Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen 15 artikuluak autonomia pertsonala sustatzeko eta mendetasuna duten pertsonak zaintzeko zerbitzuen katalogoa ezartzen du, besteak beste telelaguntza-zerbitzua. Bestetik, 22. artikuluan, telelaguntza-zerbitzua zer den definitzen da, etxez etxeko laguntza-zerbitzutik bereizita dagoen zerbitzua edo horren osagarria izan daitekeela zehazten da, eta egoitzako laguntza-zerbitzurik jasotzen ez duten pertsonei eskainiko zaiela adierazten da, baldin eta arreta eskaintzeko banan-banako programan hala egiteko adierazi bada.
Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 22. artikuluan, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen katalogoa ezarri da, eta horren definizioa eta ezaugarriak lege-testuaren 21. artikuluan jaso dira.
Katalogo horretan, honako sailkapen hau jaso da: lehen mailako arretako gizarte-zerbitzuak, bigarren mailako arretako gizarte-zerbitzuak eta prestazio ekonomikoak. Lehen mailako arretako gizarte-zerbitzuen barnean telelaguntza-zerbitzua hartu da, besteak beste.
Lege-testuaren 23. artikuluak zera adierazten du, Eusko Jaurlaritzak prestazio eta zerbitzuen kartera egingo duela 22. artikuluan araututako katalogoari jarraiki, eta, ildo horretan, katalogoaren barnean hartutako zerbitzu eta prestazio ekonomiko bakoitzari dagokionez karterak gutxienez zehaztu beharreko alderdiak ezartzen ditu.
Gainera, 26.2 artikuluan zera ezarri da, erregelamendu bidez ezarriko direla bai prozedura motak -prozedura arrunta eta presako prozedura aurreikusi beharko dira-, bai eskaerarekin lotutako prozedura-berezitasunak, instrukzioa balorazioa, diagnostikoa eta orientazioa bereziki eta ebazpena. Era berean, prozedurako fase bakoitzean errespetatu beharreko epeen ezaugarriak eta Administrazioaren isiltasunaren ondorioak arautuko dira.
Bestalde, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 40. 1 artikuluak ezarri duenez, Eusko Jaurlaritzak gizarte-zerbitzuen arloko erregelamenduak egiteko ahalmena izango du, eta bereziki, ondokoak dagozkio: gizarte-zerbitzuak antolatzea, eta horretarako, zentro nahiz zerbitzuen baimentzeak, erregistratzeak, bateratzeak, homologazioak eta ikuskaritzak arautzea, eta, baimena lortzeko eta funtzionatzeko, baliabideen aldetik, funtzioen aldetik eta langileen aldetik bete behar diren baldintzak arautzea; Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen kartera egitea eta onartzea; eta doakoak ez diren zerbitzuak eta prestazioak finantzatzeari dagokionez, erabiltzaileen partaidetza ekonomikoari buruzko irizpide orokorrak arautzea.
Gainera, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 40.3 artikuluak Eusko Jaurlaritzaren esku uzten du Eusko Jaurlaritzaren zuzeneko ekintzaren barnean hartutako prestazioak eta zerbitzuak betetzea, telelaguntza adibidez.
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak, komunitatea oinarri duen ikuspegiaren araberako arreta-eredua finkatu du, pertsonak bizi diren ingurunean geratzeari lehentasuna emanez Eredu horri jarraiki, premia, eskaera eta itxaropenei erantzun egokia eman nahi zaie pertsonaren ikuspegi integral batetik abiatuta, hau da, pertsona bere ingurunean kokatuz eta arretaren jarraipena bilatuz.
Testuinguru horretan, telelaguntza oinarrizko zerbitzutzat jotzen da, etengabe bilakatzen ari dena eta erabiltzaileak bere etxean geratzeko aukera izan dezan bermatzeko funtsezkoa dena. Informazio eta Komunikazio Teknologietan oinarritutako sistemak erabiltzen dira horretarako, eta bizimodu independenterako konponbideak bilatzen dira, zainketa eta autonomia pertsonalari loturiko alderdiak sustatuz.
Lasaitasuna eta segurtasuna ematen die erabiltzaile eta senitartekoei, denbora gehiena bakarrik ematen duten pertsonei edo ohiko arrisku-egoeretan egon daitezkeenei bereziki.
Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak batera proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta 2011eko ekainaren 28an eginiko Bilkuran Jaurlaritzaren Kontseiluak aztertuta eta onartuta, ondokoa