Ogasun eta Finantza Saila

Arautegia

Inprimatu

649/2009 DEKRETUA, abenduaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 3
  • Hurrenkera-zk.: 36
  • Xedapen-zk.: 649
  • Xedapen-data: 2009/12/29
  • Argitaratze-data: 2010/01/07

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Sailak sortu, kendu eta aldatzeari, eta sail horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazteari buruzko lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuak gizarte-zerbitzuen arloa identifikatzen du eskumenei gagozkiela Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari dagokion arloetako bat bezala.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak gizarte-zerbitzuetan egiten den jarduerari deitzen dio gizarte esku-hartze, eta adierazten du autonomia pertsonala sustatzera eta babestera eta pertsona, familia eta talde guztien integrazio komunitariora bideratuta dagoela, sustapen-, prebentzio-, babes- eta laguntza-eginkizuna garatuta, batez ere pertsonalak eta harremanezkoak diren prestazio eta zerbitzuen bidez.

Lege horrek, bestalde, 6.3 artikuluan, gizarte-zerbitzuen xede gisa identifikatzen du gizarteratzea, beste sistema eta politika publikoekin konpartituta. Koherentziaz, Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legeak gizarteratzeko politikaren zeharkakotasuna aipatzen du, eta horren mesedetan aritu behar dute gizarte-zerbitzuek zein beste sistema eta politika publiko batzuek. Horrenbestez, gizarte esku-hartzea, ongizatearen aldeko ekintza osatzen duten gainerakoak bezala, jende guztia gizarteratzera bideratu behar da, azken batean.

Dena dela eta funtsezkoa bada ere, gizarteratzea ez da gizarte esku-hartzean kontuan hartu beharreko zeharkako ikuspuntu edo politika bakarra, eta, aitzitik, beste batzuk ere aipatu behar ditugu, eta horietako batzuk Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren erantzukizun espezifikoa dira. Horrela, Dekretu honen bidez sustatu nahi diren gizarte esku-hartzean kontuan hartu beharreko beste zeharkako ikuspuntu eta politiken artean, honako hauekin zerikusia daukatenak dira aipatzekoak:

Familia, eta horren arau-erreferentzia nagusia Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legea da.

Droga-mendetasunak, eta horien arau-erreferentzia nagusia droga-mendetasunen arloko prebentzioari, laguntzari eta gizarteratzeari buruzko ekainaren 25eko 18/1998 Legea da.

Haurrak eta nerabeak, eta horien arau-erreferentzia nagusia haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legea da.

Adinekoak.

Mendetasun-egoerak eta, oro har, desgaitasun-egoerak.

Etorkinen integrazioa eta, oro har, kulturartekotasuna.

Askatasuna eta dibertsitate afektibo-sexuala.

Bere sektore-jarduera guztietan zeharkako politika eta perspektiba horiek bere gain hartzeagatik eta aplikatzeagatik nabarmendu nahi da Eusko Jaurlaritza, eta dena den, aipamen berezia merezi du genero-perspektibaren beharrezko inkorporazioa eta, oro har, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak biltzen dituen printzipioen aplikazioa eta betebeharrak betetzea.

Gizarte Zerbitzuen abenduaren 5eko 12/2008 Legeak herritarrek gizarte-zerbitzuetarako duten eskubidea bermatzen du, baita 22. artikuluan legeak berak biltzen dituen katalogoan identifikaturiko zenbait prestazio eta zerbitzuren zuzkiduraren izaera publikoa ere. Dena den, ez dago zertan pentsatu prestazio eta zerbitzu horiek esku-hartzearen aukera eta alternatiba guztiak agortuko dituztenik. Legeak berak, 73. artikuluan, aurreikusten du irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimenerako laguntza publikoa, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoan barne hartu gabeko prestazio eta zerbitzuak garatzeko, eta beste jarduera batzuk egitea gizarte-zerbitzuen esparruan. Bestalde, gizarte-zerbitzuak gizarte esku-hartzea egiteko esparru pribilegiatua badira ere, zerbitzu horietatik haratago ere joan daiteke esku-hartze hori, batez ere jada adieraziriko esparru edo gaietara proiektatzen bada: gizarteratzea; familiaren babesa; droga-mendetasunen prebentzioa eta arrisku eta kalteen ondoriozko murrizketa; haurrak eta nerabeak zaindu eta babestea; etorkinen integrazioa eta, oro har, kulturartekotasuna; adinekoak zaintzea eta babestea; mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaindu eta babestea eta, oro har, desgaitasun-egoeran daudenak; eta askatasun eta dibertsitate afektibo-sexuala.

