Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Arautegia

Inprimatu

2/2000 Legea, ekainaren 29koa, Bidaiariak Herri Barruan eta Herriz Kanpo kotxez garraiatzeko Zerbitzu Publikoa Arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 146
  • Hurrenkera-zk.: 3412
  • Xedapen-zk.: 2
  • Xedapen-data: 2000/06/29
  • Argitaratze-data: 2000/08/01

Gaikako eremua

  • Gaia: Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Eusko Legebiltzarrak ekainaren 29ko 2/2000 Legea, Bidaiariak herri barruan eta herriz kanpo kotxez garraiatzeko zerbitzu publikoa arautzen duena, onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

Martxoaren 16ko 763/1979 Errege Dekretuaren bidez automobil arinetan herri barruan nahiz herriz kanpo garraiatzeko zerbitzuen gaineko araudi nazionala onartu zen; araudi horrek zerbitzu-mota horien araubide juridikoa jasotzen zuen. Otsailaren 9ko 236/1983 eta irailaren 1eko 1.080/1989 errege dekretuek, ordea, aldatu egin zituzten errege dekretu horren zenbait zati.

Lurreko Garraioak Antolatzen dituen uztailaren 30eko 16/1987 Legeak, eta Lurreko Garraioak Antolatzeko Legearen Araudia onartzen duen irailaren 28ko 1.211/1990 Errege Dekretuak, berriz, zerbitzu horien zenbait alderdi arautu dituzte, eta aurreko errege dekretu haiek indarrean jarraitzen dutela adierazten dute arauak indarrik gabe edo indarrean uzteari buruzko xedapenetan.

Bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak garraio-zerbitzu horiek Erkidego barruan ematearekin lotutako zenbait alderdi jakin araugintza aldetik garatzeari ekin dio.

Auzitegi Konstituzionalaren ekainaren 27ko 118/1996 epaiak Konstituzioaren kontrakotzat, eta, hortaz, baliogabetzat jo ditu uztailaren 30eko 16/1987 Legearen 2. artikuluko lehenengo paragrafoko bigarren idatz-zatia eta bigarren paragrafoa –aplikazio-eremuari buruzkoak–, 113. artikulutik 118ra bitartekoak eta hamargarren xedapen iragankorra –azken horiek herri barruko garraioa arautzekoak–.

Epai horretan ezarritakoa betetzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoan taxi-arloak arau-multzo propioa izatea komeni zela kontuan izanik, orain arte aplikatzen ziren arau sakabanatuak lege bakar batean bildu eta Euskal Autonomia Erkidegoan sortutako taxi-lanaren eskakizunak eta beharrak batzeko, lege hau egitea erabaki da, Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.32 artikuluak ematen duen eskumen esklusiboa erabiliz.

Legearen I. eta II. kapituluek aplikazio-eremua eta eskumen-araubidea finkatzen dute, eta bidaiariak herri barruan eta herriz kanpo, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldetik atera gabe, kotxez garraiatzeko zerbitzu publikoa arautzea dute helburu nagusi.

Eskumenak Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideen, lurralde historikoetako foru-aldundien eta udalen artean banatzeari dagokionean, Autonomia-Elkarte Osorako Erakundeen eta bertako Kondaira-Lurraldeetako Foruzko Ihardutze-Erakundeen Arteko Harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legea eta gai honekin zerikusia duten eginkizun eta zerbitzuak eskuz aldatzearen inguruko araudiak errespetatu dira.

Horrela, bada, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideek beretzat gorde dute lege honen gai den arloan legeak egin, lege horiek garatu, goi-mailako ikuskaritza burutu, plangintza atondu eta koordinazio-lana egiteko eskumena; bidaiariak kotxez herriz kanpo garraiatzeko baimenak eman eta garraio hori ikuskatu eta zigortzeko ahalmenak, berriz, lurralde historikoetako foru-aldundiei dagozkie.

Era berean, udalen eskumenei dagokienean, berariaz aipatu behar dira, bai Toki-Jaurbidearen Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 2. artikuluko 1. paragrafoa, toki-erakundeek beren interesak ukitzen dituzten gaietan parte hartzeko duten eskubideari Estatuak eta autonomia erkidegoek zor dieten errespetuari buruzkoa, eta bai lege beraren 25.2.11) artikulua, zeinak «nolanahi ere» eskumenak ematen baitizkie erakunde horiei «bidaiarien garraio publikoaren arloan». Gogoratu beharra dago, gainera, 86.3 artikuluak toki-erakundeentzat funtsezkotzat jotzen duela bidaiariak garraiatzeko zerbitzu publikoa.

Horiek horrela, herri barruan jarduera burutzeko behar diren lizentziak emateko eskumena ematen zaie udalei, baita zerbitzua emateko modua orokorki arautzeko eskumena eta zerbitzuak ikuskatu eta zigortzeko eskumena ere.

Nabarmena zen jarduera burutzeko araubide juridiko baten beharra, bai lege honen gai diren garraio-zerbitzuak erabiltzen dituzten pertsonentzat, bai garraiarientzat berentzat ere, eta jarduera burutzeko titulu gaitzaileak, hots, baimen eta lizentziak ere, arautzea. Garraiarientzat jarduera burutu ahal izateko ezartzen diren eskakizunei eta titulu gaitzaileak emateko administrazioaren partehartzeari dagokienean, jarduera burutzeko, lanbide-gaitasuna exijitu ahal izateko aukera eman nahi izan da, hartara, jarduera-mota horri exijitu beharreko eskakizunak kontrolatzeko administrazio-lana errazteko. Bereizi egin dira garraiari eta gidari figurak, eta biak arautu dira.

