Ogasun eta Finantza Saila

Eskumenak eta transferentziak

Inprimatu

391/1987 DEKRETUA, abenduaren 30ekoa (Dekretu honen bidez, Osasuneko Institutu Nazionalaren (INSALUD) eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruz Transferentzien Bitariko Batzordeak 1987ko ekainaren 17an hartutako erabakia argitaratzea onetsi zen).

Identifikazioa

  • Egoera: Eginda
  • Transferentziaren urtea: 1987
  • Gaia: Osasuna eta Gizarte Segurantza
  • Jardun-eremua: Osasuna
Xedea:

1. Gizarte Segurantzako osasun-laguntzaren arloan, Autonomia Erkidegoak bere gain hartuko ditu Osasuneko Institutu Nazionalak (INSALUD) EAEn betetzen zituen eginkizunak eta zerbitzuak. 

Halaber, eta modu berean, bere gain hartuko ditu Estatuko Administrazioak betetzen zituenak, eta, orobat, Osasuneko Institutu Nazionalari lotutako Gizarte Segurantzaren zerbitzuak. 

Bereziki, eginkizun horien artean, honako jarduera hauek daude, besteak beste: 

a) INSALUDek Euskal Autonomia Erkidegoan zituen osasun-zentroen eginkizun eta zerbitzuak, administrazio-laguntzakoak eta probintzia-zuzendaritzen eginkizun eta zerbitzuak; orobat, INSALUDen zerbitzu nagusiek betetzen zituztenak. 

b) Osasun eta Kontsumoko eta Lan eta Gizarte Segurantzako Ministerioek a) idatz-zatian aipatutako eginkizunak eta zerbitzuak zuzentzeko, antolatzeko, zaintzeko, babesteko eta ikuskatzeko betetzen zituzten eginkizunak eta zerbitzuak. 

c) Gizarte Segurantzako Zerbitzuek INSALUDentzat egiten dituzten eginkizunak eta zerbitzuak. 

d) Osasunaren edo gizarte-laguntzaren arloan erakundeekin eta instituzioekin osasun-zerbitzuak emateko itunak eta hitzarmenak egiteko eskumenari dagozkion eginkizun eta zerbitzu guztiak. Eskualdaketa egin zenetik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoa indarrean zeuden itun eta hitzarmen guztietan subrogatu zen. [1] 

2. Zerbitzu eta eginkizun horiek guztiak Estatuaren Goi Ikuskaritzari kalterik egin gabe beteko ditu EAEk, eta, orobat, Konstituzioak, oinarrizko legeriak eta, bereziki, Osasunari buruzko Lege Orokorrak (apirilaren 25eko 14/1986 Legea) Estatuari esleitzen dizkioten bestelako eskumen, eginkizun eta jarduerei kalterik egin gabe.


[1] Terminologiaren inguruko gogoeta sustatzeko asmoz, hona hemen beste aukera bat: “Eskualdaketa egin zenetik aurrera, INSALUDek eginda zeuzkan itun eta hitzarmen guztietan haren lekua hartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoak”.