Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Arautegia

Inprimatu

12/2008 LEGEA, abenduaren 5ekoa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 246
  • Hurrenkera-zk.: 7143
  • Xedapen-zk.: 12
  • Xedapen-data: 2008/12/05
  • Argitaratze-data: 2008/12/24

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Eusko Legebiltzarrak abenduaren 5eko 12/2008 Legea, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

12/2008 Legea, abenduaren 5ekoa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa

Autonomia Erkidegoak gizarte-zerbitzuen arloan duen eskumena honako esparru honetan kokatu behar da, oro har: Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutuaren 9.2 artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoko botere publikoei ezartzen dien betebeharra, pertsonen eta pertsona horiek kide izan ohi diren taldeen askatasuna eta berdintasuna egiazkoak eta eraginkorrak izateko baldintzak sustatzeko neurriak ezartzekoa, eta askatasun eta berdintasun hori eragozten duten oztopoak kentzeko neurriak ezartzekoa. Ikuspegi zehatzago batetik, eskumen hori Autonomia Estatutuaren 9.2, 10.12, 10.14 eta 10.39 artikuluek eratzen duten esparruan kokatu behar da, artikulu horiek, 1978ko Konstituzioaren 148.1.20 artikuluaren babespean, eskumen esklusiboa esleitzen baitiote Euskal Autonomia Erkidegoari honako arlo hauetan guztietan: gizarte-laguntza, adingabeak zaindu eta babesteko erakundeen antolaketa, araubide eta funtzionamendua, komunitatearen garapena, berdintasuna eta haur, gazte eta adinekoen aldeko politikak.

Eskumenok Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen artean banatzeko era, bestalde, azaroaren 25eko 27/1983 Legeak ezarria da, alegia, Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute Erakundeen arteko Harremanei buruzkoak. Lege horrek foru-instituzioei esleitzen die Autonomia Erkidego osorako instituzioen araudia nork bere lurraldean betearazteko eginkizuna, betiere Autonomia Erkidego osorako erakundeek lurralde horretan dagokien eginkizuna zuzenean betetzea eragotzi gabe. Bestalde, betearazpen-eskumen horren barruan sartzen dira beren zerbitzuen antolaketa erregelamenduz arautzeko ahala, administrazio-ahala (baita ikuskatzekoa ere) eta administrazio-bidean egintzak berrikusteko ahala.

Gizarte-zerbitzuen lehenbiziko legea, Euskal Autonomia Erkidekoan, 1982ko maiatzaren 20an onartu zen, eta arlo horri lehen ez zuen koherentzia eman zion antolamenduaren aldetik; horrez gain, dohain bereziki garrantzitsua izan zuen, zerbitzu horien kudeaketa politiko eta administratiboari ikuspegi arras modernoa eman baitzion. Etorkizunari aurrea hartuz jarduera-printzipio funtsezko batzuk sartu zituen, oraindik ere arlo horretako araudiaren oinarrizko lerro direnak.

Lege horrek ezarritako arau-esparrua aldatu egin zuen hein batean azaroaren 25eko 27/1983 Legeak, Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute Erakundeen arteko Harremanei buruzkoak, bai eta apirilaren 2ko 7/1985 Legeak ere, Toki Araubidearen Oinarriei buruzkoak. Arau-aldaketa garrantzitsuak izan ziren horiek, eta erantzukizun publikoko sistemari eragin zioten, hala eskumenen aldetik nola finantzen aldetik, eta, garai horretan gertatu ziren aldaketa sozial garrantzitsuekin batera, gizarte-zerbitzuen lehenbiziko lege hura aldatzeko beharra ere ekarri zuten.

Langabeziaren hazkundea, lehenago inoiz ezagutu gabeko krisi industrial baten eta hark eragindako birmoldatze-prozesuen ondorio, aldi haren ezaugarri nagusietako bat izan zen, hainbateraino non Gizarte Zerbitzuen urriaren 18ko 5/1996 Legearen zioen azalpenak beharrezkotzat jo baitzuen gizarte-zerbitzuen sistemari Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiaren eta enpleguaren garapenari laguntzeko eginkizuna ematea, batez ere lan-merkatuan sartzeko zailtasunik handienak zituzten gizataldeen alde. Beste gizarte-aldaketa batzuek ere eragin zuten erreforma, bereziki biztanleriaren hazkunde begetatiborik ezak eta, urrats positiboa izaki, geroz eta emakume gehiago lan-merkatura sartzeak.

Bestalde, 1996ko legeak ekarpen garrantzi­tsuak egin zituen, eta lagundu egin zuen, xedetzat hala aitortuta, «herritar guztiek gizarte-zerbitzuak jasotzeko duten eskubidea sustatzen eta bermatzen, erantzukizun publikoko gizarte-zerbitzuak emateko sistema osatu bat antolatuz eta egituratuz, eta, era horretan, helburu hirukoitz bat gauzatzeko, hala nola marjinazio sozialaren eta ezberdintasunaren kausak aurreikusi eta ezabatzea, pertsonak eta taldeak gizarteratzen laguntzea eta haien garapen osoa eta librea sustatzea». Gizarte Zerbitzuen Sistema antolatu eta egituratzeko zereginean aurreratzeko aukera eman zuen, bai eta sistema horrek berezko dituen prestazio eta zerbitzuak garatzen eta horien sarea progresiboki hedatzen ere; hala, gizarte-ongizatea xede duten beste sistema eta politika publiko batzuetatik bereizitako esparru osagarri bat eratu zen.

Sistemaren antolakuntzaren ikuspuntutik, eskumenak argitzeaz gain, ez da dudarik honako hauek izan zirela ekarpenik garrantzitsuenak: oinarrizko gizarte-zerbitzuak sistemaren oinarrizko unitate gisa eta zerbitzuetara irispidea izateko gune gisa eratzea, zerbitzu horiei komunitatearentzako arreta antolatzeko funtsezko eginkizunak esleitzea eta, horren guztiaren ondorioz, udal guztiei ezartzea bakarka edo elkarturik era horretako zerbitzu bat emateko betebeharra.

Alde horretatik, honako hauek dira 1996ko legearen testuan nabarmendu daitezkeen beste ekarpen batzuk:

Unibertsaltasun-printzipioa eta arreta pertsonalizatuaren printzipioa berariaz jasotzea.

Ekimen pribatuarekiko harremanetarako sistema baten oinarriak sartzea, honako hauen bidez: administrazio-baimenaren arauketa, ikuskatzea eta erakunde pribatuekiko lankidetza-formulak. Erakunde pribatuekiko lankidetza-formula horietan, eraginkortasuna, kalitatea eta kostuak berdinak edo antzekoak direnean, irabaziak egiteko asmorik gabeko erakundeei ematen zaie lehentasuna.

Zerbitzuen erabiltzaileek zerbitzuon finantzaketa horretan izan behar duten parte-hartzea zeha­tzago arautzea, honako hau xedatuz, besteak beste: erabiltzaileetako inori ez zaiola zerbitzurik ukatuko baliabide ekonomikorik ez edukitzeagatik, eta emandako zerbitzuaren kalitatea ezin izango dela zehaztu, inola ere ez, erabiltzaileek kostuaren finantzaketan duten parte hartzearen arabera.

Arau-hausteen eta zehapenen sistema bat lehenbiziko aldiz arautzea gizarte-zerbitzuen arloan.

Beste alde batetik, azken bi hamarraldietan 1996ko legea garatuz eratu den arau-esparruak gizarte-zerbitzuen arloan aurrerapen handiak lortzeko aukera eman du, eta horren fede ematen dute eskubideak eta gizarte-zerbitzuen kalitatea bermatzeko onartu izan diren oinarrizko arauek, hala nola 64/2004 Dekretua, apirilaren 6koa, zeinaren bidez onartu baitzen Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuen erabiltzaileen eta profesionalen eskubide eta betebeharren gutuna, eta iradokizunen eta kexen araubidea, eta 40/1998 Dekretua, martxoaren 10ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuen baimena, erregistroa, homologazioa eta ikuskapena arautzeko dena. Egindako aurrerapenen erakusgarri dira, orobat, era bateko eta besteko arreta-eremuetan garatutako arau ugariak.

Nolanahi ere, eta aurrerapen horiek gorabehera, arau-esparrua berriro erreformatzea komeni dela erakusten duten elementu eta faktoreak ageri dira.

Hain zuzen ere, gizarte-egoera nabarmen aldatu da azken hamarraldian.

Gainditu egin da lehen aipatutako krisi industriala orduko langabezia-tasa handiak Euskal Autonomia Erkidegoko babesgabetasunaren arrazoi nagusitzat jo ziren eta, egun, ekonomia-egoera ona dugu, BPGa etengabe Europako batez bestekoaren gainetik haziz doalarik, eta batez besteko langabezia-tasa, teknikoki, ia enplegu betekoa delarik. Hazkunde eta tasa horiek, sortu berri den krisi ekonomikoak eragingo badie ere, erreferentziako helburutzat hartu beharko lirateke hurrengo hamarraldirako.

Beste alde batetik, beren autonomia mugaturik duten pertsonen kopurua haziz joan da, eta kopurua ez ezik izaera ere aldatu da. Mendekotasuna prebenitzeko eta atenditzeko beharrizanak eta eskaerak hazi egin dira, bai eta familiei laguntzeko beharrizanak ere; horrekin batera, gizarte-laguntza informala ahuldu da, geroz eta emakume gehiago sartu direlako lan-merkatura eta, aldi berean, gizonezko askok zainketa informalaren eginkizunak beren gain hartu ez dituztelako. Gainera, hiri-geografian izandako aldaketen ondorioz areagotu egin da fenomeno hori, bizitzeko, lan egiteko eta prestakuntza jasotzeko guneak bereizteko joera geroz eta handiagoa hauteman baitaiteke. Bilakaera horrek eragin du Estatuan Autonomia Pertsonala Sustatzeari eta Mendetasun Egoeran dauden Pertsonak Zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legea promulgatzera; lege hori mugarri da gizarte-zerbitzuen eremuan, bermatutako eskubide bati izaera formala ematen dion neurrian.

Beste alde batetik, azken hamarraldian, gizarte-zerbitzuek, babes soziala emateko eta gizarteratzeko beharrizanei dagokienez, aurre egin behar izan diote ahultasunarekin eta bazterketa-, marjinazio- eta pobrezia-egoeren kronifikazioarekin lotutako beharrizanen eta laguntza-eskaeren gehitzeari. Errealitate hori bereziki talde ahulenek bizi dute: etxebizitza eskuratzeko zailtasunek eta lan-prekarietateak batez ere gazteei, emakumeei eta etorkinei eragiten diete; babes sozial nahikorik ez izateak eta isolamendu- eta bakardade-egoeretan bizitzeak adinduei eragiten die nagusiki; gizartearekin, ekonomiarekin edo familiarekin zerikusirik duten era askotako faktoreen ondorioz ugaldu diren gatazka-egoerek nerabeei eragiten diete eta babesgabezia-egoerek oro har adingabeei.

Azkenik, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunera hurbildu ahala gertatzen diren aldaketa sozialei egokitu behar zaizkie gizarte-zerbitzuak. Horretarako, emakumeak gizarteratzen laguntzen duten jarduera eta zerbitzuak sustatuko dira, bereziki, bazterketari, babesgabetasunari, tratu txarrei eta indarkeriari aurre egiteko baliagarri direnak; horiekin batera, familiei laguntzeko gizarte-sarea arinagoa eta sendoagoa egiteko neurriak eta zerbitzuak ere sustatuko dira, eta, oso modu berezian, oraindik ere mendetasun-egoeran dauden pertsonei laguntzeko eginkizunetan zama handiena hartzen duten emakumeak sare horretan sartzen laguntzekoak.

Gizarte-errealitatearen bilakaera hori aintzat hartuta, beharrezkoa da gaur egun, 1996ko legea indarrean sartu zenez geroztik hamarraldi bat baino gehiago igaro denean, orduko sistema finkatu eta sendotzea. Aipatu legeak sistemaren funtsezko oinarriak aurreikusteko gauza izan zen, baina ez zituen ezarri legean bertan jasota zegoen xedea gizarte-zerbitzuetarako eskubidea sustatu eta bermatzea guztiz lortzeko behar ziren kudeaketa- eta koordinazio-tresnak. Xede horrek, dudarik gabe, indarrean dagoen araudi-esparrua erreformatzea eta gizarte-zerbitzuen lege berri bat onartzea eskatzen du.

Arau-esparru berriaren osagai nagusia honako hau da: gizarte-zerbitzuetarako eskubidea eskubide subjektibotzat aldarrikatzea, herritartasunari dagokion eskubidea den aldetik. Eskubide subjektibo horren erabilera bermatuko bada, nahitaez eraiki behar da gizarte-zerbitzuen euskal sistema bat, erantzukizun publikokoa, modernoa, aurreratua eta bermatzailea, xedetzat ongizatea duten beste sistema batzuk bezain garatua, eskumena duten hiru administrazio-mailak egituratzeko gauza izango diren kudeaketa- eta koordinazio-tresna batzuez hornitua, eta bere baitan prestazio eta zerbitzuen sare artikulatu bat ezarri, antolatu, garatu eta sendotzeko moduko egitura bat izango duena. Sare horrek aldaketa sozial, demografiko eta ekonomikoek dakartzaten egungo eta etorkizuneko erronkei koherentziaz, eraginkortasunez eta eragimenez erantzuteko xedea izan behar du.

Era horretan, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema Ongizate Estatuaren egiazko zutabe izango litzateke, herritar guztientzako erantzukizun publikoko sistema gisa eratuta.

Gero eta egoera desberdin gehiago daude eta gero eta konplexuagoak dira egoera horiek; nabaria da, beraz, haiei aurre egingo bazaie, jardun batzuk indartu behar direla, honako hauek: hirugarren sektorearekin elkarlanean aritzea, laguntzako sare informalei eustea, eragindako pertsonen parte-hartze antolatua sustatzea, sistemen arteko lankidetza- eta koordinazio-esparru batzuk (hala nola, gizarte eta osasunaren, gizarte eta lanaren, gizarte eta etxebizitzaren, gizarte eta hezkuntzaren, gizarte eta justiziaren, gizarte eta kulturaren artekoak) eratzea eta politika sozial bat garatzea, herritar guztiek herritartasun osoa irits dezaten, justizia soziala susta dadin eta bazterketaren egiturazko kausei ekin dakien.

Garrantzitsua da gogoan izatea, sistema hori eraikitzeko eta antolatzeko orduan, herritarren eskubideen artean sartzen direla, gaur egun, ez bakarrik pertsona guztiei prestazio eta zerbitzu jakin batzuetarako eskubidea ezagutzea, baita diferentziarako eskubidea aitortzea ere. Eredu horren muin-muinean izango lirateke berdintasun- eta ekitate-printzipioak, izan ere, printzipio horiek sistemaz bazterkeriarik gabe baliatzea bermatzen dute, eta baita askotariko ikuspegiak bateratzea (generoa, dibertsitate sexuala, kulturartekotasuna, belaunaldiartekotasuna, sistema herritar guztien eskura izatea, eta gizon nahiz emakumeentzat diseinatua izatea) eta ekintza positiboko eta aukera- eta tratu-berdintasunerako neurriak aplikatzea ere.

Bestalde, erantzukizun publikoko gizarte-zerbi­tzuen sistemaren beraren bilakaera eta garapenari dagokionez, ahalegin handia egin da azken hamarraldi honetan zerbitzu horiek sustatu eta egituratzeko, baina, hala ere, badira oraindik lurraldeen arteko ezberdintasunak, sistema horretaz baliatzeari eta sistema horretan ekonomikoki parte hartzeari dagokionez, eta, nahiz eta kasu batzuetan ezberdintasun horiek antolamendu-berezitasunei egotz dakizkiekeen eta ez dioten eragiten erabiltzaileek eskubide horretaz egiten duten erabilerari, beste batzuetan, bai, eragin diezaiokete, eta egoera desberdinak sorrarazi ere bai. Gainera, bada diferentzia orokor bat Autonomia Erkidegoaren eta Europako eremuko herrialderik aurreratuenen artean.

Ezberdintasun horiek gutxika-gutxika urritzeko, ezinbestekoa da gizarte-beharrizanen bilakaerari buruz aurreikuspen egokiak egitea eta Autonomia Erkide­goaren lurralde osoan sistemaren garapen planifikatua gauzatzeko behar diren tresnak prestatzea.

Legeak honako osagai funtsezko hauek aurreikusi ditu horretarako. Lehenbizi, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemak eskainiko dituen Prestazioen eta Zerbitzuen Katalogoa zehazten du, eta, era horretan, eskubide subjektiboaren irismena zehazten du; gainera, eskubide horren izaera unibertsala dela-eta, katalogo horren garapena eta ezarpena Autonomia Erkidego osokoa izango dela bermatzen du. Horrez gain, katalogoa Prestazioen eta Zerbitzuen Kartera baten barruan arautuko dela aurreikusten du. Katalogoaren ezaugarri nagusiak zehaztuko dira horrela, eta beste alderdi hauek ere bai: prestazio eta zerbitzu horiez baliatzeko bete beharko diren baldintzak, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema kudeatzeko informazio-sistema integral bat diseinatu eta abiaraztea eta Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategiko bat landu eta onartzea, haren barruan Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Mapa ere izango delarik. Era berean, instituzioen arteko koordinaziorako behar diren tresnak indartzen ditu, izan ere, bermatu nahi da, batetik, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema koherente eta orekatu bat garatuko dela eta, bestetik, sistema hori eta sistema horren barruan sartzen diren prestazio eta zerbitzuak hobeto artikulatuko direla kidekoak edo osagarriak diren beste sistema eta politika publiko batzuekin, gizarte-ongizatea sustatzea eta lortzea helburu duten horiekin, hain zuzen.

Lege berriak finkatu egiten du aurreko esparru juridikoan jasotako printzipioetan ezarrita zegoen arreta-eredua, eta komunitatea oinarri duen ikuspegia hautatzen du; ikuspegi horren arabera, pertsonak bizi diren ingurunean geratzea da lehentasuna.

Horrela, gizarte-langileei berez dagozkien eginkizunei gehitu behar zaizkie gizarte-hezitzaileak aspalditik garatzen ari diren gizarte- eta hezkuntza-arloko zerbitzu eta prestazioetatik eratorritakoak; gizarte-hezitzaile horiek gizarte-langileekin batera osatuko lukete Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren oinarrizko kidego profesionala.

Proposatutako ikuspegi komunitariotik bideratuta, gizarte- eta hezkuntza-arloko esku-hartzea, funtsean, esku-hartze sozialaren oinarrizko elementu bezala ulertu behar da, prozesu-izaera baitu; horrek, definizioz, laguntza-eginkizunak eta bidaltze-eginkizu­nak gainditu eta lan-esparru hezitzaile harremanezkoa ezartzen du helburu hauek lortzeari begira: subjektuak autonomia handiagoa eta bizi-baldintza hobeak izatea, bere garapenean dituen testuinguru desberdinetara egokitzea eta zailtasunak gainditzea.

Gizarte-zerbitzuen euskal sistema bat finkatu eta haren xedeak gauzatuko badira, Euskal Autonomia Erkidego osoan prestazio eta zerbitzu berberez baliatzeko aukera bermatzeaz gain, zerbitzuen eta zentro publikoen eta pribatu itunduen sare bat indartu eta sendotu behar da, eta, horretarako, erantzukizun publikoko gizarte-zerbitzuak eskaintzeko berariazko hitzarmen-araubide bat ezarri behar da, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioak eta erakunde pribatuak, batez ere irabazi asmorik gabeko gizarte-ekimenekoak badira, elkarlanean aritzeko beste formula batzuen kalterik gabe.

Legearen I tituluan, esparru berria eratzen duten funtsezko osagaiak zehazten dituzten xedapen orokorrak jasotzen dira. Legearen xedea zehazten da bertan, alegia: gizarte-zerbitzuetarako eskubide subjektiboa aldarrikatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako prestazioen eta zerbitzuen izaera unibertsala bermatzea, euskal administrazio publikoek prestazio eta zerbitzu horiek sistema horretako Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoaren barruan eskainiko dituztela bermatzea eta sistema hori antolatu eta egituratzea, gizarte-zerbitzuetarako eskubidearen erabilera egiazkoa izan dadin.

Gizarte-zerbitzuetarako eskubidea honako per­tsona hauei ezagutzen zaie: bizileku legezko eta benetakoa Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan duten pertsonei; horretarako, bertan egon behar dute erroldaturik. Orobat ezagutzen zaie Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan erroldatutako pertsonei, baldin eta egiazko bizilekua bertan izan badute sistemaz baliatzeko eskaria egin aurre-aurreko 12 hilabeteetan jarraitasunez. Nolanahi ere, Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sisteman sartzen diren prestazio eta zerbitzuez baliatu ahal izateko, Autonomia Pertsonala Sustatzeari eta Mendetasun Egoeran dauden Pertsonak Zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen 5.1 artikuluan ezarritakoari jarraitu beharko zaio. Horrez gain, beste hau ere ezartzen da: Autonomia Erkidegoan diren pertsona guztiek izan dezatela, aldez aurretik erroldatzeko epeen baldintza bete beharrik gabe, informazio-, balorazio-, diagnostiko- eta orientazio-zerbitzuez baliatzeko aukera, bai eta lagun egiteko zerbitzuaz baliatzekoa ere, eta, orobat, gizarte-premia larrietarako prestazio eta zerbitzuez eta haurrak eta nerabeak babesteko zerbitzuez baliatzekoa. Aurreko horren kalterik gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek aldez aurretik erroldatzeko epe luzeagoak eta beste baldintza gehigarri batzuk ere ezarri ahal izango dituzte Prestazioen eta Zerbitzuen Karterako prestazio eta zerbitzu zenbaitez baliatzeko; prestazio eta zerbitzu horiek arautzeko berariazko xedapenetan ere ezarri ahal izango dituzte baldintza gehigarriak. Azkenik, testuan beste hau ere aurreikusten da: Eusko Jaurlaritzak kanpoan dauden euskal gizataldeetako kideak babesteko neurriak ezarri ahal izango ditu.

Legeak erantzukizun publikoko arreta-sare antolatu gisa eratzen du Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema; titulartasun publikoko eta pribatu itunduko prestazio, zerbitzu eta ekipamenduaz osatutako sistema gisa, eta pertsona, familia eta talde guztien gizarteratzearen eta autonomiaren alde egitea du xede; sustatzeko, aurreikusteko, babesteko eta laguntzeko eginkizunak betez gauzatu nahi du xede hori, funtsean pertsonei eta harremanei buruzkoak diren prestazio eta zerbitzuen bidez. Arlo horretan diren formulaziorik aurreratuenekin bat etorrita, beharrizanei beren izaeraren eta ezaugarrien arabera erantzuteko sistema bat ezartzea hautatu da, gizatalde ezberdinei erreparatuz egituratu beharrean; horrek ez du esan nahi, inolaz ere, gizatalde horiek babesik gabe uzten direnik, edo ez direnik kontuan hartzen, sistemaren esparruaren barruan, eragin ahal dizkieten berezitasunak.

Jarduera-printzipioen artean, Gizarte Zerbitzuen urriaren 18ko 5/1996 Legean ezarritako printzipioei eusten zaie, eta garatu ere egiten dira; bestalde, printzipio horiek eratzen duten arreta mota komunitateari zuzendutako arreta da, eta honako hauek finkatuz lortzen dute hori: zerbitzuen erantzukizun publikoa, unibertsaltasuna, herritarrekiko hurbiltasuna eta deszentralizazioa; prestazioez eta zerbitzuez baliatzeko orduan berdintasuna eta ekitatea; prebentzioa, integrazioa eta normalizazioa; pertsona bakoitzari egokitutako arreta integral eta jarraitua; esku-hartzeen diziplina-artekotasuna eta arretaren kalitatea; gizarte-zerbitzuen arloan, eta bereziki Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren barruan, parte hartzen duten era bateko eta besteko agenteen arteko lankidetza; jarduera publiko eta pribatu formal eta ez-formal guztien koordinazioa eta herritarren parte-hartzea eta gizarte-ekimena sustatzea Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren barruan.

Halaber, I tituluan komunitateari zuzendutako arreta hori finkatzen da gizarte-zerbitzuen jardunerako oinarrizko eredu gisa, eta erabiltzaileei arreta beren ohiko ingurunean emango zaiela bermatzeko beharrizana du funtsa eredu horrek. Azkenik, gizarte-zerbitzuetako erabiltzaileen eta profesionalen eskubideak eta betebeharrak arautzen ditu.

Bigarren tituluan, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazioak teknikoak, ekonomikoak eta teknologikoak eta zerbitzuak definitu eta sailkatzeko baliatzen da lehenbiziko kapitulua; era berean, esku-hartzeko oinarrizko prozedura antolatzen du. Prozedura horren arabera, erreferentziako profesionalei dagokie kasua koordinatzea, eta, hala dagokionean, arreta pertsonalizatuko plan bat egin beharko da. Ondoren, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Kartera eta Katalogoa definitzen ditu, eta horien ezaugarriak, edukia eta eguneratzea arautzen ditu, bai eta prestazioez eta zerbitzuez baliatzeko baldintza orokorrak ere.

Hurrengo kapituluan Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren egitura orokorra ezartzen da, lehen eta bigarren mailako arretako gizarte-zerbitzuez osatua; zerbitzu horiek, beste irizpide edo aldaera batzuen artean, emandako laguntzaren neurri handiagoaren edo txikiagoaren arabera bereizten dira, maila bietan laguntza espezializatua izan daitekeelarik. Hiru jardute-maila nagusiak ere arautzen dira kapitulu horretan: lehenbizi, udalen gizarte-zerbitzuek tokiko administra­zioaren eremuan egin behar duten esku-hartzea; hemen, oinarrizko gizarte-zerbitzuak definitzen dira, horiek egituraren oinarrizko osagaitzat eta sistemara sartzeko lehenbiziko atetzat joz. Halaber, finkatu egiten da Gizarte Zerbitzuen 1996ko Legeak Euskal Autonomia Erkidegoko udal guztientzat ezartzen zuen betebeharra, beren aldetik edo elkarturik oinarrizko gizarte-zerbitzu bat edukitzekoa; ondoren, foru-aldundiei dagokien esku-hartzea, zeinek bere lurraldearen mailan, eta, azkenik, Eusko Jaurlaritzari Autonomia Erkidegoaren mailan dagokion esku-hartzea.

Bigarren titulu honetako III. kapituluan, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren plangintza arautzen da, eta plangintza hori arautu behar duten printzipioak jasotzen dira: Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemak aintzat hartu behar dituen helburuak, estrategiak, politikak eta jarraibideak zehaztea; lege honetan aldarrikatzen den gizarte-zerbitzuetarako eskubidea egiaz baliatuko dela bermatzeko behar diren baliabideak ezartzea; hurbiltasuna, oreka eta lurralde-mailako homogeneotasuna; baliabideen antolamendu eta aprobetxamendu integral, arrazional eta eraginkorra, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Sistemaren esparruan esku hartzen duten elementu guztien koordinazioa eta horiekin gauzatu beharreko sareko lana. Plangintzak Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa hartzen du tresna nagusitzat. Plan hori, bestalde, Gizarte Zerbitzuen Mapan sartuko da, mapa horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Sistema ezartzeko eginkizuna baitu. Mapa horrek, katalogoan zehazten diren zerbitzuak ezartze aldera, biztanleriari dagozkion irizpiderik egokienak zehaztuko ditu, honako ezaugarri hauek kontuan hartuta: zerbitzu horien izaera, zerbitzu horiek eska ditzaketen pertsonen kopurua, eta ahalik eta erabiltzaileak beren ohiko gizarte-ingurunean integratze aldera hurbilekoenak izango direla bermatzea.

Plangintzak orientabideak emango ditu, halaber, sektore publikoak eta pribatuak zerbitzuen prestazioan izan beharreko parte-hartzeari buruz, eta betiere bermatu egin beharko du zuzeneko kudeaketa publikoaren bidez egingo direla bai sisteman sartzeko prestazioak eta eskaerak lehenengoz jasotzekoak, bai eta kasu-koordinazioari zuzenean lotutako prestazioak ere esku-hartzearen oinarrizko prozedura modura bereziki balorazioa, diagnostikoa eta orientazioa. Osagarri modura, berariaz ezagutu daitezen bermatze aldera bai zerbitzuen eta erabiltzaileen eta profesionalen beharren errealitatea, bai kudeaketaren eta arretaren kalitatea bermatzeari lotutako zailtasunak ere, eta, halaber, jokabide egokien ereduak eskaintzearren eta, izaera esperimentalarekin, soluziobide berritzaile eta alternatiboak probatzeagatik sistemari jarritako helburuetarantz joaten laguntzeko, hala nola bizkorrago joaten laguntzeko ere, plangintzak ezarri egingo du, esparru honetan eta izaera orokorraz ezarriko ere, bai kudeaketa publikoa eta bai gizarte-ekimenaren bidezko kudeaketa beti gailen izango direla Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazioen eta Zerbitzuen Katalogoan aurreikusitako zerbitzuak eta prestazioak ematean.