Gainera, komeni zen zerbitzua emateko derrigorrezko baldintza guztiak lege bakar batean biltzea, batez ere zerbitzuak kontratatzeari eta zerbitzuak emateko erei eta zerbitzu-motei buruzko baldintzak. Eta hori, zerbitzuaren erabiltzaileek ez ezik, bidaiariak kotxez garraiatzen dituzten profesionalek ere eskatzen dute.

  1. kapituluan tarifak finkatzeko sistema erraz bat eratu da. Sistema hori aurrerago araudi bidez garatu beharra izango da, batez ere tarifen osagaiei eta tarifa horiek onartzeko eta berrikusteko prozedurari –prozeduran garraiarien eta erabiltzaileen iritziak ere izan beharko dira kontuan– dagokien aldetik. Baina, nolanahi ere, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak ahal den gehien errespetatzeko ahalegina egin da: aplikatu behar zaizkien tarifak nahi dutenean jakiteko eskubidea aitortu zaie, eta berariaz debekatu da baimenik ez duten gehigarriak kobratzea.

  2. kapituluak, zerbitzua emateko lurralde-eremuaz diharduela, udalerri bateko zerbitzuen eta beste batekoen artean halako interakzio edo elkarrekiko eragin bat dagoenean, zerbitzu-eremu bateratuak eta araubide bereziko eremuak sortzeko aukera jasotzen du.

  3. kapituluan taxi-batzordeak sortzea aurreikusten da. Batzorde horiek lege honen gai den arloan eskumena duten administrazioentzat kontsulta eta aholkularitza organo gisa jardungo dute.

    Legearen azken kapituluak administrazioaren kontrol eta ikuskaritza araubidea lantzen du lehen eta bigarren atalean, eta bi eginkizun horiek zerbitzu publikotzat jotzen ditu, erabiltzaile eta kontsumitzaileak behar bezala babestuta daudela eta indarrean dagoen legeria errespetatzen dela bermatzea helburu nagusi duten zerbitzu publikotzat.

    Zigortzeko araubideari dagokionean, zeinak proposatzen den arauak lege-maila izan beharko duela ezartzen baitu, Konstituzioaren 25.1 artikuluarekin bat etorriz eta legezkotasun-printzipioa errespetatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legearen beharrezko aipamenak egin dira. Arau-hausteen erantzukizunaren eta zigor-prozeduraren arloan berariaz adierazi da beste lege horretara jo beharra. Aipamen horiek, legearen zioen azalpeneko bosgarren paragrafoan jasotakoari jarraikiz, gai honi buruzko arauetan halako uniformitate bat –mailarik altuenean ezarria– lortzeko egin dira, hori ezinbestekotzat jotzen baita, helburu gisa zehaztu bezala, testu bateratua erdiesteko eta, ondorioz, segurtasun juridikoa bermatu ahal izateko.

    Atal horretan, eta kasu gehiegi jasotzeko arriskua gorabehera (izan ere, kasuak araudietan zehaztu ohi dira batik bat), zigor litekeen erabiltzaileen nahiz garraiarien ahalik eta jokabide zehatz gehien jasotzeko ahalegina egin da, arlo honetan ezinbestean nagusi behar duten Konstituzioko legezkotasun eta tipizitate printzipioak bermatu ahal izateko. Ildo horretatik, hiru arau-hauste mota bereizi dira –oso larriak, larriak eta arinak–, eta arau-hauste bakoitzeko mota arruntenak jaso ditugu, gerora etorriko diren araudiak bideratzeko.

    Nolanahi ere, eta legezkotasun-printzipioa oso kontuan izanik, legean deskribatutako arau-hauste motak behar bezain zabal uzteko ahalegina egin da, horrela lege honetan arautzen den gaian parte hartzen dutenen ekintzak, zigor litezkeenetakoak badira, zigortzeko modua izateko.

    Azkenik, adierazi beharra dago xedapen iragankorretan berariaz azaltzen dela legea araudiz garatzen ez den bitartean, garraioen arloan indarrean dagoen legeria aplikatu beharko dela.

Lege honen xedea da bidaiariak herri barruan eta herriz kanpo, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldetik atera gabe, kotxez garraiatzeko zerbitzu publikoa arautzea.

  1. – Lege honetan ezarritako ondorioetarako, udalerri bakar baten barruan egindako garraio-zerbitzua hartuko da herri barruko garraiotzat, eta gainontzekoak herriz kanpoko garraio-zerbitzutzat joko dira.

  2. – Garraio publikotzat inoren kontura diru-truke egindako garraio-zerbitzuak hartuko dira.

  3. – Kotxetzat, lege honetan ezarritako ondorioetarako, honako ibilgailuok hartuko dira: pertsonak garraiatzeko sortu eta egin diren ibilgailu automobilak, motozikletak izan ezik, baldin eta gidariaren lekua barne dela bederatzi jarleku edo gutxiago badituzte.

