Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila 

Arautegia

Inprimatu

181/2008 DEKRETUA, azaroaren 4koa; honen bidez, Uraren Kanonaren Araubide Ekonomiko-finantzarioaren Araudia onartzen da.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ogasun eta Herri Administrazio Saila; Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 221
  • Hurrenkera-zk.: 6415
  • Xedapen-zk.: 181
  • Xedapen-data: 2008/11/04
  • Argitaratze-data: 2008/11/18

Gaikako eremua

  • Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Ogasun; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Uren ekainaren 23ko 1/2006 Legeko VIII. Kapituluan, uraren kanona sortu eta arautzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko berezko zerga gisa; aldi berean, ahalmena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari, arauketa hori garatzeko erregelamenduzko xedapenak gaikuntza orokorrez emateko; legearen aginduetan jasota dauden eta araudiari egin zaizkion berariazko erreferentziek osatzen dute gaikuntza hori.

Dekretu hau 9 kapitulu eta 26 artikulutan egituratuta dago, eta haren helburua, beraz, uraren kanona ezartzeko arauak garatzea da; kanon hori Euskal Autonomia Erkidegoko zerga bat da, Uren ekainaren 23ko 1/2006 Legeak sortu eta arautua.

Araudiaren harira I. kapituluan egindako erreferentzia orokorren ondoren, Uraren Euskal Agentziaren zereginei buruz eta uraren kanona ezartzeko araudiari buruz, II. kapituluan garatzen dira ezartzekoa den egitatearen inguruko alderdiak, salbuespenak eta hobariak. Aurrerago, zergaren subjektuei eta sortzapenari eskainitako artikuluak daude: III. kapitulua eta IV. kapitulua, hurrenez hurren.

Era berean, zerga-oinarriari buruzko V. kapituluan, oinarria zehazteko metodoak garatzen dira: zuzeneko zenbatespena, zenbatespen objektiboa eta zeharkako zenbatespena, 1/2006 Legean eta zergentzat ezartzekoa den ordezko araudian ezarritakoaren arabera. Bestalde, VI. kapitulua karga motari eta kuotari buruzkoa da.

Kanona kudeatzeko prozedurak ere ezartzen dira, kasuaren arabera: hirugarrenak urez hornitzea VII. kapitulua edo erabiltzaileek zuzenean egindako aprobetxamenduak VIII. kapitulua.

Azkenik, IX. kapituluan, hainbat erreferentzia egiten zaizkie arau-hauste eta zehapenengatiko prozedurei, eta egiaztatu eta ikertzeko prozedurari.

Dekretua hauekin osatzen da: bi xedapen gehigarri, hiru xedapen iragankor eta hiru azken xedapen.

Ondorioz, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren eta Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2008ko azaroaren 4an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Araudi honen helburua uraren kanonaren araubide ekonomiko-finantzarioaren arauak garatzea da; kanona Uren ekainaren 23ko 1/2006 Legeak sortu eta arautu zuen.

  1. Uraren kanona kudeatu, kitatu, bildu eta ikuskatzea Uraren Euskal Agentziaren zereginak dira.

  2. Hala ere, betearazteko bidean dagoen bilketa, horretarako izenpetutako hitzarmena betez, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren diruzaintzan eskumena duen sailak egin ahal izango du, eta batutako sarrerak Uraren Euskal Agentziari helarazi.

Uraren kanona xedapen hauetan aurreikusitakoak arautzen du: Uren ekainaren 23ko 1/2006 Legea, erregelamendu hau eta berau garatzeko araudia, eta zergen araudi orokorra.

  1. Uraren kanonaren zergapeko egitatea Euskal Autonomia Erkidegoan eginiko uraren kontsumo erreal edo potentziala da, ur hori erabiltzeak ingurunean izan dezakeen eraginagatik.

  2. Aurreko atalean ezarritakoaren arabera, uraren kanona ondoko kasu hauei ezarriko zaie:

    1. Erabiltzaileari hirugarrenek hornitutako uraren kontsumoari.

    2. Lurrazaleko uretatik, lurpekoetatik, euri-uretatik edo isurketa-uretatik, itsasoko uretatik edo beste edozein jatorritako uretatik erabiltzaileek berek zuzenean hartutako uraren kontsumoari.