Banaketa geografiko horren osagai nagusi gisa, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Sisteman sartzeko aukeretan berdintasuna eta gizarte-zerbitzuetarako eskubidea egiaz baliatu ahal dela ziurtatze aldera, legeak Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Sistemaren oinarrizko jardun-eremua definitzen du, eta 5.000 biztanleko eremua izango dela zehazten du, edo, nekazaritza-guneetan eta gune bereziki behartsu edo andeatuetan, 3.000 biztanleko eremua. Legearen arabera, horiek izango dira oinarrizko gizarte-zerbitzuek izango duten oinarrizko ezarpen-eremua.

  1. tituluan, legeak Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Sistemaren eskumen, antolamendu, kontsulta eta parte-hartzearen araubidea ezartzen du, eta herri-administrazioek gizarte-zerbitzuen arloan dituzten eskumenak eta administrazioen arteko lankidetza- eta koordinazio-organo eta -prozedurak zehazten ditu, hala Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Sistemarako nola gizarte-ongizatea xede duten beste sistema eta politika publiko kideko edo osagarri batzuekiko harremanetarako.

    Bereziki garrantzitsua da Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoaren sorrera, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen arteko lankide­tza eta koordinaziorako bide formal bat ezartzen duen neurrian, izan ere, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren batasuna bermatu nahi da eta, ondorioz, Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan prestazio eta zerbitzu guztien garapen koherente eta harmoniko bat. Eusko Jaurlaritzan gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen sailari atxikirik egongo da, eta alde batetik Eusko Jaurlaritzak eta bestetik foru-aldundiek eta udalek, (udalek Eudelen bitartez) ordezkaritza paritarioa izango dute bertan; sistemaren iraupena eta kalitatea zaintzea izango da alde guztien ardura. Organoaren eginkizunetako batzuk arautzen dira bertan, horietako batzuk oso garrantzitsuak, hala nola Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Sistemako Prestazioen eta Zerbitzuen Karterari buruz eman beharreko aldeko txosten nahitaezkoa egitea eta, hala egokituz gero, gizarte-ongizatera zuzendutako beste sistema edo politika publiko batzuekin egin litezkeen katalogo eta/edo kartera bateratuei buruzkoa ere egitea; Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoari buruzko txosten nahitaezkoa egitea, eta jarduteko estrategia nagusiei buruz eta Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek aplikatu behar dituzten elkarrekiko tresnei buruz eztabaidatzea eta erabakiak hartzea.

    Legeak, gizarte-ongizaterako beste sistema eta politika publiko batzuekiko lankidetza eta koordina­zioari buruz, honako hau aurreikusten du: herri-administrazioek lankidetzarako eta koordinaziorako dituzten betebeharren esparruan, lankidetzarako bide formalak eta jarduteko tresna eta protokolo bateratuak ezartzea, jardueren koherentzia bermatzeko eta baliabideak, informazioa eta ezagutzak era arrazoizkoago eta eraginkorragoan aprobetxatzeko modua emango dutenak. Egoki irizten zaionean, zerbitzuen eta prestazioen kartera eta katalogo bateratuak ezartzeko aukera ere aurreikusten da.

    Lankidetza eta koordinazioaren arloan, esparru soziosanitarioak aipamen berezia merezi du. Esparru honetan sartzen dira babestuak izateko orduan gizarte- eta osasun-zerbitzuen ekintza bateratua, koordinatua eta eutsia behar duten pertsonak. Euskal Autonomia Erkidegoan, eskumenak instituzioen eta instituzio horien mailen artean nola banatzen diren ikusita, horien guztien arteko koordinazio-eredu bat hautatu da, sektore hori bakoitzaren politikak harmonizatuz garatu nahi baita, era horretan, azken urteetan egin diren aurrerapenen espiritua eta funtsezko osagaiak biltzeko; hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek eta Eudelek (Euskal Autonomia Erkidegoko Udalen Elkarteak) Euskal Autonomia Erkidegoko arreta soziosanitarioa garatzeko 2003ko urtarrilaren 30ean izenpetu zuten lankidetza-hitzarme­naren barruan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Arreta Soziosanitarioa Garatzeko Plan Estrategikoaren barruan izan dira aurrerapen horiek. Arreta soziosanitarioak Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoaren arreta berezia jasoko du, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistematik, beste sistema eta politiko publiko batzuekin koordinatzeko foroetan, aurkeztu ahal izango diren estrategia eta proposamen nagusiak eztabaidatu eta erabakitzeko bere eginkizuna baliatuz.

    Eremu soziosanitarioan eskaintzen den arretaren kasuan, zerbitzu soil-soilik soziosanitarioen, unitate berariaz soziosanitarioen eta arreta soziosanitario orokorraren finantzaketa batera egin ahal izango da eraginpeko administrazio publiko guztien artean, horretarako adosten dituzten hitzarmenen bitartez. Ordea, administrazio horiek bidezko diren konpentsazio ekonomikoko formuletara atxiki ahal izango dira, osasun-sistematik gizarte-zerbitzuen zerbitzura, edo alderantziz, baldin eta haietako baten eskumenekoak diren zerbitzuak, askotariko kausak direla-eta, bati atxikitako zerbitzuetan eskaintzen badira.

    Kontsultaren eta parte-hartzearen arloetan, Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseilua eratzen da. Egungo Gizarte Ongizateko Euskal Kontseilua izenekoaren antzeko ezaugarri eta eginkizunak izango ditu, eta beste antzeko kontseilu batzuk ere aurreikusten dira foru-instituzioen eta Toki Administrazioaren arloetan. Halaber, horien osagarri, kontseilu sektorialak sortzea ere aurreikusten da Autonomia Erkidegoaren mailan. Legeak osatu egiten du parte-hartzeko eredu hori beste mekanismo batzuen bitartez, hala gizarte-zerbitzuetako zerbitzu eta zentroen arloan nola arlo orokorrean, biztanleria osoaren parte-hartzerako prozesuak sustatuz.

    Hirugarren tituluaren azken kapituluan, gizarte-zerbitzuen erregistro mota ezberdinak definitzen dira, eta haien izaera eta eginkizunak ezartzen. Horrez gain, erregistroko idazpenaren ondorioak zehazten dira.

  2. tituluan, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren finantzaketa arautzen da, eta finantzaketa-iturriak eta administrazioen arteko finantza-arloko lankidetza-formulak zehazten dira; esparru horretan, gizarte-zerbitzuen berezko prestazioen finantzaketa (arlo horretan eskumena duten herri-administrazioen esku egongo da) eta beste sistema batzuen berezko prestazioen finantzaketa bereizten dira (beste arlo batzuetan eskumena duten herri-administrazioek finantzatuko dituzte). Nolanahi ere, horrek ez du eragotziko prestazio horiek Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman integratutako zerbitzuetan eskaintzea; horretarako, eskumena duten administrazioek argitu egin beharko dituzte arian-arian beren eskumenekoak diren prestazioen finantzaketan dituzten erantzukizunak.

    Halaber, erabiltzaileek doakoak ez diren zerbi­tzuen finantzaketan izan beharko duten parte-hartze ekonomikoa zehazteko funtsezko alderdiak ezartzen dira, eta prezio publikoetan oinarritutako sistema bat hautatzen da horretarako: prezio publikoak eta erabiltzaile bakoitzak egin beharko duen ekarpenaren zenbatekoa errespetatzeko oinarrizko irizpideak arautuko dira horrela. Zenbateko hori haztatzean kontuan hartuko da erabiltzailearen baliabide ekonomikoen maila, erregelamendu bidez xedatuko den eran, eta horren balorazioa egiteko progresibotasuneko irizpideak erabiliko dira. Edozein modutara, baloraziotik kanpo utziko dira etxebizitza edo bizitokia, etxebizitza edo bizitoki hori ohiko bizileku duenean, ohiz kanpoko balioa duen etxebizitza izan ezik. Era berean, dagokion prezio publikoa edo tasa ordaintzeko baliabide ekonomiko aski ez dagoenean, salbuespenak eta hobariak aplikatzea aurreikusten da. Adinduentzako egoitza-zerbitzuen kasuan, sarrera aski ez balego baina ondarerik egongo balitz, finantzaketa-formula ordezkoak adostu ahal izango dira, eskumena duen herri-administrazioaren eta erabiltzailearen artean; nolanahi ere, formula horiek ondarearen osotasuna, erabilera ona eta balorazio zuzena bermatu behar dute. Era berean, zorra aitortzeko prozedurak ezarri ahal izango dira.

    Bosgarren tituluan, ekimen pribatuak gizarte-zerbitzuen arloan izan behar duen esku-hartzea arau­tzen du legeak, honako hauek definituz: Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoan sartzen diren gizarte-zerbitzuak ematen izan beharreko parte-hartzea, alde batetik, eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoan sartzen ez diren zerbitzuak ematen edo jarduerak gauzatzen izan beharreko lankidetza-formulak, bestetik. Lehenbiziko alderdiari dagokionez, honako hau nabarmendu behar da: gizarte-zerbitzuak emateko hitzarmen-araubide bat arautzea, nahitaez eman beharreko prestazioak eta zerbitzuak Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazioen eta Zerbitzuen Katalogoan sartzen direnak barne titulartasun pribatuko zerbitzu eta zentroetan jasotzeko eskubidea gauzatzeko helburua duena. Era berean, irabazi asmorik gabeko gizarte-ekimenak izan beharreko laguntza publikoa arautzen da.

  1. tituluan, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren hobekuntza eta garapena lantzen da, eta sistema hori osatzen duten prestazioen, zerbitzuen, egitasmoen eta jardueren kalitatearen hobekuntza sustatzen du, hiru tresna funtsezkoren bidez: Gizarte Zerbitzuen Euskal Behatokia sortzea, kalitatearen ebaluaziorako eta etengabeko hobekuntzarako sistemen aplikazioa sustatu eta koordinatzeko; sistema horiek beharrizanen gogobetetzean eta zerbitzuen funtzionamenduan gertatzen diren disfuntzioak edo defizitak zehazten lagunduko dute eta, behar izanez gero, formulak eta bideak jarri ahal izango dira gai honetan lortutako emaitzek aitorpen publikoa jaso dezaten. Gizarte-zerbitzuei buruzko ikerketa sustatzea, eta, orobat, ikerketa- eta garapen-ekimenak eta ezagutzaren kudeaketarako ekimenak. Eta gizarte-zerbitzuetako profesionalen prestakuntza etengabe hobetzea, bai eta gizarte-zerbi­tzuetako profesionalak sentsibilizatzea ere eta, bereziki, zerbitzuetan eta zentroetan jarduten duten profesionalak, beren lanbide-jarduerak bere baitan duen maila etiko eta bioetikoarekiko.

    Bigarren kapitulua, Gizarte Zerbitzuei buruzko Informazioko Euskal Sistema taxutzeaz, abiarazteaz eta zaintzeaz ari da, eta honako hau da xedea: Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzu guztien neurri nagusien ezagutza bermaturik edukitzea, eta sistema horretako zerbitzuen eta prestazioen maila errazago zaindu ahal izatea; horretarako, Prestazioen eta Zerbitzuen Karteran aurreikusitakoari begiratuko zaio, eta zerbitzu eta prestazio horiek gizarte-zerbitzuen plangintza eta programazioaren arabera Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren antolamendu orokorrean ezarritako baldintzei egokituko zaizkie.

    Legearen zazpigarren eta azken tituluan gizarte-zerbitzuen ikuskapena eta aplikatzekoa den arau-hauste eta zehapen-araubidea arautzen da. Azken horri dagokionez, zehapen-jarduera ororen nahitaezko legezkotasun-printzipioa errespetatze aldera, Euskal Autonomia Erkidegoko ikuskapen-eginkizuna egiaz eraginkorra izateko modua emango duten arau-hausteen eta zehapen koadroa ezartzen da, eta, aldi berean, segurtasun juridikoari eusten zaio.

    Azkenik, legeak xedapen iragankor eta gehigarri batzuk ezartzen ditu. Horien artean, ondoko hauek nabarmentzen dira garrantzi berezia dutelako. Alde batetik, zortzi urteko epe bat arautzen da, legea indarrean sartzen denetik aurrera, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako katalogoan jasotzen diren prestazioak eta zerbitzuak herritar guzti-guztientzat hedatzeko eta urtebeteko epea aurreikusten da Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa onartzeko, sistemaren unibertsaltasuna ezartzeko bidea zehaztearren. Bestetik, eskumenen banaketa berritik datorren eskumen- eta finantza- berregokitze horiek indarrean sartzeak ez du berekin ekarriko, inondik ere, une horretan dauden zerbitzu eta prestazioen urritze bat, ez intentsitatean ezta hedaduran ere. Beste xedapen iragankor batek, hirugarrenak, legea indarrean sartzen denerako Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren erabiltzaile diren pertsonei bermatzen die eskuratuak zituzten eskubideak gordeko dituztela gero ere, eta arauketa berriak ezin du haientzat kalterik ekarri.

Lege honen xedea hau da: Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan gizarte-zerbitzuen prestazioak eta zerbitzuak jasotzeko eskubidea sustatu eta berma­tzea, eta, horretarako, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema unibertsal bat arautu eta antolatzea.

  1. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren presta­zioez eta zerbitzuez baliatu ahal izatea eskubide subjektiboa izango da, betiere sistema horretaz baliatzeko ezarritako baldintza orokorren eta prestazio edo zerbitzu bakoitzaz baliatzeko araututako baldintza berezien barruan.

  2. Eskubide subjektibo honen titularrek administrazio- eta jurisdikzio-bidean erreklamatu ahal izango dute Lege honek ezagutzen dizkien prestazio eta zerbitzuak betetzea; berek zuzenean edo eskubideak eta interes legitimo kolektiboak defendatzeko legezko gaitasuna duten pertsona juridikoen bitartez erreklamatu ahal izango dute hori. Benetako babes judizialaren barnean sartuko dira eskubide horren urraketa gerarazteko behar diren neurri guztiak, bai eta kaltea jasan duen pertsonari eskubide hori bete-betean baliatzeko modua bihurtzea ere.

  1. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren zerbitzu eta prestazioetarako eskubidearen titular dira Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietako edozeinetan erroldatuta dauden pertsonak, baldin eta legezko eta benetako bizilekua bertan badute.

  2. Era berean, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako zerbitzu eta prestazioetarako eskubidearen titular dira sistemaz baliatu ahal izateko eskabidea egin aurre-aurreko 12 hilabete jarraituetan Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan erroldatuta egon direla eta benetako bizilekua bertan izan dutela egiaztatzen duten pertsonak.

    Aurreko hori gorabehera, pertsona horiek Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemako prestazio eta zerbitzuez baliatu ahal izango badira, Autonomia Pertsonala Sustatzeari eta Mendetasun Egoeran dauden Pertsonak Zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen 5.1 artikuluan aurreikusitakoari jarraitu beharko zaio.

  3. Aurreko paragrafoetan aurreikusitakoaren kalterik gabe, erroldaturik egon gabe eta benetako bizitokia bertan izan gabe Euskal Autonomia Erkidegoan dauden pertsonak informazio-, balorazio-, diagnostiko eta orientazio-zerbitzuez baliatu ahal izango dira, bai eta gizarte-kontuetan laguntzekoez ere, eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Zerbitzu eta Prestazioen Karteran gizarte-premia larrikotzat definitutako zerbitzu eta prestazioez ere.

  4. Arrisku-egoeran edo babesgabetasun-egoeran dauden haur eta nerabeak Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legean aurreikusitakoaren arabera baliatuko dira Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako zerbitzuez eta prestazioez.

    Aurreko paragrafoetan ezarritakoa gorabehera, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoak eta hura arautzen duten berariazko xedapenek aldez aurretik erroldatzeko betebeharra ezar dezakete, dagokion agindu tekniko nahitaezkoaz gainera, ondoren aipatuko diren zerbitzuez baliatzeko: etxez etxeko laguntza-zerbitzua, ostatu-zerbi­tzuak, eguneko arretako zerbitzu edo zentroak, gaueko harrera-zentroak, egoitza-zentroak, atsedenerako zerbitzuak, autonomia sostengatzeko zerbitzuak eta prestazio ekonomikoak, alegia, hurrenez hurren Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazioen eta Zerbitzuen Katalogoa arautzen duen 22. artikuluko 1.2, 1.9, 2.2, 2.3, 2.4, 2.5, 2.7.2 eta 3 paragrafoetan aurreikusitakoak. Hala, ezingo dira betebehar gehiago ezarri, aldez aurretik erroldatzeaz gain, Katalogo horretan aipatzen diren beste zerbitzu batzuei dagokienez.

  5. Eusko Jaurlaritzak, erregelamenduz ezarriko diren baldintzen arabera, kanpoan diren euskal gizataldeetako kideak babesteko neurriak ezarri ahal izango ditu, Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpoko Euskal Gizatalde eta Etxeekiko Harremanetarako maiatzaren 27ko 8/1994 Legean ezarritakoaren arabera.

  1. Lege hau Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek eta haiei atxikitako edo haien mendeko erakundeek ematen dituzten gizarte-zerbitzuetako jarduera guztiei aplikatuko zaie, bai eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren esparruan (lege honetako 5. artikuluan zehazten da) herri-administrazioekin elkarlanean aritzen diren erakunde pribatuek ematen dituztenei ere.

  2. Halaber, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman parte hartzen ez duten gizarte-zerbitzuetako erakunde pribatuei honako hauek arautzen dituzten xedapenak aplikatuko zaizkie:

    1. erabiltzaileen eta profesionalen eskubideak eta betebeharrak arautzen dituzten xedapenak;

    2. zerbitzu, zentro eta erakundeei baimena ematea, erregistratzea eta ikuskatzea, aplikatzekoak zaizkien baldintza materialak eta funtzionalak eta langileei dagozkien baldintzak betetzen dituztelako berme gisa;

    3. arau-hausteen eta zehapenen araubidea;

    4. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman sar­tzen ez diren gizarte-ekimeneko zerbi­tzuak eta jarduerak sustatzeari eta laguntza publikoa emateari dagozkion xedapenak.

  1. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema arreta-sare publiko antolatu bat da, erantzukizun publikokoa, eta pertsona, familia eta talde guztien gizarteratzearen, autonomiaren eta ongizatearen alde egitea du xede, eta sustatzeko, aurreikusteko, babesteko eta laguntzeko eginkizunak betez gauzatu nahi du xede hori, funtsean pertsonei eta harremanei buruzkoak diren prestazio eta zerbitzuen bidez.

  2. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema titulartasun publikoko eta pribatu itunduko prestazio, zerbitzu eta horniduraz egongo da osatua.

  3. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren jardunak gizarte-ongizatea lortu nahian ari diren beste sistema eta politika publiko kideko edo osagarri batzuekin koordinatu behar dira.

  4. Lege honetako 2. artikuluan jasotako eskubide subjektiboa eta 6. artikuluan ezarritako helburuak bermatzeko, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema beharrezko baliabideak izango ditu emandako zerbitzuen eta arretaren ikuskapenerako, ebaluaziorako eta kalitatearen etengabeko hobekuntzarako, lege honetan ezarritako eran.

  1. Herritar guztien gizarte-ongizatea sustatzea da Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren helburua. Horretarako, beste sistema eta politika publiko batzuekin koordinatuta arituko da, haiekin lankidetzan. Honako hauek ditu funtsezko eginkizunak:

    1. Pertsonen autonomia sustatzea eta mendetasun-egoerek pertsonei eta familiei eragiten dizkieten beharrizanei aurrea hartu eta erantzutea.

    2. Babesgabezia-egoerek eragiten dituzten beharrizanei aurre hartu eta erantzutea.

    3. Bazterketa-egoerei aurre hartu eta eran­tzutea eta pertsonen, familien eta taldeen gizarteratzea sustatzea.

    4. Larrialdi-egoerek pertsonei eta familiei eragiten dizkieten beharrizanei aurrea hartu eta erantzutea.

  2. Helburu horiek lortze aldera, mekanismo batzuk ezarriko dira, honako xede honekin:

    1. Gizarte-zerbitzuen arloan arreta behar duten gizarte-beharrizanak aurkitzea eta horiei erantzuteko zerbitzu eta prestazio egokienak planifikatzea.

    2. Komunitateak gizarte-zerbitzuen esparruan arreta jaso dezaketen gizarte-beharrizanei erantzuten parte har dezan sustatzea, bereziki erabiltzaileek eta gizarte-zerbitzuen eremuan jarduten diren erakundeek banaka eta elkartuta parte har dezaten sustatzea.

  3. Gizarte-ongizatea, gizarteratzea eta gizarte-kohesioa ez dira Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren berezko helburuak, baizik eta gizarte-babeseko beste sistema eta politika publiko batzuekin batera gauzatu beharrekoak; hala bada, horiek gauzatzeko orduan, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema bereak diren helburu eta eginkizunen esparruan arituko da elkarlanean. Halaber, elkartasuna eta elkarbizitza sustatzea eta gizartearen parte-hartzea sustatzea beste sistema eta politika publiko batzuekin partekatutako helburutzat joko dira.

Hauek dira Gizarte Zerbitzuetako Euskal Sistema arautuko duten printzipioak:

  1. Erantzukizun publikoa. Botere publikoek Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoan araututako prestazioen eta zerbitzuen eskaintza eta horietaz baliatzeko modua bermatuko dute. Nolanahi ere, sistemara sartzeko prestazioen, eskarien lehenengo harrerako prestazioen eta kasu-koordinazioa­rekin zuzenean lotutako prestazioen zuzeneko kudeaketa publikoa bermatuko dute, 59.2 artikuluak dioenaren arabera. Osagarri modura, zerbitzuen eta erabiltzaile eta profesionalen beharrizanen eta kudeaketaren eta arretaren kalitatea bermatzeko zailtasunen errealitatea berariaz ezagutzen jarraitzeko, eta jokabide egokien ereduak eskaintzeko, eta sistema bere helburuetarantz bultzatuko duten baliabide berritzaile eta alternatiboak esperimentu bezala probatzeko, esparru honetan eta modu orokorrean aurreikusiko dira kudeaketa publikoaren eta gizarte-ekimenaren bidezko kudeaketaren nagusitasuna, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoko zerbitzu eta prestazioak ematerakoan.

  2. Unibertsaltasuna. Botere publikoek Prestazioen eta Zerbitzuen Katalogoan jasotzen diren prestazioez eta zerbitzuez baliatzeko eskubidea bermatuko diete eskubide horren titular diren per­tsona guztiei, lege honetako 3. artikuluan zehazten diren baldintzen arabera; nolanahi ere, prestazio eta zerbitzu horietaz baliatzeko eskubidea berariazko baldintzak betetzeko betebeharraren pean jarri ahalko da.

  3. Berdintasuna eta ekitatea. Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek prestazio eta zerbitzu jakin batzuk bermatu behar dituzte gutxienez, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Mapak zehazten dituenak, baliabideak Autonomia Erkidegoaren lurraldean berdin banatuko direla ziurtatzearren. Halaber, prestazio eta zerbitzu horietaz ekitatearen irizpidearen arabera baliatzea bermatuko dute, baldintza sozial edo pertsonalengatik bereizkeriarik eragin gabe, ekintza positiborako edo aukera- eta tratu-berdintasunerako neurriak aplikatzearen kalterik gabe, eta beren jardunean gizon eta emakumeen berdintasunaren eta dibertsitate sexualaren ikuspegiak integratuz, bai eta belaunaldi ezberdinak eta kultura ezberdinak aintzat hartzeko ikuspegia ere. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek, hizkuntz araudia betetze aldera, pertsonek euskara edo gaztelania erabiltzeko duten askatasuna bermatuko dute.

  4. Hurbiltasuna. Hurbiltasunaren printzipioari erantzunez, gizarte-zerbitzuak, haien izaerak aukera ematen duenean, ahalik eta deszentralizaziorik handienarekin eskainiko dira.

  5. Prebentzioa, integrazioa eta normalizazioa. Bazterketa sortzen duten edo bizimodu autonomoa mugatzen duten egiturazko kausen azterketa eta prebentzioa egingo dute gizarte-zerbitzuek. Era berean, herritarrak beren ingurune pertsonal, familiar eta sozialean integratzea izango dute helburu, eta normalizazioa sustatuko dute, beste arreta-sistema eta politika publiko batzuez balia daitezen lagunduz.

  6. Arreta pertsonalizatua eta integrala eta arretaren jarraitasuna. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemak arreta pertsonalizatua eskaini behar du, pertsona eta/edo familia bakoitzaren beharrizan bereziei egokitua eta haien egoeraren ebaluazio integral batean oinarritua, eta arreta jarraitua eta integrala izango dela bermatu beharko du, nahiz eta administrazio edo sistema bat baino gehiago jardun.

  7. Esku-hartze interdisziplinarioak. Eskainitako arretaren izaera integrala eta baliabide publikoen aplikazio arrazoizko eta eraginkorra bermatze aldera, ahalegina egingo da esku-hartzeak interdisziplinarioak izan daitezen, eta, horretarako, talde-lana sustatuko da, bai eta gizarte-arloko esku-hartzean aritzen diren era bateko eta besteko lanbideetako ekarpenak eta egokiak diren guztiak aintzat hartzea ere.

  8. Koordinazioa eta lankidetza. Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioak koordinazio- eta lankidetza-betebeharraren arabera jardungo dira elkarren artean, bai eta irabazi asmorik gabeko gizarte-ekimen pribatuarekin ere. Elkarlanean arituko dira, orobat, gainerako ekimen pribatuarekin, lege honetako V. tituluan ezarritako eran. Koordinazio eta elkarlan horrek gainditu egin beharko du gizarte-zerbitzuen arloa, eta beste babes-sistema eta -politika publiko batzuetara ere hedatu beharko da.

  9. Gizarte-ekimena sustatzea. Irabazi asmorik gabeko gizarte-ekimenak gizarte-zerbitzuen arloan parte har dezan sustatuko dute botere publikoek, bereziki Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman parte har dezan.

  10. Herritarren parte-hartzea. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren plangintzan eta garapenean, pertsonak eta taldeak elkartasunezko lankidetzan ari daitezen sustatuko dute botere publikoek, bai eta erabiltzaileen parte-hartzea ere.

  11. Kalitatea. Prestazio eta zerbitzu nagusiek kalitate-estandar gutxieneko batzuk izan ditzaten bermatu behar dute Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek; horretarako, autonomia-mailan, gutxieneko eskakizun gisa bete beharreko baldintza material, funtzional eta langileei buruzkoak arautuko dituzte eta aipatu estandarren hobekuntza sustatu; orobat sustatu beharko dute Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema osoan xedetzat kalitatea izango duen kudeaketa.

Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema komunitatea oinarri duen ikuspegiaren arabera jardungo da, alegia, zerbitzu eta prestazioen hurbiltasunaren ikuspegiaren arabera, eta, horretarako:

  1. baliabideak eta esku-hartzea tokian tokiko erkidegoaren ezaugarrien araberakoak izan daitezen saiatuko da, eta, horretarako, beharrizanak izendatu eta ebaluatzeko orduan, pertsonen eta erakundeen parte-hartzea izango du lagungarri.

  2. pertsonei arreta beren ohiko ingurunean emateko modua eskainiko du, ahal dela beren bizitokian, eta ohiko bizilekuan jarraitzeko modurik ez dutenean, beren ohiko ingurunearen ordezko egokiak aurkitu beharko dira, neurriagatik eta hurbil egoteagatik egokiak diren egoitza ordezkoak, alegia.

  3. kasu bakoitzerako egokia den esku-hartzea diseinatuko du, beharrizanak ebaluatuz arreta pertsonalizatuko plan baten esparruaren barruan; plan hori, arreta-ibilbideen jarraitasuna eta koherentzia bermatzearren, erabiltzailearen parte-hartzearekin egingo da eta ebaluazioko eta berrikuspen aldizkako mekanismoak jasoko ditu plana pertsonen beharrizanei egokitzen zaien jakiteko.

  4. pertsona edo familia bakoitzari erreferentziako profesional bat izendatuko zaio Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren barruan, arreta-ibilbideen koherentzia eta esku-hartzeen arteko koordinazioa 19. artikuluan ezarritako moduan bermatze aldera.

  5. esku-hartzea interdisziplinarra izatea bermatuko du, arreta integrala eta jarraitasun-irizpideen araberakoa eskaintze aldera.

