Errepideko Garraioa: aurkezpena
Garraioaren azpiegituretarako ezarri den xede nagusia lurralde-eredutik ondorioztatutako baldintzei erantzutea da, euskal hirien sistema gure ingurune hurbileko eta Europako esparru ekonomiko garrantzitsuekin ahalik eta ondoen konektatzeko, lurraldeen arteko mugigarritasuna eta munduko edozein lekutatik iristeko aukera bermatuz.
Euskal Autonomia Erkidegoko garraio sistema bi korridoreren inguruan egituratuta dago. Lehenengo korridoreak iparraldetik hegoaldera doazen fluxuak bideratzen ditu, batez ere Madril-lrun eta Madril-Bilbao-Frantzia fluxuak. Bigarrenak, berriz, ekialdetik mendebaldera kostaldetik eta Ebroren paretik doazen loturak bideratzen ditu.
Euskadiren kokagune geografikoak posizio estrategikoan jartzen du gure Erkidegoa Europarekiko eta Iberiar Penintsulako gainerako lekuekiko harremanetan. Euskadi, bere alboko Akitania eskualdearekin batera, aukera eremu natural moduan itxuratzen da, azpiegitura sendo baten inguruan; azpiegitura hori plataforma logistiko baten oinarria da, Euskadi-Akitania plataforma logistikoaren oinarria, hain zuzen ere. Plataforma horrek antolakuntza logistikoa eta garraio multimodala egituratzen ditu, eta polo nagusiak Bilbo eta Bordeleren inguruko esparruak ditu.
Pasaerako lurralde izatea ez da garraioaren eremuan eskaria gehien sortzen duen faktorea. Euskal ekoizpen-sisteman sektore industrialak duen pisu erlatiboa oso handia da, eta ekonomiaren hobekuntzak nabarmen igo du pertsona eta merkantzien mugigarritasuna, batez ere errepidez.
Euskal Instituzioek bide-azpiegitura berriak eraikitzeko eta lehendik zeudenak egokitzeko eta zaintzeko egindako ahaleginak garraio mota horren beharrak konpontzera zuzentzen dira, intermodalitateko irizpideen arabera orientatutako garraio sistema orokor baten testuinguruan, iraunkortasun ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa xede orokortzat hartuta, Garraio Iraunkorraren Gidaplanean jasotzen den bezala.
Gasteiz-Eibar autobidea
Errepideen alorrean Euskadin egiten ari den obra garrantzitsuena da. Europako herrien arteko Garraio Sarearen zati da, Ipar-Hego E-5 ardatzean. Beronek Afrikako iparraldea eta Iberiar Penintsula lotzen ditu Europako zentroarekin, Pirinioetako mendebaldetik
Aurreikusitakoaren arabera, autobidea 2007. urtean hasiko da funtzionatzen. Nolanahi ere, eraikuntza elkarren segidan irekiko diren tarteen arabera egiten ari da.
Obraren kostua 650 milioi eurokoa da, gutxi gora behera (120 milioi euro Araban eta 530 milioi euro Gipuzkoan). Horietatik, erdia bidesarien bitartez finantzatuko da, eta gainerakoa funts publikoen bitartez. Gestioaren eta ustiapenaren ardura Araba eta Gipuzkoako administrazioek hartuko dute, bakoitzak bere lurraldeari dagozkion eskumenen barnean. Izan ere, autobidea bi lurralde horietatik pasatzen da.
Hona hemen ezaugarri nagusiak:
- Enborraren luzera: 46,2 km (14,5 km Araban eta 31,7 km Gipuzkoan)
- Lotune kopurua: 7
- Tunel kopurua: 16
- Tunelen luzera: 13,10 km
- Bidezubien luzera, enborrean: 7,7 km
- Kilometroaren batez besteko kostua: 14 milioi euro
Artxiboak beste hizkuntzetan:
|