Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila 

Eskumenak eta transferentziak

Inprimatu

9/1981 DEKRETUA, urtarrilaren 16koa (Dekretu horren bidez, landareen osasunaren arloko eginkizunak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruz Transferentzien Bitariko Batzordeak hartutako erabakia argitaratzea onetsi zen).

Identifikazioa

  • Egoera: Eginda
  • Transferentziaren urtea: 1980
  • Gaia: Nekazaritza eta Arrantza; Osasuna eta Gizarte Segurantza
  • Jardun-eremua: Nekazaritza eta Arrantza
Xedea:

1. Landareen osasunaren eta horren inguruko produktuen arloetan «Servicio de Defensa contra Plagas e Inspección Fitopatológica» zenak («Dirección General de la Producción Agraria» delakoari atxikitako erakunde autonomoa) betetzen zituen eginkizun hauek EAEk hartuko ditu bere gain: 

a) Soroak eta uztak zaintzea, landareentzat kaltegarriak diren eragileak antzemateko, eta kaltetutako eremuak mugatzeko. 

b) Landareak babesteko kanpainak planifikatu, antolatu, egin eta zuzentzea. 

c) Estatu-interesekotzat jotako eta halakotzat araututako kanpaina fitosanitarioak antolatu, zuzendu eta egitea, baldin eta EAEn eragina badute. 

d) Landareentzat kaltegarriak diren eragile guztiei aurrea hartzea, eta haien aurka borrokatzea. 

e) Eragile kaltegarrien aurka borrokatzeko bitartekoak gomendatzea, eragile klimatikoak ere barne hartuta, bitartekoen eraginkortasuna eta ekonomia aintzat hartuta; eta nekazarien taldeak sustatzea, bat eginda eragile kaltegarrien aurka egin dezaten. 

f) Indarrean dagoen araudiaren barruan, nahitaezko neurri fitosanitarioak hartzea landare-produktuen biltegi eta garraiobideetarako. 

g) Indarrean dagoen araudiaren barruan, landaketen, laboreen eta ustiapenen osasunagatik  gomendagarriak edo nahitaezkoak diren mugak ezartzea, bai eta hazien eta mintegiko landareen ekoizpenaren osasunagatik hartu beharrekoak ere. 

h) Produktu fitosanitarioak maneiatu behar dituztenen osasuna zaintzeko arauak proposatu eta betearaztea, osasun-arloan eskumena duten agintariekin bat etorrita; Orobat produktu fitosanitarioekin tratatutako jaki naturalak eta eraldatuak hartzen dituzten kontsumitzaileen osasuna babesteko arauak proposatu eta betearaztea. 

i) Oharpen-estazioei dagozkien eginkizunak betetzea. 

j) Uztak biltzen edo produktuak ateratzen zein egunetan hasi edo bukatuko den jakinaraziko dio EAEk Estatuari, eragile kaltegarriei aurre hartu eta aurre egiteko neurri gisa. 

k) Landareen osasunerako produktuak eta materialak ekoizten eta banatzen dituztenen erregistroa kudeatzea. 

l) EAEk, basa-fauna kalteetatik babesteko, landareen osasunerako produktuen erabilera baimendu edo mugatuko du 1975eko abenduaren 9ko Ministro-aginduak ezartzen duen kasuetan; orobat, kasu berezi batzuetan, beharrezkoak diren bermeak hartuta, landareen osasunerako produktuak Orotariko Erregistroan berariaz jasota dauden kasuez bestelakoetan erabiltzea proposatuko du. 

m) Horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren esku geratuko dira Konstituzioaren eta Estatutuaren arabera EAEren eskumenekoak izan daitezkeen bestelako zerbitzu batzuk ere, Transferentzien Bitariko Batzordeak zerbitzu horiek zeintzuk diren zehaztu ondoren. 

n) Eusko Jaurlaritzak landareen osasunerako produktuen eraginkortasunaz informatuko dio Estatuko Administrazio Zentralari, bere erregistroan horren berri jaso dezan, bereziki, EAEn aplikatu direnean produktu horrek izan duen eraginaz. Bere aldetik, Estatuko Administrazioak ere antzeko informazioa eman beharko dio Eusko Jaurlaritzari, hain zuzen, produktu horiek beste autonomia erkidegoetan aplikatu direnean izan duten eraginaz. 

2. Estatuko Administrazioak eta Eusko Jaurlaritzak, elkarrekin ados jarrita,  koordinaziorako, lankideratzako eta aldiroko informazioa elkarri emateko sistemak ezarriko dituzte. 

3. Eskualdaketa egin aurretik, eginkizun horiek betetzeko hainbat administrazio-atal zeuden, eta, hortaz, transferentzia egin artean eginkizun horiek betetzeko erabiltzen ziren bitarteko eta langileen kopurua hartu zen kontuan eskualdaketak dakartzan baliabideak zehazteko.

Eskumenen konfigurazioa