  1. – Legea arau bidez garatzea eta goi-mailako ikuskaritza burutzea Eusko Jaurlaritzari dagokio, eta hori koordinazio-lana eginez eta legearen gai diren zerbitzuak ikuskatzeko planak atonduz burutuko du.

    Plangintza orokorra ere Eusko Jaurlaritzak egingo du. Plangintza horretan sartuko dira, hala behar izanez gero, kontingenteak zehaztea, herriz kanpoko garraiorako gehienezko baimen-kopurua finkatzea, bai eta herriz kanpoko garraio-zerbitzuetarako tarifak ezartzea ere. Egiteko horretan betiere iritzia eskatu beharko die aurretiaz foru-aldundiei, udalei –Euskal Herrian ordezkaritza handiena duen udal-elkartearen bidez–, taxistei –arloan ordezkaritza handiena duten elkarteen bidez–, eta erabiltzaileei.

  2. – Kasuan kasuko lurralde historikoko herriz kanpoko garraio-baimenak eman eta baliorik gabe uztea –kontingenterik izanez gero, horien arabera–, bai eta herriz kanpoko zerbitzuak ikuskatu eta zigortzea ere, lurralde historikoetako foru-aldundiei dagokie.

    Horiei dagozkie, gainera, zerbitzu-eremu bateratuak eta araubide bereziko eremuak zehaztea, taxi-batzordeak sortzea eta lege honek eta aplikatu beharreko gainontzeko arauek agintzen dizkieten gainontzeko ahalmenak.

  3. – Udalei, berriz, herri barruko garraioaren eremuan, garraio-lizentziak eman eta baliorik gabe uztea dagokie; zerbitzuen plangintza egin, ikuskatu eta zigortzea; tarifak ezartzea –prezioen kontrolari buruz legeriak ezarritakoaren arabera–, eta, behar izanez gero, gidarien gaitasunari buruzko egiaztagiriak ematea.

    Udalei dagokie, gainera, taxi-zerbitzua emateko udal-ordenantza arautzailea egin eta onartzea, betiere lege honetan eta lege hau garatzeko arauetan ezarritakoari jarraikiz.

Lehenengo atala: Erabiltzaileak.

  1. – 3. artikuluan aipatutako herri-administrazioek erabiltzaileak jakinaren gainean izan beharko dituzte lege honen gai diren garraio-zerbitzuak emateko ezarriko diren arauei buruz.

  2. – Erabiltzaileek zerbitzua erabiltzeko ezarriko diren arauak bete behar dituzte, baina, edonola ere, betebehar hauek izango dituzte:

    1. Ibilgailua mugitzen ari den bitartean, ibilgailuan ez sartzea, ez irtetea, ez eta, horretarako bidezko arrazoirik ez badago, gidariaren arreta etengo duen edo haren lana oztopatuko duen ezer ez egitea. Ibilgailuaren gidariaren edo beste edozeinen segurtasunerako arriskua ekarriko duen ezer ez egitea.

    2. Ibilgailua hondatu edo zikinduko duen ezer ez egitea, eta lizentzia edo baimena duen titularrarentzako edo, kasuaren arabera, gidariarentzako gogaikarri edo iraingarri gerta litekeen jarrerarik ez izatea.

      Bigarren atala: Garraiariak.

Lege honetan ezarritako ondorioetarako, 2. artikuluan zehaztutako garraio-lanak egiten dituztenak hartuko dira garraiaritzat, baldin eta horretarako behar den lizentzia, eta –kasuaren arabera– baimena, badute.

  1. – Lege honetan adierazitako baimen eta lizentzien titular izan nahi duten pertsona fisikoek honako eskakizun hauek betetzen dituztela egiaztatu beharko dute

    1. Lege honek eta aplikatu beharreko gainontzeko arauek zerga, lan, gizarte-segurantza eta administrazio alorrean ezartzen dituzten betebeharrak.

    2. Indarrean dauden arauek garraio-mota hori egiteko erabili beharreko ibilgailuentzat ezartzen dituzten eskakizun teknikoak.

    3. Garraio-zerbitzuaren ondorioz erabiltzaileei sor lekizkiekeen kalteen eta galeren ordainetarako erantzukizun zibileko asegurua izatea, araudiz ezarritako eran. Nahitaezkoa izango da halaber aseguru-poliza bat ituntzea, legeria bereziaren arabera estali behar diren gainontzeko arrisku guztiak estaltzeko.

  2. – Eskakizun horiek betetzeari utziz gero, titulu gaitzaileak ezeztatu egingo dira, araudiz ezarritako eran.

    Hirugarren atala: Administrazio-baldintzak.

  1. – Lege honen gai den jarduera burutzeko, arlo horretan eskumena duten Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek lizentzia eta baimena ematea beharko da.

  2. – Lizentziak herri barruko garraiorako balioko du; baimenak, berriz, lege honetan ezarritako eremuan, herriz kanpoko garraioa egiteko.

  3. – Baimen eta lizentzia kopurua mugatu egin ahal izango da jendeari eskaini beharreko zerbitzuaren beharren arabera, eta kopuru hori finkatzeko, zerbitzua jaso behar duen biztanleria eta/edo eskualdeko egoera sozioekonomikoa hartuko da kontuan.

