Ogasun eta Finantza Saila

Arautegia

Inprimatu

137/2007 DEKRETUA, irailaren 11koa, "Vivienda y Suelo de Euskadi S.A. / Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A." Sozietate Publikoak jarduteko lege-esparrua ezarri eta arautzen duena, etxebizitzak eraikitzeko kudeaketa egikari dezan. Etxebizitza horiek honako mota hauetakoak dira: alokairurako erregimen bereziko babes ofizialeko etxebizitzak (etxebizitza sozialak), birkokatze-etxebizitzak (eskuratzeko modalitate guztietan) eta zuzkidura-alojamenduak.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 187
  • Hurrenkera-zk.: 5310
  • Xedapen-zk.: 137
  • Xedapen-data: 2007/09/11
  • Argitaratze-data: 2007/09/27

Gaikako eremua

  • Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Ingurune naturala eta etxebizitza; Garraio eta herri lanak; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ogasun; Hirigintza eta etxebizita; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Azaroaren 15eko 373/2005 Dekretua betez, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala onartu zen. Dekretu horren 4. artikuluan aurreikusten denez, "Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A. / Sociedad de Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. (Visesa)" sozietate publikoa Sail horri atxikitzen zaio administrazio instituzional gisa.

Sozietate Publiko horren Estatutuak azaroaren 21eko 258/1989 Dekretuaren bitartez onartu ziren, eta estatutu horiei Eusko Jaurlaritzaren otsailaren 6ko 29/1990 Dekretuak eta ekainaren 23ko 175/1992 Dekretuak ekarritako aldaketak erantsi behar zaizkio. Estatutu horietan jaso denez, aurrez aipatutako sozietatea Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren tresna da, eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren bitartez atxikitzen zaio administrazio horri. Gainera, estatutu horiek argi eta garbi adierazten dute sozietateak helburu soziala duela, Eusko Jaurlaritzaren politikak betetzeari zuzenean lotua, etxebizitza babestua oro har eta erregimen berezikoa (etxebizitza soziala) bereziki sustatu eta egikaritzeari dagokionez.

Bestetik, aipatutako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak, Etxebizitza Sailburuordetzaren bitartez, programa zabala garatzen du urtetik urtera, alokairu-erregimeneko etxebizitza sozialak eta birkokatze-etxebizitzak (eskuratzeko modalitate guztietan) sustatu, eraiki eta erabiltzaileen eskura jartzeko. Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Lege berrian aurreikusitako zuzkidura-alojamenduak erantsi behar zaizkie horiei, eta horrenbestez behar-beharrezkoa da "Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A. / Sociedad de Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A." (Visesa) sozietate publikoak etxebizitza horien guztien kudeaketan parte hartzea, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren berezko bitarteko instrumentala den aldetik, eta, ondorioz, sail horren jarraibide eta ildo nagusien eraginpean dagoen heinean. Izan ere, sozietatea instituzionala eta mendekoa (atxikia) da, eta, hortaz, harreman mediatikoa eta konsubstantziala du Sailarekiko.

Hain zuzen ere, Dekretu honek ezinbesteko lege-esparrua ezarri nahi du. Hartan, aipatutako lotura-harremanak jaso behar dira, kontratazio publikoaren berezko harremanetatik argi eta garbi bereiziak, alokairuko etxebizitza soziala merkatuan jartzeko, eta birkokatze-etxebizitzak eta Eusko Jaurlaritzari dagozkion zuzkidura-alojamenduak sortzeko, ahalik eta kalitate eta eraginkortasun handienarekin, gizartearen mesedetan oro har eta bereziki premia handia dutenek etxebizitza eskuratzeko aukera izan dezaten.

"Visesa" sozietateak garatu beharreko jarduerek osatzen dute, halaber, xedapen honen alderdi garrantzizkoenetako bat. Honako hauekin zerikusia duten guztia ezartzen dute: kasuan kasu agintzen zaizkien espedienteak prestatzea; proiektu eta obren lizitazioa; obra horiek ikuskatu eta aztertzea, eta horien jarraipena egitea; dagokion kalifikazio babeslea lortzea; eta, oro har, dagokion etxebizitza-programa behar bezala burutzeko beharrezkoak diren jardun guztiak. Alabaina, eta normala denez, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eusten dio sustapenari berari dagokion titulartasunari, baita sustapenari dagozkion eskumen eta ahalmen publiko guztien titulartasunari, eta higiezin eta eskubideen titulartasunari ere. Orobat, Dekretu honen lege-esparruaren eraginpeko jarduera behar bezala garatzeko "Visesa"k hirugarrenei eskatu beharreko laguntza-harreman orotan, administrazio publikoen kontratu-arloan aplikatu beharreko arau guztiak bete beharko dira.

