Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Arautegia

Inprimatu

373/2005 DEKRETUA, azaroaren 15ekoa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 219
  • Hurrenkera-zk.: 5690
  • Xedapen-zk.: 373
  • Xedapen-data: 2005/11/15
  • Argitaratze-data: 2005/11/17

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko Sailak sortu, kendu eta aldatzeari buruzko eta sail horien eginkizunak eta jarduera-arloak zehazteari buruzko ekainaren 27ko 8/2005 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko Sailen egitura berrantolatu da, bai eta sailean saileko eskumenen esleipen berria ezarri ere.

Ekainaren 27ko 8/2005 Dekretuaren 11. artikuluak Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sail berriari dagozkion eginkizunak eta jarduera-arloak biltzen ditu.

Aipatutako arauaren azken xedapenen arteko lehenean aurreikusitakoa betez, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura eta eginkizunak ezartzen ditu dekretu honek, aipatutako xedapenetan adierazitako aurreikuspenei eta antolaketa-irizpideei jarraituz.

Egitura hori honako hiru sailburuordetza hauetan antolatzen da: Etxebizitza Sailburuordetza, Gizarte Gaietako Sailburuordetza, eta Herritarren Partaidetzarako eta Harreman Instituzionaletarako Sailburuordetza; sailburuordetza horiek, bestalde, zuzendaritzak izango dituzte, bakoitzari dagozkion arlo bereziak kontutan hartuta. Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa Zerbitzu Zuzendaritzarekin osatzen da; horrek organo horizontal baten antzera jardungo du, sailburuaren mendean.

Etxebizitza Sailburuordetzaren helburu nagusia sailaren eskumenak gauzatzea da, honako hauei dagokienez: lurzorua eta hirigintza, etxebizitza, arkitektura, plangintza, herritarrei laguntzea eta etxebizitzari dagozkion laguntzak kudeatzea, eta eraikuntzaren eta eraikuntzaren kalitatearen berrikuntza sustatzea.

Gizarte Gaietako Sailburuordetzaren zeregin nagusia hainbat jarduera planifikatzea eta koordinatzea da, honako arlo hauetan: garapen-lankidetza, gizarte-ongizatea, gizarte-zerbitzuak, boluntariotza, immigrazioa, droga mendekotasunak, eta Haur eta Nerabeentzako Defentsa Bulegoarekiko harremanak.

Azkenik, Herritarren Partaidetzarako eta Harreman Instituzionaletarako Sailburuordetzari honako zeregin nagusi hauek agindu zaizkio: batetik, gizartearen eta herritarren partaidetza bultzatzea, lurzoruaren, hirigintzaren, etxebizitzaren eta gizarte-gaien arloetako politikak planifikatu eta gauzatzeari dagokionez, bai eta arlo horietako eskumenak gauzatzeari dagokionez ere; eta, bestetik, Sailari laguntza eta aholku ematea, instituzioen arteko komunikazioari eta harremanei dagokienez.

Ondorioz, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren proposamenez, Lehendakariak onartu ondoren eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2005eko azaroaren 15ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Sailak sortu, kendu eta aldatzeari buruzko eta sail horien eginkizunak eta jarduera-arloak zehazteari buruzko Lehendakariaren ekainaren 27ko 8/2005 Dekretuaren 11. artikuluan zehaztu diren eginkizunak eta jarduera-arloak dagozkio Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailari.

Aurreko artikuluan aipatu diren eskumenak baliatzeko, honako organo hauek izango ditu Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak:

  1. Organo Nagusiak:

    1. – Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua.

    2. – Zerbitzu Zuzendaritza.

    3. – Etxebizitza Sailburuordetza.

      1. Lurzoru eta Hirigintza Zuzendaritza.

      2. Etxebizitza, Berrikuntza eta Kontrol Zuzendaritza.

      3. Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen. Zuzendaritza.

    4. – Gizarte Gaietako Sailburuordetza:

      1. Gizarte Ongizate Zuzendaritza.

      2. Garapen Lankidetzarako Zuzendaritza.

      3. Inmigrazio Zuzendaritza.

      4. Droga Gaietako Zuzendaritza.

    5. – Herritarren Partaidetzarako eta Harreman Instituzionaletarako Sailburuordetza.

      1. Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritza.

      2. Kabinetearen Zuzendaritza.

  2. Organo periferikoak:

    Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak Lurralde Historiko bakoitzean duen Lurralde Ordezkaritza.

  3. Jarraian azaltzen diren organoak Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailari esleitu eta/edo lotu zaizkio, beren eraketa-arauetan ezarritakoaren arabera:

    1. – Eraikuntzaren Kalitatea Kontrolatzeko Batzordea, urriaren 22ko 238/1996 Dekretuaren bidez sortua.

    2. – Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseilua, abenduaren 4ko 20/1997 Legearen bidez sortua.

    3. – Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Nahitaezko Desjabetzeko Lurralde Epaimahaiak, azaroaren 20ko 8/1987 Legeak sortuak, eta Euskadiko Balorazio Batzorde Teknikoa.

    4. – Euskadiko Garapen Lankidetzarako Aholku Batzordea, martxoaren 24ko 53/1998 Dekretuak arautua.

    5. – Hirugarren Munduaren Garapenean Lankide izateko eta Laguntzeko Fondoa kudeatzeko Batzordea, martxoaren 30eko 62/2004 Dekretuak arautua.

    6. – Boluntariotzaren Euskal Kontseilua, boluntariotzari buruzko ekainaren 25eko 17/1998 Legeak sortua eta otsailaren 16ko 30/2003 Dekretuak arautua.

    7. – Gizarte Ongizateko Euskal Kontseilua, Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluaren osatzeari eta funtzionamendu-erregimenari buruzko irailaren 16ko 204/1997 Dekretuak arautua; azaroaren 3ko 298/1998 Dekretuak aldatu du Dekretu hori.

    8. – Nazioarteko Adopzioko Batzorde Teknikoa, urriaren 28ko 263/2003 Dekretuan arautua, Nazioarteko Adopzioko Erakunde Laguntzaileen egiaztatzea eta funtzionamendua arautzen dituena.

    9. – Droga Mendekotasunen Aholku Kontseilua, Droga Mendekotasunen arloan prebenitzeari, laguntzeari eta gizarteratzeari buruzko ekainaren 25eko 18/1998 Legeak sortua, eta gailu instituzionala garatzen duen uztailaren 27ko 302/1999 Dekretuak arautua.

    10. – Droga Mendekotasunen Sailen Arteko Batzordea, Droga Mendekotasunen arloan prebenitzeari, laguntzeari eta gizarteratzeari buruzko ekainaren 25eko 18/1998 Legeak sortua, eta gailu instituzionala garatzen duen uztailaren 27ko 302/1999 Dekretuak arautua.

    11. – Ijitoen sustapen integralerako eta gizarte-parte-hartzerako Kontseilua, abenduaren 5eko 289/2003 Dekretuak arautua, Euskadiko Ijitoen sustapen integralerako Kontseilua sortzen duena.