  4. – Arau orokor gisa, zenbait eremutako zerbitzuak koordinatu ahal izateko, nahitaez lehenbizi eremu txikiagoko lizentzia edo baimena eskuratu beharko da, gero eremu zabalagokoa eskuratu ahal izateko. Zerbitzuak oso garrantzitsuak ez direlako edo zerbitzu-eskariarekin loturiko beste zerbaitengatik gerta liteke baldintza hori beharrezkoa ez izatea, eta kasu horiek araudiz arautuko dira.

  1. – Lizentzia eta baimenek, bidaiariak kotxez garraiatzeko zerbitzu publikoa emateko, titular bakarra, gidari bakarra eta kotxe jakin bakarra baimenduko dute, eta, lizentzia edo baimena emango bada, hiru horiek araudiz ezarritako eran zehaztu beharko dira.

    Pertsona bera ezingo da, inola ere, lizentzia bat baino gehiagoren titular izan.

  2. – Lizentziak eta baimenak ezin izango dira eskualdatu, ondorengo kasuetan izan ezik:

    1. Titularra hilez gero, alargunaren edo legezko oinordekoen alde.

    2. Erretiroa hartzean.

      a) idatz-zatian aipatutako alargunak edo oinordekoek ezin badute lizentzia jarduera bakar eta esklusiboz erabili.

    1. Titularrak gaixotasun, istripu edo ezinbestekotzat jo daitezkeen beste arrazoiengatik laneko ezintasuna jaso badu.

    2. Lizentziaren titularraren antzinatasuna hamar urtekoa baino handiagoa bada, kasu horretan titularrak toki-erakundearen baimena lortu ondoren, lizentzia eskualdatu ahal izango du, baina hamar urteko epean ez du lizentzia berririk eskuratzerik izango.

      Eskualdatzaileak zein erosleak bete beharreko eskakizunak araudiz ezarriko dira. Nolanahi ere, eskualdaketek ibilgailu bakarrari dagozkion titulu guztiei eragingo diete.

  3. – Titulu gaitzaileak aldian-aldian zein kasutan bisatu beharko diren, araudiz ezarriko da. Derrigorrezko den kasuetan eta ezarritako epeetan bisatzen ez bada, titulu gaitzailea ezeztatu egingo da.

    Laugarren atala: Ibilgailua.

  1. – Indarrean dagoen legerian ezarritako ezaugarriak betetzen dituzten kotxeak joko dira bidaiariak garraiatzeko egokitzat.

  2. – Egoki deritzen baldintzak ezarri ahal izango dituzte udalek beren udal-arauetan, erabiltzaileei zerbitzu egokia emango zaiela bermatzeko.

    Bosgarren atala: Gidariak.

  1. – Edozein zirkunstantzia edo arrazoi dela bide auto-taxi baten lizentziaren titular bilakatzen den pertsona orok berak eman beharko du nahitaez zerbitzua. Salbuespen gisa bakarrik eta araudiz ezartzen den eran (alargunak, titularraren baliaezintasun-egoera, lanerako ezintasun iragankorreko egoera eta zerbitzua norberak ematea eragozten duten ustekabeko egoerak) soldatapeko gidari bat (inoren konturako langilea) kontratatuta ustiatu ahal izango da lizentzia, baina lizentzia bakoitzak ezin izango du gidari bat baino gehiago atxikita eduki.

  2. – Indarrean dagoen legerian ezarritako kasuan kasuko gidabaimena eduki beharko dute eta araudiz ezartzen diren lanbide-gaitasuneko eskakizunak bete beharko dituzte gidariek. Horretarako, lege honen gai diren zerbitzuei aplikatu beharreko arauak, ibilbideak eta kaleak ezagutzen dituztela egiaztatu beharko dute, eta, oro har, zerbitzua behar bezala emateko behar direnak ezagutzen dituztela.

  3. – Nolanahi ere, lizentziaren eta baimenaren titularrak gidariari dagozkion lan eta gizarte-segurantza arloko legezko aginduak eta lege honen ondorio diren aginduak betetzen dituela egiaztatu beharko dio lizentzia edo baimena ematen duen organoari.

  1. – Lizentziak edo baimenak lege honek xede duen zerbitzua lege honen eta indarrean dauden gainontzeko arauen arabera emateko gaitzen du titularra.

  2. – Orokorrean, lizentzia edo baimenaren titularra den pertsona orok lizentzia edo baimen hori emandako egunetik hasita 60 egun naturaleko epean ekin beharko dio, gehienez ere, zerbitzua emateari, salbu eta idatziz bidezko arrazoiak egiaztatzen badira lege honen 3. artikuluan adierazitako organo eskudunen aurrean.

  3. – Zerbitzua dedikazio esklusiboz emango da, araudiz ezartzen diren kasuetan izan ezik. Kasu horiek finkatzeko erabakigarriak izango dira zerbitzua ematen den inguru horretako baldintza sozioekonomikoak edo biztanle-urritasuna.

  4. – Arau bidez ezartzen diren ordutegi, txanda, opor eta etenaldien araubidearen arabera emango dira zerbitzuak.

  1. – Herri barruan eta herriz kanpo kotxez egiteko garraio-zerbitzuak pertsonak eta horien ekipajeak garraiatzeko izango dira, eskuarki.

