Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila 

Azken eguneratzea: 2010/03/04
BALORA tresna, Euskal Autonomia Erkidegoko haurrak zaintzeko eta babesteko Gizarte Zerbitzuek arrisku- eta babesgabezia-egoeren larritasuna balioestekoa

Tresnaren helburua

Balora tresnak zenbait irizpide jarri nahi ditu gizarte-zerbitzuetan diharduten profesionalen eskura Euskal Autonomia Erkidegoko haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko, arrisku- eta babesgabezia-egoeren larritasuna balioestean kontuan har ditzaten. Haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legearen azken xedapenen artetik lehenari erantzunez sortu dugu.

Haur edo nerabe bati eragin diezaioketen egoeren (tratu txar fisiko eta psikikoak, zabarkeria, sexu-abusuak eta abar) larritasuna balioesteko da baliagarri tresna berria. Balioespen hori horrelako egoerak ebaluatzeko prozesuaren parte bat da, eta kasu horietan esku hartzeko prozesuaren zenbait unetan (ikerketan, ebaluazioan eta esku-hartze plana berrebaluatzeko unean) egin behar da; hortaz, balioespen hori funtsezkoa da haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko lehen mailako eta bigarren mailako arretako gizarte-zerbitzuek hartu beharreko erabaki askotan.

Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetan oro har erabil dadin diseinatu dugu Balora tresna.

Tresnaren aurkezpena eta tresnari buruzko prestakuntza

2009ko maiatzetik irailera bitarte tresna berria aurkezteko bilerak antolatu genituen, hiru lurralde historikoetan. Lehen eta bigarren mailako arretako gizarte-zerbitzuetako, talde hitzartuetako eta loturiko zerbitzuetako 724 profesional bertaratu ziren guztira. Ondoren zenbait prestakuntza-programa osagarri garatu ditugu, aurreikuspenen arabera 2010. urteko lehen seihilekoan osatuko direnak.  

Ezartzeko eta jarraipena egiteko prozesua

Tresna aurkezteko jardueren eta tresnari buruzko prestakuntza-jardueren bitartez, Balora tresna Autonomia Erkidegoan ezagutarazi nahi dugu, baita bertan ezar dadin sustatu ere. Tresna poliki-poliki ezartzea da gure asmoa, eta, aurreikuspenen arabera, 2010eko azarorako amaituko da ezartzeko prozesua; une horretan, Eusko Jaurlaritzak hasiko du Balora tresna arau gisa izapidetzeko prozesua.

Tresna ezartzeko prozesuaren bi ebaluazio formal egingo ditugu, 2010eko apirilean eta urrian. Une horietan, Euskal Autonomia Erkidegoko haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko gizarte-zerbitzu guztiei galdesorta bana bidaliko diegu, prozesuaren bilakaerari buruzko balioespena egin dezaten. Jarraian, emaitzak argitaratuko ditugu, web-orri honetan.

Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Zerbitzuetako Sailaren, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien, Gasteizko, Bilboko eta Donostiako Udalen eta EUDELen arduradunek egiten dute tresnaren jarraipena. Haurren babesaren arloko azterketa eta prestakuntzarako Dartington-i elkarteko teknikariek ere laguntzen dute prozesuan.

 

Tresnaren jarraipena egiteko eta tresna ezartzeko laguntza teknikoa emateko zerbitzua

2009ko urrian jarri genuen abian zerbitzua, honako helburu hauekin:

1. Tresnaren aplikazioaren haritik sor daitezkeen kontsulta guztiei erantzutea.
2. Aholku ematea, behin tresna aplikatuta larritasuna balioesteko zalantzak daudenean.
3. Tresna hobetu, aldatu edo zuzentzeko premiei loturik egin daitezkeen ekarpenak erregistratzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko lehen eta bigarren mailako gizarte-zerbitzuetako zerbitzu propio edo hitzartuetan bilduta egonik eguneroko lanean tresna erabiltzen duten talde eta profesional guztiek eskuragarri dute zerbitzua.

Haurren babesaren arloko azterketa eta prestakuntzarako Dartington-i elkarteko kide Ignacia Arruabarrenak du zerbitzua kudeatzeko ardura. Harekin harremanetan jartzeko:

• helbide elektronikoa:ignacia.arruabarrena@ehu.es
• telefono-zenbakiak: 636489199 edo 943018308


Tresnari buruz edozein kontsulta edo eskaera egin nahi dutenek jarraipenerako eta laguntza teknikorako zerbitzura jo dezakete.