    12. – Haur eta Nerabeen Behatokia, haur eta nerabeen arreta eta babesari buruzko otsailaren 18ko 3/2005 Legeak arautua.

    13. – Euskadiko immigranteen Gizarteratzeko eta Gizarte Parte-hartzerako Foroa, azaroaren 9ko 213/2004 Dekretuak aldatutako abuztuaren 30eko 200/2002 Dekretuak arautua.

Haurrak eta Nerabeak Zaindu eta Babesteari buruzko otsailaren 18ko 3/2005 Legean eta horren antolaketa- eta funtzionamendu-arautegian ezarritakoaren arabera, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailari esleitu zaio Haur eta Nerabeentzako Defentsa Bulegoa. Alabaina, bulego horrek askatasun eta autonomia osoa izango du bere eginkizunak gauzatzeko, Administraziotik aparte.

Orobat, Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A. / Sociedad de Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. (VISESA) sozietate publikoa Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailari esleitu zaio, Etxebizitza Sailburuordetzaren bitartez.

  1. – Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuari honako hauek dagozkio:

    1. Gobernu Legeari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluetan ezarritako eskumenak gauzatzea, bai eta Sailak onartutako eginkizun eta jarduera-arloen esparruan indarreko legeriak esleituko dizkion eskumenak gauzatzea ere.

    2. Saileko Kontratazio Organo gisa jardutea, 100.000 euro baino gehiagoko espedienteetan.

    3. Saileko 1.500.000 eurotik gorako gastuak baimentzea, Gobernu Kontseiluaren eskumenak bazter utzi gabe. Nahitaezko desjabetzetan, 150.000 eurotik gorako gastuak baimentzea.

    4. Enpresa, erakunde eta korporazioekin akordioak edo hitzarmenak egitea. Zehazkiago, etxebizitzari dagokionez, lankidetza-hitzarmenak izenpetuko ditu Tokiko Korporazioekin eta zuzenbide publikoko erakundeekin. Orobat, interes publikoko jarduera ekonomiko pribatuak sustatu nahi dituzten partikularrekin laguntza-hitzarmenak izenpetuko ditu, Gobernu Kontseiluak horretarako baimena eman ondoren, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ekarpen ekonomikoa 60.000 eurotik gorakoa bada, Gobernu Kontseiluaren eskumenak bazter utzi gabe.

    5. Sailburuek eta Zerbitzu Zuzendariak emandako ebazpenen aurka jarritako helegiteak ebaztea.

    6. Esleipen prozedura orokorraren eraginpeko babes ofizialeko etxebizitzen esleipena kentzeko deklarazioa egitea.

    7. Etxebizitzak eskuratzea sustapen publikoko babes ofizialeko etxebizitza gisa sailkatzeko, ondarearen gaineko indarreko legeria bazter utzi gabe.

    8. Babes ofizialeko gehienezko prezioak ezartzea eta zehaztea.

    9. Babes ofizialeko etxebizitzen salerosketa- eta alokairu-kontratuetan nahitaez bildu beharreko klausulak ezartzea.

    10. Babes ofizialeko etxebizitzen hasierako gehienezko errenta finkatzea eta zehaztea.

    11. Etxebizitzari buruzko zigor-espedienteetan behartzeko isunak ezartzea, baldin eta zenbatekoa 12.000tik 30.000 eurora bitartekoa bada.

    12. Interesdunaren eskaerari erantzunez, zigor-espedienteetan ezarritako isunak partzialki barkatzea, baldin eta obrak epearen edo luzapenaren barruan egin badira, Gobernu Kontseiluak ezarritako isunak izan ezik (azken kasu horretan, Gobernu Kontseiluari dagokio isunak barkatzea).

  2. – Aholkulariek eta sailburuak izendatutako konfiantzazko gainerako langileek beharrezko laguntza emango diote Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuari, bere goreneko zuzendaritzapean, sailburuak bere eginkizunak behar bezala bete ditzan.

  3. – Saileko organoek beharrezko informazioa eta laguntza jarriko dute une oro horrelakorik beharko duten Aholkulari eta konfiantzazko gainerako langileen esku, aginduko zaizkien eginkizunak behar bezala gara ditzaten.

  4. – Sailburua buru dela, Zuzendaritza Kontseilu bat ere izango da, Sailaren politika antolatzen laguntzeko. Honako hauek osatuko dute Kontseilua: sailburuordeek, zuzendariek, aholkulariek, eta sailburuak aztertu beharreko gaien arabera izendatuko dituen lagunek.

  5. – Hierarkiaren arabera, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren mendeko zuzena da Zerbitzu Zuzendaritza; Sailaren organo horizontal gisa eratu da zuzendaritza hori.

Sailburu titularraren zuzeneko ardura hierarkikoaren eraginpean, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko sailburuordeei, oro har, honako eskumen hauek gauzatzea dagokie:

  1. Sailburuak eskuordetuta, Saila ordezkatzea.

  2. Sailburuordetzaren eta horren eraginpeko organoen jarduerak programatzea, zuzentzea, koordinatzea, bultzatzea eta ikuskatzea.

  3. Sailburuari Sailburuordetzaren araudia eta jarduera-planak proposatzea.

  4. Sailburuordetzak izapidetu beharreko eta sailburuordearen eskumenekoak diren gaiei dagokienez egokitzat joko dituen ebazpenak sailburuari proposatzea, eta haren eskumeneko gaiei buruzko erabakiak hartzea.

  5. Sailburuordetzaren mendeko zerbitzuei argibide eta zerbitzu-agindu egokiak ematea, zerbitzu horien funtzionamendu egokia bermatzeko.

  6. Sailburuordetzaren mendeko zerbitzuen proiektuak proposatzea, baliabide materialen eta giza baliabideen beharrak zehaztuz, Aurrekontu Aurreproiektua lantzeko.

  7. Sailburuordetzaren zuzendariek emandako ebazpenen aurka jarritako helegiteak ebaztea.

  8. Sailburuordetzaren mendeko zuzendaritza-zentroen eta erakundeen funtzionamendua ikuskatu eta kontrolatzea.

  9. Oro har, indarreko antolamendu juridikoak esleituko dizkien eginkizun guztiak, eta sailburuak haien esku propio utziko dituenak.

Zerbitzu Zuzendariak sailburuaren zuzeneko ardura hierarkikoaren eraginpean egongo dira. Gainerako zuzendariak dagokien sailburuordearen zuzeneko ardura hierarkikoaren eraginpean egongo dira. Oro har, zuzendari guztiek honako eginkizun hauek bete beharko dituzte:

  1. Sailburuak eskuordetuta, Saila ordezkatzea.

  2. Zuzendaritzaren barne-zerbitzuak eta lan-sistemak antolatzea, Zerbitzu Zuzendaritzari esleitutako eskumen orokorrak bazter utzi gabe.