  6. prestazio, zerbitzu, programa eta jarduera guz­tietan prebentzio-ikuspegi bat sartuko du, eta, ahal dela, gizarte-arriskuak edo -beharrizanak azaldu edo larriagotu baino lehen esku-hartuko du.

  1. Titulartartasun publikoko nahiz pribatuko gizarte-zerbitzuen erabiltzaileek, Konstituzioak eta legeek ezagutzen dizkietenez gain, bermatuta izango dute beste eskubide hauetaz ere baliatu ahal izango direla:

    1. Gizarte-zerbitzuez berdintasunez, duintasunez eta pribatutasunez baliatzeko eskubidea.

    2. Isilpekotasunerako eskubidea, hau da, erabiltzailearen espedientean edo erabiltzailearekin zerikusia duen edozein dokumentutan ageri diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan aurreikusitakoaren erabateko errespetuz trata daitezela; hor sartuko da profesionalek gizarte-zerbitzuen erabiltzaileei buruz jakin dituztenak isilean edukitzeko betebeharra.

    3. Autonomiarako eskubidea, hau da, bizi­tza pribatuan nork bere erara jokatzeko eta bizitza pribatuari buruz nork bere iritzia izateko aukera; hor sartzen da bizitza pribatuan arrisku neurtua hartzeko prest egotea, betiere horretarako behar den jarduteko gaitasuna eta gaitasun juridikoa edukiz gero, indarrean den araudiak aurreikusitako eran.

    4. Esku-hartze jakin bati dagokion baimena libreki eman edo ukatzeko eskubidea; baimen hori idatziz eman beharko da, beti, esku-hartzeak ostatu-zerbitzu batean edo egoitza-zentro batean sartu beharra dakarrenean. Aurreko horretarako, pertsona ezgaituen edo adingabeen baimena legez ezarritako prozeduraren arabera emango da.

    5. Balizko ezgaitasun-egoeretan eman beharreko laguntza edo artatzeetarako jarraibideak emateko eskubidea, eta nork bere burua zaintzeko eskubidea, hau da, nork bere burua gobernatzeko gaitasuna galduz gero, norbera eta norberaren ondasunak zainduko dituen eta norbera ordezkatuko duen pertsona aldez aurretik izendatzeko aukera, Kode Zibilak aurreikusitako eran.

    6. Esleitutako prestazioei eta zerbitzuei uko egiteko eskubidea; nahaste psikikoa dela-eta norbait bere borondatearen kontra egoitza batean sartzeari buruz eta adingabeen zainketari buruz indarrean dagoen legeriak xedatutakoa beti aplikatuko da, ordea.

    7. Proposatutako esku-hartzeei buruz, eskaintzen diren gizarte-zerbitzuei buruz eta horietaz baliatzeko beharrezkoak diren baldintzei buruz informazio nahikoa, egiazkoa eta erraz ulertzeko modukoa edukitzeko eskubidea; orobat, norberaren espedientea edozein unetan ikusteko eskubidea, indarrean den antolamendu juridikoak ezarritakoarekin bat etorriz.

    8. Erreferentziako profesional bat izendaturik izateko eskubidea, esku-hartzeko prozesuari koherentzia, integraltasuna eta jarraitasuna eman diezaion.

    9. Beharrizanen ebaluazio edo diagnostiko bat epe arrazoizkoetan edukitzeko eskubidea; eta ebaluazio hori idatziz eta hizkuntza argi eta ulergarrian edukitzekoa; orobat, arrazoizko epeetan arreta pertsonalizatuko plan bat edukitzekoa, eta plan horretan parte hartzekoa, baldin eta, antzemandako beharrizanei erantzuteko, beharrezkotzat jotzen bada esku-hartze bat.

    10. Norberari eragiten dioten erabakietan eta zerbitzuen funtzionamenduan parte hartzeko eskubidea, banaka edo taldean, eta eskubideak egiaz erabiltzeko eta babesteko modua ematen duten informazio-, iradokizun- eta kexa-bitartekoez baliatzekoa.

    11. Norberaren aukeren arabera norberaren kasuari egokien doakion zerbitzu-mota eta -modalitatea libreki aukeratzeko eskubidea, izendatutako erreferentziako profesionalaren jarraibideei eta agindu teknikoei jarraituz.

    12. Euskal Autonomia Erkidegoan ofizialak diren bi hizkuntzetako edozeinetan aritzeko eskubidea, norberak hobesten duenaren arabera.

    1. Prestazioen eta zerbitzuen kalitaterako eskubidea, betiere erregelamenduek prestazio eta zerbitzu horien baldintza materialak, funtzionalak eta langileei buruz ezarritakoaren arabera.

    2. Lege honek ezagutzen dituen beste eskubide batzuk.

  2. Artikulu honetan ezarritakoetarako, gizarte-zerbitzuen erabiltzaile direla joko da prestazioa edo zerbitzua zuzenean hartu behar dutenak, eta, dena delako eskubidearen izaera eta lege honetan ezarritako aurreikuspenak direla-eta egokia denean, baita zaintzaileak ere, erregelamenduz ezarritako baldintzen arabera.

    Adingabeen eta pertsona ezgaituen kasuan, legezko ordezkarien bitartez bermatuko da haien eskubideen erabilera, indarrean den araudian ezarritako baldintzen arabera.

  1. Titulartasun publikoko nahiz pribatuko gizarte-zerbitzuen erabiltzaileek honako betebehar hauek izango dituzte:

    1. Prestazioei eta zerbitzuei buruz ezarritako arau, betebehar, eskakizun eta prozedurak betetzea, eta arreta pertsonalizatuko plana eta profesional eskudunek planean ezarritako jarraibideak errespetatzea.

    2. Erabiltzailearentzat izendatutako erreferentziako profesionalari erabiltzailearen egoera pertsonal, familiar eta ekonomikoari buruz behar duen informazioa ematea, egiazkoa, eta informazio horietan gertatzen diren aldaketen berri ematea, non eta herri-administrazioek ez dituzten dagoeneko datu horiek eskura.

    3. Prestazioak eman diren helburu horretarako erabiltzea.

    4. Hala balegokio, prestazioaren edo zerbi­tzuaren kostua finantzatzen laguntzea.

    5. Erabiltzen dituzten prestazioen eta zerbi­tzuen funtzionamendu- eta antolaketa-arauak ezagutu eta betetzea, eta, hala balegokio, baita horien barruan indarrean diren elkarbizitza-arauak ere.

    6. Lege honetan erabiltzaileei eta profesionalei ezagutzen zaizkien eskubide guztiak errespetatzea.

    7. Beste erabiltzaile eta profesional batzuekiko harremanetan, diskriminaziorik gabeko jokamoldez aritzea.

    8. Gizarte-zerbitzuen ondasun higigarriak eta instalazioak errespetatu eta behar bezala erabiltzea.

    9. Lege honek ezarritako beste betebehar batzuk betetzea.

  2. Artikulu honetan ezarritakoetarako, gizarte-zerbitzuen erabiltzaile direla joko da prestazioa edo zerbitzua zuzenean hartu behar dutenak, eta, dena delako eskubidearen izaera eta Lege honetan ezarritako aurreikuspenak direla-eta egokia denean, baita zaintzaileak ere, erregelamenduz ezarritako baldintzen arabera.

    Adingabeen eta pertsona ezgaituen kasuan, legezko ordezkarien bitartez bermatuko da haien eskubideen erabilera, indarrean den araudiak ezarritako baldintzen arabera.

Titulartasun publikoko nahi pribatuko gizarte-zerbitzuetako profesionalek, Konstituzioak eta legeek ezagutzen dizkieten eskubideez gain eta beren lanbidearen arabera aplikatzekoak zaizkien legeek eta lan-araudiak ezagutzen dizkietenez gain, honako eskubide hauek izango dituzte:

  1. Beren lanbideari dagokion jardunean berdintasun- eta duintasun-baldintzetan aritzeko eskubidea.

  2. Honako xede hauek izango dituen informazioa eta hasierako orientazioa jasotzeko eskubidea: erabiltzaileen beharrizanei eman beharreko arreta kalitatezkoa eta beharrizan horien arabera egokitua izatea, eta profesionalak zerbitzuaren ezaugarriei egokitzea.

  3. Bizitza aktibo osoan zehar lanbide-heziketa etengabea jasotzeko eskubidea, arreta lanbide horretako ohitura onei egokitzen zaiela ziurtatze aldera.

  4. Norberari eragiten dioten erabakietan eta zerbitzuen antolaketan parte hartzeko eskubidea, banaka edo taldean, eta eskubideak egiaz erabiltzeko eta babesteko modua ematen duten informazio-, iradokizun- eta kexa-bitartekoez baliatzekoa.

  5. Zerbitzua behar bezala ematea bermatzeko behar diren bitartekoak edukitzeko eskubidea, dagokion araudiak eskatzen dituen kalitate-irizpideen araberakoa.

  6. Lege honetan ezagutzen zaizkien beste eskubide batzuk.

Titulartasun publikoko nahiz pribatuko gizarte-zerbitzuetako profesionalak lan-araudiaren eta beren lanbidean aplikatzekoa zaien legeriaren arabera jardungo dira, eta beren arlo horretako kode deontologikoak ezartzen dituen jarraibideen arabera egokitu beharko dute beren esku-hartzea. Horrez gain, honako betebehar hauek izango dituzte:

  1. Arreta jasotzen duten pertsonen duintasuna, autonomia, gizarteratzea eta ongizatea susta­tzea, eta erabiltzaileei eta profesionalei lege honetan ezagutzen zaizkien eskubide guztiak errespetatzea.

  2. Gizarte-zerbitzuen arloan indarrean dagoen araudia ezagutu eta betetzea, eta, bereziki, beren jarduera hori gauzatzen duten zerbitzuetako antolamendu- eta funtzionamendu-arauak, bai eta kudeatzen dituzten programetakoak ere.

  3. Beste erabiltzaile eta profesional batzuekiko harremanetan, diskriminaziorik gabeko jokamoldez aritzea.

  4. Erabiltzaileek beren kabuz edo beren legezko ordezkariaren bitartez hartzen dituzten iritziak, irizpide eta erabakiak errespetatzea.

  5. Gizarte-zerbitzuak ematen dituzten zerbitzuetan eta beren jarduerarekin zerikusia duen beste edozein lekutan elkarbizitzaren eta elkarren errespetuaren arauak begiratzea.

  6. Erabiltzailea beste zerbitzu batera edo batzuetara bidali behar izanez gero, harentzat onuragarriena den eran egitea, esku-hartzeak jarraitasuna izan dezala saiatuz.

  7. Beren eginkizunak betetzen dituzten lekuko ondasun higigarriak eta instalazioak gizarte-zerbitzuetako eta beren jarduerarekin zerikusia duen beste edozein lekutakoak errespetatu eta behar bezala erabiltzea.

  8. Esku-hartzeetarako ezartzen diren epeak bete­tzea, eta, betiere, indarrean den araudian ezarritako gehienezko epeetara egokitzea.

  9. Zerbitzuaren funtzionamenduan, antolaketan edo instalazioetan hautemandako akats edo irregulartasunen berri ematea zerbitzuaren arduradunari, edo, beharrezko iritziz gero, ikuskatze-eginkizunak garatzeko eskumena duen unitate edo zerbitzuari dagokion saileko arduradunari.

  10. Baldin eta eskura dituen balorazio-elemen­tuetan oinarrituz, eta bere iritziz, egoera batek eskubideen urratzea ekar badezake, eskumena duen agintaritzari jakinaraztea.

  11. Lege honetan ezarritako beste betebehar batzuk betetzea.

Gizarte-zerbitzuetako prestazio eta zerbitzu motak arautzen dituzten arauek definitu egin beharko dituzte, prestazio eta zerbitzu horien izaeraren eta ezaugarrien arabera, erabiltzaileei eta profesionalei dagozkien eskubideak, betiere lege honetan ezarritako eskubideak eta betebeharrak errespetatuz.

1. ATALA

GIZARTE ZERBITZUEN EUSKAL SISTEMAREN PRESTAZIOAK

  1. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman sartzen diren prestazioak unibertsalak izango dira, eta prestazio horietako bakoitzaz baliatzeko arautzen diren baldintzak betetzen dituzten guztiei bermatu beharko zaie horietaz baliatzeko modua.

  2. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman honako prestazio hauek sartuko dira, gutxienez:

    1. Prestazio teknikoak.

    2. Prestazio ekonomikoak.

    3. Prestazio teknologikoak.

  3. Gizarte-zerbitzuetako prestazio tekniko, ekonomiko eta teknologikoek, aurreko paragrafoan aipatutakoek, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako 6. artikuluan zehazten diren funtsezko helburuetako bat gauzatzea izango dute xede.

    1. Prestazio teknikoek harreman-alderdi bat izan behar dute, laguntzekoa, eta, beraz, ahal den neurrian, erabiltzaileen parte-hartzearekin gauzatu behar dira.

    2. Hartzaile dituztenen gizarteratzea eta autonomia sustatzeko xedea izan behar dute prestazio ekonomikoek, eta lagungarri izan behar zaizkie gizarteratzeko prozesuan, edo, haien mendetasun- edo babesgabetasun-egoerek eragindako beharrizanei erantzun behar diete, aldi batez edo iraunkorki.

    3. Prestazio teknologikoek autonomia irabazten eta gizarteratzen lagundu behar diete erabiltzaileei eta zaintzaileei, eta bizi diren ingurunean txertatzen; gainera, ahal den neurrian, autonomia gutxi duten pertsonei beren ohiko bizilekuan bizitzen jarraitzeko aukera eman behar diete.

  4. Gizarte-bazterkeriaren aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legea eta Gizarte Eskubideen Agiriaren abenduaren 27ko 10/2000 Legea medio ematen diren prestazio ekonomikoak, eta diru-sarrerak bermatzeko politikaren esparruaren barruan sortzen den beste edozein, bai eta gizarte-zerbitzuek berezko dituzten xedeetan lagun dezaketen beste batzuk ere, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren kudeaketa-egiture­tatik izapidetu eta ebatziko dira, haiek arautzen dituzten xedapenek ezarritako baldintzen arabera.

  5. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoaren barruan sartuta dauden zerbitzuek, sistemak berezko dituen prestazioekin batera, gizarte-arreta emateko beste sistema edo politika publiko batzuetako prestazioak antolatu ahalko dituzte, bai eta beste prestazio osagarri batzuk ere, hala nola garraioa, egoitza, mantenua, arropa-garbitegia eta garbiketa orokorra, eta zerbitzuaren xedeak, beti, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemak berezko dituen helburuak gauzatzea izan behar du, batez ere. Hala, gizarte-zerbitzuen egoitzetara joateko garraio egokitua Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren berezko prestaziotzat joko da.

  1. Prestazio teknikotzat joko dira profesionalen taldeek egiten dituzten jarduerak baldin eta jarduera horiek 6. artikuluan Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemarako definitutako funtsezko xede bat edo batzuk lortzera bideratutakoak badira eta pertsonen, familien eta taldeen beharrizanei egokitzen bazaizkie.

  2. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren berezko prestazio teknikoak honako hauek izango dira, gutxienez:

    1. Informazioa.

    2. Balorazioa.

    3. Diagnostikoa.

    4. Orientazioa.

    5. Bitartekaritza.

    6. Etxeko arreta.

    7. Arreta pertsonalizatua.

    8. Gizarte- eta hezkuntza-arloan eta arlo psikosozialean esku hartzea, eta, horien barruan:

      Estimulazioa eta errehabilitazioa lantzeko esku-hartzea

      Arlo okupazionalean esku hartzea

      Heziketan esku hartzea

      Arlo psikosozialean esku hartzea

    9. Lagun egite soziala.

    10. Laguntza soziojuridikoa,

    11. Beste prestazio tekniko batzuk, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren berezko helburuen artean koka daitezkeenak.

  3. Prestazio teknikoez baliatzea Zerbitzuen eta Prestazioen Katalogoan sartutako zerbitzuen bitartez egingo da, eta, hor, gehienetan, bat baino gehiago izango dira prestazioak.

  1. Prestazio teknikotzat joko dira une jakin batzuetan edo aldizka pertsonei nahiz bizikidetza-unitateei ematen zaizkien diru kopuruak, baldin eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemarako 6. artikuluan definitutako funtsezko helburuak lortzera bideratuta badaude edo beste sistema eta politika publiko batzuenak era badiren helburuak lortzen laguntzen badute.

  2. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren berezko prestazio ekonomikoak honako mota hauetakoak izango dira, gutxienez:

    1. Gizarteratzea eta/edo autonomia susta­tzeko prestazioak, eta larrialdi-egoera, gizarte-larrialdi, mendetasun-egoera eta babesgabetasun-egoerak eragindako egoera ekonomikoak leuntzeko eta horiei erantzuteko prestazioak.

    2. Gizarte-laguntza informala eskaintzen duten pertsonei lagundu eta ordaintzeko prestazioak, beren kasa baliatzeko eta gizarteratzeko laguntza behar duten per­tsonak zaintzen dituzten senitartekoentzat.

    3. Banan-banako prestazioak, berreskuratu ezin diren laguntza teknikoez baliatzeko modua errazteko prestazio teknologikoak eskuratzeko edo ohiko elkarbizitza-ingurunean egokitzeak gauzatzeko.

    4. Zerbitzu pertsonalekin lotutako banan-banako prestazioak, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistematik kanpoko prestazio edo zerbitzu batez baliatzeko aukera emateko xedea dutenak, alegia, Gizarte Zerbi­tzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoan erabiltzaileak bere eskubidez lor dezakeen prestazio edo zerbitzuaren antzeko ezaugarriekiko prestazio edo zerbitzu batez baliatzeko aukera emateko xedea dutenak; betiere, beharrezkoa da sistema horretan sartzen diren zerbitzuen esparruan prestazio edo zerbitzu hori ezin aldi batez bermatzea, eskaintza aski zabala ez izateagatik. Aurrekoa bakar-bakarrik aplikatuko da, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren plangintzan aurreikusitakoarekin bat etorrita, betetze-bidean dauden zerbitzuen kasuan.

    5. Beste prestazio ekonomiko batzuk, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren berezko helburuen artean koka daitezkeenak.

  3. Prestazio tekniko edo teknologikoak beti izango dira prestazio teknologikoak eskuratzeko prestazio ekonomikoen gainetik edo zerbitzu pertsonalei lotutako prestazio ekonomikoen gainetik, berreskuratu ezin diren laguntza teknikoak eskuratzeko edo elkarbizitzako ohiko ingurunean egokitzeak gauzatzeko kasuetan izan ezik. Horrenbestez, prestazio teknologikoak eskuratzeko prestazio ekonomikoak edo zerbitzu pertsonalei lotutako prestazio ekonomikoak aldi baterako izango dira, eta salbuespenezkoak, eta erabiltzailearen eskubidea onartutzat eman eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako dena delako prestazio edo zerbitzuaz egiaz baliatzen hasi arteko tarte horretan baizik ez dira esleituko.

  4. Artikulu honetako 2. paragrafoko a) eta b) idatz-zatietan aipatzen diren prestazioak ezingo dira inoiz jo zerbitzu baten ordezko prestazio ekonomiko gisa.

  5. Lege honetan zuzeneko kudeaketa publikotzat jotzen diren prestazioak edo zerbitzuak ezingo dira inoiz prestazio ekonomiko batekin ordeztu.

  1. Prestazio teknologikoak honako mota hauetakoak izango dira:

    1. Laguntza teknikoak eskaintzea, telelaguntza-zerbitzua emateko behar diren euskarri mota guztiak barne.

    2. Ingurune fisikoan egin beharreko egoki­tzeak egitea, erabiltzaileen ohiko bizilekuan irismenerako oztopoak kentze aldera.

  2. Lege honen ondorioetarako:

    1. Laguntza teknikotzat joko da autonomiarako mugak prebenitu, konpentsatu, arindu edo ezabatzeko produktu, tresna, ekipamendu edo sistema tekniko oro, merkatuan lehendik dagoena edo berariaz fabrikatua.

      Laguntza teknikoak izan daitezke:

      Berreskuragarriak, onuradun ba­tzuek batak bestearen ostean erabili ahal izateko modukoak direnean eta lekuz aldatzeko modukoak direnean garraioa beste kosturik gabe. Berreskuragarriak diren laguntza teknikoak hornidura-zerbitzuen edo aldi baterako lagapenen bidez emango dira.

      Berreskuraezinak, beren ezaugarriak direla-eta eskualdatu ezin direnean eta, ondorioz, onura eskatzaile bakar bati edo, salbuespen gisa, aldi berean hainbati dakarkienean. Berreskuratu ezin diren laguntza teknikoez baliatzeko modua laguntza horiek bermatzeko laguntza ekonomikoak esleituz bermatu ahal izango da.

    2. Ingurune fisikora egokitzea honako hau izango da: arkitektura-oztopoak ezaba­tzeko modua emango duten obrak diseinatu eta gauzatzea eta erabiltzailearen ohiko bizilekuan egokitzeak egitea, haren irismena errazteko eta haren autonomia-pertsonalaren maila hobetzeko. Zerbitzua eman ezin denean, laguntza ekonomikoen bidez bermatuko dira ingurune fisikoan egin beharreko egokitzeak.

      2. ATALA

      GIZARTE ZERBITZUEN EUSKAL SISTEMAKO ZERBITZUAK ETA ESKU-HARTZEKO OINARRIZKO PROZEDURA

Zerbitzuak antolakuntzarako atalak dira, gizarte-zerbitzuetako erakunde batek kudeatzen ditu eta prestazio tekniko nahiz teknologiko batek edo gehiagok osatzen dute. Hainbat zerbitzu mota dago, batez ere zertarako diren gorabeheran, zerbitzu-hartzaileen ezaugarrien gorabeheran, iraupenaren gorabeheran edo zer prestazio mota eskaintzen duten gorabeheran, baina Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Karteran zehazturik dagoen moduan beharko du izan.

  1. Profesionalak, beren eginkizunetan ari direlarik, ohartzen badira zer edo zertan esku hartu beharra dagoela eta dena delako esku-hartze horrek jarraipen baten beharra duela, jarduketa-prozedurari ekingo diote. Prozedura horren baitan, diagnostiko bat egin beharko da, eta diagnostikoak hala gomendatzen badu, arreta pertsonalizatuko plan bat egin beharko da, plan horretan zehazturik dauden neurriak martxan jarri baita prestazioak eta zerbitzuak ere, eta jarraipena eta ebaluazioa ere egin beharko dira. Arreta pertsonalizatuko plan horrek esango du zein zerbitzu eta prestaziotan esku hartuko den, eta esleitutako zerbitzuek sortu ahal izango dute, beharrezkoa eta komenigarria dela uste badute, norbanakoen beharrizanei ahalik eta hoberen egokitzea bermatuko duen banakako programazio bat.

  2. Esku-hartzeak dirauen denbora guztian zehar, aldian-aldian ebaluazio batzuk egin beharko dira, eta baliteke ebaluazio horien ondorioz arreta pertsonalizatuko planeko bai helburuak bai jarduerak aldatu egin behar izatea, berdin norberarenak izan, beste inorenak, gizartearenak edo beste edonolakoak izan.

  3. Prozedura aplikatu baino lehenago, pertsona edo familia erabiltzailearen oniritzia beharko da, edo, bestela, pertsona erabiltzailea legez ordezkatzen duen pertsonaren edo erakundearena, eta, ahal den neurrian, pertsona edo familia erabiltzaileek ere parte hartu beharko dute.

  4. Prozedura koordinatzeko ardura Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako profesional batena izango da, ondoren ezarritako moduan:

    1. Prozeduraren hasierako fasean, ardura oinarrizko gizarte-zerbitzuko gizarte-langile batena izango da. Erreferentziako profesional modura jardungo du, non eta ez den irizten, esku-hartzea den modukoa dela-eta, egokiagoa dela beste era bateko profesional batek hartzea erreferentzia-lan hori bere gain. Hala­koetan, edonola ere, udalen gizarte-zerbitzuetako beste profesional batzuek ere lagunduko eta parte hartuko dute. Koordinazio-lan hori egiteko, beste euskal herri-administrazio batzuen menpeko lehen mailako eta bigarren mailako arretako beste gizarte-zerbitzu batzuetako profesionalen esku-hartzea ere eska dezake. Halakoetan, beste administrazio horiek erabakitzen badute beren menpeko prestazio edo zerbitzu jakin baterako sarbidea ematea nahiz ez ematea, eta erabakia dagokion organoaren bitartez hartzen badute, erreferentziako profesionalarentzat erabaki lotesleak izango dira.

    2. Eman beharreko laguntza handia dela-eta hala egitea komeni bada, erreferentziako profesionalak dena delako kasuaren ardura bigarren mailako arretako gizarte-zerbitzuetako profesionalen baten esku utz dezake. Momentu horretatik aurrera, beste profesional horrek hartuko du dena delako kasua koordinatzeko ardura, baina, edonola ere, jatorrizko oinarrizko gizarte-zerbitzuan erreferentzia-lanak egin zituen hori jakinaren gainean eduki beharko du, ea kasuak zer-nolako bilakaera duen, batez ere hark beste arreta-esparru batzuetan oraindik pertsona erabiltzailearekin edo familiarekin harremanik baldin badu.

  5. Aurretiazko beste esku-hartzerik egon bada edo oraindik ere baldin badago, erreferentziako profesionalak esku-hartze hori garatu duen beste profesionalarekin lankidetzan aritu beharko du, aurretiazko esku-hartze hori Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako zerbitzuren baten baitan egon edo ez.

  1. Gizarte-zerbitzuek esku hartu behar duten jakiteko irizpideetan homogeneotasuna bermatzearren, euskal herri-administrazioek baloraziorako eta diagnostikorako tresna komunak erabiliko dituzte.

  2. Horrexegatik beragatik, oinarrizko gizarte-zerbitzu guztiek bete beharko dute gizarte-fitxarako eredua eta aplikatu beharko dute arreta pertsonalizatuko planaren eredua. Bigarren mailako arretako gizarte-zerbitzuek ere aplikatu beharko dute plan hori. Eredu horiek diseinatzerakoan, beren erabilera- eta ustiapen-ezaugarriek arintasun handiagoa bermatuko dute tramitazioan eta kudeaketan.

  3. Baliabide komun horiek Eusko Jaurlaritzak arautuko ditu, erregelamendu bidez, eta gainerako euskal herri-administrazioekin koordinaturik, nola foru-administrazioekin hala udal-administrazioekin.

    Bai baliabide horiek diseinatzeko bai datuak biltzeko orduan, eta baita datu horiek erabiltzeko eta ustiatzeko orduan ere, datu pertsonalak babesteko indarrean dauden arauak bete beharko dira.

    Era berean, 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarena eta Administrazio Prozedura Erkidean jasotakoa ere aintzat hartuko da, eta baliabide horiek diseinatzeko eta aplikatzeko orduan, lege horretako 35. artikuluan adierazita datorrena beteko dela bermatzeko hartu beharreko neurri egokiak hartuko dira herri-administrazioen esku lehenagotik dauden datuak berriz ez aurkezteko, artikulu horren xedapenak, gerora, Herritarren Sarbide Elektronikoari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legeko 6. artikuluan garatu baitziren.

    3. ATALA

    GIZARTE ZERBITZUEN EUSKAL SISTEMAKO

    PRESTAZIO ETA ZERBITZUEN KATALOGOA ETA KARTERA

  1. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoan daude identifikaturik euskal herri-administrazio eskudunek bermatu behar dituzten diru-laguntzak eta zerbitzuak.

  2. Aurreko ataleko katalogo horretan jasotako diru-laguntzak eta zerbitzuak Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren bidez bideratuko dira, 5. artikuluan zehazturik dagoen moduan.

