Justizia eta Giza Eskubideen Saila

Berdindu · Genero-identitatea · Transexualitatea

Definizioa

Transexualitateari buruzko atal espezifikoa. Definizioa, legezko alderdiak eta abar.
Transexualitatea ezezaguna da oraindik ere. Transexualitatearen errealitatearen inguruan ez-jakintasuna da nagusi: informazioa urria da, eta dagoena oker edo desitxuratua aurkezten da sarri: guztiz desberdinak diren kontzeptuak nahasten dira, beste batzuk desitxuratzen edo ezkutatzen dira, eta abar, eta gainera komunikabide askotan ikuspegi sentsazionalista da nagusi, morboan oinarrituta, nahasmendua areagotzearen mesedetan.
Horrek guztiak eragin handia du transexualen eskubide eta bizitzetan. Funtsezkoa da kontzeptuak argitzea eta gezurrezko mito eta aurreiritzi guztiak deuseztatzea.
Sexu psikologoaren eta "sexu biologikoaren" arteko desadostasuna da transexualitatea. Hau da, transexualentzat, sexu psikologikoa edo sexu zerebrala  (pertsonaren sexua alegia), ez dator bat kromosomen, genitalen eta gorputzaren araberako sexuarekin, ezta gizarte-sexuarekin ere, beste sexuarekin baizik. Sexu-identitatea da kontua, pertsona zer den, zer sexu psikologiko duen, nola sentitzen den eta abar.
Giza zerebroa sexuatua dago, argi eta garbi. Kontua ez da transexualek emakume (edo gizon) izan “nahi izatea”, emakumeak edo gizonak dira, beren sexu zerebrala, beren benetako sexua alegia, horixe da, horrela sentitzen dira eta horrelakoak dira, eta gorputza beren sexu psikologikora (sexu-identitatea) egokitu behar dute, neurri handiagoan edo txikiagoan.
Emakume transexuala emakume bat da, hain zuzen ere gizonezko kromosomez, genitalez eta gorputzaz jaio den emakumea.
Gizon transexuala gizon bat da, hain zuzen ere emakumezko kromosomez, genitalez eta gorputzaz jaio den gizona.

Zein da pertsonen "benetako" sexua?