  3. Zuzendaritzaren jarduerak bultzatu, zuzendu, koordinatu eta kontrolatzea, goragoko organoek emandako jarraibideen arabera.

  4. Zuzendaritzak izapidetu beharrekoak diren eta egokitzat joko dituzten ebazpenak goragoko organoei proposatzea, eta haien eskumeneko gaiei buruzko erabakiak hartzea.

  5. Indarreko antolamendu juridikoak propio esleituko dizkien eginkizun guztiak, bai eta, Gobernuko Zuzendariei oro har esleitu zaizkielako, komunak diren eginkizunak ere.

Dekretu honen 7. artikuluak oro har esleitzen dizkion eginkizunak bete behar ditu Zerbitzu Zuzendaritzak. Horiek ez ezik, honako eginkizun hauen ardura ere hartu behar du zuzendaritza horrek:

  1. Sailburuari laguntza tekniko-juridikoa eta administratiboa ematea.

  2. Saileko Kontratazio Organo gisa jardutea, 100.000 euro gainditzen ez duten espedienteetan.

  3. Saileko organoen arteko eta haien eta Gobernuko gainerako organoen arteko harremanak koordinatzea.

  4. Saileko Aurrekontu Aurreproiektua egiteko lanak zuzendu eta koordinatzea, bai eta saileko aurrekontu-kudeaketa antolatu, koordinatu eta horren jarraipena egitea ere; horren haritik, kudeaketa horren egoeraren eta bilakaeraren berri emango diete organo guztiei.

  5. Sailaren gastuak baimentzea, Dekretu honetan edo bestelako arauetan beste organo batzuei onartu zaizkien eskumenak bazter utzi gabe.

  6. Sailaren kontratazio-espedienteak izapidetzea.

  7. Saileko langileei buruzko plangintza, kontrola eta kudeaketa koordinatzea. Gainera, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 10.1. artikuluan bildutako eginkizunak betetzeko organo eskuduna da.

  8. Saileko langileen gizarte-ekintzako, prestakuntzako eta hobekuntzako programak lantzea eta kudeatzea, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren esparruan gai horien eskumeneko organoei dagozkien eskumenak bazter utzi gabe.

  9. Saileko langileen euskalduntzeko eta hizkuntza-normalizazioko politikaren garapena koordinatzea, Kultura Sailaren eskumenak bazter utzi gabe.

  10. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo bestelako aldizkari ofizialetan argitaratu beharreko saileko gaiak izapidetzea.

  11. Saileko gainerako organoei —eta, hala badagokio, haren eraginpeko aholku—organoei eta gainerako erakundeei— laguntza juridikoa, aholkularitza eta laguntza ematea.

  12. Sailean sortuko diren gaiei buruzko ikerlanak eta txostenak egitea, baldin eta bestelako zuzendaritzen esku utzi ez badira.

  1. Saileko organo guztiei laguntza teknikoa ematea, saileko estatistikekin zerikusia duten gaietan.

  2. Saileko zerbitzu orokorrak antolatzea eta administratzea, Sailburuordetza, Zuzendaritza eta Lurralde Ordezkaritzen lanerako sistema eta metodoak koordinatzea, eta Saileko administrazio-unitateen banaketa espaziala eta ekipamendu materiala antolatzea, Ogasun eta Herri Administrazio Saileko eskumenak bazter utzi gabe.

  3. Sailaren informatika-aplikazioak koordinatu eta kudeatzea, eta Sailaren Informatika Plana garatzea, Ogasun eta Herri Administrazioko Sailaren eskumenak bazter utzi gabe.

  4. Saileko Erregistro Orokorra, Liburutegia, Dokumentu Funtsa eta Artxiboa antolatu, zuzendu eta kudeatzea, Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren eskumenak bazter utzi gabe.

  5. Administrazioa aldatu eta modernizatzearen eskumeneko organoak emandako ekimenak eta jarraibideak garatu eta gauzatzeko beharrezko euskarria bermatuko duen organo gisa jardutea, Sailaren jarduera-esparruan gai horrekin zerikusia duten Gobernu Programaren aurreikuspenak garatzeko.

  6. Euskadiko Jabetza Hiritarreko Ganberei dagokienez Sailari esleitu zaizkion eginkizunak.

  7. Eusko Jaurlaritzak Europar Batasuneko araudia eta politikak egin eta aplikatzeko izan beharreko esku-hartzea garatzeko koordinazio-neurriak gauzatzea, indarreko arauak betez. Horren haritik, Saileko organoen eta Erkidegoko Erakundeen arteko gaiak eta harremanak bideratuko ditu, Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren eskumeneko organoaren bitartez.

  8. Saileko zuzendaritzak eta arloak eta sailaren eraginpeko erakunde autonomo, erakunde publiko eta organoak bultzatu, koordinatu eta laguntzea, Emakume eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Eusko Jaurlaritzak onartutako berdintasunerako planean aurreikusitako neurriak gauzatzeko.

  9. Sailak herritarren informaziorako eta arretarako dituen zerbitzuen (arretaren 2. eta 3. mailak) funtzionamendu egokia ziurtatzea, eta Jaurlaritzaren Herritarren Arretarako Zerbitzuarekiko (Zuzenean) harremanak behar bezala egituratzea. Horretarako, solaskide eragileak ziurtatuko ditu bere eskumen-eremuko gai guztietan.

  10. Zuzendaritzaren zuzeneko ardura hierarkikoaren eraginpean egongo diren Saileko Lurralde Ordezkaritzak koordinatu, antolatu eta zuzentzea, gaiaren arabera Saila osatuko duten organoen eskumenak bazter utzi gabe.

  1. – Etxebizitza Sailburuordetza, sailburuaren goragoko zuzendaritzapean, honako jarduera-arlo hauek zuzendu eta koordinatzen ditu:

    1. Lurzorua eta hirigintza.

    2. Etxebizitza.

    3. Arkitektura, eraikuntza, eta eraikuntzaren iraunkortasuna eta kalitatea.

    4. Irisgarritasunaren sustapena.

  2. – Dekretu honen 6. artikuluak oro har esleitzen dizkion eginkizunak bete behar ditu Etxebizitza Sailburuordetzak. Horiek ez ezik, honako eginkizun hauen ardura ere hartu behar du sailburuordetza horrek:

    1. Lurzoruari, hirigintzari eta etxebizitzari buruzko politikaren plangintza eta gauzatzea ikuskatzea eta zuzentzea.

    2. Iraunkortasuna sustatzea, hiri-garapena eta arkitektura orientatzeko funtsezkoa den aldetik.

    3. Irisgarritasuna bultzatu eta sustatzea.

    4. Andeatutako hiri-areak eta birgaitze integratuko areak onera ekartzeko lanak bultzatu eta sustatzea, Ogasun eta Herri Administrazioko Sailari esleitutako eskumenak bazter utzi gabe.