Hona hemen Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Katalogoan jasota dauden zerbitzuak eta diru-laguntzak:

  1. Lehen Mailako Arretako Gizarte Zerbitzuak:

  1. Informazio-, balorazio-, diagnostiko- eta orientazio-zerbitzua.

  2. Etxez etxeko laguntza-zerbitzua.

  3. Gizarte eta hezkuntza-arloan eta arlo psikosozialean esku hartzeko zerbitzua.

  4. Zaintzaileei laguntzeko zerbitzua.

  5. Gizarte-zerbitzuen eremuan partaidetza eta gizarteratzea sustatzeko zerbitzua.

  6. Telelaguntza-zerbitzua.

  7. Eguneko arretako zerbitzuak.

  8. Gaueko harrera-zentroak.

  9. Ostatu-zerbitzuak:

    1. Harrera-pisua.

    2. Etxebizitza babestua.

    3. Apartamentu babestuak.

    4. Etxebizitza komunitarioa.

  1. Bigarren Mailako Arretako Gizarte Zerbitzuak:

  1. Mendetasuna, ahalmen-urritasuna, bazterketa eta babesgabetasuna baloratzeko eta diagnostikatzeko zerbitzua.

  2. Eguneko arretako zerbitzuak edo zentroak.

    1. Autonomia mugatuak eragindako premiei erantzuteko eguneko zerbitzua edo zentroa.

    2. Arlo okupazionaleko zerbitzua edo zentroa.

    3. Gizarteratze-premiei erantzuteko eguneko zerbitzua edo zentroa.

  3. Gaueko harrera-zentroak.

    1. Autonomia mugatuak eragindako premiei erantzuteko gaueko zentroa.

    2. Gizarteratze-premiei erantzuteko gaueko harrera-zentroa.

  4. Egoitzak.

    1. Adinduentzako egoitza-zentroak.

    2. Ahalmen-urrituentzako egoitza-zentroak.

    3. Buruko gaixotasuna duten pertsonentzako egoitza-zentroak.

    4. Babesgabetasun-egoeran dauden adingabeentzako egoitza-zen­troak.

    5. Bazterketa- eta marjinazio-egoe­ran dauden pertsonentzako egoi­tza-zentroak.

    6. Etxean tratu txarren biktima izan diren emakumeentzako egoitza-zentroak eta emakumeentzako beste egoitza-zerbitzu batzuk.

  5. Atsedenerako zerbitzua.

  6. Gizarte-larrialdietarako koordinazio-zerbitzua.

  7. Bigarren mailako arretako beste zerbitzu batzuk.

    1. Informazio- eta orientazio-zerbi­tzuak.

    1.1. Babesgabetasun-egoeran dauden haur eta nerabeentzako informazio-zerbitzua.

    1.2. Etxeko indarkeriaren edo sexu-erasoen biktima izan diren emakumeentzako informazio- eta arreta-zerbitzua.

    2. Autonomia sostengatzeko zerbi­tzuak.

    2.1. Bizimodu independentea sostengatzeko zerbitzua.

    2.2. Laguntza teknikoak emateko eta ingurune fisikora egoki­tzeko zerbitzua.

    2.3. Ezgaitutako pertsona helduentzako tutoretza-zerbitzua.

    2.4. Garraio egokituko zerbitzua.

    3. Familian esku hartzeko eta bitartekaritza egiteko zerbitzuak.

    3.1. Familiekin gizarte- eta hezkuntza-arloan eta arlo psikosozialean esku hartzeko zerbitzuak.

    3.2. Familiarentzako elkargunea.

    3.3. Familia-bitartekaritzako zerbitzu integrala.

    4. Arreta goiztiarrerako esku hartze sozialeko zerbitzua.

    5. Tratu txarren eta sexu-erasoen biktima izan diren emakumeei, adingabeei, adinduei eta ahalmen-urritasunen bat duten pertsonei laguntza psikosoziala eta so­ziojuridikoa emateko zerbitzuak.

    6. Familia-harrera eta adopzioa sustatzeko eta laguntzeko zerbitzua.

    6.1. Familia-harrera sustatzeko eta teknikoki laguntzeko zerbitzua.

    6.2. Adopzioa sustatzeko eta teknikoki laguntzeko zerbitzua.

  1. Prestazio ekonomikoak:

  1. Gizarteratzea eta/edo autonomia errazteko eta gizarte-larrialdietan erantzuna emateko prestazioak.

  2. Beren kasa laguntzen dihardutenei sostengua eta ordaina emateko prestazioak.

  3. Baliabide teknologikoak eskuratzeko laguntzak.

  4. Pertsonen zerbitzuetarako prestazioak.

  5. Beste prestazio ekonomiko batzuk, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren berezko helburuen artean koka daitezkeenak.

  1. Aurreko artikuluan arauturik datorren Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Katalogo horretatik abiaturik, Eusko Jaurlaritzak Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoa osatuko du. Gizarte-zerbitzuen inguruko eskumenak dituen sailaren proposamenez egin beharko du, gainerako euskal herri-administrazioekin koordinaturik, Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoaren bitartez, eta organo hori arautzen duen artikuluan zehazturik dagoen moduan, hau da, lege honetako 44. artikuluaren arabera hain zuzen ere. Kartera delako horren bidez, gutxienez alderdi hauek definitu beharko dira:

  1. Zerbitzuen kasuan:

    1. Zerbitzuaren ezaugarriak: izena eta definizioa, eta zer-nolako laguntza teknikoak taxutzen dituen.

    2. Zerbitzu motak, mota bat baino gehiago baldin badago.

    3. Zerbitzuaren helburuak eta zein beharrizani erantzuten dien.

    4. Zerbitzua bera eta, zerbitzuaren baitan hainbat prestazio baldin badago, prestazio horiek jaso ahal izateko baldintzak eta prozedura, eta baita zerbitzu-hartzaileen ezaugarriak eta, beharrezkoa bada, prezio publikoa edo tasa ordaintzeko baldintzak ere.

    5. Zerbitzua eteteko edo bertan behera uzteko arrazoiak eta prozedura.

  2. Prestazio ekonomikoen kasuan:

    1. Izena eta definizioa.

    2. Zein helburu duten eta zein premia asetzeko balio duten.

    3. Laguntzaren zenbatekoa.

    4. Zerbitzua jaso ahal izateko baldintzak eta prozedura, eta baita zerbitzu-hartzaileen ezaugarriak ere.

    5. Baldintzak, besteak beste: ordainketa zenbatean behin egingo den.

    6. Prestazioa bertan behera uzteko arrazoiak.

      1. Aurreko paragrafoan aipaturik dagoen Prestazio eta Zerbitzuen Kartera osatzeko, Gizarte Zerbi­tzuen Euskal Kontseiluak ere parte hartuko du, kontsulta eta gizarte-partaidetzarako organo nagusia izanik.

      2. Prestazio eta Zerbitzuen Kartera horretan egon behar dira zehazturik prestazio eta zerbitzuak finantzatzeko formulak.

  1. Lau urtez behin, Eusko Jaurlaritzak, gainerako euskal herri-administrazioekiko koordinazioa egiteko bere eskumenaz baliaturik eta lankidetzan eta Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoaren ebaluaketaren esparruan, Prestazioen eta Zerbitzuen Karteraren halako ebaluazio orokor bat egin beharko du, nola aplikatu eta garatu den neurtzeko eta gizartearen aldaketetara behar bezain ondo egokitu ote den jakiteko, eta, hala ez bada, egin beharreko eguneratzeak egiteko. Ebaluazio horren baitan, prestazioek eta zerbitzuek emakumeen artean eta gizonen artean zer-nolako eragina duten ere neurtuko da, eta baita generoaren ikuspuntua zenbateraino duten barneraturik ere, hartara, berdintasunaren bidean aurrera egiteko beharrezko egokitzapenak egin ahal izateko, halakorik behar izatekotan. Baina ebaluazio horretan beste ikuspuntu edo helburu batzuk ondo txertaturik ote dauden ere aztertu beharko da, hala nola, dibertsitate sexuala, kultura ezberdinak, belaunaldi ezberdinak, zerbitzuak denon eskura eduki beharra, eta gizon-emakume guztiontzako moduko diseinua egin beharra.

  2. Prestazio eta Zerbitzuen Kartera biztanleriaren beharrizan aldakorrei etengabe egokituko dela bermatzearren, eta arretako formuletan ikusitako berrikuntzak sartu eta etengabe eguneratzearren, eskainitako zerbitzu eta prestazioen motak aldatu ahal izango dira, baina aldaketa horiek ezin izango dute ekarri ez arretaren kalitatea gutxitzea ez emandako arretaren mailak jaistea, ez bada eskaintza urritzea zerbitzu edo prestazioaren eskarian izandako jaitsiera batetik datorrelako.

  3. Prestazio eta Zerbitzuen Kartera Eusko Jaurlaritzak eguneratuko du, Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako herri-administrazioekin koordinatuta, Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoaren bitartez. Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluak ere esku hartuko du, kontsulta eta gizarte-partaidetzarako organo nagusia izanik.

  1. Zerbitzu eta prestazioak jasotzeko baldintza orokorrak, kasu guztietan aplika daitezkeenak, honako hauek dira:

    1. zer edo zer behar duten edo eskatzen duten pertsonek Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazioen eta Zerbitzuen Karteran kasuan kasurako definiturik dauden ezaugarriak bete beharko dituzte, eta, horretarako, dagokion balorazio-tresna teknikoa erabiliko da;

    2. prestazioek edo zerbitzuek pertsona hartzailearen beharrei erantzuteko egokiak izan behar dute, eta erreferentziako profesionalak egiaztatu beharko du hala dela, agiri tekniko baten bidez;

    3. beharrezkoa bada, erreferentziako profesionalak azaldu beharko du ez dagoela erabiltzaileari betiko ingurunea utzarazi beharrik gabe arreta eskaintzeko beste modu egokirik;

    4. Gizarte Zerbitzuaren Maparen arabera, dena delako zerbitzua edo prestazioa derrigor udalerri edo inguru geografikojakin batean eskaini beharko denez, udalerri horretan edo inguru horretako edozein udalerritan erroldatu izanaren agiria;

    5. zerbitzuaren zati bat ordaindu beharra baldin badago, dagokion prezio publikoa edo tasa ordainduko duela adierazi beharko du.

  2. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazioen eta Zerbitzuen Karteran egongo dira definiturik prestazio edo zerbitzu bakoitzerako berariazko eskakizunak.

  1. Prozedura hasi ahal izango du Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoaren estaldura duten egoeretako batean dagoenak, horrek 3. artikuluko titulartasun-baldintzak betetzen baditu, edo haren ordezkariak. Era berean, prozedura hasi ahal izango du eskumena daukan administrazioak, bere kabuz edo epaileak hala eskatuta, indarrean dauden legeek aurreikusitako kasuetan.

  2. Erregelamendu bidez arautuko dira bai prozedura motak prozedura arrunt bat eta presako prozedura bat aurreikusi beharko dira, bai eskaerarekin lotutako prozedura-berezitasunak, instrukzioa balorazioa, diagnostikoa eta orientazioa bereziki eta ebazpena. Era berean, prozedurako fase bakoitzean errespetatu beharreko epeen ezaugarriak eta Administrazioaren isiltasunaren ondorioak arautuko dira.

  1. Sistema taxuz egituraturik eta kohesionaturik egongo dela bermatzearren, eta erantzukizun publikotik batasunari eustearren, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema osatzen duten zerbitzu eta ekipamendu guztiek, publikoak nahiz pribatu itunduak izan, koordinaturik jardungo dute.

  2. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema osatzen duten zerbitzuak honela egituraturik egongo dira:

    1. Lehen mailako arretako gizarte-zerbi­tzuak, 22.1 artikuluan araututa daudenak. Zerbitzu horiek bide emango diete erabiltzaileei gizarte-zerbitzuen sistema osora iristeko, eta autonomiaren, gizarteratzearen eta larrialdien edo babesgabetasunaren inguruko egoerei erantzungo diete, eta batez ere arrisku-egoeren prebentzioari erreparatuko diote. Udalen gizarte-zerbitzuei dagokie zerbitzu horiek eskaintzea eta betetzea, Eusko Jaurlaritzaren esku egongo den telelaguntza zerbitzua izan ezik, III. tituluko I. kapituluan ezarritako eskumen-banaketarekin bat etorrita.

    2. Bigarren mailako arretako gizarte-zerbitzuak, 22.2 artikuluan araututa daudenak. Bazterketaren, mendetasunaren edo babesgabetasunaren inguruko egoerei erantzuna emango diete. Foru-aldun­dien gizarte-zerbitzuei dagokie zerbitzu horiek eskaintzea eta betetzea, eta hala badagokie, Autonomia Erkigoaren eremuko gizarte-zerbitzuei, III. tituluko I. kapituluan ezarritako eskume-banaketa­rekin bat etorrita.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Mapan jasotako Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren ezarpena aintzat hartuko da aurreko paragrafoan aipatutako zerbitzuak emateko eta betetzeko.

  1. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren esparruan, lege honek eta lege honen garapenerako xedapenek udalen esku uzten dituzten eskumenak haien lurralde-eremuan erabiltzeko ardura udalen gizarte-zerbitzuena izango da.

  2. Ardurapean dituzten gizarte-zerbitzuak hobeto eskaintze aldera hala egin behar dutela uste baldin badute, udalek elkarren artean elkartzeko aukera ere badute. Halakoetan, udalek sortzen duten antolakundearen eskuetan utziko dituzte lege honen bidez jaso behar dituzten eskumenak.

  3. Udalen gizarte-zerbitzuek edo, halakorik badago, udalek sortutako antolakundeak eginkizun hauek izango dituzte:

    1. Laguntza teknikoa, eta bereziki:

      Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak beharren lehen balorazioa egin ondoren, beste diagnostiko sakonago bat egitea.

      Arreta pertsonalizatuko planaren ekintzak eta esku-hartzeak garatzea.

      Oinarrizko gizarte-zerbitzuak esku hartzen duen guztietan, beti jarduteko irizpide berberak erabili beharra sustatzea.

      Kasuak gainbegiratzea, eta profesionalei prestakuntza eta orientabideak ematea.

      Irizpide teknikoak zehaztea eta beste arreta-sistema edo arreta-politika publiko batzuekiko koordinazio-mahaietan parte hartzea.

    2. Erabiltzaileari erantzun osoa eta betea emate aldera, kideko edo osagarriak diren beste sistema edo politika publiko batzuekin koordinatzea, lege honetako 45 eta 46. artikuluetan jarritako moduan.

    3. Lege honen bidez udalen esku uzten diren gainerako eskumenetatik datozen gainerako eginkizunak.

  1. Oinarrizko gizarte-zerbitzua arreta-unitate bat da, polibalentea eta diziplina askotarikoa, udalen gizarte-zerbitzuen barruan dago eta herritarrek Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemara iristeko duten lehen sarbidea da.

  2. Oinarrizko gizarte-zerbitzuaren zeregin nagusia izango da dagokion lurraldean gizarte-zerbi­tzuen bidez erantzuteko moduko zer-nolako beharrak dauden atzematea eta kargu hartzea. Horretarako, bere ardura izango du, dagokion lurralde horretan, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren baitako atal batera nahiz bestera nork noiz joan behar duen koordinatzea eta kudeatzea.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko udal guztiek izan behar dute, dela bakoitzak bere kasa edo dela beste udal batzuekin elkar hartuta, oinarrizko gizarte-zerbitzu bat.

  4. Oinarrizko gizarte-zerbitzuak zein lurraldetan lan egin behar duen jakiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Mapan jasota datozen irizpideak erabiliko dira.

    Udalerriaren edo udalerri-elkartearen tamainaren arabera, oinarrizko gizarte-zerbitzua oinarrizko gizarte-zerbitzuen unitatetan bana daiteke, hartara, herritarren beharrei hobeto erantzuteko eta dagokion lurralde osoan lan egin ahal izango duela bermatzeko.

  5. Oinarrizko gizarte-zerbitzuak agintzen zaizkion lehen mailako arretako gizarte-zerbitzuak eskaintzeko lanak egingo ditu, baina, edonola ere, 22. artikuluko 1.1, 1.2, 1.3 eta 1.4 paragrafoetan jasota datozenak beti-beti eskaini beharko ditu. 19. artikuluan arauturik dagoen esku hartzeko oinarrizko prozedura bere lurraldean behar bezala aplikatuko dela bermatzeko ardura ere badu.

  6. Oinarrizko gizarte-zerbitzuak eginkizun hauek ere izango ditu:

    1. Gizarte-premiei erantzuna emateko orduan zer-nolako trakeskeria edo hutsuneak dauden igartzea.

    2. Gizarte Zerbitzuei buruzko Informazioko Euskal Sistemaren esparruan, homogeneizatzea eta sistematizazioa lortzeko informazioa osatzea.

    3. Egin ditzaketen eta berariaz ezartzen zaizkien antzeko beste eginkizun guztiak egitea.

  1. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren esparruan, lege honek eta lege honen garapenerako xedapenek foru-aldundien esku uzten dituzten eskumenak haien lurralde-eremuan erabiltzeko ardura foru-aldundien gizarte-zerbitzuena izango da.

  2. Balorazio eta diagnostikoi espezializatuak egiteko orduan hori ere beren eginkizunetako bat baitute, foru-aldundiek elkarren artean koordinaturik aritu beharko dute, eta bai oinarrizko gizarte-zerbitzuari bai ordura arte erabiltzaileari eta/edo haren familiari jarraibideak ematen jardun duen profesionalari ere parte hartzen utzi behar diete, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren parte den edo ez begiratu gabe. Balorazio eta diagnosi berezituak egiteko arduradunek erabakitzen badute beren ardurapeko prestazio edo zerbitzuren baterako sarbidea zabaltzea nahiz ixtea, eta erabakia dagokion administrazio-organoaren bidez hartzen badute, erabaki hori dena delako kasuaren ardura duen profe­sionalarentzat loteslea izango da.

  3. Foru-aldundiek, gizarte-zerbitzuen inguruko bere eskumenak erabiltzeko orduan, gizarte-ongizatea lortu nahian lan egiten duten beste sistema edo politika publiko kideko edo osagarri batzuekin koordinaturik eta elkarlanean jardungo dute, lege honetako 45 eta 46. artiku­luetan ezarritako moduan.

  1. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren esparruan lege honek eta lege hau garatzen duten xedapenek esleitzen dizkioten eskumenak erabiltzeko erantzukizuna izango du Eusko Jaurlaritzak, eskumen horiek, Autonomia Erkidegoaren Eremuko Gizarte Zerbitzuen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremu osoan erabiltzeko erantzukizuna, alegia.

  2. Eusko Jaurlaritzak, gizarte-zerbitzuen inguruko bere eskumenak erabiltzeko orduan, gizarte-ongizatea lortu nahian lan egiten duten beste sistema edo politika publiko pareko edo osagarri batzuekin koordinaturik eta elkarlanean jardungo du, lege honetako 45 eta 46. artikuluetan ezarritako moduan.

Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoko prestazioak eta zerbitzuak emateko beren eskumenak garatzeko, Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta udalek behar dituzten langileak izango dituzte. Horien lanbide-perfila eta ratioa zehazteko, kontuan izango dira jarduteko esparru geografikoa eta esparru horretan gizarte-zerbitzuak eska ditzakeen biztanleria, Gizarte Zerbitzuen Mapan aurreikusitako ezarpen-irizpideekin bat etorriz. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek lege honek esleitutako beste eskumenak garatzeko nahikoa den kudeaketa-azpiegitura bat eta beharrezkoak diren ekipo teknikoak izango dituzte.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko herri-adminis­trazioek ere antolatuan planifikatu beharko dute Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemak zein helburu, estrategia, politika eta jarraibide zaindu behar dituen. Sistema hori hedatzeko irizpideak eta baliabideak lurraldean nola zabaldu ere zehaztu beharko dute, halako kopuruz eta moduz ezen zerbitzuek autonomia-lurraldearen luze-zaba­lean homogeneotasunez banaturik egon behar baitute eta gizarte-zerbitzuetarako eskubideak benetako eskubide izan behar baitu, legean jasota dagoenez.

    Aurreko paragrafoko plangintzak, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren koherentzia eta batasuna berma dezan, Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoaren txosten nahitaezkoa eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluarena beharko ditu, lege honetako 44 eta 48. artikuluetan ezarritako moduan.

  2. Lehentasunak zehaztearren eta babes-maila homogeneoak sustatzearren, gizarte-zerbitzuen politika eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema diseinatzeko eta estrategikoki planifikatzeko ardura Eusko Jaurlaritzarena izango da.

  3. Foru-aldundiek eta toki-erakundeek badute bakoitzak bere planifikazioa egiteko aukera, baina Autonomia Erkidegorako zehazturik dagoena errespetatuz. Hura garatu eta, beharrezkoa iruditzen bazaie, beren lurraldeetarako hobekuntzak ezarriko dira.

  4. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman plangintza garatzeko, gizarte-zerbitzuen plan estrategikoak, arlokako planak eta, beharrezkoa bada, plan bereziak erabiliko dira.

  5. Plan estrategikoak, sektorialak eta bereziak egiteko prozedurak derrigorra du plan horiek exekutatu behar dituzten administrazioei eta lege honetan aurreikusita dauden lankidetza eta koordinaziorako organoei eta partaidetzako organoei ere parte hartzeko bidea ematea, dagokion moduan, eta gizarte-zerbitzuen erabiltzaileak ordezkatzen dituzten erakundeei beti eman behar zaie parte hartzeko bidea.

  6. Plan guztietan, memoria ekonomiko bat eduki behar da, plana benetan aplikatuko dela bermatzeko. Helburuak sistematikoki ebaluatuko dira eta aplikazioaren jarraipena ere egingo da, eta, gero, emaitzak ikusita, planak aldian-aldian emaitza horietara egokitu beharko dira.

  1. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema printzipio hauen arabera planifikatuko da:

    1. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman lortu eta jarraitu beharreko helburuak, estrategiak, politikak eta jarraibideak aurretiaz zehaztu behar dira.

    2. Baliabideak nola hedatu eta lurraldeka eta eginkizunka nola banatu behar diren jakiteko irizpideak definitzea. Gizarte-zerbitzuetarako eskubidea, lege honetan aitorturik dagoen hori, benetako eskubidea izateko behar hainbat izan behar dute baliabide horiek.

    3. Hurbiltasuna, hau da, dena delako zerbitzua nolakoa den kontuan izanda eta zenbat erabiltzaile dagoen edo egon daitekeen kontuan izanda ahal den neurrian, erabiltzaileak bizi diren lekutik hurbil eskaini behar da zerbitzua, eta beraz, horretarako bidea ematen duen inguru geografikoetan ezarri behar dira zerbi­tzuak.

    4. Lurralde-oreka eta -homogeneotasuna. Zerbitzuak lurraldean banatzeko orduan, gogoan izan behar da Euskal Autonomia Erkidegoko herritar guztiek dena delako zerbitzura iristeko aukera berberak izan behar dituztela, eta, zerbitzura iristeko baldintzak eta diru-baldintzak autonomia-lurralde osoan berberak izan behar dira.

    5. Baliabideak oso-osorik, arrazoi-legez eta eraginkortasunez antolatu eta aprobetxatu behar dira. Premiei erantzuteko lanean ahalik eta ondoena erabili direla bermatzearren, ahal dela, eskura diren baliabideak malgutasunez eta bata besteari loturik erabili behar dira, berdin dio formalak diren edo ez, publikoak diren edo pribatuak, baina, edonola ere, gizarte-ekimenez datozen baliabideetan jarri behar da arreta berezia, berdin gizarte-zerbitzuen arlokoak diren edo gizarte-babesaren gainerako esparruetakoak diren.

    6. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren esparruan esku hartzen duten osagai guztiek koordinaturik egon behar dute eta sarean lan egin behar dute.

  2. Gizarte-zerbitzuak taxutzeko orduan, plangintza genero-ikuspuntutik begiraturik ere egin behar da, Gizonen eta Emakumeen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean aurreikusita dagoen moduan.

    Baina beste ikuspuntu batzuk ere bermatu behar dira, hau da, gogoan izan behar da sexu-joerak askotarikoak direla, eta kulturak ere bai, eta belaunaldiak ere bai, eta zerbitzuetara iristeko eskubidea jende guztiarena dela, eta diseinuak gizon-emakume guztiak izan behar dituela gogoan. Ekintza positiborako eta aukera- nahiz tratu-berdintasunerako hartu beharreko neurriak ere hartu behar dira.

  1. Lau urtez behin, Eusko Jaurlaritzak, bere koordinazio-eskumenak erabiliz, Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa egingo du, foru-aldundiekin eta udalekin koordinaturik. Plan horren bidez planifikatuko ditu Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren helburuak lortzeko beharrezkoak diren eta sistema horrek ahalik eta ondoena lan egiteko beharrezkoak diren prestazioak, zerbitzuak, programak eta bestelako jarduerak, lege honetan jasotako finantza-bitartekoen eta -formulen barruan.

    Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa Eusko Jaurlaritzaren komunikazio baten bidez bidaliko zaio Eusko Legebiltzarrari.

  2. Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategiko horren baitan egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Mapa. Mapa horretan egongo da zehazturik, oinarrian, plana autonomia-lurraldearen luze-zabalean nola antolatu behar den.

  3. Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategiko horretan, besteak beste, gauza hauek denak zehaztu beharko dira: gizarte-premien diagnostikoa eta premia horien bilakaeraren iragarpena; lortu beharreko helburuak eta helburu horiek lortzeko lan-ildo estrategikoak eta ekintzarik egokienak; sektore publikoak eta pribatu itunduak zerbitzuak emateko parte-hartzeari buruzko orientabideak, beharrezko koordinazio-neurriak; planaren ebaluazio sistematiko eta jarraitua egiteko baliabideak, eta hori guztia 5. artikuluan aipatutako gizarte-zerbitzuen sare publikoa taxutzeko amaiera-helburuarekin, 7.a) artikuluan ezarritako moduan. Azkenik, 76. artikuluan aipaturik datozen tresna eta prozedurak ere bildu behar ditu. Tresna eta prozedura horiek, hain zuzen ere, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema osatzen duten prestazio, zerbitzu, programa eta jardueren kalitatea hobetzeko balio behar dute.

  4. Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoak memoria ekonomikoa izan behar du beti aldamenean. Memoria horretan zehaztu beharko da, hain zuzen ere, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Katalogoan eta Karteran zehazturik datozen prestazioak eta zerbitzuak aldian-aldian martxan jartzeko ustez zertan zenbat diru beharko den, Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Mapan datozen biztanleriari buruzko hedapen-irizpideak gogoan izanik.

  5. Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoak, onartua izan baino lehen, beharrezkoa izango du Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoaren txosten nahitaezkoaz gain, Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluaren nahitaezko txostena, organo hori kontsulta eta gizarte partaidetzarako organo nagusia den aldetik.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbi­tzuen Mapa Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoaren baitan dago, eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema hedatzeko eginkizuna du. Horretarako, katalogoan zehazten diren zerbitzuak ezartze aldera, biztanleriari dagozkion irizpiderik egokienak zehaztuko ditu, honako ezaugarri hauen arabera: zerbitzu horien izaera, zerbitzu hori eska dezaketen pertsonen kopurua, eta ahalik eta hurbilekoenak izan daitezen berma­tzeko beharra, erabiltzaileak beren ohiko gizarte-ingurunean integratze aldera.

  2. Horretarako guztirako, biztanle kopuruaren aldetik, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren oinarrizko jardun-eremuak 5.000 biztanlekoa izan beharko du, edo, nekazaritza-inguruetan edo gune bereziki behartsu edo andeatuetan jardun behar badu, 3.000 biztanlekoa. Berdin dio biztanle-kopuru hori udalerri bakarrean bildurik edo hainbatean banaturik dagoen.

  3. Oinarrizko eremua izango da oinarrizko gizarte-zerbitzuen lurralde-eremua (edo, hala balegokio, oinarrizko gizarte-zerbitzuen unitateena) zedarritzeko biztanle-eremua, eta 29. artikuluko 4. paragrafoan ezarritakoaren arabera integra­tzen dira oinarrizko gizarte-zerbitzuetan.

  4. Eusko Jaurlaritzak zehaztuko ditu, erregelamendu bidez, gutxieneko estaldura-mailak eta, beharrezkoa denetan, batez besteko gutxieneko intentsitateak, 1. paragrafoak dioenaren harira zehazturiko biztanle-eremuen arabera. Bide beretik aurrera eginez, biztanleriaren eta soziologiaren aldetik nabari diren aldagaiak aintzat harturik, adierazle sintetiko bat ere egingo du. Adierazle horren bidez, gutxieneko estaldura-maila eta batez besteko intentsitate horiek eremu geografikoetako berezitasunera egokitzeko bidea izango du. Eremu horiek 5. paragrafoaren arabera mugatuko dira. Aipatutako estandarrak Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoan jasotako Gizarte Zerbitzuen Mapan ezarriko dira, eta Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoaren txosten nahitaezkoa eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluarena beharko dute, lege honetako 44 eta 48. arikuluetan ezarritako moduan.

  5. Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbi­tzuen Mapak, aurreko paragrafoetan zehazturik dauden antolaketa-irizpideak aplikatzeko orduan, foru- eta toki-administrazioek zehazten dituzten banaketa geografikoak hartuko ditu aintzakotzat.

  6. Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbi­tzuen Mapan, ahal dela, plangintzan erabiltzen den banaketa geografikoa doitu egin beharko da, eta arreta-esparruetako administrazio-lane­tan erabiltzen den banaketara egokitu. Izan ere, gizarte-zerbitzuak eta osasun-zerbitzuak geroz eta estuago loturik daude, eta, horregatik, eta batez ere, bi sistema horien zatikatze geografikoa bat etortzea izango da kontua.