  • Zenbait sexu-mota daude:
    • Kromosoma-sexua: kromosomek giza espeziean markatzen dutena, 21. kromosoma-parean XX ageri ohi ditu emakumeengan eta XY gizonengan, hurrenez hurren, transexualitate-kasuetan edo intersexualitate-modu jakin batzuetan izan ezik.
    • Gonada-sexua: emakumeek obulutegiak dituzte eta gizonek barrabilak, transexualitate-kasuetan eta intersexualitate-modu jakin batzuetan izan ezik.
    • Sexu genitala: emakumeek bulba eta bagina dute, eta gizonek, berriz, zakila eta eskrotoa, transexualitate-kasuetan eta intersexualitate-modu jakin batzuetan izan ezik.
    • Gorputz-sexua (= fenotipikoa)
    • Sexu zerebrala (= sexu psikologikoa = sentitutako sexua): giza zerebroa sexuatua dago, argi eta garbi. Transexualak edo intersexualak ditugu horren adierazgarri.
    • Gizarte-sexua (ez da biologikoa, baizik eta gizarteak pertsona horri zer sexu esleitzen dion, gizartearen ustetan pertsona hori zer sexukoa den). 
    • (Askotan sinplifikatzeko, "sexu biologikoa" erabiltzen da lehen hirurak izendatzeko —nolanahi ere, kontuan hartzekoa da, batetik, ez direla beti bat etortzen, intersexualen kasuan adibidez, eta, bestetik, zerebroa, eta, beraz, sexu zerebrala, biologiaren parte direla—)
  • Pertsona baten sexua:
    • Pertsona baten sexua haren sexu zerebrala da, haren sexu psikologikoa alegia, horixe da  pertsona horren benetako sexua.
    • ¿Zer da garrantzitsuagoa, pertsonen genitalak edo identitatea?
      • Esaterako, gizon bati zakila eta barrabilak mozten badizkiote, gizona izaten jarrai al dezake? Obulutegiak eta tronpak kentzeko histerektomia egin dioten emakumeak, emakumetasunari eusten al dio? Hankarik eta besorik ez duen pertsonari ez diogu pertsona-erdia esaten, ezta?
      •  Hortaz, zergatik eduki behar dute emakumetasun- edo gizontasun-maila txikiagoa obulutegirik gabeko edo barrabilik gabeko emakume edo gizon transexualek?
    • Zer da garrantzitsuagoa pertsona batengan, kromosomak edo identitatea?
      • Biki berdin-berdinen kasuan adibidez (homozigotikoak edo unibitelinoak), funtsezkoena kromosomak balira, banako bakar baten bi kopia berdin-berdintzat (klonak) jo beharko genituzke, bi gorpuzdun pertsona bakartzat alegia, biek ere gene berdin-berdinak dituztelako. Kasu horretan, ordea, argi daukagu garrantzizkoena adimena, identitatea dela (bi buru, bi identitate desberdin, eta, beraz, bi pertsona), nahiz eta geneak, kromosomak eta gorputzak berdin-berdinak izan.
      • Transexualekin gauza bera gertatzen da, adimena, identitatea da garrantzitsuena (sexu psikologikoa, sexu zerebrala), nahiz eta gene, kromosoma eta gorputzak beste sexukoak izan.
    • John Moneyek esperimentu bat egin zuen David Reimerrekin, tamalez ospetsu bihurtu zena, eta hori adibide ezin hobea dugu pertsona baten sexu psikologikoa (sexu-identitatea) hezkuntzaren bitartez aldatu ezin daitekeela irudikatzeko:
      • Zirkunzisioan, istripuz, haurrari zakila moztu zioten, eta John Money psikologoak mutila "neska bihurtzeko" ahalegina zuzendu zuen: hala, kastrazioa eta baginoplastia egin zizkion, eta neska bat balitz bezala hezi zuen “sexu-identitaterik gabe jaiotzen garelako eta identitate hori ikasi egiten delako". Ebidentzia guztiak uste horren kontra izanagatik ere, Moneyek behin eta berriz ziurtatzen zuen jendaurrean Reimerren berresleipena arrakastatsua izan zela, eta, horrek agerian uzten zuela, "genero-identitatea ikasi egiten zela". Hala eta guztiz ere, Milton Diamond sexologoak egiaztatu zuen Reimer ez zela inoiz emakume batekin identifikatu, eta 15 urte zituela gizon bat bezala bizitzen hasi zela. Azkenean, Reimerrek bere kasua jendaurrean azaldu nahi izan zuen, etorkizunean beste inoiz horrelakorik gerta ez zedin, eta depresio latz bat eta arazo ekonomikoak jasan ostean eta emaztearengandik banandu ondoren, 2004an bere buruaz beste egin zuen. (http://www.elmundo.es/salud/2004/572/1084572003.html, http://es.wikipedia.org/wiki/David_Reimer)

Zer genero-identitatea edo sexu-identitatea?

Genero-identitatearen edo sexu-identitatearen arabera, pertsonak hiru taldetan  sailka  daitezke:

  • Zisexuala: Genero-identitatea edo sexu-identitatea bat dator jaiotzean esleitutako sexuarekin. Pertsona bere sexu biologikoarekin identifikatzen da, argi eta garbi.
  • Transexuala: Genero-identitatea edo sexu-identitatea ez dator bat jaiotzean esleitutako sexuarekin edo sexu biologikoarekin, eta pertsona beste sexuarekin identifikatzen da, argi eta garbi.
  • Intergeneroa, transgeneroa edo gender-queer-a: Genero-identitatea edo sexu-identitatea ez dator bat jaiotzean esleitutako sexuarekin edo sexu biologikoarekin, baina ezta beste sexuarekin ere. Pertsonak ez du bere burua ez gizontzat ez emakumetzat jotzen (ez dago guztiz seguru behintzat), edo bi sexuekin identifikatzen da aldi berean.

Transexualitatea eta afektibitate- eta sexu-orientazioa

Transexualitatea ez da homosexualitatea, ezta homosexualitatearen azpikategoria bat ere:
Transexualek, zisexualek (ez-transexualek) bezala, edozein afektibitate- eta sexu-orientazio eduki dezakete, eta horrek ez du inolako zerikusirik genero-identitatearekin edo sexu-identitatearekin.