    3. Uraren edozein kontsumo edo erabilerari, zeinahi delarik ere uraren jatorria edo hornikuntza-iturria, erabilera produktibo bati loturik egon zein ez, kontagailu homologatu bidez neurtuta egon zein ez, fakturatuta egon zein ez.

Uraren kanona ordaintzetik salbuetsita geratzen dira honako kontsumo hauek:

  1. Etxeko erabileretarako egindakoa, pertsona eta eguneko 130 litrorainokoa.

    Dekretu honen ondorioetarako, uraren etxeko erabileratzat hartuko dira etxebizitzako jardueretatik eratorritako ur-kontsumoak, eta horien ondorio izango diren hondakin-urak, nagusiki, pertsonen metabolismoak eta etxeko eginkizunek sortuak.

  2. Honako hauetarako egindako kontsumoa: ikerkuntza eta kontrol lanak, aprobetxamendua helburu ez duten zundaketa esperimentalak eta ur-jabari publikoa kudeatu eta hobetzeko lanak, Uraren Euskal Agentziak edo beste administrazio publiko batzuek Agentziaren baimen-araubidearen pean egin edo sustatuak direnean.

  3. Suteak itzaltzeko lanetan erabilitako uraren kontsumoa eta oso behar handiko egoeretan edo hondamendietan agintari publikoek agindutakoak.

  4. Etxean ur-hornikuntzarik ez duten hiriguneetan egiten diren uraren etxeko erabilerak. Salbuespen hori ez zaie ezarriko etxean ur-hornikuntza baduten hiriguneko etxebizitzei.

  5. Ur geza erabili ordez, itsasoko ura hartzea.

    Salbuespen hori ezartzeko, zergadunak agiri bidez egiaztatu beharko dio Uraren Euskal Agentziari baduela Administrazio eskudunak emandako baimena.

  6. Ura berrerabiltzea eta ura kontsumitu gabe energia lortzeko edo industriako beste erabilera batzuetarako erabiltzea, betiere uraren kalitatea eta kopurua aldatzen ez denean.

    Salbuespen hori ezartzeko, zergadunak agiri bidez egiaztatu beharko dio Uraren Euskal Agentziari baduela uraren aprobetxamendua egiteko emakida eta ura isurtzeko baimena, kasu bakoitzean dagokion Administrazioak emana.

  7. Urtean 50 metro kubiko baino gutxiagoko kontsumoa, etxeetarako ur-hornikuntzaren sarekoa ez denean.

    Salbuespen hori ezartzeko, zergadunak agiri bidez egiaztatu beharko dio Uraren Euskal Agentziari baduela uraren aprobetxamendua egiteko emakida edo baimena, Administrazio eskudunak emana.

  1. Zerga-oinarriaren % 95eko hobaria emango da, iturri publikoak eta monumentalak hornitzeko ura erabiltzeagatik, kaleak garbitzeagatik eta parkeak eta lorategiak ureztatzeagatik, betiere erakunde publikoek zuzenean nahiz zeharka egiten dutenean.

  2. Zerga-oinarriaren % 95eko hobaria emango da, kirol-instalazio publikoetan erabilitako uraren kasuan.

  3. Zerga-oinarriaren % 95eko hobaria emango da, nekazaritzako eta abeltzaintzako erabilerako kontsumoagatik, betiere Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritza alorreko eskumenak dituen organoak EAEko Nekazaritzako Ohitura Onen Kodea betetzen dela egiaztatzen duenean edota ustiapen-koadernoa, Ingurumen arloko Kontratua edo antzeko egiaztagiriak dituenean.

  4. Zerga-oinarriaren % 70eko hobaria emango da, industriako erabilerako kontsumoagatik, betiere eskuragarri dauden teknikarik onenak erabiltzen direnean, edo EKOSCANa edo ingurumena kudeatzeko ziurtagiria (EMAS Araudiaren edo ISO 14001 sistemaren aurreikuspenen arabera) lortuta dagoenean.