Horren ondorioz, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2007ko irailaren 11n eginiko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

Dekretu honek honako xede hau dauka "Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A. / Sociedad de Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. (Visesa)" sozietate publikoaren jarduera arautuko duen araubide juridikoa ezarri eta arautzea, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak bere organo eskudunen bitartez aginduko dizkion jarduerak bete ditzan, alokairu-erregimeneko etxebizitza sozialak sustatzeko urteko programak egikaritzeari dagokionez, baita birkokatze-etxebizitzak (legearen araberako eskuratzeko modu guztietan eraikiak) eta Eusko Jaurlaritzari dagozkion zuzkidura-alojamenduak sustatzeko programak egikaritzeari dagokionez ere.

  1. – Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren mendeko erakunde instrumentala den heinean "Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A. / Sociedad de Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. (Visesa)" sozietate publikoak Dekretu honen arabera egokituko zaizkion kudeaketa, jarduera eta jardun guztiak egingo ditu, alokairurako babes ofizialeko etxebizitzen (erregimen berezia) edo etxebizitza sozialen programak, eta birkokatze-etxebizitzen eta Eusko Jaurlaritzari dagozkion zuzkidura-alojamenduen programak egikaritzeari dagokionez aginduko zaizkion espedienteak egikaritzeko.

  2. – Horretarako, gizarte publiko horrek honako eginkizun hauek hartu beharko ditu bere gain:

    1. Alokairu-erregimeneko etxebizitza sozialak, birkokatze-etxebizitzak eta zuzkidura-alojamenduak sustatu eta eraikitzeko espedienteak prestatzea.

    2. Espediente horiek tramitatzea, jardun beharreko instantzia guztietan.

    3. Hirigintza-plan, kudeaketa-tresna, hirigintza-proiektu eta eraikuntza-proiektu egokiak landu eta kontratatzea.

    4. Obrak, hirigintza-proiektuak barne, lizitatu eta esleitzea, baita beharrezko zerbitzu, laguntza tekniko edo hornidurak ere.

    5. Babes ofizialeko etxebizitzen kalifikazioak tramitatu eta lortzea.

    6. Agindutako etxebizitza sozialak, birkokatze-etxebizitzak eta zuzkidura-alojamenduak sustatu eta eraikitzearekin zerikusia duten obren eta gainerako jardueren jarraipena egitea, zuinketa-aktak egitea eta beharrezko egintza juridiko guztiak barne.

    7. Etxebizitza sozialak egikaritzean sortzen diren gertakari guztien jarraipena egitea, eta gertakari horiek aztertu eta ebaztea.

    8. Obrak eta lanak onartzea.

    9. Beharrezkoa bada, prezioak berrikustea.

    10. Esleitutako aginduarekin zuzeneko lotura duten gainerako guztiak.

  3. – Bere eginkizunak eta jarduerak garatzerakoan, "Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A. / Sociedad de Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. (Visesa)" sozietate publikoak zorrotz beteko ditu Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren eskumeneko organotik agindutako ildo nagusi eta jarraibide guztiak. Horren haritik, sail horrek bere eskumen eta ahalmen guztiei eutsiko die, baita Dekretu honetan jasotako programak egikaritzerakoan aipatutako sozietate publikoak eraginpean hartuko dituen ondasun eta eskubideen titulartasunari ere.

Hitzarmen orokor baten bitartez artikulatuko da aginduen modua eta oinarrizko edukia. Hitzarmen horretatik abiatuta, berariazko enkarguak egingo dira; gutxienez, honako arau eta eduki hauek bilduko dira hitzarmen horretan:

  1. Dekretu honen arabera egingo diren aginduen ondorioz "Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A. / Sociedad de Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. (Visesa)" sozietate publikoak hirugarrenekin egingo dituen kontratuetan adierazi beharko da sozietate horrek Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren kontura jarduten duela, Dekretu honen ebazpenak eta Dekretu hau garatzeko xedapenak betez.

  2. Agindu bakoitza Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren mandatua izango da, "Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A. / Sociedad de Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. (Visesa)" sozietate publikoaren aldekoa, eta berariazko enkarguen bitartez gauzatuko da.

  3. Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren organo eskudunak onartu beharko ditu eraikuntza-proiektuak eta horien aldaketak, "Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A. / Sociedad de Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. (Visesa)" sozietate publikoaren organoei dagokien onarpena bazter utzi gabe.