Hala, emakume transexualen artean honako hauek bereiz ditzakegu:

  • Emakume heterosexualak (gizonek erakartzen dituzte)
  • Emakume bisexualak (emakumeek eta gizonek erakartzen dituzte)
  • Emakume lesbianak (emakumeek erakartzen dituzte)

Gizon transexualen artean, berriz, honako hauek ditugu:

  • Gizon heterosexualak (emakumeek erakartzen dituzte)
  • Gizon bisexualak (emakumeek eta gizonek erakartzen dituzte)
  • Gizon gayak (gizonek erakartzen dituzte)


Gizonen erakarpena sentitzen duen emakume transexuala, trantsizioaren aurretik, "gay" da besteen begietan, eta uste hori okerra da eta nahastea eragiten du, pertsona hori benetan emakume transexual heterosexuala delako. Era berean, jendeak "lesbianatzat" jo ohi du, trantsizioaren aurretik, emakumeen erakarpena sentitzen duen gizon transexuala, eta hori ez da horrela, gizon transexual heterosexuala delako. Halaber, trantsizioaren aurretik, "gizon heterosexualtzat" jo ohi ditugunak emakume transexual lesbianak dira benetan, eta "emakume heterosexualtzat" jotzen ditugunak, berriz, gizon transexual gayak dira. Argi dago, beraz, aurreiritzi horiek guztiz okerrak direla.

Transexualitatea eta psikiatria

Transexualitatea ez da "buru-nahasmendu" bat.
Pertsonen identitatea (transexualena eta transgeneroena barne) ez da inolako buru-nahasmendu edo gaixotasunik.
Are gehiago, tratamenduak hasteko, beren identitatearen pertzepzioan eragiten duten buru-nahasmendurik ez dutela ziurtatzen duen txosten bat eskatzen zaie transexualei, eta hori horrela, "bere senean" daudela erakusten duen ziurtagiri hori daukate transexual gehienek, nahasmendu bat dela dioten pertsona ez-transexualek, aldiz, ez dute horrelakorik.
Hala eta guztiz ere, gaur egun ere transexualitatea nahasmendu psikiatriko moduan jasota dago, 1990era arte homosexualitatearekin gertatzen zen bezalaxe; dena den, egunetik egunera urratsak egiten ari dira berriro horrela kontuan hartu ez dadin, eta horixe da, hain zuzen ere, transexualen kolektiboen aldarrikapenetako bat. Suediak edo Frantziak, adibidez, jada ez dute jasotzen nahasmendu psikiatrikoen artean. Eta iritzi bera adierazi dute Eusko Legebiltzarrak (2010/09/30), Europako Parlamentuak (2011/09/28), Espainiako Gobernuak (2010/05/14) edo hainbat elkarte profesionalek, hala nola Sexologia Elkarteen Espainiako Federazioak.
Arazo fisikotzat hartu beharko litzateke kontuan betiere, zeinean gorputzaren sexua eta pertsona horren identitatea ez diren uztartzen.

Osasuna eta transexualitatea

Tratamenduak baliatzeko prozesua:

Tratamenduak baliatzeko prozesua berdina da funtsean osasun publikoan eta pribatuan.

  1. Psikologo kliniko edo psikiatra batengana joatea, "genero-disforiako" txostena egin dezan.
  2. Txosten horrekin endokrinologoarengana joan ahalko da interesduna tratamendu hormonalarekin hasteko.
  3. Kirurgietara iristeko (batez ere genitaletara), "genero-disforiako" txostenaz gain, endokrinologoaren beste txosten bat ere eskatzen dute, interesduna tratamendu hormonala jarraitzen ari dela ziurtatzen duena, eta, sarritan, beste bat gehiago, interesduna sexu psikologikoaren arabera bizitzen ari dela ziurtatzen duena. Dena den, kirurgietarako eskakizunek aldaketa gehiago izaten dituzte zirujauaren —eta herrialdearen— arabera, eta, horrenbestez, hobe da bakoitzak betebeharrak aukeratu duen zirujauarekin kontsultatzea.