    5. Nahitaezko desjabetzeen gastuak baimentzea, 150.000 eurora bitarte.

  3. – Honako zuzendaritza hauek Etxebizitza Sailburuordetzaren zuzeneko ardura hierarkikokoaren mendean daude: Lurzoru eta Hirigintza Zuzendaritza, Etxebizitza, Berrikuntza eta Kontrol Zuzendaritza, eta Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritza.

Dekretu honen 7. artikuluak oro har esleitzen dizkion eginkizunak bete behar ditu Lurzoru eta Hirigintza Zuzendaritzak. Horiek ez ezik, honako eginkizun hauen ardura ere hartu behar du zuzendaritza horrek:

  1. Lurzoruari eta hiri-antolamenduari buruzko arauzko proiektuak egitea. Azken horri dagokionez, lurraldea antolatzearen ardura duten organo eskudunekin batera.

  2. Izapideak koordinatu eta kontrolatzea, eta, hala badagokio, hiri-antolamenduko eta lurzoruko tresnak lantzea, bai eta tresna horiek baliatzeko gestioak egitea ere, Eusko Jaurlaritzaren eskumenen esparruan.

  3. Hiri-antolamenduko eta lurzoruko tresnei buruzko txostenak egitea, Euskadiko Lurralde Antolamenduko Batzordearen eta Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Politikarako Aholku Batzordearen funtzionamenduaren esparruan, eta Sailaren berezko eskumenei loturik.

  4. Birgaitze integratuko areak eta area andeatuak deklaratzea, urbanizatutako eta eraikitako ondarea birgaitzeari begira; bai eta berariazko ekintzak egitea, hiria birgaitzeari eta onera ekartzeari dagokienez.

  5. Lurzoru eraikigarria lortzea, Sailak etxebizitza-arloan egin beharreko jarduerak ahalbidetzeko; eraikin zaharkituak ordez daitezke ere xede horri begira.

  6. Sustapen publikoko eremuak urbanizatzeko obren gauzatzea planifikatu, programatu, kudeatu eta kontrolatzea.

  7. Euskadiko Ondareari buruzko legean aurreikusitakoaren esparruan Sailari esleitu zaion titulartasun publikoko lurzorua administratzea, eta lurzoru horren berariazko inbentarioa egitea, antolatzea eta kontrolatzea, aipatutako Legean aurreikusitakoa betez.

  8. Sailak garatutako jardueren eta beste sail batzuek agindutakoen ondorio diren desjabetze-espedienteak izapidetzea eta balio justuak eta berriz kokatzeko eskubideak onartzea.

  9. Haren eginkizunak betez eta Ogasun eta Herri Administrazio Sailarekin elkarlanean, Sailak parte hartuko duen ondare-eragiketen eraginpeko eraikinen balorazio teknikoak egitea, bai eta beste eraikin batzuen balorazioak egitea edo haiek egiten laguntzea ere, Sail horren eskaerari erantzunez.

Dekretu honen 7. artikuluak oro har esleitzen dizkion eginkizunak bete behar ditu Etxebizitza, Berrikuntza eta Kontrol Zuzendaritzak. Horiek ez ezik, honako eginkizun hauen ardura ere hartu behar du zuzendaritza horrek:

  1. Honako arlo hauei buruzko arauzko proiektuak egitea: eraikuntza, birgaitzea, iraunkortasuna, berrikuntza teknikoa eta eraikuntzaren kalitatea, bai eta, hala badagokio, eraikuntza iraunkorraren arloko egiaztagiriak kudeatu eta ematea ere.

  2. Hirigintza eta eraikuntza iraunkorrak bultzatzeko sustapen-jarduerak.

  3. Sustapen zuzeneko etxebizitza sozialen arloko obren gauzatzea planifikatu, programatu, kudeatu eta kontrolatzea.

  4. Arkitekturaren aldetik bereziak diren eraikinak birgaitzea.

  5. Proiektu tekniko, memoria eta oinarri teknikoen pleguak idaztea.

  6. Etxebizitza sozialak sustatzerakoan obrak zuzendu eta ikuskatzea, edo, hala badagokio, eginkizun horiek betetzeko laguntza teknikoa ematea.

  7. Sailak sustatutako babes ofizialeko etxebizitzen promozio adostuekin zerikusia duten proiektuak aztertzea eta horiei buruzko aholkularitza teknikoa ematea, bai eta, hala badagokio, promozio horiekin zerikusia duten obren gauzatzea kudeatu, kontrolatu, eta horien jarraipen teknikoa egitea ere.

  8. Sailak sustatu dituen etxebizitzak eraiki edo birgaitzeko obrekin zerikusia duten proiektu teknikoak ikuskatzea, bai eta obra horien harreren kontrol teknikoa egitea ere.

  9. Babes ofizialeko etxebizitzen kalifikazioak ematea, Lurralde Ordezkaritzen talde teknikoen txostenak oinarritzat hartuta.

  10. Irisgarritasuna sustatzea.

  11. Eraikuntzaren eta birgaitzearen problematika aztertu, ebaluatu eta kontrolatzea.

  12. Eraikuntza-kalitatea antolatu eta sustatzea, etxebizitzak eraiki eta urbanizazio-obrak egiterakoan.

  1. Eraikinen egoera kontrolatzea eta Eraikinen Ikuskatze Teknikoak egitea.

  2. Ikerketa sustatzea eta bizitegi-eraikuntzan erabilitako teknikak modernizatzea.

  1. Eraikuntzaren sektorean kalitatea, iraunkortasuna eta lan-arriskuen prebentzioa integratzeko sistemak sustatzea; azken horri dagokionez, arlo horien eskumeneko organoen eskumenak hartuko dira kontuan.

  2. Eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko entsegu-laborategien egiaztagiriak ematea eta berritzea, eta arlo horri dagozkion lanak eta entseguak egitea.

  3. Proiektuak Ikuskatzeko Bulego gisa jardutea eta Eusko Jaurlaritzaren sail guztiei dagozkien eraikuntza-obren harreren kontrol teknikoa egitea, baldin eta sail horiek proiektuak ikuskatzeko berariazko zerbitzurik ez badute eta haien eskaerari jarraituz, eta sail anitzeko eraikinei dagokienez Ogasun eta Herri Administrazio Sailari dagozkion eskumenak bazter utzi gabe.

  4. Eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko Batzordea eta Irisgarritasuna sustatzeko Euskal Kontseilua bultzatu eta laguntzea.

Dekretu honen 7. artikuluak oro har esleitzen dizkion eginkizunak bete behar ditu Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzak. Horiek ez ezik, honako eginkizun hauen ardura ere hartu behar du zuzendaritza horrek:

  1. Aholkularitza juridikoa ematea eta arauzko proiektuak eta hitzarmenak egitea etxebizitza-politikaren arloan.

  2. Etxebizitzaren, lurzoruaren eta urbanizazioaren arloetako jardueren plangintza eta finantza-programazioa.

  3. Etxebizitza-arloko planak, eta finantziazioko eta erregimen juridiko eta finantzarioko programen proposamena egitea, Gobernu Kontseiluak hura onar dezan.

