Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Azken eguneratzea: 2009/02/10
Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak Deba eta Zumaia arteko itsasertz-zatia Babestutako Biotopo izendatu du
Deba eta Zumaia arteko itsasertz-zatia Babestutako Biotopo kategorian babestutako naturagune izendatu aurretik, Natura-baliabideak Antolatzeko Plana egin eta bideratu da.

Gipuzkoako itsasbazterreko mendebaldeko sektorean dagoen itsasertz-lerroan -Haitzandi (Deba ibaiko senadiaren ekialdeko muturra, Deban) eta Haitzabal artean (Urolaren ibai-ahoaren ezkerreko ertza, Zumaian)- labarrez osatutako 8 bat km-ko tartea dago, eta oinarrian abrasio-plataforma zabalak ditu. Sektore horrek Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko ekosistema guztien artean geologia, paisaia eta naturaren aldetik oso balio handia duten elementuak ditu.

Besteak beste, itsasertzeko eremuaren geomorfologia aipatu behar da, nazioartean oso berezia delako, baina baita zonaren aldaketa antropogeniko handia ere, batez ere isolatuta dagoelako eta zaila delako bertara heltzea. Interes geologikoa ezohikoa da, bertan dagoen marearteko zabalgunea oso handia baita. Zabalgune hori flysch tertziarioko materialen higadura bereizgarriak eta hain garbi markatzen den Kretazeoaren eta Tertziarioaren arteko trantsizioko tarteak sortu dute. Beste geologia-aldi batzuen arteko trantsizio oso nabarmen batzuk ere badadude: hala nola, Paleozenoa-Eozenoa edo Goi eta Behe Kretazeoak. Muga horiek garrantzia izugarria dute zientziaren aldetik, biologia-krisi handiak edo planetaren historian ingurumenaren arloan izan diren aldaketak erakusten dituztelako. Paisaiaren ikuspegitik, eremu honetan kostaldearen fisiografiak higadura-lagin interesgarriak ematen ditu: haran esekiak, lurraldean barneratzen doazen labarrak eta, batez ere, marearteko zabalgune handia. Naturaren aldetik duen interesa higadurak sortzen dituen inguruneen aniztasun handian oinarritzen da; horri esker, zoko ekologiko desberdin ugari bereizten dira eta landare- eta animalia-dibertsitate handia ikus daiteke zabalgunearen marearteko zonan.
Hortaz, zati horrek bete egiten ditu Babestutako Biotopo izendatzeko Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legeak eskatzen dituen baldintzak. Izan ere, berezitasuna, bakantasuna, edertasun ikusgarria eta zientziaren aldetik nazioarte-mailan interes nabaria duten formazioak dauden eremua da.




Pdf formatoko dokumentua:
Deba eta Zumaia arteko itsasertzeko Natura Baliabideak Antolatzeko Plana (31,5 Mb)
Foiletoa (305 kb)


Esteka:
34/2009 DEKRETUA, otsailaren 10ekoa, Deba eta Zumaia arteko itsasertza Babestutako Biotopo izendatzen duena.
33/2009 Dekretua, otsailaren 10ekoa, Deba eta Zumaia arteko itsasertzeko Natura Baliabideak Antolatzeko Plana onartzen duena