Esku-hartze soziala sektore-esparru handietako bat da ongizatearen barruko ekintzan, hezkuntza esku-hartzeari, esku-hartze sanitarioari, enpleguari buruzko esku-hartzeari, etxebizitzarekin zerikusia duen esku-hartzeari eta beste zenbait esku-hartzeri dagokienez. Izaera misto, koordinatu edo integratuko esku-hartzeak, hala nola sozioedukatiboa, soziosanitarioa, soziolaborala edo soziohabitazionala, gizarte esku-hartzearen modutzat har daitezke.

Izan ere, gizarte esku-hartzearen sektore-esparruan, beste edozein esparrutan bezala, beste sektore-esparru batzuetan eragina izan dezaketen edo sektore horiekin koordina daitezkeen jarduerak sar daitezke, zenbaitetan zeharkako politika edo ikuspuntu jakin bat neurri handiagoan gaineratu dezaten, eta are gehiago politika edo ikuspegi hori historikoki gehiago hartu badu bere gain gizarte esku-hartzearen esparruak beste edozein esparruk baino. Dena den, ez da nahastu behar lan hori gizarte esku-hartzearen esparruak beste sektore-esparru batzuenak (hala nola sanitatea, hezkuntza, enplegua edo etxebizitza) soil-soilik diren erantzukizun edo eskumenak bere gain hartzearekin.

Edonola ere, zeharkako politika horien gain dituen erantzukizunak egikarituta, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak uste du premia dela dagozkion ikuspuntuak diru-laguntzen Dekretu honetako esku-hartze jarduera guztietan integratzea eta balioestea, beste arau desberdin batzuekin egin beharrean, orain arte gertatzen zen bezala, zenbait kasutan behintzat, gizarte-ekintzaren zatiketa gehiegizkoa eta desegokia sortuz.

Adieraztekoa da, gainera, borondatezko ekintza dela Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren erantzukizuneko gaietako bat, eta hori horrela, sailak motibazio bikoitza du gizarte-ekimenaren babesean inplikatzeko, hau da, hirugarren sektore hori babesteko, funtsezko agentea baita gizarte esku-hartzearen jokalekuan eta jokaleku horretatik haratago. Horri buruzko erreferentzia nagusia Boluntariotzaren ekainaren 25eko 17/1998 Legea da. Dekretu honi dagokionez, borondatezko ekintza edo hirugarren sektorea aipatzen denean, herritarrak elkarteen, fundazioen, gizarte-ekimeneko kooperatiben edo irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko beste erakunde batzuen bidez libreki elkartzea eta antolatuta jardutea da aztergaia. Gizarte Zerbitzuen abenduaren 5eko 12/2008 Legeak, 40. artikuluan eta hurrengoetan, Eusko Jaurlaritzaren eskumen gisa identifikatzen du, eta administrazio publiko bakoitzarena bere esparru geografikoan, gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen sustapena eta bultzatzea.

Diru-laguntzen Dekretu hau Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua eta haren garapen-araudia onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren arau-esparruaren barruan dago.

Administrazio publikoek publiko gisa hartzen dituzten prestazio eta zerbitzuen eta sustapen-klabean laguntza ekonomiko publikoa jaso dezaketen -beren erabilgarritasun publikoa edo gizarte-interesa tarteko- gizarte zibil antolatuaren arteko gero eta garbiagoa den beharrezko bereizketarako lagungarri izan nahi du Dekretu honek, administrazio publiko horien finantzaketarako ez baita egokitzat jotzen diru-laguntzen bidea, eta betiere euskal administrazio publikoen plangintza estrategikoek ezarririko orientazio orokorretara egokitzen badira, Gizarte Zerbitzuen abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 73.1 artikuluan adierazirikoari jarraiki.

Era berean, argitzeko beste funtsezko urrats bat da Dekretu hau gizarte esku-hartzeari buruzko politika publikoaren esparruan, subentzio-tresna mota bera erabiltzeari uzten baitio Eusko Jaurlaritzak gizarte-ekimeneko lana bultzatzeko, eta Eusko Jaurlaritzak behin-behingoz finantzatu ahalko dituelako beste administrazio publiko batzuetako gizarte esku-hartzearen arloko egitura edo jarduerak. Aurreko arau-esparruari dagokionez (Dekretu honen bidez ordezten da) eutsi egiten zaio, dena den, ekimen pribatuaren sustapen-lanaren irabazi-asmorik ez duen ekimenerako orientazioari, Dekretu eta agindu gehienetan gertatzen zenari jarraiki.

Dekretu honek, iraunkorra izan behar duen ebaluazioa, gizarte esku-hartzearen esparruan jarduerak sustatzen Eusko Jaurlaritzak duen esperientzia metatua eta errealitate normatibo, instituzional eta sozial berriak kontuan hartzea eta horiek azterketa oinarritzat hartuta, urratsa izan nahi du, eta urrats horren bidez Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak gizarte esku-hartzearen arloko jarduerak sustatzeko bere lana neurri handiagoan bideratuko du, modu orekatuan eta progresiboki bada ere, lurraldeaz haratagoko alorrean edo Autonomia Erkidego osoan lan egiten duten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeetarantz.

Dekretu honetan aurreikusiriko diru-laguntza lineak Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren aginduen bidez garatuko dira, lineen erregulazioa osatuta.

Esandakoaren arabera, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak proposatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Herritar Etorkinen Integrazio eta Partaidetza Sozialerako Foroak, Droga-mendetasunen Aholku Batzordeak eta Familia Batzorde Iraunkor Sektorialak zer esateko duten entzunda, Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluaren, Gizarteratzeko Euskal Kontseiluaren eta Boluntariotzaren Euskal Kontseiluaren derrigorrezko txostenak jasota eta emanda, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2009ko abenduaren 29ko bere bilkuran eztabaidatu ondoren

  1. Eusko Jaurlaritzak, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren bidez, esleituta dauzkan eginkizun eta jardun-arloen esparruan irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeei (Gizarte Zerbitzuen abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 73. artikuluak aipatzen ditu) emango dizkien laguntzen eta diru-laguntzen esparru orokorra arautzea da Dekretu honen xedea, erakunde horiek gizarte-zerbitzuen esparruan eta, oro har, gizarte esku-hartzearen arloan garatzen dituzten jardueren finantzaketan laguntzeko.

  2. Dekretu honi begira, kontuan hartuko da gizarte esku-hartzearen esparrua osatzen dutela jende guztiaren autonomia pertsonalaren sustapen eta babesera eta integrazio komunitariora bideratutako jarduerek, bereziki honako gai hauetan biltzen badira edo horiei buruzkoak badira: gizarte-zerbitzuak; familiaren babesa; droga-mendetasunen prebentzioa eta arrisku eta kalteen ondoriozko murrizketa; haurrak eta nerabeak zaindu eta babestea; etorkinen integrazioa eta, oro har, kulturartekotasuna; adinekoak zaintzea eta babestea; mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaindu eta babestea eta, oro har, desgaitasun-egoeran daudenak; eta askatasun eta dibertsitate afektibo-sexuala.

  3. Arlo soziosanitarioko, sozioedukatiboko, soziolaboraleko, soziohabitazionaleko eta beste arlo batzuetako jarduera misto, koordinatu edo integratuak subentzionagarritzat jo ahalko dira dagozkien deialdi-aginduek zehazturikoaren arabera. Aitzitik, ez dira esku-hartzearen esparruan biltzen, eta horrenbestez Dekretu honen helburutik kanpo geratzen dira, batez ere eta nagusiki beste sektore-esparru batzuetara -hala nola sanitatea, hezkuntza, enplegua edo etxebizitza- bideraturiko irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeek garaturiko jarduerak.

  4. Dekretuak aipatzen dituen gizarte esku-hartzearen arloko jarduerak Gizarte Zerbitzuen abenduaren 5eko 12/2008 Legean eta gizarte-zerbitzuen alorreko euskal administrazio publikoen plangintza estrategikoan eta artikulu honen 2. idatz-zatian aipaturiko beste gaiei ere dagokienez aplikagarria den araudian eta plangintza estrategikoan aurreikusiriko printzipio eta jardueretara egokitu beharko dira.

  1. Dekretu honek arauturiko diru-laguntzak ematean bereziki balioetsiko da laguntzekoak izan daitezkeen gizarte esku-hartzearen arloko jardueretan aurreko artikuluaren 2. idatz-zatian aipaturiko jardueren arloekin loturiko zeharkako politiken ikuspuntu propioak gaineratzea.

  2. Beharrezkoa izango da, dena den, genero-ikuspuntua gaineratzea emakume eta gizonen egoera, baldintza eta premia desberdinen kontsiderazio sistematikotzat hartuta, eta, oro har, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak biltzen dituen printzipioen aplikazioa eta betebeharrak betetzea.

  1. Orain arte aipaturiko gizarte esku-hartzearen esparruko aplikazio-araudiari jarraiki, diru-laguntzako linea guztietara honako irizpide erkide hauen arabera bideratu ahalko diren jarduera subentzionatu ahalko dira, eta dagozkien deialdi-aginduetan kontuan hartuko dira:

    Prebentzioa: hasteko, lehentasuna zaintzeko premia agertzea, luzatzea edo areagotzea saihesten duen esku-hartzearen alde. Prebentzio-maila guztiak biltzen ditu: unibertsala, selektiboa, zehaztua eta adierazia. -Arrisku eta kalteak murrizteko ikuspegia bere gain hartzen du, jendearen egoeran edozein egungo ondorio negatibo edo ondorio negatibo potentzial minimizatzea biltzen duena.

    Ikuspegi komunitarioa: familia- eta komunitate-sareetan oinarritzen den eta haiek babesten dituen esku-hartzeak izango du lehentasuna, betiere hurbiltasun-klabean.

    Pertsonalizazioa: zaintza hobeto molda edo egoki dadila lortzeko modu malgua bilatzea, zaintza hori jasotzen duen gizabanako bakoitzaren premia, eskaera eta igurikimenetara moldatu edo egokitu, hain zuzen ere.

    Sinergia: doikuntza handiena, jarraitutasun handiena, arintasun handiena eta efektu biderkatzailea bilatzea pertsonak jasotzen dituen prestazio eta zerbitzuen artean eta horiek ematen dituzten sistema eta sareen artean.

    Pertsonen eta taldeen autonomia, parte-hartzea eta ahalduntzea ere sustatzea: lan egitea pertsonek gaitasun onenak garatu eta erabaki dezaten eurengan eragin duen guztiari buruz, albait gehien.

    Normalizazioa: jendeari kulturalki normatiboak edo sozialki balioetsiak diren ingurune, jarduera, baliabide eta aukerak eskaintzea, aldi berean giza aniztasuna onartzen, errespetatzen eta indartzen den bitartean.

    Integrazioa: gutxien murriztaileak eta albait irisgarrienak diren babes, ingurune, jarduera, zerbitzu eta baliabideak eskaintzea, hau da, komunitatearekin harreman handienekoak direnak, eta komunitatean ere esku hartu beharko da, informazioko, sentsibilizazioko eta diskriminazioaren aurkako borrokako klabean.

    Kudeaketaren etengabeko hobekuntza, plangintza estrategikoko, komunikazio integratzaileko, jakintzaren eraikuntzako, enpleguaren kalitatearen hobekuntzako eta inpaktuaren ebaluazioko erremintak gaineratuta, ez-eraginkortasunak eta bikoiztasunak saihestuta.

  2. Gizarte esku-hartzearen esparruko irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeen jardueretarako diru-laguntzen deialdi-aginduak, Dekretu honetan ezarririko irizpide erkideekiko koherentziaz, diruz laguntzekoak izan daitezkeen jarduerak balioesteko erabiltzekoak izango diren diru-laguntza linea bakoitzeko irizpide orokor eta espezifikoen balio erlatiboa zehaztu eta ezarriko dute, eta jarduera horien arteko ondoriozko lehentasuna.

  1. Dekretu honetan aurreikusiriko diru-laguntzak jaso ahalko dituzte, betiere dagozkien deialdi-aginduetan agertuta, honako jardun-ildo hauetan bilduriko jarduerak, gutxienez:

    Gizarte esku-hartzerako jarduerak pertsona, familia, talde eta komunitateekin.

    Gizarte esku-hartzean ekintza boluntarioa eta parte-hartze asoziatiboa indartzeko jarduerak.

    Gizarte esku-hartzerako jakintzaren kudeaketa-jarduerak.

  2. Lehenengo linean pertsona, familia eta talde eta komunitateak zaintzeko gizarte esku-hartzearen arloko jarduerak joko dira subentzionagarritzat, hau da, pertsonen autonomia pertsonala eta integrazio komunitarioa sustatu eta babesteko jarduerak, eta batez ere esperimentazioa dakarten jarduerak, eta, betiere, Gizarte Zerbitzuen abenduaren 5eko 12/2008 Legean eta haren garapen-araudian erantzukizun publiko gisa halakotzat parte ez hartzea prestazioa eta zerbitzuen katalogo estandarizatu eta bermatuetan. Ez dago baztertuta zenbait urtez jarraian jarduera batek subentzio-finantzaketa jaso ahal izatea, hori urteko deialdien esparruan egiten den edo ez alde batera utzita, jarduera horren heltze- eta zabaltze-prozesuak hori eskatzen badu subentzio-esparrutik kanpoko irisgarritasuna lortu bitartean.

  3. Aipaturiko bigarren diru-laguntza linean finantzaketa jaso ahalko dute ekintza boluntarioaren hazkundera, parte-hartze asoziatiboaren garapenera eta, bereziki, autonomia-erkidegoko gizarte esku-hartzearen arloko erakunde, sare edo federazioen eraikuntzara eta hobekuntzara bideraturiko finantzaketa-jarduerek. Diru-laguntza linea horren esparruan besteetan baino handiagoa izan ahalko da egiturazko kostuen egozpena, bereziki erakunde, sare edo federazioen sendotze eta garapen instituzionalerako.

  4. Hirugarren linean gizarte esku-hartzerako baliagarria den jakintza produzitu eta eskuratzeko jarduerak joko dira subentzionagarritzat, hala nola prestakuntza-programak, ikerketako eta argitalpenak lantzeko eta zabaltzeko proiektuak, dokumentazioarekin loturiko jarduerak edo alor teknikoko gertakariak, hala nola ikastaroak eta mintegiak.

  1. Honako eskakizun hauek, eta horietaz gain Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aldatu zuen) edo Dekretu honen eta haren garapen-arauetan bildurikoak, eskaerak aurkezteko epea amaitzerakoan betetzen dituzten erakunde pribatuek eskatu ahalko dituzte Dekretu honek biltzen dituen diru-laguntzak:

    1. Legalki eratuta eta behar bezala erregistratuta egotea dagozkien administrazio-erregistro edo -erroldetan, gutxienez diru-laguntzen deialdia baino urtebete lehenago.

    2. Irabazi-asmorik ez izatea (forma juridikoa elkartearena, fundazioaren, gizarte-ekimeneko kooperatibarena edo irabazi-asmorik gabeko beste edozein bada ere) eta helburu publiko edo interes sozial baten lorpena sustatzea.

    3. Bere jarduera batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan garatzea.

  2. Eskaerak balioesteari dagokionez, erakundeek proposaturiko zenbait jarduera loturikotzat jo ahalko dira, hau da, jarduera bakar baten zati gisa, erakunde horiek nortasun juridikoa duen elkarte bat zertan eratu gabe. Horretarako, erakunde bakoitzak dagokion eskaera egin beharko du Dekretu honetan ezarrikoaren arabera, dagozkion eskabidean eta memorian diru-laguntza eskatzen deneko jarduera lotuta geratuko den jardueren izendapena eta horien erakunde arduradunak.

  1. Dekretu honetan aurreikusten diren diru-laguntzak emateko prozedura Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren agindu baten edo hainbaten bidez egindako deialdiaren bitartez hasiko da.

  2. Deialdi bakoitzean honako hauek mugatuko dira, Dekretu honen beste artikulu batzuetan aurreikusirikoa aparte utzi gabe:

    1. Jarduera subentzionagarrien helburu eta ezaugarriak;

    2. diru-laguntza linea bakoitzari dagokion zenbatekoa eta, hala badagokio, diru-laguntzaren gehieneko topea jardueraren arabera diru-laguntza linea bakoitzean;

    3. Esleipen-irizpideen ponderazioa;

    4. Eskaerak aurkezteko lekua, era eta epea;

    5. antolatzeko, bideratzeko eta ebazteko organo eskudunak;

    6. eta epea eta erakunde onuradunak diru-laguntza eman zeneko helburuaren betetzea justifikatzeko era.

  1. Dekretu honetan aurreikusiriko diru-laguntza lineetara zuzenduriko baliabide ekonomikoek honako sorburu hau izango dute: Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituak. Aurrekontu-aldaketak onartzen baldin badira indarrean dagoen legediaren arabera, aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren barruan ematekoak diren diru-laguntza guztien bolumenak ez du gaindituko aurrekontuetan esleitutakoa edo esleitutakoa eguneratzetik sortutakoa.

  2. Diru-laguntza linea bakoitzaren aurrekontu-kredituaren zenbateko osoa aldatu ahal izango da eskatu diren laguntzen guztizko zenbatekoa kontuan izanik, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren beste diru-laguntza linea batzuk egikaritu ondoren agortu gabe geratzen diren aurrekontu-baliabideen arabera, eta betiere diru-laguntzen ebazpena eman baino lehen. Dagokion zuzendariaren ebazpenaren bidez jakinaraziko da inguruabar hori.

  1. Dekretu honetan arauturiko diru-laguntzen ematea bateragarria izango da jarduera bera finantzatzeko bideratzen diren administrazio berak edo beste administrazio edo eite publiko edo pribatu batzuk emandako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrerak edo baliabideak lortzearekin. Diru-laguntzen zenbatekoak ezin du gainditu erakunde onuradunak garatu beharreko jardueraren kostua, beste administrazio edo eite publiko edo pribatuek emandako diru-laguntzekin edo laguntzekin batera bada ere.

  2. Aurrekoari dagokionez, eskaerarekin batera zinpeko adierazpena aurkeztu beharko da, honako hauek azalduz: helburu bererako beste finantziazio-iturririk ba ote dagoen edo ez, horren zenbatekoa, eta, hala badagokio, ebatzi gabe dauden laguntza-eskaerak.

  3. Lorturiko laguntza eta diru-laguntza guztien baturaren guztizko zenbatekoa jarduerarako guztizko aurrekontua baino handiagoa bada, eman beharreko diru-laguntzari aurrekontua gainditzen duen soberakina kenduko zaio.

  1. Jarduera bat baino gehiagorako eskatu ahalko du diru-laguntza erakunde bakoitzak.

  2. Aurkeztutako eskaerak eta haren agiriek eskaturiko eskakizunak betetzen ez badituzte, erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio eta hamar egun balioduneko epea emango zaio agiriak konpontzeko; hori egin ezean, eskaeran atzera egiten duela ulertuko da, Ebazpena -Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen) 71.1 eta 42. artikuluetan ezarririkoaren arabera eman beharrekoa- eman ondoren.

  1. Jarduera baterako subentzionagarritzat hartu ahalko dira erakundearen ordainduriko langileei loturiko kostuak jarduerarako duten dedikazioari dagokionez, baita egiturazko beste kostu batzuengatiko (azpiegitura fisikoei dagozkienak barne) ehuneko finko jakin bat ere. Ehuneko horretarako gehieneko tope bat ezarriko da diru-laguntza linea bakoitzerako Dekretu honen dagozkion garapen-aginduetan.

  2. Ezin izango dute diru-laguntzarik jaso finantza-gastuek, lizentziek, inbertsio-gastuek, berandutza-errekarguek edo zergak edo Gizarte Segurantza ez ordaintzeagatiko zehapenek.

  1. Agindu honetan aurreikusten diren diru-laguntzak ematea eta ordaintzea erakunde eskatzaileek zergen eta Gizarte Segurantzaren inguruko betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzearen menpe dago, Ogasun eta Finantza sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduak xedatzen duenari jarraiki.

  2. Era berean, erakunde onuradunei Dekretu honetan aurreikusitako laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik bideratzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura amaitzea.

Aplikatzekoak zaizkion indarrean dagoen araudiak eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuak adieraziriko beste batzuk aparte utzi gabe, honako hauek bete beharko dituzte aurreikusitako diru-laguntzen erakunde onuradunek:

  1. Emandako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntzaren emakidaren jakinarazpena jaso eta sei egun balioduneko epean erakunde onuradunek diru-laguntzari esanbidez eta idazki bidez uko egiten ez badiote, onartutzat hartuko da diru-laguntza.

  2. Dagokion Zuzendaritzarik idazki bidez jakinaraztea, eskaeraren beraren unean zein ondoren, diru-laguntzak emateko eskaturiko eta kontuan harturiko eskakizunetako bat eraginpean hartzen duen edozein inguruabarren aldaketa, betiere albait bizkorren.

  3. Dagokion zuzendaritzari jakinaraztea beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutik datozen helburu berdinerako jasotako diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak.

  4. Diru-laguntza eman duen erakundearen aurrean frogatzea diru-laguntza emateko edo baliatzeko bete beharreko betekizunak eta baldintzak betetzen dituela, baita jarduera egikaritu izana ere. Emandako diru-kopurua justifikatzeko justifikazio-kontu bat entregatu beharko da subentzionaturiko jarduera bukatzen denetik bi hilabeteko epean, hau da, gastua egiaztatzen duen agiri guztien zerrenda, gutxienez honako hauek adierazita: agiriaren izaera, identifikazioa, igorlea, data, zenbatekoa, jarduerarekiko egozpen-ehunekoa eta dagozkien deialdi-aginduetan ezartzen diren gainerako elementuak, eta erakundeak gorde eta eskuratzeko prest izan beharko ditu jatorrizko agiri guztiak, data horretatik gutxienez bost urteko epean.

  5. Subentzionaturiko jarduera balioesten duen memoria dagokion zuzendaritzari igortzea. Memoria horrek ezarritako helburuen lorpen-maila adierazi beharko du.

  6. Jarduera horiek egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko, ebaluatzeko eta kontrolatzeko prozeduretan Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari laguntzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargura jasotako laguntzei eta diru-laguntzei eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudiak aurreikusitakoei dagokienez Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion kontrol-jardueren mende jartzea.

  7. Esanbidez jasoaraztea Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren diru-laguntza badagoela, subentzionaturiko jardueraren gizarte-inguruneari zuzenduriko adierazpen edo komunikazio bat dagoen bakoitzean.

  8. Lan-araudia betetzea, eta aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboa ere bai, halakorik izanez gero.

  1. Dagozkien deialdi-aginduetan diru-laguntza linea bakoitzerako berariaz zehazten den Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila izango da organo eskuduna Dekretu honetan arauturiko diru-laguntzak kudeatu eta ebazteko.

  2. Diru-laguntza linea bakoitza kudeatzeko eskuduna den zuzendaritzari dagokion sailburuordetzak izendatuko du diru-laguntzak emateko edo ukatzeko proposamena egingo duen Balorazio Batzordea.

  3. Organo Kolegiatu hori sei lagunek osatuko dute gehienenez, betiere goi-karguak edo funtzionario edo langileak gutxienez gizarte-gaietako arloan, droga-mendetasunen arloan, familiaren arloan, gizarteratzearen arloan, immigrazioaren arloan, haur eta nerabeen arloan eta dibertsitate eta askatasun afektibo-sexualaren arloan eskudun diren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren zuzendaritzetan, zuzendaritza horiek bakoitzak proposatuta. Beharrezko neurriak hartuko dira Balorazio Batzordean bi sexuen presentzia orekatua egon dadila lortzeko.

  4. Diru-laguntzen linea kasu bakoitzean kudeatzen duen zuzendaritzakoa den funtzionario edo langile batek jardungo du organo kolegiatuaren idazkari gisa. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da organo horien osaera.

  1. Dekretu honetan arauturiko diru-laguntzak emateko prozedura lehiaketarena izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratuaren 51.4 artikuluan ezarritakoari jarraiki.

  2. Balorazio Batzordeak jarduera bakoitzerako finkatuko du diru-laguntza linea bakoitzerako balioespen-irizpide orokor eta espezifikoen arabera lorturiko puntuazioa. Era berean, Dekretu honetako 10. eta 14.4 artikuluak aplikatuta, jarduera bakoitzerako gehieneko zenbateko subentzionagarria ezarriko du, eta horrek ezin izango du ezein kasutan eskaturiko zenbatekoa gainditu. Puntuazio posiblearen guztizkoaren erdiaren pareko edo hortik gorako puntuazioa lortzen duten jarduerak soilik subentzionatu ahalko dira. Diru-laguntza linea bakoitzerako aurreikusiriko aurrekontu-kreditua nahikoa ez bada gutxieneko puntuazioa berdintzen edo gainditzen duten jarduera guztietarako, aurrekontu-kreditua agortu arte balorazio handiena lortu duten jarduerek soilik jasoko dute diru-laguntza, lorturiko puntuazioaren proportzioan, eta hori horrela, jarduera batek puntuazio posible altuena lortzen badu, gehieneko zenbateko subentzionagarriaren pareko diru-laguntza jasoko du. Ebazpen-proposamenean behar bezala arrazoituko da jarduera bakoitzari esleituriko puntuazioa, diru-laguntzen linea bakoitzeko balorazio-irizpide orokor eta espezifikoei jarraiki.