  1. Eusko Jaurlaritzak, Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa hobeto osatzearren eta garatzearren, eta momentuko gizarte-premiak eta gizarte-arazoak zein diren kontuan harturik, plan sektorialak egin ditzake, premia eta arazo horien arabera komeni legez. Euskal Autonomia Erkidegoko beste herri-administrazioekiko koordinaziorako dituen eskumenak erabiliko ditu horretarako. Berariazko gaietan oinarrituko dira, eta hainbat urterako indarraldia izango dute.

  2. Plan sektorialetan, gauza hauek gutxienez zehazturik beharko dira egon, plan bakoitza arlo jakin batekoa izango dela ahaztu gabe:

    1. Planaren beharra dakarten gizarte-premien eta gizarte-eskariaren azterketa.

    2. Planaren helburuak eta, batez ere zerbitzuen garapenarekin zerikusia dutenak. Helburu horiek lortzeko denbora-tarteak ere zehazturik beharko ditu izan.

    3. Helburu horiek lortzeko garatu beharreko ekintzak.

    4. Planaren jarraipena eta ebaluazio egiteko irizpideak eta baliabideak.

  3. Gobernu Kontseiluak onartu ondoren, plan sektorialak Eusko Legebiltzarrera bidaliko dira, informazio-ondorioetarako.

  1. Arrazoi bereziak direla-eta, epe laburrean edo ertainean dena delako egoera berezi horri aurre egiteko zer edo zer egin beharra eskatzen badu, udalerri, eskualde, auzo edo beste lurralde-eremuren baterako plan integralak egin ahal izango ditu Eusko Jaurlaritzak, Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako herri-administra­zioekiko koordinaziorako dituen eskumenak erabiliz. Eta, zeharka begiraturik, sistemaren osagairen batean sakondu beharra baldin badago, osagai berezi horietarako planik ere egin dezake. Debora-tartetik egokiena izango dira indarrean, bete beharreko premien arabera.

  2. Gobernu Kontseiluak onartu ondoren, plan bereziak Eusko Legebiltzarrera bidaliko dira, informazio-ondorioetarako.

  1. Eusko Legebiltzarrari dagokio gizarte-zerbitzuen legegintza-funtzioa.

  2. Lege honek berak eta legearen garapen-arauek gizarte-zerbitzuei buruz agintzen dizkion arloetan, Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoa da arauak garatzea eta zuzeneko ekintza burutzea.

  3. Baliteke prestazio eta zerbitzu batzuk Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde osoan bateraturik eskaini behar izatea, hain zuzen ere, interes orokorrekoak direlako, edo direnak direlako edo diren bezalakoak direlako, edo zenbat erabiltzaile izan ditzaketen kontuan harturik, edo autonomia-erkidegoan eskainita lor daitezkeen eskala-ekonomiak kontuan harturik; bada, lege honen ondorioetarako, prestazio eta zerbitzu horien gaineko gauzatze-eskumena da zuzeneko ekintza.

  4. Baldintza horiek betetzen direla arrazoitu eta aitortu egin beharko da, Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez, eta, aurretiaz, Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluaren aldeko txostena beharko da, derrigor.

  5. Gizarte-zerbitzuetako arauak gauzatzea lurralde historikoetako foru-aldundien eta udalen ardura da, lege honetan bertan eta garapen-arauetan xedaturik dagoenaren arabera.

Eusko Jaurlaritzaren ardura da legegintzako ekimena, baina horretaz gainera, bere eskumenen esparruan, eginkizun hauek ere izango ditu:

  1. Gizarte-zerbitzuen arloko erregelamenduak egiteko ahalmena, eta, bereziki:

    1. Gizarte-zerbitzuak antolatzea, eta, horretarako, zentro nahiz zerbitzuen baimen­tzeak, erregistratzeak, bateratzeak, homologazioak eta ikuskaritzak arautzea, eta, baimena lortzeko eta funtzionatzeko, baliabideen aldetik, funtzioen aldetik eta langileen aldetik bete behar diren baldintzak arautzea.

    2. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Kartera egitea eta onartzea.

    3. Erabiltzaileek dohainekoak ez diren prestazioak eta zerbitzuak ordaintzen noiz nola parte hartu behar duten jakiteko irizpide orokorrak arautzea.

    4. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako prestazioetarako eta zerbitzuetarako sarbidea izateko baldintzak betetzen diren edo ez jakiteko baliabide teknikoak egitea eta onartzea.

    5. Gizarte Zerbitzuen Erregistro Orokorra sortzea, arautzea eta mantentzea.

  2. Euskadiko Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuen planifikazioa egitea bai Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoaren barruan bai eta kasuan kasu prestatuko diren plan sektorial eta plan berezietan ere, batetik, lehentasunak zehazteko eta, bestetik, Lege honetan araututako eskubideak Autonomia Erkidego osoan benetan gauzatzeko beharrezko diren zerbitzu eta prestazioak maila homogeneoan emango direla bermatzeko, foru aldundiekin eta udalekin koordinatuta.

  3. Eusko Jaurlaritzaren zuzeneko ekintzen artean dauden prestazioak eta zerbitzuak betetzea: telelaguntza-zerbitzua (22. artikuluko 1.6 paragrafoan dago arauturik); informazio- eta orientazio-zerbitzuak (22. artikuluko 2.7.1 paragrafoan daude arauturik); familiarentzako elkargunea, epai bidez datozen kasuetan arreta eskaintzeko zerbitzu modura balio duenean (22. artikuluko 2.7.3.2 paragrafoan dago arauturik); eta familia-bitartekotzarako zerbitzu osoa (22. artikuluko 2.7.3.3 paragrafoan dago arauturik). Eta, etorkizunean, 39.2 eta 39.3 artikuluen arabera, zuzeneko beste ekintzarik deklaratuko balitz, hori ere bai.

  4. Bere eskumeneko zerbitzuen prezio publikoak ezartzea, hala balegokio, lege honetako 57.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.

  5. Gizarte-ekintzaren hirugarren sektorea susta­tzea, bai eta herritarren parte hartzea ere; elkartegintza bultzatzea, gizarte-zerbitzuen esparruan boluntario-lana eta irabazi-asmorik gabeko eta gizarte-ekimeneko kooperatibismoa bultzatzea, eta gizarte-zerbitzuen kudeaketan eta ebaluaketan erabiltzaileek eta profesionalek ere parte hartzea. Halakoetan, ahal dela, gizonen eta emakumeen arteko partaidetza orekatua lortzen saiatu beharra dago.

  6. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren koordinazio orokorra, prestazioak eta zerbitzuak Euskadiko lurralde osoan orekaturik garatu daitezen, hartara, haietara iristeko aukerak homoge­neoak izan daitezen. Eta, beste alde batetik, gizarte-zerbitzuen beren eta gizarte-ongizatea­rekin zerikusi zuzena duten sistema eta politika publikoen artean koordinaturik jarduteko bideak zabaltzea, sistema-politika horiek eskumenak dituzten lurraldean jardun beharra dagoenerako, batez ere honako hauekin: osasun-zerbitzuak, hezkuntzakoak, etxebizitzakoak, enplegukoak eta diru-sarrerak eta gizarteratzea bermatzekoak.

  7. Gizarte Zerbitzuei buruzko Informazioko Euskal Sistema diseinatzea eta mantentzea, Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako herri-admi­nistrazioekiko koordinaziorako duen eskumena erabiliz. Kontua da sistemaren alderdi nagusien tamainaren berri eguneratua izatea eta gizarte-zerbitzuen plangintza koherentea eta egokia ote den jakitea. Diseinu- eta mantentze-lan horretarako baldintzak erregelamendu bidez zehaztuko dira.

  8. Gizarte Zerbitzuen Euskal Behatokia sortzea, zuzentzea, antolatzea eta mantentzea, lege honetan agintzen zaizkion eginkizunak bete ditzan.

  9. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman esku hartzen duten eragile eta profesionalen prestakuntza bultzatzea eta sustatzea, gainerako euskal herri-administrazioekiko koordinaziorako duen eskumena erabiliz eta horretako onartuko diren jarraibide estrategikoen esparruan. Eta, gizarte-zerbitzuen arloan, arreta-kalitatearen hobekun­tza, berritze-zaletasuna eta ikerlana bultzatzea.

  10. Eusko Jaurlaritzaren zuzeneko ekintza-ahalme­narekin zerikusia duten zerbitzuak, zentroak eta erakundeak baimentzea, homologatzea, ikuskatzea eta, halakoetan, zehapen-ahalmena erabiltzea.

  11. Lege honek berak eta lege honen garapen-arauek agintzen dieten beste edozein.

Foru-organoek eskumena izango dute, bakoitzak bere lurraldean, eginkizun hauek betetzeko:

  1. Gizarte-zerbitzuen arloan, beren zerbitzuak antolatzeko erregelamenduak egiteko ahala.

  2. Beren lurraldean, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman bere eskumenekoak diren zerbitzuak antolatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoan jasota da­goenaren arabera, eta, halakorik baldin badago, autonomia-eremuko arlokako planetan eta plan berezietan jasota dagoenaren arabera.

    22. artikuluko 2. paragrafoan arauturik dauden bigarren mailako arretako gizarte-zerbitzuak eskaintzea, zuzeneko ekintza-eskumena dela-eta Eusko Jaurlaritzaren esku daudenak izan ezik.

  1. Bere eskumeneko zerbitzuen prezio publikoak ezartzea, hala balegokio, lege honetako 57.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.

  2. Arrisku larrian edo babesik gabe dauden adingabekoak babesteko dauzkaten eskumenak. Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legean daude zehazturik zein diren eskumen horiek.

  3. Gizarte-ekintzaren hirugarren sektorea susta­tzea, bai eta herritarren parte hartzea ere; elkartegintza bultzatzea, gizarte-zerbitzuen esparruan boluntario-lana eta irabazi-asmorik gabeko eta gizarte-ekimeneko kooperatibismoa bultzatzea, eta gizarte-zerbitzuen kudeaketan eta ebaluaketan erabiltzaileek eta profesionalek ere parte hartzea. Halakoetan, ahal dela, gizonen eta emakumeen arteko partaidetza orekatua lortzen saiatu beharra dago.

  4. Geografia-hurbiltasuna eta baliabideak ahalik eta zuzenen erabili beharra gogoan harturik printzipioak baitira, mankomunitateak edo beste udal-elkarte batzuk osatzeko sustapen-lana eta bultzada, gizarte-zerbitzuak eskaintzeko.

  5. Jarduteko duen eremuan prestazioak eta zerbi­tzuak zer-nola dabiltzan jakiteko informazio eguneratua ematea, eta informazio hori Gizarte Zerbitzuei buruzko Informazioko Euskal Sisteman jasota datozen datuen ezaugarrien arabera eta bete beharreko dena delako eguneraketa-maiztasunaren arabera doitzea (ezaugarri horiek eta maiztasun hori erregelamendu bidez zehaztuko dira).

  6. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman esku hartzen duten eragile eta profesionalen prestakuntza bultzatzea eta sustatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako herri-administrazioekin koordinaturik eta lankidetzan eta horretako onartuko diren jarraibide estrategikoen esparruan. Eta, gizarte-zerbitzuen arloan, arreta-kalitatearen hobekuntza, berritze-zaletasuna eta ikerlana bultzatzea.

  7. Dagokien lurraldean kokaturik dituzten jabetza pribatuko zerbitzu, zentro eta erakundeak baimentzea, eta beharrezkoa bada, homologatzea, eta, zerbitzu, zentro eta erakunde horiek direla-eta, edo beren titulartasunpekoak direla-eta, ikuskaritza-lanak egitea eta zehapen-ahalmena erabiltzea, non eta ez diren sartzen hurrengo artikuluaren 10. paragrafoan aurreikusitako ikuskapen-eskumenetan.

  8. Gizarte Zerbitzuen Foru Erregistroa arautzea eta mantentzea, eta erregistro horretako datuak Gizarte Zerbitzuen Erregistro Orokorrera lekualdatzea, datu-iraulketa berehalakoa bermatzeko moduko baliabide informatikoak erabiliz, hartara, bi erregistro horiek aldi berean eguneratu ahal izan daitezen.

  9. Lege honek berak eta lege honen garapen-arauek agintzen dieten beste edozein.

Udalek eskumena izango dute, bakoitzak bere udalerrian, eginkizun hauek betetzeko:

  1. Gizarte-zerbitzuen arloan, beren zerbitzuak antolatzeko erregelamenduak egiteko ahala.

  2. Beren lurraldean, udalei dagokie Gizarte Zerbi­tzuen Euskal Sistemako zerbitzuak, bere eskumenekoak, antolatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoan jasota dagoenaren arabera, foru-aldundiaren plangintzan jasota dagoenaren arabera eta, halakorik baldin badago, arlokako planetan eta autonomia-eremuko plan berezietan jasota dagoenaren arabera.

    29. artikuluan zehazturik datozen oinarrizko gizarte-zerbitzuak sortzea, antolatzea eta kudeatzea.

  1. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoko lehen mailako arretako gizarte-zerbitzuak eskaintzea, telelaguntza-zerbitzua izan ezik, Eusko Jaurlaritzaren eskumenpekoa da-eta. Lehen arretako gizarte-zerbitzu horiek 22. artikuluko 1. paragrafoan daude arauturik.

  2. Bere eskumeneko zerbitzuen prezio publikoak ezartzea, hala balegokio, lege honetako 57.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.

  3. Arriskuan dauden adingabeak babesteko dauzkaten eskumenak, haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko arloan indarrean dagoen araudiak esleitzen dizkienak.

  4. Gizarte-ekintzaren hirugarren sektorea susta­tzea, bai eta herritarren parte hartzea ere; elkartegintza bultzatzea, gizarte-zerbitzuen esparruan boluntario-lana eta irabazi asmorik gabeko eta gizarte-ekimeneko kooperatibismoa bultzatzea, eta gizarte-zerbitzuen kudeaketan eta ebalua­zioan erabiltzaileek eta profesionalek ere parte hartzea. Halakoetan, ahal dela, gizonen eta emakumeen arteko partaidetza orekatua lortzen saiatu beharra dago.

  5. Jarduteko duen eremuan prestazioak eta zerbi­tzuak zer-nola dabiltzan jakiteko informazio eguneratua ematea, eta informazio hori Gizarte Zerbitzuei buruzko Informazioko Euskal Sisteman jasota datozen datuen ezaugarrien arabera eta bete beharreko dena delako eguneraketa-maiztasunaren arabera doitzea. Ezaugarri horiek eta maiztasun hori erregelamendu bidez zehaztuko dira.

  6. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman esku hartzen duten eragile eta profesionalen prestakuntza bultzatzea eta sustatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako herri-administrazioekin koordinaturik eta lankidetzan eta horretako onartuko diren jarraibide estrategikoen esparruan. Eta, gizarte-zerbitzuen arloan, arreta-kalitatearen hobekuntza, berritze-zaletasuna eta ikerlana bultzatzea.

  7. Udal-eskumeneko zerbitzuak emateko zerbitzu, zentro eta erakundeak ikuskatu eta haien gaineko zigor-ahalmena erabiltzea, diren beren titulartasun pekoak, pribatu itunduak, kontratatuak, edo, hala balegokio, hitzarmen pekoak.

  8. Lege honek berak eta lege honen garapen-arauek agintzen dieten beste edozein.

Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administra­zioak elkarrekiko lankidetza- eta koordinazio-betebeharraren arabera jardungo dira sistemak eraginkortasunez eta eragimenez funtziona dezala bermatzeko.

  1. Gizarte-zerbitzuen arloan, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen artean, instituzioen arteko lankidetza eta koordinazioa taxutzeko, eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren batasuna bermatzeko, Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoa sortzen da. Organo hori Eusko Jaurlaritzan gizarte-zerbitzuen arloko eskumenak dituen sailari atxikita egongo da.

  2. Osaera, araubidea eta funtzionamendua erregelamendu bidez zehaztu beharko dira, eta osaera dela-eta, araudi horretan zehaztu beharko da Eusko Jaurlaritzak alde batetik eta beste aldetik foru-aldundiek eta udalek ordezkaritza paritarioa izan behar dutela, eta organoaren lehendakaria, berriz, Eusko Jaurlaritzaren barruan gizarte-zerbitzuen eskumena duen saileko burua izango da. Arau horietan, emakumeen eta gizonen partaidetza orekatua sustatu beharko da.

  3. Funtzionamendu-arauan jasota dituenez gainera, Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoak honako eginkizun hauek izango ditu:

    1. Honako hauei buruzko txostenak egitea, nahitaez: gizarte-zerbitzuei buruzko lege-aurreproiektuei eta xedapen-proiektu orokorrei buruz, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoari buruz, autonomia-eremuko plan sektorialei buruz eta plan bereziei buruz. Halaber, nahitaezko txostena egin beharko du Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Karterari buruz. Kartera hori osatzeko eta eguneratzeko hartzen diren erabakietan, nahitaezkoa da Herri Administrazioari dagokion ordezkaritzak aldeko botoa ematea, erabakiak derrigorrik eragingo badu, berdin ordezkaritza hori Autonomia Administraziokoa, Foru Administraziokoa edo Toki Administraziokoa bada ere. Azkenik, nahitaezko txostena egin beharko du, hala balegokio, gizarte-ongizatera zuzendutako beste sistema edo politika publiko batzuekin egin litezkeen katalogo eta/edo kartera bateratuei buruz.

    2. Jarduerak bateratzeko, kalitateko kudeaketa eta arreta lortzeko eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema kohesionatzeko balio behar duten estrategia, jarraibide, egitura-osagai eta tresna nagusiak eztabaidatu eta zehaztea; foru- eta toki-araudien eta, kasua bada, arau autonomikoen parametro bateratuak zehaztea, sistemaren batasuna babestearren.

    3. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemak beste sistema eta politika publiko batzuekin koordinatzeko foroetan aurkeztu ahal izango dituen estrategia eta proposamen nagusiak eztabaidatu eta zehaztea, bereziki osasun-, hezkuntza- eta justizia-sistemarekin, eta enplegu-, lanbideratze- eta prestakuntza-politikekin, etxebizitza- eta irisgarritasun-politikekin eta diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko eta berdintasunerako politikekin, eta, oro har, esku-hartze sozialeko arlo jakin batzuetan gizarte-zerbitzuekin batera izan daitekeen beste edozein politika publikorekin.

    4. Informazioa jasotzea, gizarte zerbitzuei buruzko foru-xedapenei eta toki-xedape­nei buruz, lurralde-arloko eta toki-arloko arlokako planei buruz edo onartzen diren plan bereziei buruz, baita horiek betetzen ote diren jakiteko jarraipen eta ebalua­zioari buruz, baita aurrekontuen onespenari buruz eta aurrekontuen gauzatzeari buruz, Administrazioko hiru mailetan.

    5. Estatuko Administrazio Orokorrarekiko lankidetzaren nondik norakoak eztabaidatu eta zehaztea.

      2. paragrafoan aipaturik datorren garapen-arau horretan derrigorra da lurralde- edo toki-batzordeak osatzeko bidea ere jasota egotea, aukera modura. Beharrezkoa edo komenigarria dela uste denean osatuko dira, lurralde-esparru jakin bateko behar bereziak aztertzeko, eta behar horiei erantzuteko plangintza-proposame­nak egiteko.

      1. Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoak bere eginkizunak modu egoki eta eraginkorrean betetzeko behar dituen baliabide pertsonal eta teknikoak izango ditu.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administra­zioetan gizarte-zerbitzuen inguruko eskumenak dituzten organoek eta beste sistema eta politika publiko batzuetako zerbitzuak eskaintzeko eskumena duten organoek koordinaturik jardun beharko dute, eta parametro berberak erabiliz koordinaturik jardun ere; Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoan adostutakoak izango dira parametro horiek, 44. artikuluko 3.c) paragrafoan organo horri esleitutako eginkizunak betetzeko. Sistema eta politika horiek direla-eta, batez ere honako hauek hartuko dira kontuan: osasun-sistema, hezkuntzakoa, judiziala, enplegu-politikak, lanbideratze- eta prestakuntza-politikak, etxebizitzakoak, irisgarritasunekoak, diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzekoak, berdintasunekoak, eta, orokorrean, esku-hartze sozialeko arlo jakin batzuetan gizarte-zerbitzuekin batera izan daitekeen beste edozein politika publiko.

  2. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren eta gizarte-ongizatea lortzeko lanean diharduten beste sistema eta politika publiko batzuen artean lankidetza eta koordinazioa taxutzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-adminis­trazioek neurri hauek hartuko dituzte:

    1. Beren baitan lankidetza-bideak zabaltzeko ardura hartuko dute, administra­zioen arteko lankidetzarako organoak sortuz, edo egokiak iruditzen zaizkien beste formula batzuk erabiliz.

    2. Elkarrekin jarduteko baliabideak eta protokoloak antolatuko dituzte, eta, beharrezkoa bada, baita lankidetza-hitzarme­nak ere. Baliteke eduki ekonomikoa izatea, edo ez, baina, edonola ere, jarduerak koherenteak izango direla bermatzeko eta baliabideak, informazioa eta ezaguerak arrazoi-legez eta zuzen erabiliko direla bermatzeko balioko dute.

  3. Hala egitea komeni dela uste dutenean, gizarte-ongizatea lortzeko sistema edo politika publikoak taxutzeko eskumenak dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetako organoek zerbitzu- eta prestazio-katalogo eta/edo kartera bateratuak osa ditzakete.

  1. Osasun-arazo larriak direla-eta, edo eginkizunen arloko mugak direla-eta, eta/edo gizartetik bazterturik geratzeko arriskua dela-eta, pertsona batzuek behar dituzten zainketek osatzen dute arreta soziosanitarioa, osasun-arreta eta gizarte-arreta aldi berean biltzen dituena, koordinatua eta egonkorra, arreta jarraituaren printzipioarekin bat datorrena.

  2. Hori dela-eta, ustez, talde batzuek beste ba­tzuek baino gehiago beharko dute arreta soziosanitarioa. Hauexek dira: mendetasun-egoeran dauden adinekoak; ezintasunen bat dutenak; buruko gaixotasunak dituztenak eta, bereziki, buru-gaixotasun larriak eta kronikoak dituztenak eta droga-arazoak dituztenak; gaixotasun somatiko kronikoak eta/edo ezintasuna sortzen dutenak dituztenak; ospitaleko alta jaso izanagatik ere oraindik beren buruak zaintzeko nahikoa autonomiarik ez duten eriondoak; gaixotasun terminalak dituztenak; eta gizartetik bazterturik geratzeko arriskua duten beste talde batzuk, eta, bereziki, arriskuan edo babesik gabe dauden edo jokabide-arazoak dituzten adingabeak, genero-indarkeria jasaten duten emakumeak, edo osasun-arloko eta gizarte-arloko laguntza behar duten immigranteak.

  3. Gizarte-arloko eta osasun-arloko lana hobeto koordinatzeko eta bateratzeko, beharra dutenei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzearren, sinergia indartzearren eta baliabideak hobeto erabiltzearren, gizarte-zerbitzuek eta osasun-zerbitzuek, bakoitzak bere aldetik edo elkarrekin, baliabide soziosanitario hutsak eta atal bereziki soziosanitarioak sor ditzakete, beste baliabide edo atal zabalago batzuen baitan.

    Edonola ere, arreta-zerbitzu bat soziosanitarioa baldin bada hala da eta ez bada ez da, aurreko 1. paragrafoan definiturik dagoen moduan, eta dena delako baliabidearen edo atalaren titulartasuna edonorena delarik ere, edonolako konplexutasun-maila duelarik ere, eta baliabide horri edo atal horri soziosanitario izena jarri dioten edo ez begiratu gabe.

  4. Zerbitzu soziosanitarioak gizarte- eta osasun-sistemaren karteretan sartuta dauden presta­zioen agregatuak dira, nahiz eta aldi berean, koordinatuki eta egonkorki aplikatuak izan. Hala bada, zein arlotakoak diren, gizarte- edo osasun-arlokoak, horren arabera aplikatuko zaie arlo batean edo bestean indarrean dagoen araudian aurreikusitakoa. Aurrekoari begira, Eusko Jaurlaritzak zehaztuko ditu, 23. artikuluan erregulatutako karteraren esparruan, zein prestazio hartu behar diren gizarte-zerbitzuen eremukotzat, bai prestazio horiek gizarte-zerbitzu baten esparruan ematen direnean, bai osasun-izaerako zerbitzu baten esparruan ematen direnean. Aurreko hori ahaztu gabe, ordea, eta bere esparruan artatuak izan daitezkeen beharrizan misto eta konplexuen eboluzioa kontuan izanik, zerbitzu soziosanitorioen kartera bat eratuko da, edo arretaren egokitasuna bermatzeko beste formula edo tresna batzuk baliatuko dira.

  5. Koordinazio soziosanitarioa, eta, bereziki, arreta pertsonalizatuaren koordinazioa, esku-hartzeko programa edo prozesuen bitartez antolatuko da, eta sistema bietako zerbitzuek parte hartuko dute horietan, artatzeek jarraipena izan dezaten zainduz.

    Koordinazio soziosanitarioaren esparruan gizarte-zerbitzuek eduki beharreko jardunaren parametroei dagokienez, Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoak finkatutako ditu, besteak beste kontu horretan erabakiak hartzeko eginkizuna izendatuta baitauka organo horrek 44.3.c) artikuluaren arabera.

  6. Eremu soziosanitarioko lankidetza eta koordinazioa honako bitarteko hauen bitartez antolatuko da:

    1. Autonomia Erkidegoaren mailan, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren eta Osasun Sistemaren arteko koordinazioa eta lankidetza Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluari egokituko zaio. Kontseilu horren helburua koordinazio soziosanitarioaren arloan politikari, araugintzari, ekonomiari eta antolakuntzari eta laguntzari dagozkion erabakietan aholku ematea eta erabaki horien jarraipena egitea da.

      Kontseilu horren osaera paritarioa izango da, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren eta Euskal Osasun Sistemaren esparruan eskumena duten autonomia-erkidegoko administrazioko eta udal- eta foru-admi­nistrazioetako ordezkarientzat Kontseilu horren osaera eta funtzionamendua erregelamenduz ezarriko dira.

    2. Foru- eta udal-administrazioen mailan, koordinazio-bitartekoak izango dira, hala nola lurralde-kontzeju, batzorde eta beste organo bitariko batzuk, eta koordinazio soziosanitarioa sustatzea eta erraztea izango dute xede, bai lehen eta bigarren arretaren mailetan eta lan interdisziplinarrean bai erabiltzaileekin diseinatu beharreko esku-hartzeetarako ibilbideetan.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko herri-adminis­trazioek herritar guztien parte-hartzea erraztuko duten parte hartze bideak izango direla bermatuko dute, eta, bereziki, gizarte-zerbitzuetako eta ekimen pribatuko erakundeetako erabiltzaile eta profesionalak ordezkatzen dituzten erakundeenak, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren plangintza, funtzionamendu eta ebaluazioan, eta, horretarako, parte hartzeko bitarteko eraginkor eta zaluak izan daitezela bermatuko dute.

  2. Parte-hartze hori honako formula hauen bitartez egingo da:

    1. Kontsultarako eta parte-hartzerako lege honetan aurreikusten diren organoak.

    2. Parte hartzeko kontseiluak eta erabiltzaileen parte-hartzerako beste bitarteko formal batzuk, gizarte-zerbitzuetako zerbitzuetan eta zentroetan ezarritakoak.

    3. Herri-administrazioek gai orokor edo berezi jakin batzuetan parte hartzeko antolatzen dituzten prozesuak, gai horiek izan dezaketen interes bereziarengatik.

  1. Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseilua kontsultarako eta parte-hartzerako organo nagusia izango da, Eusko Jaurlaritzan gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailari atxikia, eta, bertan, ordezkaritza paritarioa izango dute, alde batetik Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta udalek, eta, bestetik, arloan parte hartzen duten gizarte-eragile guztiek, zehazki, sindikatu-erakundeek, enpresaburuen elkarteek, erabiltzaileen erakundeek, gizarte-ekintzaren hirugarren sektorekoek eta gizarte-zerbitzuen arloan lan egiten duten profesionalen elkarteek.

  2. Kontseilu horren osaera, araubidea eta funtzionamendua erregelamendu bidez zehaztuko da, eta, bertan, emakumeen eta gizonen ordezkari­tza orekatua izan dadila zaindu beharko da.