  4. "Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A. / Sociedad de Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. (Visesa)" sozietate publikoak bere gain hartuko du obren lizitazioa, esleipena eta egikaritza, erkidegoko zuzentarauak eta kontratazio publikoaren arloko legeria betez, eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailari jakinaraziko dizkio lehenbailehen horietan guztietan sortuko diren erabaki eta gertakari guztiak.

  5. Obra-onarpenean akta egingo da, eta akta idazterakoan Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren ordezkari batek ere hartuko du parte. Hala badagokio, ohar egokiak egingo ditu ordezkari horrek, esleitutako proiektuari dagokionez sortutako akatsak edo desbideratzeak konpondu edo zuzentzeko.

  6. "Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A. / Sociedad de Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. (Visesa)" sozietate publikoari zein hirugarren esleipendunei dagozkien kudeaketak egiterakoan ez-betetze larriak gertatzen badira, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak, bere organo eskudunen bitartez, dagokion agindua ezeztatzeko aukera izango du, agindu horri dagozkion eginkizun guztiak zuzenean bere gain hartuz.

  1. – Dekretu honen arabera "Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A. / Sociedad de Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. (Visesa)" sozietate publikoak dagozkion jardunak garatu aurretik, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren organo eskudunak jardun horren berariazko enkargua edo agindua egin beharko du. Nolanahi ere, jardun hori esanbidezko ebazpenaren bitartez gauzatuko da. Hartan, baldintzak ezarriko dira, gutxienez honako hauek bilduta:

    1. Aginduaren xedea, "Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A. / Sociedad de Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. (Visesa)" sozietate publikoari esleitzen zaizkion eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailari gordetzen zaizkion berariazko zereginak adieraziz.

    2. Etxebizitza eta lokalen proiekzioari, eraikuntzari, kontserbazioari eta, hala badagokio, ustiapenari buruzko araubidea.

    3. Egikaritza-epearen aurreikuspena.

    4. Aginduaren kostuaren aurreikuspena.

    5. Finantziaziorako aurrekontu-urtekoen aurreikuspena.

    6. Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren esku dauden ahalmenak, aginduaren eraginpeko jardunak zuzentzeari, ikuskatzeari, kontrolatzeari eta onartzeari dagokienez.

    7. Enkargua indarrean jartzen den eguna eta enkargua betetzeko aurreikusitako epeak.

  2. – Behin agindua jakinarazi ondoren, aipatutako sozietate publikoak hamabost egun balioduneko epea izango du kudeaketa agindu duen organoari enkarguaren araberako lan-plan zehatz eta xehatua aurkezteko, jardunaren aurrekontua barne.

  3. – Aipatutako lan-plana eta horren dokumentazio osagarria onartzen badira, planaren ebazpenak lotesleak izango dira "Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A. / Sociedad de Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. (Visesa)" sozietate publikoarentzat, eta sozietate hori onespen-ebazpenean horretarako ezarriko den epean hasiko da jardunean.

  1. – Agindutako jardun jakinetik eratorritako kostu guztien finantziazioa enkargua egingo duen organoaren kargura izango da eta onartutako finantza-planari egokituko zaio, egokitzat joko diren aldaketak bazter utzi gabe. Aldaketa horiek guztiak horretarako legez ezarritako moduan tramitatu eta onartuko dira.

  2. – Nolanahi ere, "Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A. / Sociedad de Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. (Visesa)" sozietate publikoak bere gain hartuko du aipatutako kostu guztiak ordaintzea, eta organo eskudunak itzuliko dizkio aipatutako finantza-planaren arabera. Plan horretan dagozkion finantziazio-gastuak eransteko aukera izango da.

Dekretu honen eraginpeko enkarguak betetzeko "Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A. / Sociedad de Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. (Visesa)" sozietate publikoak hirugarrenekin kontratatu beharreko jarduera guztiek zorrotz beteko dituzte administrazio publikoen kontratu-arloko legeriaren berezko ebazpen guztiak.

Dekretu hau indarrean jartzen den egunean kontratatu diren, esleitu diren edo egikaritza-bidean dauden alokairurako erregimen bereziko babes ofizialeko etxebizitzen, birkokatze-etxebizitzen eta zuzkidura-alojamenduen sustapenetan, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren organo eskudunak aukera izango du "Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A. / Sociedad de Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. (Visesa)" sozietate publikoari sustapenak amaitu arte egin beharreko jardunak agintzeko.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2007ko irailaren 11n.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.