  2. – Jarleku bakoitzari dagokiona ordainduz zerbitzua jarlekuka kontratatzea zein kasu berezitan baimendu ahal izango den, araudiz ezarriko da.

  1. – Herri barruan eta herriz kanpo kotxez egiteko garraio-zerbitzuak pertsonak eta horien ekipajeak garraiatzeko izango dira, eskuarki.

  2. – Enkarguak egiteko garraio-zerbitzua ere arautu ahal izango da araudiz, batez ere zerbitzu horiek eskaini nahi diren eskualdeetako baldintza sozioekonomikoak eta biztanleria kontuan izanik. Enkarguak egiteko garraio-zerbitzua ematea aukerakoa izango da taxilariarentzat.

  1. – Garraiaria derrigortua dago eskatzen zaion zerbitzua ematera, betiere 4. artikuluan erabiltzaileentzat aurreikusitako betebeharretara egokitzen bada eskatzen zaiona.

  2. – Garraiariak ezin izango du ibilgailuarentzat baimenduriko jarleku-kopurua baino bidaiari gehiago garraiatu.

  3. – Garraiariak zerbitzua emateari uko egin ahal izango dio, baldin eta zerbitzua legez kanpoko zerbaitetarako bada edo arriskua badu bidaiarien, gidariaren edo beste batzuen segurtasun edo osasunerako edo ibilgailuak kalteak izateko.

  4. – Garraiariak zerbitzua emateari uko egiten badio, zerbitzua ez emateko arrazoia azaldu beharko dio idatziz erabiltzaileari, hark hala eskatuz gero.

  5. – Garraiariak ahalik eta arreta handiena jarri beharko du zerbitzuak emateko araubidea ondo betetzeko, eta gidariak gizalegez jokatu beharko du erabiltzaileekin.

  6. – Eskola-garraioko edo adin txikikoen garraioko zerbitzuak ematen direnean, garraio horien segurtasuna erregulatzeko arauek agindutako baldintza guztiak bete beharko dira.

Zerbitzua ematen duenak ibilgailuan eraman beharko ditu –agerian, hala behar izanez gero– eta erabiltzaileen eta ikuskaritzakoen eskura izan beharko ditu derrigorrezko lizentzia eta baimenak, indarrean dauden tarifak eta araudiz edo titulu gaitzaileen arabera derrigorrezko diren bestelako agiri guztiak.

  1. – Bidaiariak kotxez garraiatzeko zerbitzuen barruan bi mota bereiz daitezke:

    1. Zerbitzu orokorrak.

    2. Zerbitzu berezituak: hartakotzat hartuko dira eskakizun arruntez gainera bestelako eskakizunak dituzten ibilgailu eta/edo gidariak behar dituzten zerbitzuak.

  2. Zerbitzu berezi horiek eman ahal izateko titulu gaitzaileak eta zerbitzua emateko araubide juridikoa araudiz ezarriko dira.

  1. – Erabilera esklusiboko zerbitzuen tarifak.

    Auto-taxi zerbitzua ematea tarifa bati lotuta egongo da, eta eskumena duen organoak aldiro errebisatu eta onartu beharko du tarifa hori. Aipatutako tarifa loteslea eta derrigorrezkoa izango da herri barruko bidaietan auto-taxien gidarientzat eta bidaiariarentzat. Herriz kanpoko bidaientzat tarifa-erregimen desberdina zehaztuko da eta era berean loteslea eta derrigorrezkoa izango da.

    Hala eta guztiz ere, posible izango da tarifa azpitik itundutako prezioekin herriz kanpoko erabilera esklusiboko garraioak egitea; kasu horretan ez da derrigorrez erabiliko taximetroa, baina itundutako prezioa idatziz agertzen duen agiria zerbitzuak dirauen artean kotxean eraman beharra izango da.

  2. – Jarlekuka egindako garraio-zerbitzuen tarifak.

    Zerbitzu hau burutzeko baimena ematen dion kontratuan azaltzen den tarifapean egingo da garraioa, betiere tarifari buruz eskumena duen organoak onartuta.

  3. – Zerbitzu berezien tarifak.

    Auto-taxiaren babespean burututako garraio bereziaren tarifa garraio berezientzat aurreikusitakoa izango da.

  4. – Tarifek ekoizpen eta antolaketa egoera normal bateko benetako kostu guztiak hartu beharko dituzte, eta amortizazio egoki bat egiteko eta enpresarentzako arrazoizko mozkinak emateko modukoak beharko dute, bai eta zerbitzua edo jarduera egoki burutzeko modukoak ere.

  5. – Tarifak 3. artikuluan xedatutakoaren arabera eskumena duen organoak finkatuko ditu, garraiariei eta erabiltzaileei entzun ondoren, eta aldian-aldian berrikusi egingo dira, kostuen egituraren osagaietan izandako gorabeherak kontuan izanik, baldin eta horiek zerbitzuaren edo jardueraren oreka ekonomikoan eragin nabarmenik badute.

  6. – Politika ekonomikoa dela-eta garraioaren prezioa ere prezioen arau orokorretan jasotako eskuhartze modalitateren batean sartuta dagoenean, tarifen gaineko eskumena duen organoak tarifak ezarri edo aldatuko baditu, prezioak kontrolatzeko eskumena duten organoen onespena beharko du lehenengo.