    Industrian erabiltzeko uraren kontsumoa murrizteko plana egiten denean eta Uraren Euskal Agentziak ziurtatzen duenean, hobaria % 90ekoa izango da.

    Horretarako, Ekonomia-jardueren 2009ko Sailkapen Nazionaleko (CNAE-2009) 05 eta 43 atalen arteko jardueretarako egindako ur-kontsumoa, biak barne, industriako erabileratzat hartuko da.

  5. Zerga-oinarriaren % 95eko hobaria emango da, euri-urak edo isurketa-urak erabiliz gero.

  1. Aurreikusitako salbuespenak eta hobariak ezartzeko, eskaera aurkeztu beharko zaio Uraren Euskal Agentziari, dagokion egiaztagiriarekin batera, ezartzen den ereduaren arabera.

  2. Uraren Euskal Agentziak zergadunari ebazpena jakinarazi eta hurrengo fakturazio-alditik edo adierazpenetik aurrera ezarriko dira salbuespenak eta hobariak, edo, hala dagokionean, erakunde hornitzaileari jakinarazten zaion unetik.

  3. Ura suteak itzaltzeko lanetan erabiltzen den kasuetan eta oso behar handiko egoeretan edo hondamendietan agintari publikoek agindutako erabileretan, aurreikusitako salbuespenak, behar bezala justifikatuta, hornikuntzak edo aprobetxamenduak fakturatzen diren unean ezarriko dira.

  4. Salbuespenak edo hobariak dagozkien ur-kontsumoak, inoiz ez dituzte gaindituko emakida edo baimenetan ezarritakoak.

    Emakida edo baimeneko baldintzak betetzen ez badira, Uraren Euskal Agentziak kendu egin ahal izango ditu salbuespenak edo hobariak.

    Emakida edo baimenean aldaketak egiten direnean, salbuespenak eta hobariak ezartzeko, artikulu honetako 1. atalean aipatzen den eskaera aurkeztu beharko da.

Uraren Euskal Agentzia da uraren kanonaren subjektu aktiboa.

Uraren kanonaren subjektu pasiboak dira, zergadun gisa, indarrean dagoen Tributuen Lege Orokorraren 35.4 artikuluan aipatzen diren pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, eta erakundeak, bajako ura erabiltzen dutenean, dela erakunde hornitzaile batetik jasota, dela emakida bidez hornikuntzarako beren kabuz hartuta.

Xede horretarako, bajako uraren erabiltzaile eta zerganduntzat hartuko da ura kontsumitzen duena, eta ondoko hauek ere bai, aurkako frogarik izan ezean:

  1. Ura hornitzeko kontratuaren titularra, ura erakunde hornitzaile batek ematen duenean.

  2. Ura hartzeko instalazioen titularra, ura norbere instalazioen bidez hartutakoa denean.

  3. Emakidaren titularra, hornitzeko emakida bat dagoenean.

  4. Erakunde hornitzaileak, egiten dituzten kontsumoengatik eta hirugarrenei egiten dizkieten doako hornikuntzengatik.

Erabiltzaileei ura hornitzen dieten erakundeen esku daude uraren kanonaren kudeaketa eta bilketa, Uren ekainaren 23ko 1/2006 Legean eta araudi honetan ezarritako eran.

Dekretu honen ondorioetarako, ura hornitzen duen erakundetzat hartuko da edozein pertsona fisiko edo juridiko, titulartasun publiko edo pribatuko sare edo instalazioen bitartez ura hornitzen duenean.

Uraren kanonaren sortzapena uraren kontsumo erreal edo potentzialaren unean egingo da, egin beharreko diru-sarreraren kopurua galdagarria izan zein ez:

  1. Aldi berean egingo da ura hornitzeari dagozkion kuoten sortzapena, erakunde hornitzaileek egindako horniduren kasuan.

  2. Aldi berean egingo da araudi honen 23. artikuluan aurreikusitako aldizkako autokitapenen aurkezpena, ura hartzea edo aprobetxamendua berek egiten duten erabiltzaileen kasuan.