  4. Partaidetza-sozietateen kudeaketa-informazioa integratzea eta haien jardueren jarraipena egitea.

  5. Babes ofizialeko etxebizitzen plan eta programa guztien esparru babesgarrien proposamena egitea.

  6. Sailburuari babes ofizialeko etxebizitzen gehienezko prezioaren proposamena egitea.

  7. Tokiko Korporazioekin eta zuzenbide publikoko erakundeekin lankidetza-hitzarmenak izenpetzea, bai eta interes publikoko jarduera ekonomiko pribatuak sustatu nahi dituzten partikularrekin laguntza-hitzarmenak izenpetzea ere, Gobernu Kontseiluak horretarako baimena eman ondoren, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ekarpen ekonomikoa 60.000 eurotik gorakoa ez bada.

  8. Ikerlan, txosten eta agerkari ekonomikoak egitea, etxebizitza-arloko politika eraginkorra eta koherentea ahalbidetzeko.

  9. Eraikuntza eta etxebizitzaren arloko saileko estatistika-plana egitea, eta administrazio-informazioko sistemak diseinatu, mantendu eta kudeatzea, sektorearen errealitatea eta horren bilakaera behar bezala ezagutzen dela bermatzeko.

  10. Etxebizitzaren, lurzoruaren eta urbanizazioaren arloetako finantza-neurrien kudeaketa ekonomiko-finantzarioa eta administratiboa egitea.

  11. Etxebizitzen promozio adostuei dagokien deialdia, kudeaketa eta etekinak esleitzea.

  12. Erakunde publiko edo pribatuekiko alokairu-etxebizitzak sustatzeko hitzarmenak prestatzea.

  1. Honako prozesu hauen zuzendaritza funtzionala: etxebizitzen eskaintza eta esleipena kudeatzea, etxebizitza-arloko zigor-ahalmena ikuskatu eta gauzatzea, eta partikular eta auzo-komunitateentzako etxebizitza-arloko laguntza-ildoak proposatu eta kudeatzea.

  2. Etxebizitza-zozketak planifikatu, koordinatu eta kontrolatzea, eta horiekin zerikusia duten aginduak argitaratzea.

  3. Kanpo-erakundeekin (udaletxeak, sustatzaile pribatuak, kooperatibak) koordinatzea, haien etxebizitzak esleitzeko prozesuetan laguntzeko, eta haien beharretara egokitutako datu-baseak haien esku jartzeko.

  4. Titulartasun publikoko etxebizitzak administratu eta kudeatzea.

  1. – Gizarte Gaietako Sailburuordetza, sailburuaren goragoko zuzendaritzapean, honako jarduera-arlo hauek zuzendu eta koordinatzen ditu:

    1. Garapen Lankidetza.

    2. Gizarte Ongizatea.

    3. Gizarte Zerbitzuak.

    4. Inmigrazioa.

    5. Droga Mendekotasunak.

    6. Haurrak.

    7. Askatasun afektibo-sexuala erraztuko duten baldintzak sustatzea.

    8. Boluntariotza.

  2. – Dekretu honen 6. artikuluak oro har esleitzen dizkion eginkizunak bete behar ditu Gizarte Gaietako Sailburuordetzak. Horiek ez ezik, honako eginkizun hauen ardura ere hartu behar du sailburuordetza horrek:

    1. Honako hauei buruzko politikaren plangintza eta gauzatzea ikuskatu eta zuzentzea: Gizarte Ongizatea, Gizarte Zerbitzuak, Inmigrazioa, Droga Mendekotasunak, Garapen Lankidetza, Boluntariotza eta Haurrak.

    2. Ongizatearen eta gizarte-zerbitzuen alorrean jarduten duten erakunde publiko eta pribatuen jarduerak planifikatu, sustatu, koordinatu eta ebaluatzea, bai eta horien prestazio-katalogoa mantendu eta hobetzea.

    3. Gizarte-zerbitzuen arloan, Gobernuaren ekintza zuzena indartzea.

    4. Immigrazio-arloko jarduera-politika propioa bultzatzea, beharrezko baldintzak sustatuz eta oztopoak kenduz, etorkinak gizarteratu eta politikan parte har dezaten errazteko.

    5. Elkartasun aktiboa sustatu eta gizarte zibilak poliki-poliki parte har dezan bultzatzea, herritarrek lankidetza solidarioaren alderdi guztien berri izan dezaten eta horietan inplika daitezen.

    6. Gizarte Zerbitzuen esparruan jarduten duten elkarte, fundazio, gobernuz kanpoko erakunde eta gizarte-mugimenduekiko lankidetza-harremana indartzea, Herritarren Partaidetzarako eta Harreman Instituzionaletarako Sailburuordetzarekin batera.

    7. Haur eta nerabeen eskubideak sustatu eta horiekiko sentsibilizatzea, bai eta Autonomia Erkidegoaren Administrazioaren eta Haur eta Nerabeen Defentsa Bulegoaren arteko harremanetarako organo gisa jardutea ere.

    8. Herritarrek boluntariotza-ekintzetan eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuetan parte har dezaten sustatzea, herritarren Partaidetzarako eta Harreman Instituzionaletarako Sailburuordetzarekin elkarlanean.

  3. – Gizarte Ongizate Zuzendaritza, Garapen Lankidetzarako Zuzendaritza, Inmigrazio Zuzendaritza eta Droga Gaietako Zuzendaritza Gizarte Gaietako Sailburuordetzaren mendekoak dira koordinazioari dagokionez.

Dekretu honen 7. artikuluak oro har esleitzen dizkion eginkizunak bete behar ditu Gizarte Gaietako Zuzendaritzak. Horiek ez ezik, honako eginkizun hauen ardura ere hartu behar du zuzendaritza horrek:

  1. Honako hauei buruzko arauzko proiektuak egitea: haurrak, familia-bitartekotza eta adingabeak babestea, adinekoak, minusbaliatuak, eta, oro har, gizarte-ongizateari eta gizarte-zerbitzuei buruzko proiektuak.

  2. Gizartearen eta erkidegoaren prebentzioaren esparruko jarduera instituzionalak sustatzea.

  3. Beharrei eta gizarte-baliabideei buruzko ikerlanak programatu eta lantzea.

  4. Gizartearen eta osasunaren arloko jarduerak planifikatzea, Osasun Sailarekin batera.

  5. Gizarte-zerbitzuak antolatzea, urriaren 18ko 5/1996 Legean ezarritakoa betez, zerbitzu horiek garatu eta aplikatzeko arauak landuz, bai eta Euskadiko gizarte-zerbitzuen arloko jardueretarako laguntzak ematea arautzen duen araudia antolatzea ere, Zuzendaritza honen eskumenekoak diren alderdietan.

  6. Herri Administrazioen eta erakunde pribatuen gizarte-zerbitzuen jarduerak koordinatzea eta ikuskatzea, eta horiekin zerikusia duten funtsezko arauak bete daitezen kontrolatzea.