  3. Funtzionamendu-arauan jasota dituenez gainera, Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluak honako eginkizun hauek izango ditu:

    1. Honako hauei buruzko txostenak egitea, nahitaez: lege-aurreproiektuak eta xedapen orokorren proiektuak, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Zerbitzuen eta Prestazioen Kartera barne. Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa, autonomia-erkidegoa eremu duten plan sektorialak eta plan bereziak. Halaber, nahitaezko txostena egin beharko du, 45.3 eta 46.4 artiku­luetan ezarritako moduan, gizarte-ongi­zatera zuzendutako beste sistema edo politika publiko batzuekin egin litezkeen katalogo eta/edo kartera bateratuei buruz.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek beren plan orokorrak, sektorialak eta bereziak nola betetzen diren ebaluatu eta horien jarraipena egin behar dute, eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluari eman horren berri; era berean, gizarte-zerbitzuei eragiten dieten xedapenen aplikazioaren berri eman behar diote.

    3. Gizarte-zerbitzuen ekintzaren gaineko edozein gairi buruzko iradokizun, proposamen eta ekimenak egin eta jasotzea.

    4. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema hobe­tzeko gomendioak egitea, Gizarte Zerbi­tzuei buruzko Informazioko Euskal Sistemaren esparruan jasotako datuak oinarritzat hartuta egingo den urteroko txosten baten kariaz.

  4. Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluaren barruan gizarte-zerbitzuen kontseilu sektorialak sortu ahal izango dira; kontsultarako eta parte-hartzerako izango dira, eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren erabiltzaileen eta profesionalen beharrizan berezien arabera zehaztuko da zein arlotan jardungo diren. Arlokako kontseilu horiek aintzat hartu ahal izango dituzte beren eginkizuna betetzeko egoki iruditzen zaizkien txosten eta ikerketa guztiak, bai eta, bereziki, erabiltzaileen ordezkaritza-erakundeek eta gizarte-ekintzaren hirugarren sektorekoek egindako proposamenak ere. Nolanahi ere, beharrezkotzat jotzen diren beste batzuk sortzea eragotzi gabe, nahitaez eratu beharko dira arlo hauetako kontseiluak: adinduak, haurrak, ezinduak eta gizarteratzea. Orobat, gizarte-zerbi­tzuen arloko enpleguaren kalitaterako eta prestakuntzaren eta kualifikazioaren hobekuntzarako kontseilu bat ere sortu beharko da.

    Kontseilu sektorialen eginkizunak, osaera eta funtzionamendu-araubidea kontseiluok sortzeko xedapenetan ezarriko dira; xedapen horiek gizonezkoen eta emakumezkoen ordezkaritza orekatua izan dadin zaindu beharko dute.

  1. Foru-aldundiek eta udalek, bakoitzak bere lurraldearen eremuan, eta beren kasa edo beste batzuekin elkar hartuta, autoantolaketarako ahalmenaz dihardutela, gizarte-zerbitzuen kontseilua eratuko dituzte, nork bere eskumen-eremuko gizarte-zerbitzuei buruzko kontsultarako eta parte-hartzerako organo gisa.

  2. Kontseilu horien osaerak gizarte-zerbitzuen eremuan esku hartzen duten gizarte-eragileen parte hartzea bermatu beharko du, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako herri-adminis­trazioena ere, kasu bakoitzean dagokionarena. Halaber, gizonezkoen eta emakumezkoen artean ordezkaritza orekatua egon dadin zaindu beharko da.

  3. Gizarte-zerbitzuen lurralde-kontseiluen eta tokiko kontseiluen barruan, Gizarte-zerbitzuen kontseilu sektorialak eratu ahal izango dira, kontsultarako eta parte-hartzerako organo gisa, eta arlo jakin batean gauzatuko dute beren jarduera.

    Kontseilu sektorialen eginkizunak, osaera eta funtzionamendu-araubidea beren sorrera-xedapenetan ezarriko dira.

  1. Gizarte-zerbitzuen antolamendu egokia eta baliabide guztien ezagutza eguneratua bermatze aldera, erakunde publiko eta pribatu guztiak, eta horien mendeko zerbitzu eta zentro guztiak, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemakoak izan edo ez, erregistratu egin beharko dira.

  2. Egitura, antolamendua eta erregistro-prozedura erregelamendu bidez zehaztuko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarena eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako moduan.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan gizarte-zerbitzuen erregistro hauek izango dira:

    1. Gizarte Zerbitzuen Erregistro Orokorra, Autonomia Erkidegoaren eremukoa, Eusko Jaurlaritzan gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen sailari atxikia; hor, Eusko Jaurlaritzaren zuzeneko ekintzarekin zerikusia duten erakunde, zerbitzu eta zentro guztiak inskribatuko dira. Erregistro horretan, foru-erregistroek egiten dituzten inskripzioak idatziko dira, bai eta gehitu ere, informazioa emate aldera. Hain zuzen ere, foru-erregistroek Eusko Jaurlaritzan gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen sailari emango diote berek egiten dituzten inskripzioen berri.

    2. Foru-aldundiek, nork bere lurralde historikoan, gizarte-zerbitzuen foru-erregis­troak sortuko dituzte, eta, bertan, beren titulartasuneko erakunde, zerbitzu eta zentro guztiak inskribatuko dituzte, bai eta beren titulartasunekoak ez diren beste batzuk ere, beren eskumeneko lurralde-eremuan jarduten diren titulartasun publiko edo pribatuko erakunde, zerbitzu eta zentroak, alegia.

      Gizarte Zerbitzuen Erregistro Orokorra etengabe eguneratzen dela eta erregistro horretako datuen eta foru-erregistroetan bildutakoen artean koherentzia dagoela bermatze aldera, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-adminis­trazioek bermatu behar dute batetik bestera irauli beharreko datuak berehala iraultzeko eta erregistroak aldi berean eguneratzeko behar diren tresna informatiko egokiak prestatu eta aplikatuko direla.

  2. Erregistro horiek sortu eta horien mantentze-lana egiteko, datu pertsonalak babesteari dagokion arloan unean-unean indarrean dagoen araudian aurreikusitakoari jarraitu beharko zaio.

  1. Erregistroak tresna publikoak izango dira, eta, haietara irispidea izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legean, azaroaren 26koan, ezarritako zehaztasun eta baldintzak bete beharko dira.

  2. Datuen ezaupide eta publizitatea ziurtatzeko tresnak dira, eta, hala direnez, honako eginkizun hauek bete beharko dituzte:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuen arloan jarduten diren erakunde, zerbitzu eta zentroak zeintzuk diren jakiteko modua ematea, eta, orobat, erakunde, zerbitzu eta zentro horiek Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioekin duten harremana jakiteko modua; horretarako, lege honetan arautzen diren itun-araubidearen barruan sartzen diren itunen datuak idatziko dira bertan, bai eta, hala balegokio, bestelako hitzarmenak; orobat idatziko dira Prestazioen eta Zerbitzuen Katalogoan sartzen diren zerbitzuen kudeaketarako kontratuak eta hitzarmenak.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan jarduten diren gizarte-zerbitzuen publizitaterako tresna izatea.

  1. Zentroak eta zerbitzuak titulartasun publikokoak direnean, herri-administrazioek inskribatuko dituzte beren kasa horiei buruzko datuak; orobat aldez aurreko administrazio-baimena lortu duten titulartasun pribatuko zentro eta zerbi­tzuena, eta horien titular diren erakundeena.

    Gizarte-zerbitzuetako erakunde pribatuen kasuan, zerbitzuen edo zentroen titular ez direnean, interesatuak eskatuta egingo da inskripzioa, eta, horretarako, titularraren edo legezko ordezkariaren eskaera beharko da aldez aurretik.

  2. Erregistroko inskripzio horrek inskribatutako datuen publizitatea eragingo du, inskripzioa egiteko ebazpena onartzen den egunetik aurrerako balioarekin.

  3. Inskripzioak ez du eraketa-baliorik izango, ez eta erregistratutako erakundeen mendeko zentroei edo zerbitzuei baimena ematekoa ere, eta ez die interesatuei inolako eskubiderik emango, inskripzio horren kausa diren egintzak eta datuak bertan jasota daudelako froga izan ezik.

  4. Erregistroko inskripzioa behar-beharrezko eta aldez aurreko baldintza izango da erakunde, zerbitzu edo zentro bat diru-laguntzen eta bestelako laguntzen araubideaz baliatu ahal izateko, eta, hala balegokio, erakunde, zerbitzu edo zentro horiekin itunak edo hitzarmenak egiteko edo horiek kontratatzeko, betiere, aldez aurretik homologazioa lortzen badute.

  5. Gizarte-zerbitzuen erregistroan inskribatutako erakundeek urtez urte eguneratu beharko dituzte beren datuak eta beren titulartasuneko zerbi­tzuei eta zentroei dagozkienak; bereziki aipatu beharko dituzte, hala balegokio, Prestazioen eta Zerbitzuen Katalogoko zerbitzuak emateko Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administra­zioekin gauzatutako itunak, kontratuak eta hitzarmenak, erregistroa etengabe eguneratzen dela bermatzearren eta, hala, Gizarte Zerbitzuei buruzko Informazioko Euskal Sisteman dauden datuak eguneratzearren.

Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema, honako hauen kontura finantzatuko da:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura.

  2. Lurralde historikoetako Aurrekontu Orokorren kontura.

  3. Udalen aurrekontuen kontura.

  4. Erabiltzaileek ordaindutako prezio publikoen edo tasen kontura.

  5. Ordenamendu juridikoan babestuta, horretarako bideratzen beste den edozein diru-ekarpenen kontura.

  1. Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta udalek, urtero, lege honetan eta lege honen garapeneko xedapenetan egozten zaizkien eskumenak egikaritzetik ondorioztatzen diren gastuei aurre egitera bideratutako diru kopuru nahikoak izendatuko dituzte bakoitzak bere aurrekontuetan, haien artean ezar ditzaketen finantza-lankide­tzarako formulei kalte egin gabe.

  2. Aurreko paragrafoan aipatutako aurrekontu-izendapenak, betiere, bai Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoan jasotako prestazio eta zerbitzuak emateari dagokionez, bai maila administratibo bakoitzari izendatutako gainerako eginkizunei dagokienez egingo dira.

  1. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemari dagozkion prestazio tekniko, ekonomiko eta teknologikoak 54. artikuluan aurreikusitako aurrekontu-izendapenen eta gainerako finantzaketa-iturrien kontura finantzatuko dira.

  2. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemari dagozkion prestazioak, beste sistema batzuen esparruan hornituak badira, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duten Eusko Jaurlaritzako, foru-aldun­dietako eta udaletako sailek finantzatuko dute, bakoitzak bere eskumenen eremuan.

  3. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemari dagozkion prestazioen izendapena ez duten prestazio teknikoek, 14.5 artikuluan arautzen diren baldintzetan, zerbitzu horrek hornituko ditu, Katalogoan sartutako zerbitzuen esparruan eskaintzen direnean. Aurrekoa gorabehera, zerbitzu horien finantzaketa beste sistema publikoei egokituko zaie prestazio horiei dagozkien sistemei, hain zuzen ere, bai eta, sistema horietan hala aurreikusten bada, erabiltzaileari ere; hori dela eta, administrazio eskudunek argituz joan beharko dute arian-arian zeintzuk diren beren finantzaketa-erantzukizunak eskumena duten prestazioetan.

    Eremu soziosanitarioan eskaintzen den arretaren kasuan, zerbitzu soil-soilik soziosanitarioen, unitate berariaz soziosanitarioen eta arreta so­ziosanitario orokorraren finantzaketa batera egin ahal izango da eraginpeko administrazio publiko guztien artean, horretarako adosten dituzten hitzarmenen bitartez. Aldiz, administrazio horiek bidezko diren konpentsazio ekonomikoko formuletara atxiki ahal izango dira, osasun-sistematik gizarte-zerbitzuen zerbitzura, edo alderantziz, baldin eta haietako baten eskumenekoak diren zerbitzuak, askotariko kausak direla-eta, bati atxikitako zerbitzuetan eskaintzen badira.

  4. Pisuetan edo etxebizitza arruntetan egoitza-alternatibak instalatzeko, foru-aldundiek eta udalek edo udal-elkarteek babes ofizialeko etxebizitzen erreserba eskuratu ahal izango dute. Etxebizitzaren arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren zuzeneko promo­zioetan eta udalen promozioetan eta administrazio horiek ezartzen dituzten baldintzetan, erakunde publikoetarako besterentzera bideratzen diren babes ofizialeko etxebizitzen erreserba hori eskuratu ahal izango dute erakunde horiek, beren eskumenari dagozkion gizarte-zerbitzuetako ekipamenduak sortzeko.

  5. Euskal Autonomia Erkidegoko herri-adminis­trazioek elkarren artean eta beste erakunde publiko batzuekin duten lankidetza, aurreko paragrafoetan aurreikusia, lankidetzako hitzarmenen edo indarreko legerian araututako edozein formularen bidez gauzatuko da, zer eta lankidetza hori izarian egiteko, ezarrita dauden helburuak betetzera egokitzeko eta kasu bakoitzean bidezko irizten diren finantza-kontroleko neurrietara atxikitzeko.

  1. 21 eta 22. artikuluetan zehaztutako katalogoan sartzen diren zerbitzuak bi eratakoak izango dira: doakoak edo kasuan kasuko prezio publikoa edo tasa ordaintzera atxikiak. Bi kasuetan, zerbitzu horietara iristeko modua berariazko eskakizunak ezarriz arautuko da. Zerbitzuetarako irispidea bermatuta geratuko da kasu bakoitzean aplikagarri diren eskakizunak betetzen dituzten pertsona guztientzat, eta, inola ere, ez daitezke baztertuta geratu kausa ekonomikoengatik.

  2. Erabiltzaileek ez dute, inola ere, parte hartuko Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Karteraren esparruan doakotzat araututako zerbitzu eta prestazioen finantzaketan, alde batera utzita nolakoa den zerbitzua eta zerbitzu hori zein esparrutan eskaintzen den.

    Era berean, erabiltzaileek ez dute, inola ere, parte hartuko Euskal Osasun Sistema Publikoaren Prestazio eta Zerbitzuen Karteraren esparruan doakotzat araututako zerbitzu eta presta­zioen finantzaketan, alde batera utzita nolakoa den zerbitzua edo zentroa eta zerbitzu hori zein esparrutan eskaintzen den, ez eta, hala gertatuko balitz, 45.3 eta 46.4 artikuluetan ezarritakoarekin bat etorrita, katalogo eta/edo kartera bateratuen esparruan doakotzat araututako zerbitzuen finantzatzetan ere.

  3. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Karteran barneratutako prestazio eta zerbitzuen finantzaketan, doakotzat zehaztuta ez daudenetan, erabiltzaileek izango duten parte-hartzea, berriz, kasuan kasuko prezio publikoa edo tasa zehaztearen bitartez egingo da, lege honetan eta lege honen garapeneko xedapenetan Euskal Autonomia Erkidego osorako ezartzen diren irizpideen arabera. Betiere, prezio publikoa zehaztean, honako hauek hartuko dira kontuan:

    1. Prestazioaren eta zerbitzuaren mota eta kostua.

    2. Erabiltzaileen baliatze-mailak.

  4. Erabiltzaileen parte-hartzea eta, behar izanez gero, haiei laguntza eskaintzeko legez behartuta dauden pertsonen parte-hartzea zehazteko asmoz, prestazio eta zerbitzuen finantzaketan, honako faktore hauek neurtuko dira beti:

    1. Erabiltzailearen diru-sarrerak. Erregelamenduz zehaztuko dira baliabide horiek, eta progresibotasun-irizpideen arabera baloratuko. Nolanahi ere, baloraziotik kanpo geldituko da ohiko bizileku duen etxebizitza edo ostatua, salbu eta balio aparta duen etxebizitza denean. Halako kasuetan, etxebizitzaren balio aparta Eusko Jaurlaritzak zehaztuko du erregelamendu bidez, Euskal Autonomia Erkidegoak unean-unean duen egoera ekonomiko eta soziala kontuan izanda.

    2. Baliabide ekonomikoak zenbatzeko, kasu hauetan izango da kontuan bizikidetzako familia-unitatea: familia-unitateko kideak ekonomikoki zerbitzuaren zuzeneko onuradunaren mende daudenetan, eta zerbitzuaren zuzeneko onuraduna adingabea denean; kasu horietan bakarrik.

  5. Zerbitzuak ordaintzera behartuta daudenek, baldin eta kasuan kasuko prezio publikoa edo tasa osorik ordaintzeko nahikoa baliabide ekonomiko ez daukatela egiaztatzen badute, salbuespenak eta haborokinak izango dituzte.

  6. Behartuta egongo dira prezio publikoa ordaintzera, edo 5. paragrafoan aipatutako hobariak aplikatu ondoren dagokion diru-kopurua ordaintzera, zerbitzuan sarrera duten pertsona fisikoak eta, adin txikikoen kasuan, guraso-ahala edo tutoretza dutenak.

    Era berean, behartuta egongo dira ordaintzera, erregelamendu bidez finkatzen diren zehaztapenekin, ondare-eskualdaketa baten edo batzuen onuradun izan diren pertsonak ere, baldin eta erabiltzaileek eskualdaketa horiek dohainik eta zerbitzuan sartzea eskatu aurreko bost urteetan egin badituzte.

  7. Erabiltzaileak prezio publikoa edo tasa oso-osorik ordaintzeko nahikoa baliabide ekonomikorik ez badu, 6. paragrafoan adierazi bezala ordainketa egitera behartuta dauden pertsonek beren gain har dezaketen kopuruaren eta zerbitzuaren kostua zerbitzua hornitzeko eskumena duen herri-administrazioak bete beharko du.

  8. Erabiltzaileek beti bermatuta edukiko dute erabilera libreko urteko gutxieneko kopuru bat; kopuru hori erregelamendu bidez zehaztuko da, zerbitzuen izatasunaren arabera, eta urtero eguneratuko da. Baldin eta erabiltzailearen diru-sarrera garbiak aurreko atalean aipatzen den erabilera libreko urteko gutxieneko kopuruaren berdinak edo txikiagoak badira, prestazioa doakoa izango da kasu horretan ere.

  9. Adinekoentzako egoitza-zerbitzuen kasuan, baldin eta zerbitzuaren erabiltzaileek kasuan kasuko prezio publikoak edo tasak ordaintzeko nahikoa diru-sarrerarik ez, baina gastu horiei atxiki dakiekeen ondareren bat badute, finan­tzaketa-formula alternatiboak adostu ahal izango dira herri-administrazio eskudunaren eta erabiltzailearen artean. Formula horiek, betiere, erabiltzailearen ondarearen osotasuna, erabilera ona eta balorazio zuzena bermatu beharko dute, eta, era berean, zorra onartzeko prozedurak egituratu ahal izango dira. Ondare horren balorazioan kontuan hartuko da ohiko etxebizitza kanpo uztea 4.a) paragrafoan ezarritako moduan.

    Zorra kobratzeko, ordaindu behar duen pertsonaren ondasunen ondare-betearazpena gauzatu behar bada, betearazpen horrek ez du etxebizi­tza eraginpean hartuko, baldin eta pertsona horrek erabili behar badu zerbitzuan baja eman zaiolako, edo etxebizitza hori haren bizikidetza-unitateko beste kide batzuen helbide ohikoa eta bakarra baldin bada, erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan.

  10. Zerbitzuak esleitzea eta zerbitzuok nolako inten­tsitatez eta zein modalitatetan eskaini behar diren zehaztea ez dira egongo onuradunaren baliabide ekonomikoen mailaren mende, baizik eta esku-hartze horren beharrizanaren mende.

  11. Baliabide ekonomikoen maila kontuan hartu beharko da, betiere, kasuan kasuko zerbitzuaren finantzaketan izan beharreko parte-hartzea­ren zenbatekoa zehazterakoan, eta ez daiteke izan, inola ere, zerbitzutik baztertzeko faktorea.

  12. Emandako zerbitzuaren kalitatea ez da zehatu ahal izango, inola ere, zerbitzuaren kostuan erabiltzaileak duen parte-hartzearen arabera.

  1. Erakunde pribatuen parte-hartzea bultzatuko da Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoan sartuta ez dauden gizarte-zerbitzuen finantzaketan. Horretarako, besteak beste, erantzukizun sozial korporatiboa egikaritzea ahalbidetzen duten jarduerak sustatuko dira.

  2. Gizarte-zerbitzuen finantzaketan boluntario moduan parte hartzen duten erakunde pribatuek ere Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoan jasotako lerroak hartuko dituzte erreferentziatzat, eta arreta berezia eskainiko diete berrikuntzarekin eta etengabeko hobekuntzarekin lotutako helburu eta estrategiei.

  1. Ekimen pribatuko erakundeek, Gizarte Zerbi­tzuen Erregistroan inskribatzeaz gain, kasuan kasuko administrazio-baimena beharko dute gizarte-zerbitzuen horniketan eta eskaintzan esku hartu ahal izateko, zerbitzuon izatasunaren eta tipologiaren arabera egokitzen zaizkion eskakizun material, funtzional eta pertsonalekoak bete ondoren.

  2. Erakunde pribatuek, behar bezala inskribatzeaz eta baimentzeaz gain, aldez aurreko homologazioa ere beharko dute Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman sartutako gizarte-zerbitzuen eskaintzan esku hartzeko.

  3. Aldez aurreko homologazioa nahitaezko baldin­tza izango da erakunde pribatu batek gizarte-zerbitzuen horniketa herri-administrazio batekin hitzartu edo kontratatu ahal izan dezan. Homologazioa lortzeak, nolanahi ere, ez du ematen eskubiderik itunak edo kontratuak, edo, hala balegokio, lankidetza-hitzarmenak egitea galdatzeko.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administra­zioek, beren eskumenen eremuan, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoko zerbitzuen eskaintza antolatu ahal izango dute, honako formula hauen bidez: zuzeneko kudeaketa, itunak lege honetan aurreikusitako itun-araubidearen bidez, zeharkako kudeaketa Administrazio Publikoen kontrata­zioko araudiaren esparruan, eta hitzarmenak irabazi-asmorik gabeko erakundeekin.

  2. Eskarien lehenengo harrerako prestazioak, bai eta esku-hartzeko oinarrizko prozedura gisa kasuko koordinazioa duten prestazioei zuzenean lotutakoak ere, bereziki balioespena, diagnostikoa eta orientazioa, beti zuzeneko kudeaketa publikokoak izango dira, dela lehen mailako arretaren eremuan, dela bigarren mailako arretarenean.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko herri-adminis­trazioek, koordinazioko eta lankidetzako, gizarte-ekimenaren sustapeneko eta baliabideen aprobetxamendu osoko, arrazional eta eraginkorreko printzipioak aplikatuz, egoki gertatzen denetan, gizarte-ekimen pribatuak garatzen dituen gaitasunak eta baliabideak aprobetxatzen ahaleginduko dira, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoko prestazio eta zerbitzuen horniketa ziurtatzeko asmoz.

  4. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoko zerbitzuen kudeaketan, edo gizarte-zerbitzuen eremuan erantzukizun publikokoak diren beste jarduera batzuen kudeaketan, esku hartzen duten erakunde pribatuei dagokienez, 7. artikuluan aurreikusitako jokaera-printzipioak errespetatu beharko dituzten beren jardunean, arreta berezia eskainiz c) idatz-zatian erregulatutako berdintasun- eta ekitate-printzipioari. Bereziki, Euskararen Erabilpena Arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean eta Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003 Legean ezarritakoa betetze aldera, erakunde pribatu horiek beharrezko diren bitarteko guztiak jarriko dituzte erabiltzaileek euskara edo gaztelania erabili aukeratzeko duten eskubidea gauzatu ahal izatea bermatzeko.

    2. ATALA

    ITUNAK EGITEA EKIMEN PRIBATUAREKIN

  1. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazioen eta Zerbitzuen Katalogoko zerbitzuak ematen dituzten ekimen pribatuko erakundeek, horretarako beren titulartasuneko zentroak dituztenek, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman nola parte hartu behar duten antolatze aldera, itun-araubide bat ezartzen da, herri-administrazioen kontratu-araudian arautzen diren kontratu-modalitateetatik bereizia; esparru horretan izango dute erakunde horiek ematen dituzten erantzukizun publikoko zerbitzuek diru publikoen sostengua.

  2. Eusko Jaurlaritzak, lege honetan ezarritakoaren esparruan, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako kide egiten diren zentro pribatu itunduen araubide juridikoa eta jarduerako baldintzak ezarriko ditu, eta itun-araubidearen oinarrizko alderdiak arautuko ditu, bereziki ituna eskuratzeko eskakizunak, itunaren gehienezko iraupena eta ituna iraungitzeko kausak, bai eta aldeen betebeharrak ere.

  3. Administrazioaren eta erakunde pribatuaren artean sinatutako itunak ezarriko ditu elkarrekiko eskubide eta betebeharrak, itunaren araubide ekonomikoari, iraupenari, luzapenari eta azkentzeari, itundutako unitate-kopuruari, behar izanez gero, eta gainerako baldintzei dagokienez.

  1. Itungai izan daitezke:

    1. Plazen erreserba eta okupazioa, herri administrazioek baimendutako onuradunek bakarrik erabil ditzaten. Zerbitzu horietarako irispidea administrazio horiek baimenduko dute, azken horiek horretarako aurreikusitako hautaketa-irizpideak aplikatuz.

    2. Prestazio, zerbitzu eta zentroen kudeaketa osokoa.

  2. Zerbitzu eta/edo zentro bat baino gehiago bil­tzen duen itun bakar bat izenpetu ahal izango da, betiere titular bera badute.

  1. Itunak honetara behartzen du ituntzen duen erakunde pribatuko titularra: prestazio eta zerbitzuak Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Karterak finkatutako baldintzetan hornitzera, hain zuzen ere.

  2. Doakoak ez diren prestazioek ezin izango dute eduki irabazizko izaerarik, eta erabiltzaileei ezin izango zaie diru-kopururik kobratu, ezarritako prezio publikotik aparte, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemari dagozkion prestazioengatik. Erabiltzaileei 14.5 artikuluan aurreikusitako prestazio osagarriengatik, hitzartutako prezio publikoetatik aparte, beste diru-kopuru bat kobratu ahal izateko, administrazio eskudunaren baimena beharko da.

    Hitzartutako prezio publikoak kobratu behar direnean, erakunde pribatu itunduak lankide izango dira bilketan, baina zerbitzua emateko eskumena duen administrazioa izango da bildutakoaren azken hartzailea.

  1. Itun-araubidea eskuratu ahal izateko, erakunde eskatzaileek, gainera, itunak ezartzeko erregelamendu bidez ezartzen diren eskakizunak bete beharko dituzte, eta betiere honelako arreta eskainia izan beharko diote, zerbitzuaren izatasunaren arabera zehazten den denboran zehar, antzeko beharrizanak dituzten pertsona, familia eta/edo taldeei, hau da, zerbitzuaren edo zentroaren hartzaile direnen antzeko beharrizanak dituztenei, ituna zerbitzu edo zentro horietarako eskatzen badute, eta zerbitzua eman behar duten eremuan aldez aurretik egon direla egiaztatu beharko dute.

  2. Betiere, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Karteran finkatutako baldintzak betetzen direla ziurtatzeko nahikoa bitarteko eta baliabide daukatela egiaztatu beharko dute, bai eta, oro har edo berariaz, aplikaziokoak zaizkion arauak betetzen dituztela ere, dela erakundearen izaera juridikoaren izaeraren arabera, dela itungai den zerbitzu-motaren arabera.

  3. Plazen okupazioko edo erreserbako itunak egiten dituzten erakundeek, betiere, zentroaren titulartasuna egiaztatu beharko dute, erabilera- eta gozamen-eskubide erreala izan beharko dute zentroaren gainean, eta eskubide hori, betiere, ez da izango itunaren indarraldia baino laburragoa. Zentroaren titularra lokalaren edo eraikinaren jabea ez bada, egiaztatu beharko du jabearen baimena daukala lokal edo eraikin hori itunaren xederako bideratzeko.

  4. Era berean, itun-araubidea eskuratzeko, erakundeek egiaztatu beharko dute, beren antolaketan, funtzionamenduan eta esku-hartzean, berdintasuneko printzipioa erabat errespetatuz jarduten dutela, genero-ikuspegiaren egiazko integrazioaren eta helburu horretara bideratutako berdintasuneko neurri edo planen egituraketaren bitartez, zehazki familia eta lana uztartzeko neurrien bitartez.

  1. Itunak ezartzerakoan, administrazio publikoek lehentasuna emango diete, eraginkortasuneko, kalitateko eta kostuko baldintza antzekoak daudenean, irabazizko izaerarik ez duten gizarte-zerbitzuak eskaintzen diharduten erakundeei.