  1. Kanonaren zerga-oinarria kontsumitu edo erabilitako ur-bolumena da, edo, zenbatekoa den ez jakinez gero, gutxi gorabeherako ur-bolumena, metro kubikotan adierazita.

  2. Zerga-oinarria zehaztea ondoko mota hauetako bakoitzerako ezartzeko arauak betez egin ahal izango da:

    1. Zuzeneko zenbatespen sistema.

    2. Zenbatespen objektiboko sistema.

    3. Zeharkako zenbatespeneko sistema.

  1. Zerga-oinarria, modu orokorrean, zuzeneko zenbatespeneko sistemaren bitartez zehaztuko da, kontagailu homologatuekin egindako neurketa bidez.

    Xede horretarako, zergadunek beren kontura instalatu eta mantendu beharko dute kontsumitu edo erabilitako ura zuzenean neurtuko duen mekanismo bat.

  2. Erakunde hornitzaileek ematen duten uraren kasuan, fakturatutako denboraldian hornitutako ur-bolumenaren arabera zehaztuko da zerga-oinarria, eta denboraldi hori inola ere ezingo da izan hamabi hilabetetik gorakoa.

  1. Uraren kontsumoa edo erabilpena zuzenean neurtzeko mekanismorik ez dagoenean eta zuzeneko zenbatespeneko sistema ezarri ezin denean, zenbatespen objektiboko sistemaren bidez zehaztu ahal izango da zerga-oinarria.

    Ura arazteko prozesua bete duen ur-hartuneetako uraren kontsumoari ez zaio zenbatespen objektiboaren sistema ezarriko.

  2. Artikulu honetako aurreko ataleko lehen paragrafoan jasotako kasuetan, zenbatespen objektiboaren sistema eskatu ahal izango diote zergadunek Uraren Euskal Agentziari, beren borondatez, ezarriko den ereduaren arabera, eta sortu ahal izango den zerga-oinarria kalkulatzeko sistema ezartzearen gastuak zergadunaren kontura izango dira.

  3. Hornikuntza-emariak zuzenean biltzeko gailuak instalatuta ez dauzkaten ur-harguneak direnean, edo eduki arren ez dabiltzanean, dagokion azaleratze-ustiapenaren baimen edo emakida administratiboan emandako urteko ur-bolumen osoaren arabera zehaztuko da zerga-oinarria.

  4. Emakida edo baimen administratiborik ez dagoen kasuetan, edo egon arren baimendu edo emandako ur-bolumen osoa adierazten ez denean, hileko zerga-oinarria ondoko formula hauen arabera zehaztuko da:

    1. Lurpeko ur-harguneen kasuan,

      500 x P

      Q = ------------------------

      h + 20

      Non:

      «Q»: hileko zerga-oinarria den, metro kubikotan zenbatetsia,

      «P» talde jasotzailearen edo talde jasotzaileen potentzia izendatua den, kilowatt-etan zenbatetsia,

      «h»: guneko akuiferoaren batez besteko sakontasun dinamikoa den, metrotan neurtua.

    2. Edukiera-kontratuen bidezko hornikuntzen kasuan,

      Z

      B = --------

      S

      Non:

      «B»: ur-bolumena den, metro kubikotan neurtua,

      «Z»: uraren salneurri gisa eurotan ordaindutako zenbatekoa den,

      «S»: batez besteko salneurria den, erakundeak hornitutako uraren indarreko tarifen arabera haztatua, udalerri barruan edo udal mugakideetan kontagailuz neurtutako horniduretan; prezioa erabilera mota berari dagokiona izango da, eta metro kubikoko eurotan emango da.

    3. Ekoizpen prozesuetan erabiltzeko euri-uren aprobetxamenduaren kasuan, aintzat hartzeko urteko ur-kopurua ura metatzeko biltegien bolumenaren bikoitza da.