  7. Gizarte Ongizatearen berariazko zerbitzuen arloan jarduten duten erakunde publiko eta pribatuen jarduerak planifikatu, sustatu, koordinatu eta ebaluatzea.

  8. Instituzioek presentzia duten eta Zuzendaritzaren berariazko eskumenetan eragina duten esparru guztietan parte hartzea, bai eta gizarte-ongizatean eta gizarteratzean eragina duten parte-hartze sozialeko jarduera eta ekimen publikoetan parte hartzea ere, kasu bakoitzean Gobernu Kontseiluak erabakiko duena betez.

  9. Gizarte Zerbitzuen Erregistro Orokorra kudeatzea, araudi aplikagarrian ezarritakoa betez.

  10. Zuzendaritza honen eskumenekoak diren arloei buruzko informazioa bildu eta igortzeari begira Gobernuak sustatutako programa eta proiektuetan parte hartzea.

  11. Gizarte-zerbitzuen esparruan jarduten duten langileen prestakuntza kualifikatua sustatzea.

  12. Eusko Jaurlaritzaren zuzeneko ekintzako programa eta jarduerak antolatu eta kudeatzea, bestelako Sailen eskumenak bazter utzi gabe.

  1. Eusko Jaurlaritzaren zuzeneko eraginpean dauden erakundeekiko zigor-ahalmena ikuskatzea eta gauzatzea, bestelako Sailen eskumenak bazter utzi gabe.

  2. Ongintza- eta asistentzia-fundazioei dagokienez, Euskadiko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 36.4 artikuluak eta Euskadiko Fundazioen antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko Arautegia onartzen duen urriaren 18ko 404/1994 Dekretuaren 8. artikuluak ezarritako eginkizunak betetzea.

  3. Nazioarteko adopzioko erakunde laguntzaileak egiaztatu, kontrolatu eta ikuskatzea, Nazioarteko Adopzioko Erakunde Laguntzaileen egiaztatzea eta funtzionamendua arautzen duen urriaren 28ko 263/2003 Dekretuan ezarritakoa betez.

  4. Haur eta Nerabeen Behatokiari babesa eta laguntza ematea.

  5. Familia-bitartekotzako zerbitzuak arautu, antolatu eta ezartzea.

  6. Eusko Jaurlaritzak onartutako seme-alabak dituzten Familiei Laguntzeko Planaren esparruan, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarekin batera, familientzako laguntzak abian jartzea eta haurtzaindegi eta haur-eskolen sarea finkatzea, Sailen arteko Batzordeak haur-hezkuntzako lehen zikloa abian jartzeari begira ezarriko duena betez.

  7. Haurren eta familiaren egoerarekiko sentsibilizatzeko jarduerak, programak eta kanpainak garatzea, Zuzendaritzak gizarte-ongizatearen esparruan dituen eskumenen eremuan.

  8. Adingabeak babesteko prebentzio- eta jarduera-planak sustatzea, udaleko gizarte-zerbitzuekin batera, eta gai horretan inplikatutako erakundeekin elkarlanean. Adinekoen eta edonolako minusbaliotasuna jasaten dutenen sustapen pertsonala eta gizarteratzea. Orobat, gizartearen diskriminazioa eta baztertzea jasaten duten talde eta kolektiboentzako ekimen eta zerbitzuei beharrezko laguntza emango zaie, beste Sail batzuek azken arlo horretan dituzten eskumenak bazter utzi gabe.

  9. Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluari eta Ijitoen sustapen integralerako eta gizarte-parte-hartzerako Kontseiluari laguntza ematea.

  10. Askatasun afektibo-sexualaren esparruan herritarren benetako berdintasuna bultzatu eta sendotzeko jarduerak proposatzea.

  11. Askatasun afektibo-sexuala galarazten duten oztopoak kentzeko jarduerak proposatzea eta arauzko proiektuak lantzea.

  12. Izatezko Bikoteen Erregistroa kudeatzea.

  13. Askatasun Afektibo Sexualaren Zerbitzua (Berdindu) kudeatzea.

  14. Erabilera publikokotzat har ditzaten lortu nahi duten elkarteei dagokienez, Elkarteei buruzko otsailaren 12ko 3/1998 Legearen 22.3. artikuluan ezarritako eginkizunak betetzea.

  15. Gizarte Zerbitzu oinarrizko edo espezializatuetan bildutako sistemak (kontrol-bilketa metodologikoa, datu-tratamendua eta dokumentazioa) garatzea, eta programa, prestazio eta zerbitzuak ebaluatzeko jarduerak egitea, Gizarte Zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legea betez.

    a’) Amnistiari buruzko Legearen arabera eta diktadura frankistaren errepresaliatuak aintzat hartzeko bestelako ekimenen arabera askatasuna kentzea jasan zutenak konpentsatzeko laguntzak eta kalte-ordaineko ekimen kultural eta sinbolikoak garatzea.

    b’) Boluntariotzaren Erakundeen Errolda Orokorra kudeatu eta antolatzea, boluntariotzari buruzko ekainaren 25eko 17/1998 Legean eta irailaren 1eko 169/2000 Dekretuan ezarritakoa betez.

    c’) Boluntariotzaren baliabideen katalogo publikoa egitea, eta boluntariotzari buruzko dokumentu-funtsak eta datu-baseak sortu eta kudeatzea, boluntariotzari buruzko ekainaren 25eko 17/1998 Legean ezarritakoa betez.

    d’) Boluntariotza-proiektu jakin bati helduko dioten erakundeei aholkularitza teknikoa eta laguntza ematea, boluntariotzari buruzko ekainaren 25eko 17/1998 Legean ezarritakoa betez

    e’) Boluntariotzaren Euskal Kontseiluari laguntzea.

    f’) Boluntariotza eta boluntariotza-agentziak bultzatu, lagundu eta sustatzea.

Dekretu honen 7. artikuluak oro har esleitzen dizkion eginkizunak bete behar ditu Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzak. Horiek ez ezik, honako eginkizun hauen ardura ere hartu behar du zuzendaritza horrek:

  1. Euskadiko Garapen Lankidetzarako Aholku Batzordeari eta Hirugarren Munduaren Garapenean Lankide izateko eta Laguntzeko Fondoa Kudeatzeko Batzordeari laguntzea.

  2. Garapen-lankidetzarako programa eta proiektuak sustatu, koordinatu eta gauzatzea, ekonomiaren, kulturaren, zientziaren eta teknikaren arloetan.

  3. Nazio Batuetako erakundeekiko harremanak sendotzea, laguntza humanitarioari eta garapen-lankidetzari dagokienez.

  4. Autonomia Erkidegoko edo kanpoko bestelako erakunde publiko edo pribatuek helburu berdinekin ezar ditzaketen programa eta ekimenak sustatzea eta horietarako laguntza ematea.

