41. Vasco-Navarro trenbideko multzoa (ANTOŅANA, KANPEZU)
5. ETAPA: ALDA • SANTA CRUZ DE CAMPEZO
Trenico
Vasco-Navarro trenbideak 140 kilometroko ibilbidea egiten zuen Lizarra eta Bergara artean, Gasteiztik igarota. Gaztelaniaz Trenico izenez ezaguna, Iberiar penintsulan inoiz izan den bide metrikoko trenbide garrantzitsuena izan zen.
1882an sortu zen, Durangotik Gasteizera eta handik Lizarrara joateko trenbide estuko trenbide bat eraikitzeko Wenceslao Martínez eta Joaquín Herráni emandako emakidaren bidez. Proiektu hori aurrera eramateko atzerriko kapitalera jo behar izan zen tokiko inbertitzaileek erakutsi zuten inplikazio faltagatik. Hala, 1886an Londresen sortu zen 1887an eraikuntza-lanei hasiera eman zien konpainia. Bi urteko lanen ondoren, Gasteiztik abiatu eta Leintz Gatzagara (1889) iristen zen lehen zatia inauguratu zen, Eskoriatzarantz hedatzen jarraitzen zuen bitartean. Berehala gelditu ziren lanak, aipatutako konpainiaren inbertitzaile nagusietako baten porrotaren ondorioz, eta Estatuak esku hartu behar izan zuen, baita enpresa konfiskatu ere, 1897an. Gobernuaren bultzadari esker (Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako Aldundien laguntza ekonomikoa ere izan zuen), lanek aurrera jarraitu zuten. Linea 1916an Eskoriatzara iritsi zen, 1918an Arrasatera eta hilabete batzuk geroago Bergarara. 1923an Oñatirako adarra ireki zen eta 1927an Gasteiz-Lizarrakoa.
Lehen urte horietan lineak oso erabiliak izan ziren: 1932an 325.600 bidaiari eta 179.000 tona merkantzia garraiatu zituzten. Gasteiztik Lizarrarako bidea egiten zuten baporeak izan ziren elektrifikatu zituzten lehenak, automotore elektrikoen bidez, eta gero pixkanaka beste guztiak, 1938an Vasco-Navarroko linea guztiak elektrifikatu arte. 1967ko abenduaren 31n trenbideak bere historiari amaiera eman zion, zerbitzua emateari utzi eta itxi egin baitzuten.
Antoñanako geltokia
Hiru fasetan eraikiak, gaur egun Vasco-Navarro trenbideko geltoki asko kontserbatzen dira. Antoñanakoa bigarren fasekoa da, eta Gasteiz-Lizarra linearen eraikuntza garaikoa. Alejandro Mendizabal Peña izan zen trenbide honetako geltokiak diseinatu zituena. Old English estiloan inspiratutako ildo estetikoari jarraitu zion, trenbideen esparruko ohiko arkitekturatik urrunduz, neurri handi batean. Geltoki bakoitzerako proposamen desberdin bat proiektatu zuen, eta horrela, geltoki desberdinetarako eraikin seriatu eta berdin-berdinak sortzeko ohiturarekin hautsi zuen.
Antoñanako geltokian, geltokiaz gain, trenbideko nasa eta azpiestazio elektrikoa ere mantendu dira. Geltokiari dagokionez, eraikin handia da, hiru altuerakoa, eta fatxada irregularrak ditu. Inklinazio handiko estalkiak ditu, eta teilatu-hegal handiak, besoz eutsiak. Fatxadetan, arku beheratuak dituzten bao ugari irekitzen dira, adreiluz inguratuta. Eraikin horretatik oso gertu azpiestazio elektrikoa dago, hornidura elektrikoa bikoizteko eraiki zena. Gasteiz eta Lizarra artean dago, erdi-erdian, horregatik erabaki zen Antoñanan eraikitzea. Eraikinak bolumen xumeak ditu, eta bi solairuko oinplano karratua. Azkenik, merkantzia-nasa aurkitzen da, gaur egun Vasco-Navarroko bide berdearen interpretazio-gune bihurtua, eta haren ondoan Euskotreneko hiru bagoi ageri dira, eskualdeko turismo-bulegoa hartzen dutenak., non Trenicori buruzko informazio gehiago jaso daitekeen.
Azken aldaketako data: