Ogasun eta Finantza Saila

Arautegia

Inprimatu

2/2019 LEGEA, otsailaren 14koa, lansarien arloan 2019ko ekitaldirako presako aurrekontu-neurriei eta luzapenaren beste alderdi batzuei buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 35
  • Hurrenkera-zk.: 868
  • Xedapen-zk.: 2
  • Xedapen-data: 2019/02/14
  • Argitaratze-data: 2019/02/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Sailak; Ogasun; Funtzio publikoa; Herrizaingoa

Testu legala

Eusko Legebiltzarrak 2/2019 Legea, otsailaren 14koa, lansarien arloan 2019ko ekitaldirako presako aurrekontu-neurriei eta luzapenaren beste alderdi batzuei buruzkoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

Hasia da 2019. urtea, baina oraindik ez da onartu Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren lege-proiektua, ekitaldi honi dagokiona. Horren ondorioz, automatikoki indarrean sartu da Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bateginaren IX. tituluan jasotzen den luzapen-araubidea (maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onartzen du testu bategin hori). Titulu horren arabera, izan ere, gerta liteke ekitaldi baten hasieran ekitaldi horretarako aurrekontuak onartu gabe egotea eta aurreko ekitaldiko Aurrekontu Orokorren Legearen indarraldia ekitaldi horretara luzatzea. Indarraldia, nolanahi ere, luzapen-araubidea oro har erregulatzen duen araudiari jarraituz luzatuko da beti.

Hain zuzen, maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren IX. tituluaren helburua da aurrekontu orokorren luzapena oro har arautzea, eta aurreko ekitaldiko Aurrekontu Orokorren Legearen indarraldiaren luzapena osatzea; horretarako, oinarrizko arau eta adostasun-arau jakin batzuk ezartzen ditu, luzapen-aldian aplikatzeko. Arau horiek modua ematen dute aurrekontua gauzatzeko; horrela, aurreko ekitaldietatik edota luzatutako ekitaldian amaitu ez ziren programa edo jarduketetatik eratorritako egitura-gastuak eta aurrekontu-konpromisoak estal daitezke. Arauok, hori bai, behin-behinekoak izango dira.

Hori dela eta, uste da komenigarria eta egokia dela luzapenak eragindako zenbait arazo konpontzeko neurri batzuk ezartzea, arazo horiei premiazko eta berehalako konponbidea emate aldera, baina lege-mailako arau bat behar da neurri horiek aplikatu ahal izateko. Kasurako, hauek izan daitezke neurri horietako batzuk: sektore publikoko langileen ordainsariak gehitzea, hartzeko pasiboak eguneratzea, Eusko Legebiltzarrerako aurrekontu-zuzkidura finkatzea edo 2019. urterako tasen zenbatekoa areagotzea.

Horri begira, beraz, arau honen bidez zenbait xedapen onartzen dira, aurrekontu-luzapenaren araubidearen osagarri, aurrekontu luzatuan gaikuntzarik ez duten gastu jakin batzuk baimentzeko helburuz; izan ere, Euskadiko aurrekontu-araubidearen alorrean indarrean diren xedapenen arabera, gastu horiek gauzatzeko, kreditu gehigarriak eman behar dira, eta, beraz, lege-mailako arau bat behar da.

Aurreikusitako neurri horiek finantzatzeko beharrezko diren kredituak 2019ko ekitaldira luzatutako gastuen egoera-orrian esleitutakoarekin baino zenbateko handiagoarekin finantzatu behar dira. Horretarako, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak 2019ko ekitaldirako aurreikusitako ekarpenekin lortutako diru-sarrerak erabiliko dira, zeinak handiagoak baitira Autonomia Erkidegoko Administrazioaren 2018ko Aurrekontuaren sarreren egoera-orrian esleitutako zenbatekoak baino; halaber, diruzaintzako geldikinak erabiliko dira kredituak finantzatzeko. Ekitaldi honetan diru-sarrera handiagoak daudenez, beraz, arau honetan jasotako neurriak finantzatu ahal izango dira; horrez gain, dena dela, bete egin beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoak aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-jasankortasunari dagokionez ezarri dituen helburu eta konpromisoak.

Lege honen helburua da xedapen batzuk ezartzea, alde batetik Euskal Autonomia Erkidegoaren 2018rako Aurrekontu Orokorrak 2019ra luzatzeko araubidea osatzeko, eta bestetik Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legea osatzeko, zeinaren indarraldia 2019ko ekitaldira luzatzen baita.