  2. Era berean, ituna eskatzen duen erakundearen forma juridikoa alde batera utzita, diskriminazio positiboko neurriak aplikatuko dira, besteak beste, hain ibilbidean, honako neurri hauek benetan aplikatu dituzten erakundeentzat:

    1. Jardueraren emaitza ekonomikoak itun­tzea eskatu duten zerbitzu eta zentroen etengabeko hobekuntzara bideratu izana, eta hori egiteko hitza ematea ituna indarrean dagoen bitartean.

    2. Gizarte-egoera bereziki ahuleko pertsona, familia eta/edo taldeei zuzendutako zerbitzuak eskaintzea edo zentroak kudeatzea.

    3. Itundu beharreko zerbitzuari edo zentroari balioa eranstea, zerbitzuaren hartzaile diren pertsona, familia eta/edo taldeei zuzendutako beste prestazio, zerbitzu edo jarduera batzuekin lortzeko.

    4. Itundu beharreko zerbitzurako edo zentrorako pertsonal kontratatuaren ratio ezarriak hobetzea Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbi­tzuen Karteran.

    5. Erasandako pertsonen parte-hartzea eta gizarte-boluntariotzako jarduerak aurreikustea, elkarlaguntzako jardueren bidez, zerbitzuaren edo zentroaren hartzaile diren pertsona, familia eta/edo beharrizanak artatzeko.

    6. Zuzendaritzako organoetan emakumeak % 40tik gora izatea.

    7. Familia- eta lan-bizitza uztartzera zuzendutako neurriak aplikatzea.

    8. Ahalmen-urrituak lanean, legeek agintzen dutenetik harago, benetan integratzeko neurriak aplikatzea.

    9. Ingurumena babesteko, zaintzeko eta berrezartzeko neurriak aplikatzea.

    10. Kalitatea bermatzeko edo etengabe hobetzeko sistemak aplikatzea.

    11. Lan-baldintzak hobetzera zuzendutako neurriak aplikatzea.

  1. Itundutako zerbitzuak mantentzera bideratzen diren funts publikoen zenbateko osoa, kasuan kasuko administrazioaren aurrekontuetan ezarriko da.

  2. Zenbateko oso hori banatzerakoan, urtero finkatuko dira itundutako prestazio eta/edo zerbi­tzu bakoitzari dagozkion modulu ekonomikoen zenbatekoak.

  1. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoko prestazio eta zerbi­tzuen horniketarako itunak, betiere, urte askoko oinarri baten gainean ezarri beharko dira, prestazio eta zerbitzuen horniketan egonkortasuna ziurtatzeko; dena dela, prestazio eta zerbitzu horien indarraldia agortu aurretik, berrikusi eta, behar izanez gero, aldatu behar diren alderdiak zehaztuko dira.

  2. Itunak berritu ahal izango dira, hasierako iraupen-epearen berdina den aldi baterako, betiere hala aurreikusita badago.

  3. Behin, edozein kausa dela eta, itunaren indarraldia amaituz gero, Administrazio Publikoek bermatu beharko dute itundutako prestazio eta zerbitzuen erabiltzaileek ez dutela kalterik jasango ituna amaitzeagatik.

Itunaren formalizazioa kontratu-programa ba­tzuetan gauzatuko da. Erregelamendu bidez ezartzen diren alderdiez gain, honako hauek zehaztuko dituzte kontratuok:

  1. Itunaren xedea zehaztea eta jardueraren bolumen osoa zenbatestea.

  2. Iraupena, iraungitzeko kausak, eta ituna alda­tzeko eta berritzeko prozedura.

  3. Itundutako erakundea mantentzeko, kasuan kasuko modulu ekonomikoen arabera, Administrazioak izendatzen duen kopuru osoa.

  4. Ordainketen aldizkakotasuna eta ordainketak egiteko prozedura, eta gastuak justifikatzekoa.

  5. Segimendu, kontrol eta auditoretzako prozedura eta mekanismoak, Administrazioaren aldetik.

  6. Aldeek bere gain hartzen dituzten betebeharrak.

    3. ATALA

    LANKIDETZAKO ESPARRU-HITZARMEN

    ETA -AKORDIOAK

Euskal Autonomia Erkidegoko herri-adminis­trazioek hitzarmenak ezar ditzakete irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeekin, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazioen eta Zerbitzuen Katalogoan sartutako prestazio eta zerbitzuen horniketarako; baldin eta, erakundearen jarduera edo dagokion prestazioa edo zerbitzua berezia, premiazkoa, berritzailea edo esperimentala izaki, itun-araubidea aplikatzea komeni ez bada, ituna nola arautu den aintzat hartuta, eta betiere hori behar bezala egiaztatzen bada.

Aurrekoa gorabehera, aplikatzekoak izango zaizkie hitzarmen horiei itun-araubideari dagozkion ezaugarri eta eskakizun guztiak, hitzarmen izatasunarekin bateraezinak gertatzen ez badira; batik bat, aplika­tzekoak izango dira modulu ekonomikoak, eskuratzeko eskakizunak eta diskriminazio positiboko neurriak arautzen dituzten arau-xedapenak.

Aurreko ataletan aipatzen diren hitzarmenak, kontratu-programen bidez formalizatu behar dira, 68. artikuluan itunetarako aurreikusitako baldintzetan.

Euskal Autonomia Erkidegoko herri-adminis­trazioek lankidetzako esparru-akordioak ezarri ahal izango dituzte irabazi-asmorik gabeko erakundeekin. Akordio horiek honako hauek jasoko dituzte: direla katalogoan sartutako zerbitzuak eskaintzeko erakundearekin ezartzen diren itun, hitzarmen edo kontratuak, direla katalogoan sartu gabeko gizarte-zerbitzuak eskaintzeko edo kasuan kasuko administrazio publikoak sustatzea egokitzat edo bidezkotzat hartzen dituen beste jarduera batzuk egiteko erakunde horiekin izenpetzen diren lankidetzako hitzarmenak.

4. ATALA

GIZARTE ZERBITZUEN EUSKAL

SISTEMAKO PRESTAZIO ETA ZERBITZUEN KATALOGOKO ZERBITZUEN KUDEAKETA KONTRATATZEA ETA GIZARTE-ZERBITZUEN EREMUKO ERANTZUKIZUN PUBLIKOKO BESTE JARDUERA BATZUK KONTRATATZEA

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko herri-adminis­trazioek Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoko zerbitzuen zuzeneko kudeaketa aukeratzen ez dutenean, zerbitzuen zeharkako kudeaketara jo ahal izango dute, zerbitzuon izatasuna edo izaera berritzailea dela eta, itun-araubidera jotzea ezinezko gertatzen denean.

  2. Katalogoko zentro eta zerbitzuen zeharkako kudeaketa hori herri-administrazioen kontratuak arautzen dituzten araudietan zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratuetarako aurreikusten diren xedapenetara egokitu behar da. Kontratu horiek kontratu-programen bidez formalizatuko dira, 68. artikuluan itunetarako aurreikusten diren baldintzetan.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administra­zioek, gainera, zerbitzu eta zentroen kudeaketaz besteko jarduera batzuk egitea kontratatu ahal izango dute titulartasun publikoko erakundeekin.

  1. Administrazio Publikoek, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoko zerbitzuak kudeatzeko kontratuak eslei­tzeko prozeduretan, gizarte-klausula batzuk erantsiko dituzte. Besteak beste, honi egingo diote erreferentzia klausulok: erakundearen aldetik arreta jarraituko eskakizuna betetzeari, zerbitzuaren izatasunaren arabera zehazten den denboran zehar, antzeko beharrizanak dituzten pertsona, familia eta/edo taldeei, hau da, zerbitzuaren edo zentroaren hartzaile direnen an­tzeko beharrizanak dituztenei arreta jarraitua, zerbitzu edo zentro horien kudeaketa esleitu nahi bada, eta bereziki aintzat hartuko da zerbitzua eman behar duen eremuan aldez aurretik egon bada.

    Gizarte-klausula horiek esleipenerako eskakizuna izango dira, eta ez dira, inola ere, merezimendu soiltzat balioetsiko.

  2. Zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratuak ezar­tzerakoan, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek lehentasuna emango diete, eraginkortasuneko, kalitateko eta kostuko baldintza antzekoak daudenean, irabazizko izaerarik ez duten gizarte-zerbitzuak eskaintzen diharduten erakundeei.

    Era berean, erakunde horren forma juridikoa alde batera utzita, diskriminazio positiboko neurriak aplikatuko dira, besteak beste, honako ezaugarri hauek biltzen dituzten erakundeen alde:

    1. Jardueraren emaitza ekonomikoak kontratugai diren zerbitzu eta zentroen etengabeko hobekuntzara bideratzea.

    2. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazioen eta Zerbitzuen Karteran ezar­tzen diren ratioak hobetzea.

    3. Zerbitzuaren eskaintzari edo zentroaren kudeaketari lotutako kostuak gutxitzen laguntzea, beste zerbitzu edo zentro ba­tzuen erabilera konbinatuaren bidez.

    4. Erasandako pertsonen parte-hartzea egituratzea, elkarlaguntzako jardueren eta gizarte-boluntariotzako jardueren bidez.

    5. Zuzendaritzako organoetan emakumeak % 40tik gora izatea.

  3. Zerbitzu eta zentroen kudeaketaz besteko eran­tzukizun publikoko jardueren kontratazioan, aurreko artikuluko 3. paragrafoan aipatuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administra­zioek lehentasuna emango diete irabazi-asmorik ez duten gizarte-zerbitzuetako erakundeei, zein ere den horien forma juridikoa (elkarteak, fundazioak, gizarte-ekimeneko kooperatibak edo irabazi asmorik gabeko beste erakunde batzuk), eraginkortasun, kalitate eta kostu aldetik antzeko baldintzak daudenean.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administra­zioek Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoan sartuta ez dauden beste prestazio eta zerbitzuak eskuratzea sustatu eta/edo babestu ahal izango dute, bai eta gizarte-zerbitzuen eremuko beste jarduera batzuk egin daitezen sustatzea ere, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen plangintza estrategikoak ezarritako jardunbide orokorretara egokitzen badira eta irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeek garatzen badituzte, zein ere den horien forma juridikoa (elkarteak, fundazioak, gizarte-ekime­neko kooperatibak edo irabazi-asmorik gabeko beste erakunde batzuk).

  2. Bereziki aintzat hartuko dira, aurreko paragrafoan aurreikusitakorako, honako jarduera hauek:

    1. pertsonak artatzeko prestazio eta zerbitzu berriak martxan jartzearekin lotuta dauden jarduera berritzaile eta esperimentalak;

    2. elkarte-sarea babesteko eta herritarren parte-hartzea sustatzeko jarduerak;

    3. plangintza hobetzera, zerbitzuen antolaketako eta arretaren eskaintzako kalitatea bermatzera eta hobetzera, eta praktika profesionalak hobetzera zuzenduta dauden ikerketa, garapen eta berrikuntzako jarduerak.

  3. Aurreko paragrafoan aurreikusitakoa, dirulaguntza edo hitzarmenen esparruan egituratu ahal izango da, eta azken horiek urte askoko izaera eduki dezakete.

  1. Gizarte-zerbitzuen eskaintzan diharduten irabazi-asmorik gabeko erakundeek, kasuan kasuko forma juridikoen berariazko legerian aurreikusitako baldintzetan herri-onurakotzat aitortuak izatearen kalterik gabe, gizarte-interese­kotzat aitortuak ahal izango dira, erregelamendu bidez zehazten diren baldintzak biltzen dituztenean.

  2. Gizarte-intereseko aitorpena Eusko Jaurlaritzari egokituko zaio, gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen sailak proposatuta.

  3. Gizarte-interesekotzat aitortutako erakundeek lehentasuna izango dute diru laguntzak eta laguntzak jasotzerakoan, baldin eta haien jardueretan eraginkortasuna eta kalitatea egiaztatzen badute.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko herri-adminis­trazioek elkarlaguntzako antolakundeak eta gizarte-boluntariotzako jarduerak sustatuko dituzte.

  2. Lege honen ondorioetarako, elkarlaguntzako antolakundetzat ulertuko dira irabazizko izaerarik ez duten erakundeak, baldin eta beren bazkideak, nagusiki, beharrizaneko edo zailtasuneko egoera bati zuzenean aurre egiten dioten pertsonak eta/edo haien senitartekoak badira.

  1. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemak sistema hori osatzen duten prestazio, zerbitzu, programa eta jardueren kalitatea hobetzera bideratutako jarduerak sustatu beharko ditu, honako tresna hauen bitartez:

    1. Gizarte Zerbitzuei buruzko Informazioko Euskal Sistema diseinatzea, abian jartzea eta iraunaraztea.

    2. Kalitatearen ebaluazioko eta etengabeko hobekuntzako sistemak aplikatzea.

    3. Gizarte-zerbitzuetako ikerketa, bai eta ikerketako eta garapeneko eta ezagutzaren kudeaketako ekimenak ere, sustatzea eta bultzatzea.

    4. Gizarte-zerbitzuetako profesionalen prestakuntzaren etengabeko hobekuntza.

  2. Aurreko paragrafoan aipatzen diren tresna eta prozedurak berariaz jasoaraziko dira Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoan.

  1. Eusko Jaurlaritzak, gizarte-zerbitzuaren arloko eskumena duen sailari atxikita, Gizarte Zerbi­tzuen Euskal Behatokia sortuko du, gizarte-zerbitzuen kalitatea bermatzeko eta hobetzeko beharrezko diren neurriak sustatzeko xedearekin.

  2. Gizarte Zerbitzuen Euskal Behatokiaren egitura erregelamendu bidez zehaztuko da, eta, betiere, hurrengo paragrafoan jasotzen diren eginkizunak garatzeko arlo berezitu eta espezializatuak eduki beharko ditu.

  3. Gizarte Zerbitzuen Euskal Behatokiak, honako eginkizun hauek garatuko ditu:

    1. Ebaluazioko prozesu egiaztatuen eta kalitatearen etengabeko hobekuntzako metodoen aplikazioa sustatzea, beharrizanen gogobetetzean eta zerbitzuen fun­tzionamenduan, kudeaketan zein zuzeneko arretan, gertatzen diren disfuntzioak edo defizitak zehazten laguntzeko; be­tiere gai honetan lortutako emaitzen aitorpen publikorako formulak eta bideak ezarri ahal izango dira.

    2. Eremu honetan garatzen diren jarduerak koordinatzea, emaitzen alderagarritasuna bermatzen duten ebaluazioko tresnen erabilera errazteko.

    3. Gizarte-zerbitzuetako profesionalak, eta bereziki zerbitzuetan eta zentroetan lan egiten dutenak, beren praktika profesionalak duen alderdi etiko eta bioetikoari dagokionez sentsibilizatzea. Hartarako, prestakuntza-programak eta ikerketa-ekimenak sustatu daitezke, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoan ari diren etika-batzordeen jardunetik ondorioztatutako gomendioak eta jokaerazko jarraibideak jakinarazteko eta hedatzeko bideak ere.

    4. Gizarte-zerbitzuen eremuko ikerketako jardunbideak garatzea, Gizarte Zerbi­tzuen Plan Estrategikoan ezartzen diren lehentasunen esparruan, eta arreta berezia eskaintzea gizarte-aldaketak eragiten dituzten kausa eta faktoreen azterketari, beharrizanen detekzioari eta eskariaren analisiari, plangintzako xedeekin, bai eta zerbitzuak aztertzeari ere, arretaren kudeaketa kostu eta kalitateari dagokienez, zerbitzuon etengabeko hobekuntza sustatzeko eta zerbitzuon garapena eta bila­kaera bideratzeko.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administra­zioek elkarren artean koordinatuko dira, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman esku hartzen duten eragile eta profesionalen prestakuntza sustatzeko eta planifikatzeko. Eusko Jaurlaritzak, bereziki, bere gain hartuko ditu sarrerako irizpideen eta tresna erkideen interpretazioari eta aplikazioari lotutako prestakuntza-ekintzen kudeaketa.

    Eginkizun horiek garatzeko, unibertsitateen lankidetza izango dute, bereziki, Euskal Herriko Unibertsitatearena, bai eta jardun-eremu honetan parte hartzen duten beste eragile batzuena ere.

  2. Gizarte-zerbitzuetako prestakuntza, zerbitzuon eskaintzan diharduten profesionalen gaikuntza hobetzera eta egokitzera zuzenduko da, profe­sional horien ezagutzak, ahalmenak eta gaitasunak indartuz, gizarte-laguntzaren kalitatea, eraginkortasuna eta efizientzia hobetzeko. Bereziki, honako hau zainduko da: gizarte-zerbi­tzuetan esku hartzen duten langile guztien prestakuntza oinarrizko, mailakatu eta iraunkorrerako neurriak hartzea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan.

  3. Eusko Jaurlaritzak zehaztuko ditu Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoa aplikatzeko beharrezko diren jarduera profesionalak gauzatzeko ego­kienak diren gaikuntza profesionalak.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administra­zioek, Lanbide Heziketan Gaitasuna eta Kalitatea Ebaluatzeko Euskal Agentziarekin edo erabakitzen den beste organo batekin lankidetzan eta koordinazioan arituz, beharrezko diren neurriak eta bideak hartuko dituzte, laguntzeko sare informal eta soziofamiliarretik arreta egiteko eginkizunetan lortutako gaitasunak errekonozitzea faboratzeko, Kualifikazio Profesionalen Sisteman eremu horretarako definitutako kualifikazio profesionaletara iristea erraztuz.

  1. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuen mul­tzoaren magnitude nagusien ezagutza eguneratua bermatzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak, eskumena duen sailaren bitartez, Gizarte Zerbitzuei buruzko Informazioko Euskal Sistemaren abian jartzea, iraunaraztea eta eguneratze etengabekoa diseinatuko eta bermatuko ditu, datuen iraulketa etengabekorako beharrezko diren sare eta gailu informatiko eta telematikoen egituratzearen bidez.

  2. Aurreko paragrafoan aurreikusitako ondorioetarako, Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiekiko eta udalekiko koordinaziorako duen eskumena erabiliz jardungo da, bai eta erakunde pribatuekin ere, dela Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman jarduten dutenean, dela han jarduten ez dutenean.

  3. Aurreko paragrafoan aurreikusitakoa beteaz, foru-aldundiek eta udalek, bai eta erakunde pribatuek ere, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman integratutako zerbitzu eta prestazioen mailen segimendua eskaintzeko informazio gaurkotua eta beharrezko datuak igorriko dizkiote Eusko Jaurlaritzan gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen sailari, Prestazio eta Zerbitzuen Karteran aurreikusitakoari erantzunez; hartara, orobat zaindu ahal izango du zerbitzu eta prestazio horiek zenbateraino egokitzen zaizkien Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren antolamendu orokorrak gizarte-zerbitzuen plangintzaren eta programazioaren inguruan ezartzen dituen eskakizunetara. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak gizarte-zerbitzuen horniketari buruzko dokumentuak, datuak eta txostenak, bidezko geratzen direnak, eskuratu ahal izango ditu. Informazio hori bildu, baliatu eta erabiltzeko orduan, datu pertsonalak babestearen arloko araudiak aurreikusitakoari jarraituko zaio.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administra­zioek eta 2. paragrafoan aipatzen diren erakunde pribatuek, gainera, Gizarte Zerbitzuei buruzko Informazioko Euskal Sistemaren funtzionamendu onerako eta etengabeko eguneratzerako beharrezko den informazioa bidali beharko dute, erregelamendu bidez zehazten diren baldintzetan eta aldizkakotasunekin. Jarduera itundu edo hitzartuei buruzko informazioa, kasuan kasuko zerbitzuaren eta prestazioa bete behar duen administrazio arduradunak igorriko du. Itun, kontratu edo hitzarmenen esparruan jarduten ez duten erakunde pribatuen kasuan, lankidetzako betebehar hori zuzenean funtzionamenduko baimenetik ondorioztatzen da.

  5. Eusko Jaurlaritzak, gizarte-zerbitzuetan eskumena duen sailaren bitartez, txostenak egin ahal izango ditu, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren eta sistema horren garapeneko eta ezarpeneko mailaren inguruan jasotako informazioan oinarrituz, eta informazio hori Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoari eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluari jakinaraziko die.

  6. Euskal estatistika-antolakundea osatzen duten organo eta erakundeek, maila operatiboan, Gizarte Zerbitzuei buruzko Informazioko Euskal Sistemaren esku dauden banakako datuak eskuratu ahal izango dituzte, estatistika ofizialak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legean ezartzen diren baldintzetan eta moduan. Nolanahi ere, estatistika ofizialak egiten direnean, generoko ikuspegia modu eraginkorrean integratzea bermatuko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatzen den moduan.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administra­zioentzat erreserbatuta geratzen dira, haiek bakar-bakarrik erabiltzeko, bakoitzak bere eskumenen esparruan, bai sailen izendapenak edo Sistemaren kudeaketan esku hartzen duten beste administrazio-atal batzuenak, bai honako adierazpen hauek: «Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema», «Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa», «Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Mapa», «Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoa», «Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Kartera», «Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak», «Gizarte Zerbitzuei buruzko Informazioko Euskal Sistema», «Gizarte Zerbitzuen Euskal Behatokia», «Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Gizarte Fitxa», «Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Arreta Pertsonalizatuko Plana», adierazpen horien zernahi formatan edo konbinaziotan.

  2. Gizarte-zerbitzuen eremuan esku hartzen duten erakunde pribatuek ezin izango dute erabili Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako prestazio, zerbitzu eta programekin nahasbidea eragin dezakeen izendapenik.

Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman integratutako zerbitzuak, zerbitzuon horniketarako eskumena duen herri-administrazioaren ikur edo anagramen bidez identifikatuko dira.

Era berean, sistema horretako kidetasuna adierazteko prozedura bat antolatuko da, sistemaren irudia sendotzen laguntzeko eta biztanleriak oro har sistema hori badagoela jakin dezan sustatzeko.

Eusko Jaurlaritzari dagokio gizarte-zerbitzuen arloko goi-ikuskaritza egitea, 2. artikuluan aldarrikatutako eskubide subjektiboa benetan erabiltzen dela eta aplikagarri den ordenamendu juridikoa bete eta gordetzen dela bermatzeko.

  1. Goi Ikuskaritzari, bere eginkizunetan diharduela, honako hauek dagozkio:

    1. Gizarte-zerbitzuetarako eskubidea bermatzen duten oinarrizko baldintzak bete­tzen direla zaintzea.

    2. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemak ematen dituen zerbitzu eta prestazioen maila nola egokitzen zaien Prestazio eta Zerbi­tzuen Karteran ezarritako baldintzei begiratzea.

    3. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren antolamendu orokorrean ezarritako baldintzak nola betetzen diren gizarte-zerbitzuen plangintza eta programazioari, erakunde zerbitzu-emaileak baimentzeari eta ikuskatzeari eta balorazio- eta diagnostiko-eginkizunei dagokienez begira­tzea.

    4. Itunak eta gizarte-zerbitzuen kudeaketarako kontratuak nola egokitzen zaizkien lege honetan eta bere garapen-xedapenetan ezarritako baldintzei dagokienez egiaztatzea.

  2. Goi Ikuskaritzaren egitekoa ez da gizarte-zerbitzuetarako eskubide subjektiboaren erabilerari buruzko kexak banan-banan aztertzea.

  1. Goi Ikuskaritzako langileek, beren eginkizunetan dihardutela, agintaritza publiko gisa jardungo dute ondorio guztietarako eta agintariei eta egoki iritzitako pertsona fisiko eta juridikoei eskatu ahal izango diete beharrezko duten laguntza beren eginkizunak betetzeko.

  2. Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluari eta Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoari emango zaie Goi Ikuskaritzak burututako jardueren berri, bai eta egindako txosten eta irizpenen berri ere.

  1. Eusko Jaurlaritzak, gizarte-zerbitzuen arloan eskumenak dituzten gainerako herri-administra­zioei entzun ondoren, Goi Ikuskaritzaren funtzionamendu-araubidea eta jarduteko prozedurak arautuko ditu.

  2. Goi Ikuskaritzak ahalmena du, bere eginkizunetan diharduela, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek hornitzen dituzten gizarte-zerbitzuei buruzko dokumentu, datu estatistiko eta txostenak ikusteko, bai eta beharrezkotzat jotzen dituen azalpen guztiak eskatzeko ere. Goi Ikuskaritzari laguntzeko eta haren egitekoa errazteko betebeharra izango dute ikerketa pean dauden pertsona fisiko eta juridiko guztiek; laguntzarik ez ematea eta egiaztatze- eta ikuskatze-jarduerei eragozpenak edo trabak ipintzea oztopatzea dela ulertuko da.

  1. Goi Ikuskaritza gizarte-zerbitzuen arloan eskuduna den Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita egongo da.

  2. Eusko Jaurlaritzak arautuko ditu Gizarte Zerbi­tzuen Goi Ikuskaritzako antolamendua eta langileen araubidea.

  1. Gizarte-zerbitzuen arloko arau-hausteen subjektu arduradun izango dira lege honetan tipifikatutako arau-hausteak eratzen dituzten egintzak eta ez-egintzak egozgarriak zaizkien pertsonak fisiko eta juridikoak.

    Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legearekin bat etorrita, erantzulea pertsona juridiko bat denean, zigortu nahi den egintza edo ez-egite zehatz horretan pertsona horren borondatea eratu duten pertsona fisikoarena edo pertsona fisikoena izango da erantzukizuna. Kasu hauetan, ezingo dira zigortu, arau-hauste berarengatik, pertsona fisiko horiek.

  2. Zentro eta zerbitzu publikoetako erabiltzaileak ere arduradun izango dira lege honetan ezar­tzen diren baldintzetan.

  3. Lege honetatik ondorioztatzen diren administrazio-erantzukizunak kasu guztietan galdatuko dira, alde batera utzita arau-hauslea bere jardueran zein erantzukizun zibil, penal edo lanekotan erori den.

    Administrazio-erantzukizuna eratzen duten egiteak, gainera, Zigor Kodean delitutzat edo hu­tsegitetzat tipifikatu badaitezke, eten egin beharko da zehapen-espedientearen izapidetzea, kasuan kasuko ebazpen judiziala ematen den arte. Hala ere, lege honen 96. artikuluaren indarrez onartutako behin-behineko neurriek indarrean jarraituko dute, neurriok hartzeko kausek irauten duten bitartean.

  1. Gizarte-zerbitzuen arloko administrazio-mailako arau-hausteak dira subjektu arduradun guztien egintzak eta ez-egintzak, lege honetan tipifikatutako lege- eta erregelamendu-araudiaren aurkako egintza eta ez-egintza guztiak, ordenamendu juridikoko gainerako arauetan jasotakoei kalterik egin gabe.

  2. Arau-hausteak honela kalifikatuko dira: arinak, larriak eta oso larriak, babesgai diren ondasun juridikoen garrantziari eta jasotako jokabideetatik ondorioztatzen den lesioari edo lesio-arriskuari erantzunez.

Hauek dira arau-hauste arinak:

  1. Gizarte-zerbitzuen eskaintzan esku hartzen duten pertsonen eta erakundeen kasuan:

    1. Gizarte-zerbitzuen arloko araudi aplikagarria ez betetzea, gizarte-zerbitzuen erabiltzaileen gain kalte zuzenekorik eta zehatzik ondorioztatzen ez denean, eta ez-betetze hori arau-hauste larritzat edo oso larritzat tipifikaturik ez dagoenean.

    2. Ezarritako epeetan, titulartasun- edo plantilla-aldaketak ez jakinaraztea.

    3. Egoeran, funtzionamenduan, garbitasunean edo higienean akatsen bat duten lokal, instalazio, altzari edo tresnak iraunaraztea, baldin eta hortik ez bada inolako arriskurik ondorioztatzen erabiltzaile edo profesionalen osotasun fisikorako edo osasunerako.

    4. Zerbitzuaren izatasunaren eta motaren arabera, erabiltzaileek barne-erregela­mendu bat edo iradokizun eta kexuen prozedura bat edukitzeko duten eskubidea haustea, bai eta, hala badagokio, ordaindu behar duen parte-hartzeko ekonomikoaren zenbatekoa ezagutzeko eskubidea haustea ere.

    5. Sorospen desegokia eskaintzea, hortik erabiltzailearentzako kalterik ondoriozta­tzen ez bada.

    6. Horrela eskatzen den zerbitzuetarako, erabiltzaileen erregistro bat ez edukitzea edo behar bezala eguneratuta ez eduki­tzea.

    7. Pertsonek zerbitzuan duten parte hartzea errazteko bide egokirik ez edukitzea, 46. artikuluaren 2.b) paragrafoan adierazitako baldintzetan.