  7. – Debekatua dago indarrean dauden arauetan eta administrazioaren derrigorrezko baimenean jasota ez dauden gehigarriak kobratzea.

  8. – Araudiz zehaztuko da behin zerbitzu bat kontratatu ondoren taximetroa zein momentutan jarri beharko den abian.

  1. – Jarduera burutzeko baimena zein udalerritakoa den, udalerri horretan bertan hasi beharko da lege honetan araututako zerbitzua.

  2. – Salbuespen izango dira honako zerbitzuok: zerbitzu-eremu bateratuetan eta araubide bereziko eremuetan egitekoak; aurretiazko kontratazio bidez egitekoak; lizentzia edo baimenik ez den inguruetan egin beharrekoak, eta araudiz ezarritakoaren araberako zerbitzu berezituak.

  1. – Zerbitzu-eremu bateratuak kasuan kasuko foru-aldundiek mugatuko dituzte, bai beren kabuz, bai eremu horretako udalek hala eskatuta. Foru-aldundiek beren kabuz jarduten badute, ukitutako udalen %50en onespena beharko dute gutxienez, eta, gainera, udal horiek eremuko biztanleen %75 hartu beharko dute.

  2. – Zerbitzu-eremu bateratuak hainbat udalerritako zerbitzuen artean interakzioa edo elkarrekiko eragina dagoenean ezarriko dira, zerbitzuen antolaketa egokiak udalerri bakoitzaren interesak gainditzen dituenean.

  3. – Eremu horietako zerbitzuak ere lege honetan ezarritako araubidearen menpe egongo dira.

  4. – Zerbitzu-eremu bateratuak lurralde historiko bat baino gehiago ukitzen dituenean, artikulu honen arabera foru-aldundiei agindutako eginkizunak Eusko Jaurlaritzak hartuko ditu, eta horrek zuzenean burutuko ditu edo kasuan kasuko foru-aldundien esku utziko ditu.

  1. – Araubide bereziko eremuak honako kasu hauetan ezarriko dira: portu, aireportu, trenbide edo autobus geltoki, ospitale, azoka edo antzekoen ondorioz edo bi udalerri edo gehiagoren arteko trafiko-interakzioa dela eta, trafiko handia sortzen bada udalerri batzuetatik besteetara eta zentro horiek dauden udalerrietako baimen eta lizentzien titularrak nahikoa ez badira eremu horietako eskariari behar bezala erantzuteko.

  2. – Araubide bereziko eremuak kasuan kasuko foru-aldundiek mugatuko dituzte, ukitutako udalen txostena jaso ondoren, eta eremu horietan, lizentzia garraioa hasi behar den udalerrikoa ez izan arren, ibilgailuek berdin eman dezakete zerbitzua.

Lege honetan arautzen diren zerbitzuen gainean eskumenak dituzten administrazioen arteko koherentzia, lankidetza eta koordinazioa bermatu ahal izateko, arautu beharreko gaiei buruzko konferentziak antolatuko dira. Eusko Jaurlaritzan garraio arloan eskumena duten organoek egingo dute biltzar horietarako deia.

  1. – Lurralde historiko bakoitzean taxi-batzorde bat sortuko du foru-aldundiak.

  2. – Taxi-batzordeak izango dira, lurralde historiko bakoitzean, administrazioen kontsulta eta aholkularitzarako organo, lege honek araututakoaren barruan.

  3. – Legez edo araudiz eman lekizkiokeen eskumenak gorabehera, taxi-batzordeak kasuan kasuko administrazio-organoari, nahitaez, aholkua eman beharko dio txosten bidez, ondoren zehaztuko diren kasu hauetan:

    1. Udalerri edo zerbitzuen lurralde-eremu bateratu bakoitzean gehienez ere zenbat lizentzia edo baimen izan behar diren zehazteko.

    2. Zerbitzu berezituak antolatzeko.

    3. Zerbitzu-eremu bateratuak eta araubide bereziko eremuak sortzeko.

  4. – Gainera, zerbitzua emateko era desberdinei, lizentzien eskualdaketari edo gaitasun-ziurtagiriei buruz interesgarritzat jotzen dituen alderdien gaineko aholkuak emango dizkie eskumena duten administrazioei, garraiariei, langileei eta erabiltzaileei.

  5. – Lege honen gaiaren inguruan edo zerbitzuak garatzeko interesgarri jotzen duen beste edozein alderdiri buruzko txostenak ere egin ahal izango ditu.

  6. – Taxi-batzordea Eusko Jaurlaritzaren, kasuan kasuko foru-aldundiaren, udalen –gutxienez horietako bat lurralde historikoko hiriburuaren ordezkaria izango da– eta erabiltzaileen eta taxi-arloaren ordezkariek osatuko dute.

  7. – Batzordearen jarduera-araubidea azaroaren 26ko 30/1992 Legean kide anitzeko organoentzat ezarritakoari lotuko zaio.

Lehenengo atala: Kontrol-araubidea.

  1. – Lege honetan araututako jarduerak administrazioak kontrolatuko ditu araudiz ezarriko den eran.