  3. Dekretu honen garapen-aginduetan hainbat formula ezarriko dira, eta horien arabera izango dute presentzia nahikoa edo orekatua emandako diru-laguntzen multzoan Dekretu honek aipatzen dituen politika edo ikuspuntu sektorialek (gizarte-zerbitzuak, familia, gizarteratzea, droga-mendetasunak, immigrazioa, askatasun eta dibertsitate afektibo-sexuala, haurrak eta nerabeak, adinekoak).

  4. Jardueraren guztizko aurrekontuaren % 80rainoko finantzaketa eman dezake Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak. Ordainketa zatika egingo da,

    • 80 ematen den unean ordainduko da eta gainerako

    • 20a, diru-laguntzarako onartua izan den eginiko gastuaren frogagiriak aurkeztutakoan, jardueraren amaiera-egunetik zenbatzen hasi eta bi hilabeteko epean.

  1. Dagokion zuzendariak, Balorazio Batzordearen proposamena aldez aurretik aztertuta, ebatzi eta erakunde interesdunei jakinaraziko die diru-laguntzen emakida edo ukapena Euskal Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko diren ebazpenen bidez (izan daitezkeen aldaketak ere bertan argitaratuko dira), eta bertan jasoko dira, jende guztiak jakin dezan, erakunde onuradunen, subentzionaturiko jardueren eta bakoitzari esleituriko zenbatekoaren zerrenda. Era berean, ukaturiko eskaerak aipatuko dira, ukapenaren arrazoia adierazita. Edozein kasutan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratuaren 51.7 artikulua aurreikusirikoaren mende egongo da ebazpena.

  2. Eskaerak ebazteko eta jakinarazteko epea lau hilabetekoa izango da, deialdi-aginduak argitaratzen diren egunaren biharamunetik zenbatuta, eta epe hori igarotakoan, diru-laguntza eskaera ukatutzat hartuko da, esanbidezko ebazpena eman beharra aparte utzi gabe, eta hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44. artikuluan ezarritakoari dagokionez.

  3. Emakida- edo ukapen-ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio, dagokion ebazpenaren egunetik hasi eta hilabeteko epean, sailburuordeari, diru-laguntzen dagokion linearen zuzendaritza kudeatzailea bere erantzukizun-esparruan duen sailburuordeari.

  4. Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, eta betiere diru-laguntzaren helburua bete bada, edo orobat Herri Administrazio honek edo beste batek, edo erakunde publiko zein pribaturen batek, aldi berean, laguntza edo diru-laguntzarik eman badu, diru-laguntzak emateko ebazpena alda daiteke. Horretarako, dagokion zuzendaritzak aldaketa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira, horiek emateko irizpide eta mugak aplikatuta, eta entitate onuradunek itzuli egin beharko dituzte soberakinak.

Dekretu hau indarrean hasten den egunean indargabetuta geratu den araudiaren arabera jada bideratutako edo bideratze-fasean dauden espedienteak araudi horri jarraiki arautuko dira, espedientea amaitu arte.

Honako xedapen hauek indargabetu dira: Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuen arloan jarduerak egiteko laguntzak arautzen dituen ekainaren 11ko 133/2002 Dekretua; gizarte-zerbitzuetako «Dolores Ibarruri Sariak» arautzen dituen urriaren 28ko 262/2003 Dekretua; immigrazioaren eta kulturen arteko bizikidetzaren esparruan jarduerak egiteko laguntzak arautzen dituen apirilaren 17ko 61/2007 Dekretua; eta Dekretu honen aurka egiten duten xedapen guztiak.

Lehenengoa. Ordezko erregimena.

Dekretu honetan administrazio-prozedurari buruz aurreikusi gabe geratu diren gaietan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da.

Bigarrena. Indarrean hastea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2009ko abenduaren 29an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.