  1. 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera, 2018ko abenduaren 31n indarrean zeuden ordainsarien aldean % 2,25 gehituko dira Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateen zerbitzura dauden eta lan-kontratukoak ez diren langileen urteko ordainsari osoak, baita lehendakariaren, sailburuen, goi-kargudunen eta berdinetsitakoen, behin-behineko langileen eta Zuzendaritzako langileen ordainsariak ere.

  2. Era berean, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateen zerbitzura dauden lan-araubideko langileen soldata-masa % 2,25 gehitu ahal izango da 2018ko ekitaldian ezarritakoaren aldean.

  3. 2019ko ekitaldian aplikatzekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legearen II. tituluko III. kapituluan xedaturikoa, aurreko ataletan jasotakoari dagokionez izan ezik.

  4. Hala ere, baimena ematen zaio Gobernu Kontseiluari, Ogasun eta Ekonomia Sailak eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak proposatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko langileen ordainsari-araubidea egokitzeko eta garatzeko, 2019ko ekitaldian sektore publikoko langileen gastuei dagokienez indarrean dauden oinarrizko baldintzen arabera.

  5. 2019ko ekitaldian, maiatzaren 13ko 1/1986 Legegintza Dekretua aplikatzearen ondorioz hartzeko pasiboengatik sortutako pentsioak gehitu egingo zaizkie eskatutako gabealdiak bete dituzten langileei, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko langileen ordainsariak gehitzen diren portzentaje berean.

Eusko Legebiltzarrak 31.100.000 euroko aurrekontu-zuzkidura izango du 2019ko ekitaldirako.

Lege hau indarrean sartzen denetik aurrera, oinarriaren ehuneko jakin bat finkatua ez izateagatik edo oinarria moneta-unitateetan emana ez egoteagatik finkoak diren Euskadiko Ogasun Nagusiaren tasak igo egingo dira, 2018. urtean eskatzen ziren zenbatekoei bat koma zero hamabost (1,015) koefizientea aplikatuta ateratzen den kopururaino.

Lege honetako neurriak Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bateginaren 133. artikuluari jarraituz finantzatuko dira (maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onartzen du testu bategin hori), eta, hala badagokio, diruzaintzako geldikinen kargura.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA. Baimenak.

  1. Jaurlaritzari baimena ematen zaio sarreren eta gastuen egoera-orriak lege honetako xedapenetara egokitzeko beharrezkoak diren aurrekontu-aldaketak egiteko 2019ko ekitaldian, aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenei jarraikiz. Horrez gain, baldin eta ekitaldi honetarako aurreikusitako ekarpenen guztizko zenbatekoen kargura kreditu globala areagotu nahi bada Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bateginaren 20.2 artikuluan zehaztutako helburuak betetzeko (maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onartzen du testu bategin hori) eta artikulu horretan finkatutako mugekin, eta baldin eta gastuen egoera-orrian kredituak sortzen edo gaitzen badira, bete egin beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoak aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-jasangarritasunari dagokienez ekitaldi horretarako ezarri dituen helburuak eta konpromisoak.

  2. Era berean, Ogasun eta Ekonomia Sailari baimena ematen zaio egokitzapen teknikoak egiteko eta beharrezko programa, zerbitzu eta kontzeptuak sortzeko, baita Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateen aurrekontuak aldatzeko ere, lege honetako xedapenetara egokitzeko beharrezkoa bada.

  3. Eusko Legebiltzarrari xedapen honen babesean egindako eragiketen berri emango zaio.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorren luzapen-araudia 2019ko ekitaldian.

  1. Bat etorriz Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bateginaren 127. artikuluak dioenarekin (maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onartzen du testu bategin hori), Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legearen edukia indarrean egongo da 2019ko ekitaldian ere. Hala ere, 2019ko ekitaldian ez da aplikatu beharko abenduaren 22ko 5/2017 Lege horren hamaikagarren xedapen gehigarrian jasota dagoen etena.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorren luzapenak, 2019ko ekitaldian, Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bateginaren IX. tituluan jasotzen den araubidea bete beharko du (maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onartzen du testu bategin hori). Bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorretan izendatuta ageri diren dirulaguntzetarako gastuen baimenak luzatuko dira; betiere, ekitaldi horretan amaitu beharreko programak edo jarduerak ez badituzte finantzatzen.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Garapena eta betearazpena.

Eusko Jaurlaritzari baimena ematen zaio lege hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Indarrean jartzea.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 15a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.