Erroldatzea
Udal Erroldan, hots, herriko auzoko guztiak azaltzen diren erregistroan, izena ematea esan nahi du erroldatzeak. Espainiako nazionalitatea dutenak ez ezik atzerritarrak ere erroldatzen dira, pertsona horien egoera administratiboa arauzkoa edo arauz kanpokoa den eta pertsona horiek zer adin duten kontuan izan gabe.
Erroldatzea
Jende guztiak dauka erantzukizuna erroldari dagokionez.
Bizilekua edozein udalerritan duen pertsona orok erroldatzeko betebeharra du.
Etxebizitza bat jabetzan baduzu eta alokatzen baduzu, gela bat besteri alokatzen badiozu, edo soilik bizileku horretan bizi bazara eta bertan erroldatuta bazaude: idazki bidez aitortu beharko duzu etxebizitza horretan bizi diren gainerako pertsonen erroldaketa.
Betebehar hori ez betetzeak auzokoen eskubideak urratzen ditu.
Erroldaketa onuragarria da alderdi guztientzat.
- Izapide ofizial, gizarte laguntza eta laguntza ekonomiko askotan baldintza bat izan daiteke.
- Horri esker, Banako Osasun Txartela eska daiteke, edo adingabeak eskolan sartu edo udalerriko Gizarte Zerbitzuen laguntza jaso daiteke.
- Pertsona jakin batek Espainian eta Euskal Autonomia Erkidegoan bizi izaten daraman denbora egiaztatzeko balio du erroldaketak.
- Bizilagunen bizi-baldintzak hobetzeko programetan parte hartzea ahalbidetzen du.
Europako Erkidegokoa ez den atzerritarrak, Egoitza Iraunkorrerako Baimena, duenak salbu, Udal-Erroldan izen ematea berritu behar du izena eman zuenetik bi urte igaro baino lehen. Ez badu hori egiten, udalak baja eman diezaioke aurretik entzunaldia eman gabe.
Baldintzak
Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean erroldatzeko honako hau da nahitaezkoa:
- Adinez nagusia izatea edo adingabekoa izanez gero baimena izatea.
- Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean bizitzea.
Izapideak
Izena emateko inprimakia bete eta sinatu behar da. Idazki bakoitzeko eskaera bat aurkeztea gomendatzen da, baita sarrera-zigilua duen horren kopia bat eskatzea ere.
Honako hau behar bezala identifikatzen duen agiri ofiziala aurkeztu behar da:
- Espainiako herritartasunaren kasuan, Nortasun Agiri Nazionala da (NAN).
- Atzerritarren kasuan indarrean dagoen pasaportea edo bizileku txartela (baita EBko herritarrak izanez gero indarrean dagoen nortasun-txartela) dira identifikazio-agiriak. Adinez txikiek Familia Liburua edo jatorrizko jaiotza-agiria behar dute.
Etxebizitzaren erabilera egiaztatzeko agiri bat aurkeztu behar da:
- Aspaldikoak ez diren jabetza-eskritura edo salerosketaren kontratu pribatua.
- Indarrean dagoen alokatze-kontratua.
- OHZren (Ondasun Higiezinen Zerga) errezibo gaurkotua, duela gutxi egindako kontratua edo zerbitzu-konpainia baten (ura, gasa, elektrizitatea, telefonia finkoa, etxearen asegurua) azken erreziboa.
- Aurreko agiriak eduki ezean, errolda-baimena:
- Bizilekuan beste pertsona batzuk erroldatuta agertuz gero, adinez nagusia den batek baimendu beharko du erroldatzea. Azken honen nortasun-agiriaren jatorrizkoa eta fotokopia aurkeztu beharko dira.
- Bizilekuan beste pertsonarik ez bada agertzen erroldatuta eta inskribatu nahi dutenetako bat etxebizitzaren titularra izanez gero eta adinez nagusia izanda, honek horren izaera egiaztatu beharko du eta egoiliar berrien erroldatzea baimendu beharko du. Horretarako, azken honen nortasun-agiriaren jatorrizkoa eta fotokopia aurkeztu beharko dira.
- Establezimendu kolektiboa izanez gero, altarako eskabidean arduradunaren izen-abizenak eta sinadura azalduko dira, baita establezimenduaren zigilua ere, edo, zigilurik egon ezean, arduradunak agiri bidez egin beharko du horren egiaztapena. Baimen bat ere aurkez daiteke beste dokumentuekin batera.
- Aipatu dokumentu guztiak falta izanez gero, idatziz erroldan alta emateko eskatu behar da eta Administrazioak egiaztatuko du datuak eta egoitza egiazkoak diren ala ez.
Adingabeko bat bere gurasoena ez den etxebizitza batean erroldatzen bada, baimen-dokumentu bat egon behar da.
Bizilekuz aldatuz gero, tramite guztiak egin behar dira ostera ere.
NON?
Ohiko bizilekuaren udalerriko Udalean ematen da alta erroldan eta gauzatzen da bizileku-aldaketa.