  1. Uraren Euskal Agentziak zeharkako zenbatespeneko sistema erabili ahal izango du, zerga-oinarria zuzeneko zenbatespeneko sistemarekin edo zenbatespen objektiboko sistemarekin zehaztu ezin duenean, gertakari hauetakoren bat dela kausa:

    1. Neurtzeko aparatuak instalatzeko betebeharra ez betetzea, betiere zenbatespen objektiboko sistema ezarri ez denean.

    2. Adierazpen galdagarriak ez aurkeztea, edo aurkeztutakoak gutxiegi edo faltsuak izatea.

    3. Ikuskaritza-jarduerari oztopoak jartzea, aitzakiak jartzea edo uko egitea.

    4. Kontabilitateko betebeharrak funtsean ez betetzea.

  2. Uraren Euskal Agentziak arrazoitu egin beharko du zenbatespen mota hori hartzea, hori ezartzeko erabakigarriak izan diren zergatien gaineko txosten arrazoituaren bidez, zerga-oinarria zehazteko hautatutako bitartekoen justifikazioarekin eta hautatutako bitartekoei jarraiki egindako kalkulu eta zenbatespenekin.

  3. Zerga-oinarriaren zeharkako zenbatespena egiteko, jarduera bakoitzaren magnitudeak, ikurrak, indizeak, moduluak edo berezko datuak izan beharko dira kontuan, uraren berariazko erabilerei loturiko eskaera moten arabera; bai eta dagokion sektorea eta dimentsioa ere. Horretarako, antzeko egoeretako datuak edo aurrekariak erabili ahal izango dira, bai zergadunarenak berarenak, bai beste subjektu pasibo batzuenak.

  1. Ezarri daitekeen karga mota ur metro kubikoko sei euro-zentimokoa da.

  2. Zerga-kuota zerga-oinarriari karga mota ezarrita aterako da.

  1. Ura hornitzen duten erakundeek uraren kanonaren zenbatekoa bildu beharko dute, Uraren Euskal Agentziaren izenean eta haren kontura; kanona hornikuntzaren fakturan bertan sartuko da, beste kontzeptu guztietatik bereizita, eta diru-sarrera egiten denean uraren kanonaren autolikidazioa osatuko duten ondoko datu hauek jarri beharko dira:

    1. Subjektu pasiboa.

    2. Kontsumitutako ura, metro kubikotan.

    3. Salbuetsitako metro kubikoen kontzeptua eta kopurua.

    4. Ezarritako hobariaren kontzeptua eta ehunekoa.

    5. Karga mota, metro kubikoko eurotan adierazia.

    6. Uraren kanonaren zerga-kuotaren zenbatekoa, eurotan adierazia bi dezimalekin. Biribiltzea handiagora edo txikiagora egingo da, zentimorik hurbilenera. Azken zifra zehatz-mehatz zentimo baten erdia den kasuan, biribiltzea zifra handiagora egingo da.

      Hala ere, zergadunek, horniduraren faktura jasotzen denetik hamar eguneko epean, erakunde hornitzailean bertan aurkeztu ahal izango dute dagokion autolikidazioa, kanonaren zenbatekoa ordainduta. Autolikidazio horretan, aurreko paragrafoan adierazitako kontzeptuak sartuko dira.

  2. Uraren kanonaren zenbatekoa biltzeko betebeharrean sartzen dira erakunde hornitzailearen berezko kontsumoak eta hirugarrenei egindako doako hornikuntzak.

  3. Erakunde hornitzaileek ez dute erantzukizunik izango abonatuei uraren kanonaren izenean eskatu eta abonatuek ordaindu ez dituzten zenbatekoen gainean.

  4. Ur-hornidura fakturatu zaienei uraren kanonaren izenean eskatu behar izan dizkieten kopuruen diru-sarreren ardura guztia erakunde hornitzaileena izango da, eta horniduraren fakturen bidaltze-datatik edo bidali beharko ziratekeen datatik eska daitezke kopuru horiek.

    Ur-hornidura fakturatu behar ez zaien erabiltzaileen kasuan, egoera hori sortu ezean horniduraren fakturak egin beharko ziratekeen egunetik eskatu ahal izango dira uraren kanonari dagozkion kopuruak.

Ura hornitzen duten erakundeek Uraren Euskal Agentziari komunikatu beharko diote ez dela uraren kanona ordaindu, ordaindu ez denetik hiru hilabeteko epean.