  5. Euskal teknikarien prestakuntza sustatzea, lankidetzaren eta garapenaren gaietan.

  6. Euskal Administrazio Publikoen arteko koordinazioa sustatzea, lankidetzaren eta garapenaren gaietan.

  7. Garapen-lankidetzarekin zerikusia duten arauzko proiektuak egitea.

  8. Garapen-lankidetzarako politika eraginkorragoa abian jartzeko beharrezko tresna eta neurriak diseinatzea.

  9. Garapen-bidean dauden herrialdeen aurrerapenerako garrantzizko ikerlanak egin eta hedatzea.

  10. Giza eskubideak eta gatazken konponbide baketsua sustatzea, baita gizartea bultzatzea ere, garapen-lankidetzarako programa eta proiektuetan parte har dezan.

  11. Euskal Autonomia Erkidegoan garapen-lankidetza sustatu eta hedatzea, bai eta horri buruzko sentsibilizazioa eta prestakuntza indartzea ere.

  12. Larrialdi-laguntzak aztertu, ebaluatu eta proposatzea.

  1. Lankidetzarekin zerikusia duten foro eta erakunde guztietan parte hartzea, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan zein kanpoan, kasu bakoitzean Gobernu Kontseiluak ezarriko duenaren arabera.

Dekretu honen 7. artikuluak oro har esleitzen dizkion eginkizunak bete behar ditu Inmigrazio Zuzendaritzak. Horiek ez ezik, honako eginkizun hauen ardura ere hartu behar du zuzendaritza horrek:

  1. Euskal Autonomia Erkidegorako immigrazioari buruzko estrategia propioa zehaztea.

  2. Immigrazio-jarduerak planifikatzea eta immigrazioari buruzko arauzko proiektuak lantzea, EAEko eskumen-esparruaren barruan.

  3. Etorkinak gizarteratzeko eta gizartea babesteko sistemetan txertatzeko ekintzak eta neurriak proposatzea.

  4. Immigrazioari dagokionez Estatuarekin eta bestelako Administrazio Publikoekin koordinatzeko mekanismo eta tresnak proposatzea, Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren eskumenak bazter utzi gabe.

  5. Harrera-biztanleak sentsibilizatzeko eta elkarteen eta kulturen arteko jarduerak sustatzeko neurriak proposatu eta gauzatzea.

Dekretu honen 7. artikuluak oro har esleitzen dizkion eginkizunak bete behar ditu Droga Gaietako Zuzendaritzak. Horiek ez ezik, honako eginkizun hauen ardura ere hartu behar du zuzendaritza horrek:

  1. Eusko Jaurlaritzari aholku ematea, droga-mendekotasunei buruzko politika zehazterakoan, bai eta laguntza ematea ere, arlo horretako jarduerak koordinatu eta kontrolatzerakoan.

  2. Droga menekotasunen bosturteko Plana garatzea.

  3. Droga Mendekotasunen Sailen Arteko Batzordea eta Droga Mendekotasunen Aholku Batzordea zuzendu eta bultzatzea.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko Droga Mendekotasunen Plana bultzatu eta koordinatzea, bai eta horren jarraipena eta barne-ebaluazioa egitea ere, gaiaren eta lurraldearen arabera eskumena duten organoek Planaren ekintzak antolatu eta kudeatzea bazter utzi gabe.

  5. Droga Mendekotasunen arloko jarduera arautzen duten arauak ezarri, aldatu eta aplikatzearekin zerikusia duten berariazko proposamen orokorrak egitea.

  6. Droga Mendekotasunen Euskal Behatokia zuzentzea. 1997ko otsailaren 4ko aginduz sortu zen behatoki hori, gai horri buruz ikertzeko, informatzeko eta dokumentatzeko zerbitzu gisa.

  7. Droga Mendekotasunei dagokienez Prebentzioari, Laguntzeari eta Gizarteratzeari buruzko ekainaren 25eko 18/1998 Legeak esleitzen dion zigor-ahalmena gauzatzea.

  8. Droga mendekotasunei dagokienez prebentzioa, laguntza, gizarteratzea, ikerketa eta prestakuntza garatu eta sustatuko dituzten jarduerak bultzatzea, diruz lagundutako programa, hitzarmen, lehiaketa eta kontratuen bitartez.

  9. Droga Mendekotasunei dagokienez arriskuak eta kalteak murrizteko baliabideak bultzatu eta eustea.

  10. Espetxean eta espetxetik kanpo drogen menpean daudenei laguntza eta tratamendua emateko beharrezko baliabideak eskaintzea, osasun-arloan eskumena duten organoekin eta espetxe-instituzioekin batera.

  11. Lagun edo kolektibo urrakorretan droga menekotasunak prebenitzeko programa eta baliabideak bultzatu eta eustea.

  12. Euskal Autonomia Erkidegoko Droga Mendekotasunen Planean bildutako proiektuak bultzatu, koordinatu eta ebaluatzea. Horren haritik, lehentasunak zehaztuko dira, eta beharrezko laguntza emango zaie Jaurlaritzaren Sailei, Foru Aldundiei, Udalei eta esku hartzen duten gizarte-erakunde guztiei.

  1. Gizarte-erakundeek, hedabideek eta herritarrek oro har droga mendekotasunei buruzko prebentzioan, laguntzan eta gizarteratzean parte har dezaten indartzea, Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritzarekin batera.

  1. – Herritarren Partaidetzarako eta Harreman Instituzionaletarako Sailburuordetzak, sailburuaren goragoko zuzendaritzapean, honako jarduera-arlo hauek zuzendu eta koordinatzen ditu:

    1. Sailaren harreman instituzionalak.

    2. Gizarteak eta herritarrek sailaren eskumen-esparruan parte har dezaten sustatzea, Gobernuak Euskal Gobernantza Publikoa garatuz onartu dituen neurrien esparruan.

  2. – Dekretu honen 6. artikuluak oro har esleitzen dizkion eginkizunak bete behar ditu Herritarren Partaidetzarako hartzerako eta Harreman Instituzionaletarako Sailburuordetzak. Horiek ez ezik, honako eginkizun hauen ardura ere hartu behar du sailburuordetza horrek:

    1. Zenbait mekanismo indartzea gizarteak parte-hartze demokratikoa izan dezan, lurzoruaren, hirigintzaren, etxebizitzaren eta gizarte-gaien arloetako politikak planifikatu eta gauzatzerakoan, bai eta arlo horien eskumenak gauzatzerakoan ere.

    2. Etxebizitzaren, lurzoruaren eta hirigintzaren politikaren gizarte-ikuspegia sustatzea, eta ikuspegi hori gizarteratze-politikekin bateratzea.

    3. Elkarte, fundazio, gobernuz kanpoko erakunde eta gizarte-mugimenduekiko laguntza-harremanak indartzea, hala badagokio, haien ekarpen eta proposamenak bideratu ahal izateko sailaren eskumenen esparruan.

    4. Herritarren sentsibilizazioa eta gizarte-kontzientziazioa sustatzea, lurzoruaren, hirigintzaren, etxebizitzaren eta gizarte-gaien arloetako politikak diseinatu, planifikatu eta gauzatzerakoan parte har dezaten.

