbi ikus daiteke gutxitzera jotzen dutela ur-emari ertainek, eta handitzera uraren beheraldiaren iraupenak, urtaroko nahiz urteko eskalan, nahiz eta ikuspegi horietako bakoitzaren espazio-eskala guztiz desberdina izan: lehena eskualdekoa da; bigarrena, aldiz, arrokoa. Horrez gain, datu historikoen azken denboraldian (20 urte; 1995-2015 artean), neguko eta udaberriko ur-emarietan eskualde-mailan ikusitako joera positiboak nolabait jarraitutasuna du Otxandioko eta Audikanako arroetan, XXI. menderako kontuan hartutako horizonte laburrenean (2011-2040 denboraldia). Horrek esan nahi du badaudela zenbait denboraldi, laburragoak, non joerak bestelakoak baitira denboraldi luzeagoetarako proiektatutakoen aldean. Nolanahi ere den, epe labur-ertainerako plangintza hidrologikoan denboran gertuen dauden joerak hartu behar dira aintzat. Neguko eta udaberriko urtaroek agertzen dute ziurgabetasun handiena.
Eskualdeko espazio-eskalan nahiz arro-eskalan lortutako emaitzek are gehiago nabarmentzen dute zein garrantzitsua den urtekoa baino eskala finagoak (urtarokoa, hilekoa) eta denbora-ikuspegi zabalagoa erabiltzea klima-aldaketaren (eta lurzoruaren erabileren) inpaktu hidrologikoei buruzko azterketak egiteko.