Komunikazio horretan, ezartzen den ereduaren arabera, subjektu pasiboak eta beren helbideak identifikatuko dira jakinarazpenak egiteko, eta uraren kanona ezartzeko aurreikusitako datuak ere bai.

  1. Dagokion denboraldian fakturatutako metro kubikoen kopurua.

  2. Salbuetsitako metro kubikoen kontzeptua eta kopurua.

  3. Hobaria eman zaien metro kubikoen kontzeptua, ehunekoa eta kopurua.

  1. Uztailean, urteko lehen seihilekoan uraren kanonaren izenean jasotako kopuruen adierazpena aurkeztu beharko diote erakunde hornitzaileek Uraren Euskal Agentziari, ezartzen den ereduaren arabera.

  2. Urtarrilean, aurreko urtean uraren kanonaren izenean jasotako kopuruen adierazpena aurkeztu beharko diote erakunde hornitzaileek Uraren Euskal Agentziari, urez hornitzen dituzten udalerrien arabera sailkatuta eta ezartzen den ereduaren arabera. Adierazpen horretan, subjektu pasiboak eta beren helbideak identifikatuko dira jakinarazpenak egiteko, eta uraren kanona ezartzeko aurreikusitako datuak ere bai.

    1. Dagokion denboraldian fakturatutako metro kubikoen kopurua.

    2. Salbuetsitako metro kubikoen kontzeptua eta kopurua.

    3. Hobaria eman zaien metro kubikoen kontzeptua, ehunekoa eta kopurua.

Ura hornitzen duten erakundeek, seihileko eta urteko adierazpenak aurkezteko unean sartu beharko dituzte uraren kanonaren izenean bildutako zenbatekoak.

  1. Uraren Euskal Agentziak konpentsatuko ditu erakunde hornitzaileak, beren esku dagoen kudeaketatik eratorritako kostuengatik.

  2. Konpentsazioak, horien kalkulua eta aldi baterako iraupena ezartzea Uraren Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluak erabakiko du, erakunde hornitzaileei entzun ondoren, agentziako zuzendariaren proposamenez eta konpentsazioak ezartzea justifikatuko duen txostenaren bidez.

  3. Erakunde hornitzaileak betebehar material eta formalak betetzeak baldintzatuko du konpentsazioak jasotzea, eta subjektu pasiboaren izaeran oinarrituko da, uraren kanonaren kudeaketari buruz Uren ekainaren 23ko 1/2006 Legean eta araudi honetan ezarrita dagoen bezala.

  1. Lurrazaleko uretatik, lurpekoetatik, euri-ur edo isurketa-uretatik, itsasoko uretatik edo beste edozein jatorritako uretatik egindako aprobetxamenduen titularrek edo, hala dagokionean, benetako erabiltzaileek, araudi honen 9. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, hasierako adierazpen bat aurkeztu beharko dute, eta adierazpen horretan, uraren kanona ezartzeko beharrezko datuak eta elementuak jaso beharko dira, ezarriko den ereduaren arabera.

  2. Hasierako adierazpena Uraren Euskal Agentzian aurkeztu beharko da, aprobetxamendua hasten denetik hasita hilabeteko epean.

  3. Aprobetxamenduaren inguruan adierazitako ezaugarrien edozein aldaketa Uraren Euskal Agentziari jakinarazi beharko zaio, aprobetxamendua egiten den unetik hilabeteko epean.

  1. artikuluaren 1. atalean aipatzen diren zergadunek urtarrilean aurkeztu beharko dituzte Uraren Euskal Agentzian uraren kanonaren autokitapenak, hain zuzen, aurreko urtean kontsumitu edo erabilitako ur-bolumenei dagozkienak.

Autokitapenak aurkezteko unean sartu beharko dituzte zenbatekoak zergadunek, uraren kanonaren izenean.

  1. Uraren kanonaren inguruko arau-hausteengatiko zehapen-dosierrak Uraren Euskal Agentziako zuzendariaren erabakiz irekiko dira.