  2. – Kontrol horrek erabiltzaileen eskubideak indarrean dagoen legeriaren arabera babesten direla bermatuko du, eta erabiltzaileen eskubideei kalterik ez egiteko baliabide egokiak jarriko ditu.

    Bigarren atala: Ikuskaritza.

  1. – Lege honetan araututako zerbitzuak 3. artikuluan xedatutakoaren arabera eskumena duten administrazioko organoek ikuskatuko dituzte. Ikuskatzaileak agintari publikotzat joko dira ondorio guztietarako, eta independentzia osoa izango dute beren lanean.

  2. – Garraiariek, gidariek eta, oro har, lege honetan araututako zerbitzuak ematen parte hartzen duen edonork ikuskatzaile-lana agindu zaionari derrigor utzi beharko dio ibilgailua eta lege honen eta lege hau garatzeko xedapenen arabera derrigorrezko diren agiriak ikusten, bai eta baimena edo lizentzia behar duten gainetiko instalazioak ikusten ere.

  3. – Ikuskatzaileek garraioa zaintzeko ardura duten administrazioko organoen laguntza izango dute, eta ikuskaritza eta zainketa lana koordinatuta egingo dira.

    Hirugarren atala: Zigor-araubidea.

Lege honetan eta lege hau garatzeko arauetan ezarritakoa hausteagatiko administrazio-erantzukizuna Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean xedatutakoak arautuko du.

Kotxe bidezko garraio-zerbitzuen gaineko arauen aurkako arau-hausteak oso larriak, larriak eta arinak izan daitezke.

  1. – Honako hauek arau-hauste oso larriak dira:

    1. Beharrezko lizentzia edo baimena izan gabe edo horiek iraungi ondoren zerbitzua ematea.

    2. Beste pertsona batzuen izenean emandako lizentzia edo baimena erabiltzea, edo, zerbitzua emateko, titularra edo izendaturiko gidaria ez den beste norbaitek gidatzea ibilgailua.

    3. Ikuskaritza, zaintza eta kontrol zerbitzuen lana zaildu edo horri ezetza ematea, eta, hortaz, araudiz dagozkien egitekoak betetzea eragoztea.

    4. Lege honetan ezarritako zerbitzuak ematekoan lege-hauste penalak egitea, otsailaren 20ko 2/1998 Legearen 18. artikuluan xedatutakoaren arabera.

    5. Kotxearen derrigorrezko asegururik ez izatea.

    6. Arau-hauste larri bat egitea, baldin eta horren erantzulea artikulu honen 2. paragrafoko letra berean tipifikaturiko arau-hauste larria egiteagatik aurreko urtebetean zigortua izan bada administrazioaren eta/edo epaileen erabaki irmo bidez.

    7. Ibilgailua mozkortuta edo sorgorgarrien eraginpean gidatzea.

  2. – Honako hauek arau-hauste larriak dira:

    1. Lizentzietan eta baimenetan jasotako ibilgailuekin ez besteren batekin egitea garraio-lana, eta titulu gaitzaile horietan ezarritako lurralde-eremua ez errespetatzea.

    2. Lege honetan araututako jardueretan dedikazio esklusibo eta osoz ez jardutea, eta lizentzia eta baimen horietan jaso gabeko zerbitzuak egitea, lege honetan eta lege hau garatzeko araudian xedatutakoa ez betez.

    3. Baimena jaso ondoren zerbitzua ematen ez hastea eta/edo hirurogei egun naturaleko epean geldituta egotea, horretarako bidezko arrazoirik izan gabe.

    4. Zerbitzuari buruzko kexa eta erreklamazioak aurkezteko behar dituzten agiriak ez uztea edo eskuratzeko oztopoak jartzea erabiltzaileei. Kexa edo erreklamazio horiek administrazioari ezkutatzea edo, arrazoirik gabe, araudiz xedatuko denaren arabera horien berri ematea luzatzea.

    5. Derrigorrezko zerbitzuak ez ematea, eta, administrazioak halakorik ezarriz gero, ordutegiak eta atsedenak koordinatzeko araubidea ez betetzea.

    6. Erabiltzaileen zerbitzu-eskaerei jaramonik ez egitea, eta bidaiariak, eskatu duten zerbitzua bukatu gabe, baztertuta uztea, 4. eta 14. artikuluetan aurreikusitako egoeraren bat gertatu ezik.

    7. Tarifen araubidea ez betetzea.

    8. Zerbitzuak egiteko ibilbide ezegokiak, erabiltzaileen interes ekonomikoarentzako kaltegarriak edo erabiltzaileek esandakoaren kontrakoak aukeratzea, horretarako bidezko arrazoirik izan gabe.

    9. Zerbitzua kontratatu duen bidaiariak berekin ekarri ez duen beste norbait hartzea ibilgailuan.

    10. Ibilgailuak dituen jarlekuak banaka kontratatzea, bete beharreko arauetan jasotako kasuak ez badira.

    11. Hitz edo keinu zakarrak erabiltzea, eta erabiltzaileei, oinezkoei edo beste ibilgailuetako gidariei mehatxu egitea.

    12. Ibilgailuan utzitako gauzak gordetzea, eskumena duen organoari hirurogeita hamabi orduko epean jakinarazi gabe.

    1. Taximetro eta/edo modulurik ez izatea, ez erabiltzea edo behar bezala ez ibiltzea; ibilgailuan derrigor eraman beharreko beste edozein kontrolbide edo tresna ez izatea edo manipulatuta izatea, eta tresna horientzat edo ibilgailuentzat agindutako azterketak ez egitea.