Transexualitate arloan osasunari dagokionez, argi eta garbi bereizi behar dira trantsizio-prozesuaren aurrekoa eta ondorengoa, izan ere, lehen zatiak patologien baztertzea eta genero-disforiaren diagnostikoa hartzen baitu eraginpean, transexualak ez baitaude oraindik ere buru-gaixotasunei dagokien eskuliburuan (DSM IV) jasota, eta ondorioz, diagnostiko eta jarraipen psikiatriko pean daude; bestalde, diagnostiko psikiatrikoa emandakoan, trantsizioaldia hasten da kasu bakoitzarentzat eskaturiko ordezko tratamendu hormonalaren inguruan endokrinologoak egin beharreko kontrol eta jarraipenarekin, eta prozesua berresleitzeko kirurgiekin amaituko da, pertsona bakoitzaren premien arabera.


Lehenengo alderdia:

  • Ebaluazio psikiatriko edota psikologikoa neurosi eta psikopatia posibleak nahiz portaera eraginpean hartzen duen beste sindrome-motaren bat baztertzeko.
  • Genero-disforiako diagnostikoa:
    • Espezialistaren jarraipena benetako bizitzako prozesua deiturikoan.
  • Bigarren alderdia:
    • Ordezko hormonazio-terapia biziarteko kontrol mediko pean, estrogenoen eta antiandrogenoen bidez emakume transexualen kasuan eta androgenoen bidez gizon transexualen kasuan.

Familia-laguntza

Transexualentzat garrantzi handikoa da laguntza izatea beren ingurune hurbilean (familia, lagunak, eta abar)
Bereziki nerabeen kasuan, familiaren —eta lagunen, irakasleen eta abarren— erreakzioa funtsezkoa da transexualaren bizitzaren bilakaerari dagokionez: laguntzarik ez badu eta bullying-a pairatzen badu, litekeena da ikasketak uztea, eta gurasoek etxetik botatzen badute (zuzenean edo zeharka —izan ere, gurasoen etxean jarraitzea bera izanik bizitzeko urratsak ez egitearen mende egotea etxetik botatzearen baliokide da—, eta zoritxarrez hori zen normalena duela gutxira arte, eta oraindik ere ohikoena da munduko herrialde gehienetan), miseria eta marjinazio handiak izango ditu zain, eta ziur asko prostituzioa izango du irtenbide bakarra. Aitzitik, gurasoen (batez ere ), lagunen, irakasleen eta abarren laguntza badu, ziur asko bizitza normal samarra eraman ahalko du (ziurrenik transfobiari aurre egin beharko badio ere) eta erabat garatu ahalko da.


Gainera, ez da ahaztu behar suizidio eta suizidio-saioen tasa izugarri handia dela transexualen artean (gehienbat haien trantsizioa hasi aurretik). Zenbait datu: Estatu Batuetan, transexualen % 41 bere bizitzako uneren batean bere buruaz beste egiten saiatu dira, eta gainerako biztanleriari dagokionez, aldiz, % 1,6 baino ez, hau da, transexualei dagokien zifra 26 aldiz handiagoa da (http://endtransdiscrimination.org/PDFs/NTDS_Exec_Summary.pdf); Frantzian, gazte transexualen % 34 beren  trantsizioa hasi aurretik, bere buruaz beste egiten saiatu dira (https://wcd.coe.int/wcd/ViewDoc.jsp?id=1476365); Andaluzian, Carlos Haya ospitaleko genero-unitatera bertaratzen diren gizon transexualen % 31k suizidio-saioren bat izan dute 20 urteren buruan)

Transfobia

Gizon zein emakume transexualen aurkako jarrera da, arrazakeriarekin, xenofobiarekin, homofobiarekin, matxismoarekin edo antisemitismoarekin gertatzen den bezala, bestea aurkaritzat, anormaltzat edo gutxiagotzat jotzean datza.
Zisexismoaren kontzeptua, berriz, transfobiari estuki lotuta dago (“zisexual” hitzetik dator, zisexualak beren “sexu biologikoarekin” identifikatzen diren pertsonak dira, eta kontuan hartzekoa da jende gehiena zisexuala dela). Zisexismoari jarraiki, transexualei beren sexu psikologikoaren balioa ukatzen zaie, benetako emakumeak (emakume transexualak) edo gizonak (gizon transexualak) ez direla iritzita, edo, izatekotan, zisexualen (ez-transexualen) mailara iritsi ezin daitezkeela. Zisexismoa, hau da, transexualen sexu-identitatea ukatzea, transfobia modu guztien oinarrian dago.

 

 

Azken eguneratzea: 2012/07/26