  2. Zehapen-dosierren ondorio diren zigorrak ezartzea organo hauei dagokie:

    1. Uraren Euskal Agentziako zuzendariari, arau-hauste arin eta larriak direnean.

    2. Erabiltzaileen Batzarrari, arau-hauste oso larriak direnean.

  1. Uraren kanonaren errendimenduari bidea ematen dioten eragiketen egiaztapena eta ikerkuntza, Uraren Euskal Agentzian horretarako berariaz izendatutako pertsonalak egingo du.

  2. Egiaztapen eta ikerkuntza jardueretatik eratorritako kitapenak ematea Uraren Euskal Agentziaren zeregina izango da, eta jarduera horien aurka jartzen diren birjartzeko helegiteak ebaztea ere bai.

Lehenengoa. Araudi honetako 22. artikuluan aurreikusitako hasierako adierazpena aurkeztu behar duten zergadunek sei hilabeteko epean aurkeztu beharko dute, dekretu hau indarrean sartzen den egunetik.

Bigarrena. Kontagailu homologaturik edo ur-bolumenaren neurketa zuzenik ez dagoelako erakunde hornitzaileek hornitutako ur-bolumenaren zenbatespenak egiten dituztenean, zuzeneko neurketa egiteko mekanismo berri bat instalatu arte, zenbatespen horiek zerga-oinarria zehazteko balioko dute.

Lehenengoa. Dekretu hau ezartzen den lehen urtean, etxeko erabileretarako egindako kontsumoei ez zaie ezarriko uraren kanona; izan ere, Euskal Autonomia Erkidego osoan pertsonako eta eguneko batez besteko ur-kontsumoaren gaineko salbuespenean aurreikusita dagoen kopurua gehiegizkoa da (5. artikuluko 1. atala).

Etxeko erabileretako kontsumoei uraren kanona noiztik ezarriko zaien zehazten ez den bitartean, erakunde hornitzaileei ez zaie ezarriko uraren kanona kobratzeko betebeharra; betebehar hori dekretu honen 17. artikuluan dago ezarrita, etxeko erabileretarako egindako ur-kontsumoen inguruan.

Uraren Euskal Agentziak proposatuko du, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailean eta Ogasun eta Herri Administrazio Sailean, Euskal Autonomia Erkidego osoan pertsona eta eguneko batez besteko ur-kontsumoaren inguruan urtero egin beharreko ikerkuntza eta azterketen arabera, zein unetatik aurrera ezarriko zaien uraren kanona etxeko erabileretarako egindako kontsumoei. Sail horiek arautuko dituzte, dekretu bidez, etxeko erabileretan ezarriko diren salbuespenen berezitasunak.

Bigarrena. Lehen xedapen iragankorrean uraren etxeko erabileretarako aurreikusitakoa ezarriz, hornidura-kontratu edo aprobetxamendu berean etxeko erabileretako kontsumoa eta beste erabilera batzuetarakoa elkartzen direnean, ur-bolumen osoa etxeko erabilerei dagokiela ulertuko da, kontrakoa egiaztatu ezean, honako baldintza hauek betetzen direnean:

  1. etxeko erabilerakoak ez diren kontsumoak kontsumo osoaren % 50 baino gutxiago izatea.

  2. etxeko erabilerakoak ez diren kontsumoak, azken hamabi hilabeteetan, 500 metro kubiko baino gutxiagokoak izatea.

    Hirugarrena. Dekretu hau ezartzen den lehen urtean zehar, eskaera behar duten eta Uraren Euskal Agentziaren aldeko ebazpena lortzen duten salbuespenak eta hobariak kontuan hartuko dira, uraren kanonaren zenbatekoa kalkulatzeko, eskaera egin den egunaren ondoko fakturazio-alditik nahiz adierazpenetik aurrera edo kanona ezarri beharko den lehen fakturazio-alditik nahiz adierazpenetik aurrera, baldin eta dekretu hau indarrean dagoen lehen hiru hilabeteak bete aurretik aurkeztu bada eskaera.

Lehenengoa. Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusiari ahalmena ematen zaio dekretu honetan aipatzen diren ereduak onartzeko. Euskal Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko dira.

Bigarrena. Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean, eta 2009ko urtarrilaren 1etik izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2008ko azaroaren 4an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburua,

ESTHER LARRAÑAGA GALDOS.