    5. Harreman instituzionalak eta sailaren komunikazio eta informazio orokorreko politika ikuskatzea.

    6. Jaurlaritzaren Kontseiluari eta Ekonomia Gaietako Ordezko Batzordeari aurkeztu behar zaizkion gaien jarraipena egitea.

  3. – Herritarren Partaidetzarako Sailburuordetza eta Kabinetearen Zuzendaritza Herritarren Partaidetzarako eta Harreman Instituzionaletarako Sailburuordetzaren mendeko zuzenak dira, hierarkiaren arabera.

Dekretu honen 7. artikuluak oro har esleitzen dizkion eginkizunak bete behar ditu Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritzak. Horiek ez ezik, honako eginkizun hauen ardura ere hartu behar du zuzendaritza horrek:

  1. Mekanismoak eta tresnak proposatu eta ezartzea, herritar guztiek politika publikoak planifikatu eta gauzatzerakoan parte har dezaten bermatzeko, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren eskumenen esparruan.

  2. Herritarren partaidetzarako eta eztabaidatzeko metodo eta formulak proposatu, arautu eta ezartzea, sailaren eskumenen esparruan.

  3. Asoziazionismoa eta gizartearen eta herritarren antolaketa-modu guztiak bultzatu eta sustatzea, lurzoruaren, hirigintzaren, etxebizitzaren eta gizarte-gaien arloetako politika publikoetan benetako parte-hartzea bultzatzeko eragileak diren aldetik.

  4. Txostenak, ikerlanak eta iritzi-azterketak lantzea, jarraian aintzat hartzeko. Horrek aukera emango du sailaren eskumen-esparruari dagokionez euskal herritarrek dituzten lehentasunezko eskaerak eta interesak zein diren jakiteko.

  5. Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak sustatutako etxebizitza-poligono berrien erkidego-garapena.

  6. Tokiko Agenda XXI programaren gizarte-alderdia sustatzea; Beharrezkoa bada, garapena eta laguntza tekniko egokia koordinatuko dira.

Dekretu honen 7. artikuluak oro har esleitzen dizkion eginkizunak bete behar ditu Kabinetearen Zuzendaritzak. Horiek ez ezik, honako eginkizun hauen ardura ere hartu behar du zuzendaritza horrek:

  1. Sailburuaren —eta, oro har, Sailaren— agenda, jarduerak eta lan-programa zuzendu, planifikatu eta koordinatzea, bai eta horien jarraipena egitea ere.

  2. Gizartea kontzientziatzeko eta/edo sentsibilizatzeko kanpainak eta/edo politikak planifikatu eta kudeatzea.

  3. Sailaren komunikazio-politika diseinatu eta gauzatzea, eta sailaren organoei laguntza ematea.

  4. Protokolo-harremanak —eta, bereziki, Eusko Legebiltzarrarekiko, Arartekoarekiko eta Euskal Autonomia Erkidegoko eta Estatuko gainerako erakunde eta instituzioekiko harremanak— koordinatzea, Jaurlaritzaren Lehendakaritzak dituen eskumenak bazter utzi gabe.

  5. Herritarrei informazio orokorra emateko eginkizunak koordinatzea, eta Sailaren jarduera-arloei dagozkien kexa eta iradokizunak jasotzea.

  6. Protokoloa eta gizarte-hedabideekiko harremanak.

  7. Sailaren organoentzako azterketak egitea eta prestatzea, eta organo horiei laguntza ematea, Gobernu Kontseiluari eta Ekonomia Gaietako Ordezko Batzordeari aurkeztu behar zaizkion gaiei dagokienez, bai eta gai horiek guztiak izapidetzea ere.

  8. Sailaren kanpo-jarduerak eta sailak sustatutako biltzar, mintegi, jardunaldi, konferentzia eta gainerako ekintza publiko eta pribatuak antolatzea.

  9. Sailaren argitalpenak kudeatu eta banatzea, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpenen Zerbitzu Zentralari dagozkion eskumenak bazter utzi gabe.

Lurralde Historiko bakoitzean Lurralde Ordezkaritza bat izango da, eta horren buruan Lurralde Ordezkari bat egongo da. Hori Zerbitzu Zuzendariaren mendeko organikoa izango da, eta dagokion zuzendariaren mendeko funtzionala; honako eginkizun hauek esleitu zaizkio:

  1. Legeak eta xedapenak betetzen direla zaintzea, Sailari esleitutako eskumenei dagokienez.

  2. Lurralde Ordezkaritzaren zerbitzu orokorrak administratzea.

  3. Lurralde Ordezkaritza osatzen duten bulego eta organoen jarduerak koordinatzea.

  4. Euskadiko Ondareari buruzko uztailaren 27ko 14/1983 bigarren xedapen gehigarria eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak etxebizitzari eta lurzoruari dagokienez emandako ebazpenak aplikatzearen ondorioz sortuko diren egoera juridikoak gauzatzeko beharrezkoak izango diren eskritura guztiak egilestea.

  5. Azaroaren 20ko 8/1987 Legeak sortutako Euskadiko Balorazio Batzorde Teknikoari eta Nahitaezko Desjabetzeko Lurralde Epaimahaiei administrazio-euskarria ematea.

  6. Indarreko antolamendu juridikoak ematen dizkien gainerako eskumen, prerrogatiba eta eginkizunak.

Sailburu, Zuzendari eta Lurralde Ordezkarien hutsuneen, absentzien edo gaixotasunen kasuetan, honako ordezkotza hauei jarraituko zaie:

  1. Egoera horrek iraungo duen bitartean, sailburuei esleitutako eskumen eta eginkizunak haien mendeko Zuzendariek beteko dituzte, egituran ageri diren ordenaren arabera.

  2. Zuzendari eta Lurralde Ordezkariei esleitutako eskumenak eta eginkizunak nagusi hierarkiko hurrenak beteko ditu egoera horrek iraungo duen bitartean, aurreko atalean ezarritakoari dagokionez izan ezik.

  3. Zerbitzu Zuzendaritzari esleitutako eskumenak eta eginkizunak sailburuak izendatuko duenak beteko ditu.

Honako Dekretu honen aurka doan maila bereko edo txikiagoko beste edozein xedapen indargabetuko da, eta bereziki, abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuaren 6.1. artikuluaren bigarren paragrafoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren organo guztiei eskumenak esleitzen dizkien urriaren 29ko 356/1985 Dekretua, bigarren xedapen iragankorrean eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 12ko 40/2002 Dekretuan ezarritakoa bazter utzi gabe.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuari eskumena ematen zaio Dekretu hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak eman ditzan, bai eta, bidezko txostenak aztertu ondoren, Zuzendaritzaren azpiko mailako unitate organikoak elkartu, sortu edo kentzeko ere, betiere horrek gastua handitzea ez badakar.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2005eko azaroaren 15ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (31)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.