    8. Egoitza-zerbitzuen kasuan, erabiltzaileekin kasuan kasuko kontratua ez izenpe­tzea.

  2. Zerbitzuen erabiltzaileen edo prestazioen onuradunen eta gizarte-zerbitzuen profesionalen kasuan:

    1. Zerbitzuen erabiltzaileen edo prestazio ekonomikoen onuradunen aldetik, ezarritako arau, eskakizun eta prozedurak ez betetzea, bai eta gizarte-zerbitzuen programa eta jarraibideak ez jarraitzea, halako eran, non gizarte esku-hartzearen xedea desitxuratzen den.

    2. Zuzendaritzako arduradunari, zerbitzuko edo zentroko pertsonaleko kideei, erabil­tzaileei eta bisitariei zor zaien begiruneari arinki huts egitea.

    3. Instalazioak modu desegokian erabiltzea edo zerbitzuko jarduerak asaldatzea, bizikidetzako eta elkarrekiko errespetuko arauak aldaraziz eta bizikidetzari kalte eraginez.

    4. Erabiltzaileentzako eta profesionalentzako barne-erregelamenduan jasotzen diren betebeharrak ez betetzea, betetze hori, bere izatasunagatik eta larritasunagatik, larritzat edo oso larritzat tipifikatua izan ez denean.

Hauek dira arau-hauste larriak:

  1. Gizarte-zerbitzuen eskaintzan esku hartzen duten pertsonen eta erakundeen kasuan:

    1. Gizarte-zerbitzuen hartzaileei, berdintasuneko baldintzetan irispidea eragoztea.

    2. Erabiltzaileen datu pertsonal, familiar edo sozialen konfidentzialtasun-beharra eta erreserba-beharra ez betetzea.

    3. Erabiltzaileen duintasunerako eta intimitaterako eskubidea ez zaintzea.

    4. Erabiltzaileen arreta pertsonalizatuko plana prestatzeko betebeharra ez bete­tzea, aplikatu beharrekoa den kasuetan, edo plan hori horretarako ezarritako legezko xedapenak bete gabe aplika­tzea, bereziki honako gai hauei dagoz­kienetan: kasuaren balioespena eta erabiltzaileen parte-hartzea eta, behar izanez gero, senitartekoen parte-hartzea planaren balioespeneko eta diseinuko prozesuan, eta erreferentziako profesional baten izendapenean.

    5. Zerbitzu edo egoitza-zentro batean sartzeko, egoteko edo irteteko banakako askatasuna egikaritzea eragoztea, salbu eta indarreko legeriak adingabekoentzat eta ezgaituentzat horretarako ezarritakoa.

    6. Erabiltzaileei ez eskaintzea arretako osokotasuneko eta jarraipeneko printzipioen araberako arreta.

    7. Zerbitzuen prezio-araubidea ez betetzea edo aldaraztea, jakinarazi gabe edo bidezko administrazio-baimena lortu gabe, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman integratutako zerbitzu edo zentro bat denean.

    8. Zentro edo zerbitzu bat ixtea, jakinarazi gabe edo bidezko administrazio-baimena lortu gabe, baldin eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman integratutako zerbitzu edo zentro bat bada.

    9. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren gizarte-zerbitzu gisa jardutea, beharrezko homologazioa eduki gabe.

    10. Zentro edo zerbitzuak irekitzea eta fun­tziona­menduan edukitzea baimen egokirik eduki gabe, erabiltzaile edo profesionalen osotasunerako edo osasunerako kalterik gabe.

    11. Baimena eta/edo homologazioa emateko beharrezko diren begiztapeneko jardunetatik ez pasatzea, oztopatzea edo eragoztea.

    12. Ikuskatze-jardueratik ez pasatzea, oztopatzea edo eragoztea.

    1. Zerbitzuaren tipologiaren arabera aplikagarri diren eskakizun material, funtzional eta pertsonalekoak arautzen dituzten araudiak ez betetzea.

    2. Eraikinetako edo eraikinen barrunbeetako egitura fisikoan funtsezko aldaketak egitea, baldin eta baimena iraunarazteari edo ezabatzeari dagokionez aldaketa horiek eraginik izan badezakete.

    3. Zentroetako plaza-kopurua aldez aurreko baimenik gabe gehitzea.

    4. Egin beharreko zuzenketei buruz kasuan kasuko ikuskatzaileak emandako aginduak ez betetzea.

    5. Gizarte-zerbitzuetako zentro edo establezimenduei baimena eta homologazioa emateko funtsezkoak diren alderdiak doloz aldaraztea.

    6. Egokia ez den sorospena ematea, erabiltzaileari kalte handiak eraginez.

    7. Legeak edo erregelamenduak onartutako eskubideen gozamena zailtzea edo eragoztea zerbitzuon erabiltzaileei.

    8. Administrazioari eta gizarteari aurkeztutako jardueretan irabaziak izateko asmoak ezkutatzea, horrelako asmorik gabekotzat aurkeztuz.

    9. Laguntza publikoak ematen direnean, jarritako helburuetarako ez beste batzuetarako erabiltzea.

    10. Zentroa edo zerbitzua erabiltzen duten pertsonen ondasun eta diruak administratu, jagon eta erabiltzerakoan argitasunez eta gardentasunez ez jokatzea.

    11. Arau-hauste arinetan berrerortzea.

  2. Zerbitzuen erabiltzaileen edo prestazio ekonomikoen onuradunen eta gizarte-zerbitzuen profesionalen kasuan:

    1. Jasotako prestazio ekonomikoak lagun­tzok ematea eragin zuen xedeaz beste baterako bideratzea.

    2. Zuzendaritzako arduradunari, pertsonaleko kideei, erabiltzaileei eta bisitariei zor zaien begiruneari larriki huts egitea.

    3. Zentroko ondasun eta ekipamenduetan kalte larria edo zentroko zerbitzuen ohiko garapenari edo bizikidetzari galera nabariak eragitea.

    4. Barne-araubideko kasuan kasuko erregelamenduan jasotzen diren betebeharrak larriki ez betetzea, ez-betetze hori oso larria ez denean.

    5. Arau-hauste arinetan berrerortzea.

Hauek dira arau-hauste oso larriak:

  1. Gizarte-zerbitzuen horniketan eta/edo eskain­tzan esku hartzen duten pertsonen eta erakundeen kasuan:

    1. Gizarte-zerbitzuak eskaintzea, haien izatasuna ezkutatuz, indarreko legeriaren aplikazioa ekiditeko.

    2. Zentro edo zerbitzuak irekitzea eta fun­tziona­menduan edukitzea, baimen egokirik eduki gabe, erabiltzaile edo profesionalen osotasunerako edo osasunerako kaltearekin.

    3. Egoeran, funtzionamenduan, garbitasunean edo higienean akatsen bat duten lokal, instalazio, altzari edo tresnak iraunaraztea, baldin eta hortik kalte larria ondorioztatzen bada erabiltzaile edo profesionalen osotasun fisikorako edo osasunerako.

    4. Ikuskatze-zeregina oztopatzea, zentroan sartzea galaraziz, gizarte-zerbitzuetako ikuskatzaileei behin eta berriz aurre eginez edo beldurraraziz, edo beste edozein modutan presioa eginez.

    5. Erabiltzaileak edozelako ibilgetzetatik edo murriztapen fisiko edo farmakologikotatik pasaraztea, agindu medikorik eta gainbegiratzerik gabe, kasu batzuetan izan ezik (erabiltzailearen edo beste per­tsona batzuen segurtasun fisikorako berehalako arriskua dagoenean), bai eta jarduera horiek isilaraztea edo estaltzea ere.

    6. Erabiltzaileak edozelako tratu txar fisiko edo psikikotatik pasaraztea, bai eta jarduera horiek isilaraztea edo estaltzea ere.

    7. Hertsapenak edo mehatxuak egitea, bai eta beste edozelako presio-modu larri ere, ikuskatzaileengan, salatzaileengan, direla profesionalak, erabiltzaileak, senitartekoak edo bisitariak, bai eta jarduera horiek isilaraztea edo estaltzea ere.

    8. Izatasunaren arabera zerbitzuari egoki­tzen zaizkion eskakizun material, funtzional eta pertsonalekoak arautzen dituen araudia ez-betetzea, ez-betetze horrek arriskuan jartzen duenean erabiltzaileen osasuna edo segurtasuna.

    9. Arau-hauste larritan berrerortzea.

  2. Zerbitzuen erabiltzaileen edo prestazio ekonomikoen onuradunen eta gizarte-zerbitzuen profesionalen kasuan:

    1. Prestazio ekonomikoak lortzera zuzendutako iruzurrezko jardunak egitea.

    2. Zentroko arduradunari, pertsonaleko kideei, erabiltzaileei edo bisitariei eraso egitea edo tratu txarrak ematea.

    3. Zentroaren, pertsonalaren, erabiltzaileen edo bisitarien ondasunak ostea.

    4. Zentroko ondasun eta ekipamenduetan edo zerbitzuen ohiko garapenean edo zentroko bizikidetzan kalte edo galera oso larriak eragitea.

    5. Arau-hauste larrietan berrerortzea.

Lege honen ondorioetarako, arau-haustea behin baino gehiagotan egin dela edo berrerortzea egon dela esango da arau-haustea egin duenak bi urteko epe barruan izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago egin duenean, eta ebazpen irmo baten bidez aitortua izan denean.

  1. 89, 90 eta 91. artikuluen lehenengo paragrafoan tipifikatutako arau-hausteek, zerbitzu baten eskaintzan esku hartzen duten pertsona eta erakundeei egozgarriek, honako zehapen hauek aplikatzea eragingo dute:

    1. Arau-hauste arinak idatzizko zentzarazpen baten bidez eta/edo 12.000 eurorainoko isun baten bidez zehatuko dira.

    2. Arau-hauste larriak 12.001 eurotik 60.000 eurora bitarteko isun baten bidez zehatuko dira.

    3. Arau-hauste oso larriak 60.001 eurotik 600.000 eurora bitarteko isun baten bidez zehatuko dira.

  2. 89, 90 eta 91. artikuluen bigarren paragrafoan tipifikatutako arau-hausteak, lege honetan aurreikusitako zerbitzu baten erabiltzaileei edo prestazio ekonomikoen onuradunei eta gizarte-zerbitzuetako profesionalei egozgarriek, honako zehapen hauek aplikatzea eragingo dute:

    1. Arau-hauste arinak idatzizko zentzarazpen baten bidez eta 200 eurorainoko isun baten bidez zehatuko dira.

    2. Arau-hauste larriak ahozko eta idatzizko zentzarazpen baten bidez eta 201 eurotik 600 eurora bitarteko isun baten bidez zehatuko dira.

    3. Arau-hauste oso larriak ahozko eta ida­tzizko zentzarazpen baten bidez eta 601 eurotik 1.500 eurora bitarteko isun baten bidez zehatuko dira.

  3. Arau-haustetik aberaste ez-bidezko bat ondo­rioztatzen den kasu guztietan, pertsona edo erakunde arau-hausleak, arau-haustearen larritasunaren arabera dagokion isunaz gain, aberaste horren zenbateko baliokidea ordaindu beharko du.

  4. Zerbitzu-eskaintzan esku hartzen duten pertsona edo erakundeei egozgarri zaizkien arau-hauste oso larrietan, honako hauek ere zehapentzat pilatu ahal izango dira:

    1. Lege honetan jasotzen diren jarduerak egikaritzeko ezgaitzea ondorengo bost urteetan, eta, horren ondorioz, hala badagokio, kasuan kasuko administrazio-baimena eta, hala badagokio, homologazioa, ezeztatzea.

    2. Finantzaketa publikoa debekatzea, urte bat eta bost urteko aldi baterako.

    3. Zerbitzua aldi baterako etetea, guztiz edo zati batean, gehienez ere urte baterako.

    4. Zerbitzua behin betiko utzaraztea, guztiz edo zati batean, eta horrek kasuan kasuko administrazio-baimena eta, hala badagokio, homologazioa, ezeztatzea ekarriko du.

    5. Zehapenen publizitatea egitea, eta zehapen-organoak erabakitzea ezarritako zehapenei publizitatea ematea, behin administrazio-bidean irmoak direnean, pertsona fisiko eta juridiko arduradunen izenak argitaratuz; argitaratzean, egindako arau-hausteak adierazi beharko dira, berariaz. Publizitatea, Autonomia Erkidegoko eta lurralde historikoetako aldizkari ofizialetan egingo da; horrezaz gain, 99. artikuluan aurreikusitako baldintzetan ere egingo da, hau da, egoki irizten diren gizarte-komunikabideetan.

  5. Lege honetan arautzen diren zerbitzuen erabil­tzaileei edo prestazio ekonomikoen onuradunei egozgarri zaizkien arau-hauste oso larrietan, zehapen gisa eskubidearen etendura ere pilatu ahal izango da sei hilabeteko aldi batean, zenbait kasutan izan ezik; adibidez, etendura horrek babesgabetasun-egoeraren bat sor balezake edo mendekotasuneko egoeran dagoen pertsona baten arreta-eza eragin balezake.

  6. Gizarte-zerbitzuetako profesionalei egozgarri zaizkien arau-hauste oso larrietan, 2.c) paragrafoan aurreikusitako zehazpenei, egoki diren diziplinazko zehapenak ere pilatu ahal izango zaizkie.

  1. Beste kasu batzuetan, arau-haustea legez galda daitekeen jokabide edo jarduketaren bat ez egitea denean, zehazpenarekin batera errekerimendu bat ere egingo zaio arau-hausleari. Errekerimendu horretan, honako hauek zehaztuko dira: pertsona edo erakunde arau-hausleak egoera legez galda daitezkeen baldintzetara bihurtzeko egin beharreko jardun konkretuak nahiz jardun horiek egiteko duen epea. Pertsona edo erakunde behartuak kasuan kasuko errekerimenduan ezarritakoa betetzen ez badu, formaz eta epez betetzen ez badu, zehatzeko eskumena duen organoak isun hertsagarriak jartzea erabaki ahal izango du.

  2. Isun hertsagarriak hilabetetik beherako denbora-tarteetarako errepikatu ahal izango dira, baina isunon zenbatekoak ez du gainditu ahal izango zehapen gisa ezarritako isunaren zenbatekoaren ehuneko 30, eta honako irizpide hauek kontuan hartuz finkatuko da:

    1. Zuzentzeko betebeharra betetzean atzeratzea.

    2. Betebeharrak ez betetzean asmozkotasuna eta errepikapena egotea.

    3. Eragindako galerak nolakoak diren.

  3. Pertsona edo erakunde behartuak ordaintzen ez badu, isun hertsagarriak premiamendu bidez galdatuko dira, jakinarazpena egiten denetik hogeita hamar egun baliodun igarotzen direnean.

  4. Isun hertsagarriak beregaina eta bateragarriak izango dira ezar daitezkeen beste zehapenenekin.

  1. Ezartzea bidezko den zehapenak zehazteko eta, behar izanez gero, isunen zenbatekoa eta aldi baterako zehazpenen iraupena graduatzeko, zehapenen beharrezko egokitzapena eta proportzionaltasuna zaindu beharko dira, arau-haustea eratzen duen egitearen larritasunaren aldean, eta bereziki honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

    1. Eragindako kalte fisiko, moral eta materialak.

    2. Pertsona eta ondasunentzat sortutako edo mantendutako arriskuko egoera.

    3. Arau-haustea egitean erabili den zabarkeria- edo asmozkotasun-maila.

    4. Berrerortzea edo arau-haustea behin baino gehiagotan egitea.

    5. Arau-haustearen eragin ekonomikoa eta soziala.

  2. Prozedura hasarazi zuten akatsak guztiz zuzenduta daudela egiaztatzen bada, kontuan hartzeko modukoa izango da hori, zehapena ba­lioesteko eta graduatzeko orduan. Zuzenbidean balio duen edozein bide erabil daiteke egiaztapena egiteko, baina instantziaren ebazpena eman aurretik egin behar da, betiere pertsona edo erakunde arau-hauslearen ekimenez.

  1. Zehapen-prozedurari ekin aurretik, prozedura hori ebazteko administrazio-organo eskudunak, erabaki arrazoitu baten bidez, bidezkotzat jotzen dituen behin-behineko neurriak har ditzake ebazpenaren eraginkortasuna ziurtatzeko edo pertsonentzat arriskuko egoerak ekiditeko, hau da, ezabatzea edo arintzea premiazkoa den egoerak ekiditeko, besteak beste, ezinbesteko­tzat jotzen bada, zentroa aldi baterako ixtea, guztiz edo zati batean, edo zerbitzuaren eskain­tza edo jardueren gauzatzea aldi baterako etetea, guztiz edo zati batean, edo erabiltzaile berriak onartzea aldi batean debekatzea.

  2. Hartutako kautelazko neurriak berretsi, aldarazi eta kendu egin beharko dira zehapen-proze­dura hasten den unean, eta hori neurri horiek hartu eta ondorengo hamabost egunetan gertatu beharko da.

  3. Neurri horiek berak edozein unetan hartu ahal izango dira, behin zehapen-prozedura hasiz gero, har daitekeen amaierako ebazpenaren eraginkortasuna ziurtatzeko. Kasu horretan, era berean, behin behineko neurritzat, fidantza mailegatzea galda daiteke, egoki daitekeen isunaren gutxieneko zenbatekoaren baliokide den zenbateko bateraino.

  1. Lege honetan tipifikatzen diren arau-hauste oso larriak lau urtera preskribituko dira; larriak, hiru urtera, eta arinak, urte batera, arau-haustea egin den datatik kontatzen hasita.

  2. Hutsegite oso larriengatik ezartzen diren zehapenak, berriz, lau urtera preskribituko dira; larriak, hiru urtera, eta arinak, urte batera, zehapena ezartzen duen ebazpenak irmotasuna hartzen duen egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Zehatzeko prozedura erregelamenduz ezarriko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta, hala dagokionean, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zehapen Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean ezartzen diren printzipioei egokituta.

  1. Lege honetan araututako erregistro guztietan zehapenetarako sail bat egongo da. Era guztietako arau-hausteak direla-eta hartutako ebazpen irmoak idatziko dira bertan.

  2. Arau-hausteak oso larriak direnean, zehapenak irmoak badira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta bakoitzaren lurralde historikoko aldizkarian argitaratu beharko dira.

Lehenengoa. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema unibertsalizatzeko epea.

Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoak zerbitzuen estalduren urteko gehikuntzak zehaztu beharko ditu, zer eta, lege hau indarrean jartzen denetik zortzi urteko aldi batean, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoan eta Karteran jaso­tzen diren zerbitzuen unibertsalizazioa ziurtatzeko.

Bigarrena. Eskumenen banaketarako epea.

Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administra­zioek lege hau indarrean sartu eta urtebeteko epean ekingo diote lege honetan ezarritako eskumenen banaketa benetan gauzatzeari.

Hirugarrena. Finantza-doiketa.

  1. Lege honetan egiten den eskumen-banaketaren ondorioz, beharrezko finantza-doiketa egingo da Euskal Autonomia Erkidegoko herri-admi­nistrazioen artean, 22. artikuluan aurreikusita dagoen Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazioen eta Zerbitzuen Katalogoa autonomia-, foru- eta udal-mailan hornitzeko finantzaketa nahikorik bermatzeko.

  2. Eskumen-banaketa horrek eta finantza-doiketa horrek ez du ekarri ahal izango, inola ere, legea indarrean jartzean zeuden prestazio eta zerbi­tzuen intentsitate- eta estaldura-mailak jaistea.

    Laugarrena. Gizarte-zerbitzuen erabiltzaileen eta prestazioen onuradunen eskubideak lege hau indarrean jartzean.

  1. Lege hau indarrean jartzean, gizarte-zerbitzuen erabiltzaile eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistematik kudeatutako prestazioen onuradun diren pertsonak, gainera, aurretik eskuratuak dituzten prestazio eta zerbitzuak gozatzen jarraitu ahal izango dute, alde batera utzita 25. artikuluan arautzen diren zerbitzu eta prestazioak jasotzeko eskakizun orokorrak eta, aurrerago, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Karteran aurreikusten diren eskakizun berariazkoak betetzen diren edo ez; betiere, prestazioak ematea eragin zuten baldintzak beren horretan irauten badute edo zerbitzuaz baliatzeko ezarri ziren betekizunak betetzen badira.

  2. Lege honek, bestalde, ez du ekarriko inola ere, indarrean jartzen den unean erabiltzaile diren pertsonentzat, zerbitzuaren finantzaketan duten parte-hartze ekonomikoa gehitzea, beren baliabide ekonomikoen mailan gerta daitezkeen aldaketengatik dagokiona izan ezik; ez du eragingo, orobat, ordu arte doakoak izan diren zerbitzuei prezio publiko bat edo tasa bat aplikatzerik.

    Bosgarrena. Gizarte Ongizateko Euskal Kontseilua.

    Lege hau indarrean jartzean, Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluari Gizarte Zerbitzuen Euskal Kon­tseilua deituko zaio, eta hura arautzen duen araudi guztia aplikatuko zaio lege honetan aurreikusitakoaren aurka joango ez den orotan.

    Seigarrena. Indarrean dauden lankidetzako hi­tzarmenen indarraldia.

    Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administra­zioek, dela elkarren artean, dela elkarte pribatuekin, zerbitzuak eskaintzeko izenpetzen dituzten hitzarmenak, baldin eta lege hau indarren jartzean indarrean badaude, balio osoa izango dute, zerbitzu-motaren arabera aplikaziokoak diren eskakizun material, funtzional eta pertsonalekoak arautzen ez diren bitartean, zerbitzu hori ezartzeko ezarri diren eskakizunak alde batera utzita, salbu eta hitzarmenaren indarraldia amaitzen den edo aldeetako batek hitzarmenean berean aurreikusitakoarekin bat etorriz suntsiarazten duen. Era berean, balio osoa izango dute eskakizun material, funtzional eta pertsonalekoak arautzen dituzten araudian aurreikusten den aldi iragankorrean, eskakizun horietara egokitzea errazteko.

    Zazpigarrena. Erabiltzailearen parte-hartze ekonomikoaren arloko aurreikuspenetara egokitzeko epea.

    Eusko Jaurlaritzak, urte beteko epean, erabil­tzaileek doakoak ez diren prestazioen eta zerbitzuen finantzaketan zer parte-hartze ekonomiko izan behar duten arautuko du.

    Aurreko paragrafoan aurreikusitako erregulazioa eginda dagoenean, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek epe gehigarri bat edukiko dute, lege hau indarrean sartzen den egunetik kontatzen hasita bi urtekoa gehienez ere, erabiltzailearen parte-hartze ekonomikoari buruz duten arautegia lege honetako 57. artikuluan aurreikusitako irizpideetara egokitzeko.

    Aurreko paragrafo horietan aipatzen diren araudiak onartzen ez diren bitartean, lege hau indarrean sartzen den unean arlo horretan indarrean diren xedapenak aplikatuko dira.

Lehenengoa. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Kartera.

Eusko Jaurlaritzak, lege hau indarrean jartzen denetik urte bateko epean, 23. artikuluan arautzen den Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Kartera prestatuko eta onartuko du.

Bigarrena. Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa.

Eusko Jaurlaritzak, lege hau indarrean jartzen denetik urte bateko epean eta Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako herri-administrazioekin lankidetzan, 35. artikuluan arautzen Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa prestatuko eta onartuko du. Besteak beste, 36. artikuluan arautzen den Gizarte Zerbitzuen Mapa bilduko du plan horrek.

Hirugarrena. Gizarte Zerbitzuei buruzko Informazioko Euskal Sistema.

Eusko Jaurlaritzak, lege hau indarrean sartu eta bi urteko epean, Gizarte Zerbitzuei buruzko Informa­zioko Euskal Sistema prestatu eta abiaraziko du, 79. artikuluan ezarritako baldintzen arabera.

Laugarrena. Gizarte-zerbitzuetako zerbitzuak eta zentroak arautzea.

  1. Eusko Jaurlaritzak, lege hau indarrean jartzen denetik urte bateko epean, gizarte-zerbitzuetako zerbitzu eta zentroei galdatu beharreko eskakizun material, funtzional eta pertsonalekoak arautuko ditu, zerbitzu eta zentro horiek baimentzeko eta homologatzeko. Horretarako, antzeko ezaugarriak dituzten zerbitzu eta zentroak batera arautu ahal izango ditu.

  2. Aurreko paragrafoan aipatzen den araudiak, bestalde, epe iragankorrak aurreikusi beharko ditu araudi hori indarrean jartzean dauden zerbitzu eta zentroetarako. Epe iragankor horiek ahalbidetuko dute zerbitzu eta zentro horiek arauketa berriak ezartzen dituen eskakizunetara egokitzea, eta aplikaziokoa izango zaie aldi horretan, behar izanez gero, aurretik indarrean zegoen araudia.

  3. Arauketa hori gauzatzen ez den bitartean, administrazio bakoitzak onartutako funtzionamenduko oraingo formulek iraungo dute.

    Bosgarrena. Saiakuntza-izaerako zerbitzuak.

    Interes orokorrari begira, eta arretako modalitate alternatiboak eta berritzaileak garatzea ahalbidetzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak, Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako herri-administrazioekin elkarlanean, salbuespen gisa eta gehienez ere bi urteko epe baterako (epe hori beste urte batera luza daiteke), saiakuntza-izaerako zerbitzu eta zentroak baimendu ahal izango ditu. Epe horren buruan erabakitzen bada, ebaluazio kualitatibo batean oinarrituz, horrela garatu den arretako modalitatea alternatiba egokia eta bideragarria dela, dagozkion eskakizun materialak, funtzionalak eta langileei buruzkoak arautu beharko dira.

    Seigarrena. Gutxieneko baliabide-zuzkidura.

    Eusko Jaurlaritzak, lege hau indarrean jartzen denetik urte bateko epean, kasuan kasuko gutxieneko estaldurak eta, behar izanez gero, gutxieneko intentsitate estandarrak arautuko eta onartuko ditu, 36.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera ezarritako biztanle-eremuen harira.

    Zazpigarrena. Gizarte-larrialdietarako plaza-erreserba.

    Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administra­zioek, beren eskumeneko zerbitzuetan, plaza-erreserba bat bermatu beharko dute, gizarte-larrialdietako zerbitzuetatik eta laguntza-zerbitzuetatik etortzen diren eskariei erantzuteko.

    Zortzigarrena. Itun-araubidea arautzea.

    Eusko Jaurlaritzak, lege hau indarrean jartzen denetik urte bateko epean, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako itun-araubidea arautuko duen dekretu bat prestatuko eta onartuko du. Esparru orokor hori errespetatuz, dena dela, administrazio bakoitzak bere ekin­tza itunduaren berariazko arauketa egin dezake.

    Bederatzigarrena. Gizarte-intereseko aitorpena.

    Eusko Jaurlaritzak erregelamendu bidez ezarriko ditu, lege hau indarrean sartu eta bi urteko epean, gizarte-intereseko prozedura aplikagarri zaizkion eskakizunak eta prozedura.

    Hamargarrena. Gizarte Zerbitzuen Euskal Behatokia arautzea.

    Eusko Jaurlaritzak erregelamendu bidez ezarriko ditu, lege hau indarrean sartu eta bi urteko epean, Gizarte Zerbitzuen Euskal Behatokiaren egitura eta funtzionamendua.

    Hamaikagarrena. Zehapenen zenbateko eguneratzea.

    Eusko Jaurlaritzari baimena ematen zaio lege honetan aurreikusitako zehapenen zenbatekoa eguneratzeko.

    Hamabigarrena. Eudel/Euskadiko Udalen Elkartea.

    Udalek Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko organoan (44. artikuluan arautua) eta Gizarte Zerbi­tzuen Euskal Kontseiluan izan behar duten parte-hartzeari begira (48. artikuluan arautua), Eudel/Euskadiko Udalen Elkarteak izango du ordezkaritza hori, toki-erakundeen elkarteen artean hedatuena den aldetik.

    Hamahirugarrena. Gizarte Zerbitzuen Erregistro Orokorra.

    Eusko Jaurlaritzak, urtebeteko epean, Gizarte Zerbitzuen Erregistro Orokorra sortu eta arautuko du.

Berariaz indargabetuta geratzen da Gizarte Zerbitzuen urriaren 18ko 5/1996 Legea eta lege honetan ezarritakoaren kontra doazen maila bereko edo txikiagoko arau guztiak.

Lehena. Ordezko araubidea.

Administrazio-prozedurari dagokionez, lege honetan aurreikusita ez dauden kasuetan Herri Administrazioen Araubide Juridikoarena eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako xedapenak aplikatuko dira.

Bigarrena. Legea indarrean sartzea.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko abenduaren 12a.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (21)

Arauaren historia

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.