    2. Bidaiariak lizentzia eman den herritik kanpo hartzea, bete beharreko arauetan baimenduriko kasua ez bada.

    3. Lege honetan eta lege hau garatzeko arauetan aurreikusitako derrigorrezko aseguruak ez egitea.

    4. Baimenduriko bidaiariak baino gehiago garraiatzea.

    5. Aurreko urtebetean artikulu honen 3. paragrafoko letra batean tipifikaturiko arau-hauste arina egiteagatik administrazioaren eta/edo epaileen behin betiko erabaki bidez zigortu duten titular horrek berriro ere arau-hauste bera egitea.

  3. – Honako hauek arau-hauste arinak dira:

    1. Araudiz exijitutako agiriak zerbitzua ematen den bitartean ez eramatea ibilgailuan.

    2. Agiriak agerian ez eramatea, derrigorrezkoa den kasuetan.

    3. Administrazioari nahitaez jakinarazi beharreko datuak ez ematea.

    4. Erabiltzaileekin edo hirugarrenekin begirunerik gabe portatzea, baldin eta larritzat tipifikatzeko arinegia bada.

    5. Titulu gaitzaileak ez bisatzea horretarako ezarritako epean.

    6. Gidaria bera txukun ez joatea, eta ibilgailua barrutik nahiz kanpotik garbi ez izatea.

    7. Araudiz ezarriko den kopururainoko trukerik (txanpon edo billetetan) ez ematea erabiltzaileari.

    8. Aurreko zenbakian aurreikusitako arau-hausteak, baldin eta arau-hausteen izaeragatik edo inguruabarrengatik arintzat jo balitezke, otsailaren 20ko 2/1998 Legearen 14. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar den kasuetan.

  1. – Erabiltzaileek lege honen 4. artikuluan xedatutakoaren arabera dituzten eginbeharrak ez betetzea arau-hauste arintzat joko da.

  2. – Arau-hauste horiek garraiariak erabiltzaileari edo ibilgailua hartu duenari eska liezaiokeen erantzukizun zibilaren kaltetan gabe zigortuko dira.

  1. – Arau-hauste arinen zigorra: ohartarazpena eta/edo 46.000 pezetarainoko isuna eta/edo titulu gaitzailea gehienez ere hamabost egunerako kentzea. Larrien zigorra: 46.001 pezetatik 230.000 pezetarainoko isuna eta/edo titulu gaitzailea gehienez ere sei hilabeterako kentzea. Oso larriena: 230.001 pezetatik 460.000 pezetarainoko isuna eta/edo titulu gaitzailea gehienez ere urtebeterako kentzea.

    Aurreko paragrafoan ezarritako mugen barruan, zenbateko isuna jarri erabakitzeko, otsailaren 20ko 2/1998 Legean xedatutakoa izango da kontuan.

  2. – Lege honen arabera egoki diren zigorrak gorabehera, arau-hauste oso larriak behin eta berriro egiteak, edo jarritako zigorra ez betetzeak, titulu gaitzailea ezeztatzea ekar lezake.

  1. – Arau-hauste oso larriek hiru urtera preskribituko dute, larriek bi urtera, eta arinek sei hilabetera.

  2. – Arau-hauste oso larriengatik jarritako zigorrek hiru urtera preskribituko dute, larriengatik jarritakoek bi urtera, eta arinek urtebetera.

  3. – Bai arau-hausteen, bai ezarritako zigorren preskripzio-epea noiz hasi, noiz eten eta berriro noiz abiatzen den erabakitzeko, otsailaren 20ko 2/1998 Legean agindutakoari jarraituko zaio.

  1. – Lege honetan aurreikusitako zigorrak 3. artikuluan xedatutakoaren arabera eskumena duten administrazioko organoek jarriko dituzte.

    Baimena eta lizentzia ezeztatzeko zigorra jartzea, nolanahi ere, haiek eman zituen administrazio berari dagokio.

  2. – Lege honetan aurreikusitako zigorrak jartzeko eta betearazteko prozedura otsailaren 20ko 2/1998 Legean xedatutakoari lotuko zaio.

    Zigortzeko prozeduran har daitezkeen kautelazko neurriei buruz lege horretan xedatutakoa gorabehera, zerbitzu bat ematekoan lege honetako 26.1.a) eta 26.2.e) artikuluetan deskribaturiko kasuak atzemanez gero, ibilgailua berehala geldiarazteko agindu ahal izango da, harik eta ustezko arau-hauste horren arrazoiak desagertu arte, eta administrazioak zerbitzua hobeto emateko behar diren neurriak hartu ahal izango ditu.

  3. – Administrazio-bideko erabaki finkoz ezarritako diruzko zigorrak ordaintzea ezinbesteko baldintza izango da bisatua egiteko, baita lizentziak eta baimenak eskualdatzeko ere.

Indarrik gabe geratuko dira lege honetan ezarritakoaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko lege-xedapenak.

Lege honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin egunaren biharamunean hartuko du indarra.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2000ko uztailaren 13a.

Lehendakaria,