2. Urolako trenbidea (AZPEITIA, AZKOITIA, URRETXU)
1. ETAPA: LOIOLA • ZUMARRAGA
Bailara ez isolatzeko irtenbidea
XIX. mendearen azken hamarkadetan, Gipuzkoa, Bizkaia bezala, industrializazio-prozesuan murgilduta zegoen bete-betean. Prozesu hori mendearen lehen erdian hasi zen, baina azken Gerra Karlista (1872-1876) bukatu ondoren gorenera iritsi zen. Lurrun-makina industrializazioaren adierazle nagusia zen: fabrika modernoetan beharrezko energia emateaz gain garraio-sisteman iraultza izan zen, trena eta lurrun-itsasontziak asmatu eta orokortu baitziren hari esker. 1864an Norteko Trenbidea inauguratu zen, Zumarragatik pasatuz, Gipuzkoan barrena Madril eta Paris lotzen zituena.
Urolako harana ez zen industrializaziotik kanpo geratu. Hasiera batean, batez ere goi-arroan zentratu zen, Legazpi, Zumarraga eta Urretxu inguruan, eta behe-arroan, Zestoa eta Zumaia inguruan. Lehenengoan, jarduera industrial nagusia siderometalurgikoa izan zen, Norteko Trenbideak lagunduta; eta bigarrenean zementu-fabrika eta ontzigintza, Zumaiako portuko trafikoak bultzatua. Hala ere, bailaren erdiko zatia, eta bereziki, Azpeitia (udalerri nagusia), industria-garapenarekin estuki loturik zeuden komunikazio-bide nagusietatik isolatuta geratzeko arriskuan zegoen. Beraz, 1883tik aurrera, bailarako herriek Zumaiako portura iritsiko zen eta merkantziak zein bidaiariak eramango zituen trenbidea eraikitzeko proiektua bultzatu zuten. Zumaian Eusko Trenbideko Bilbo-Donostia linearekin lotu zen, eta linearen beste muturrean, Zumarragan, Norteko Trenbidearekin. Gainerako trenbideak ez bezala, (enpresa pribatu emakidadunek eraiki eta ustiatuak), Urolakoa Gipuzkoako Foru Aldundiak eraiki zuen, 1920-1926 bitartean. Linea elektrifikatu gisa sortu zen lehen linea izan zen. 36 kilometroko ibilbidean, Urola ibaiaren beheranzko bideari jarraitzen zion, oso eremu menditsu eta malkartsuan barrena. Hori dela eta, 29 tunel, 20 biaduktu eta 41.804 m2-ko euste-horma eraiki behar izan ziren, eta 473.575 m3 lubaki.
Arkitektura erregionalistako geltoki ederrak
Kostuak merkatzeko, enpresa emakidadun pribatuek geltokiak eredu bateratu bati jarraituz eraikitzen zituzten; Urolako linean, aldiz, geltoki guztiak desberdinak ziren. Ramon Kortazar probintziako arkitektoak diseinatu zituen, euskal estilo erregionalistari jarraiki. Geltoki askok (Zumarraga, Aizpurutxo, Zestoa-Villa, Iraeta, Arroa eta Zumaiako biak) baserrien arkitektura tradizionala imitatzen zuten, baina Urretxu, Azkoitia, Loiola, Azpeitia eta Zestoa-Bainuetxea inguruko dorretxeen eta jauregien ereduetan oinarritu ziren.
Geltokirik nabarmenena Azpeitikoa da; izan ere, bailarako hiribildu nagusikoa izateaz gain, administrazio-bulegoak, tailerrak eta kotxetegiak, eta linearen elektrifikazio-azpiestazioa zentralizatzen zituen. Geltokiko eraikinak hiru solairu ditu: lehenengoak trenbide-erabilerako gelak ditu, eta goiko biek langileentzako etxebizitzak. Diseinua dorretxe moztuetan inspiratuta dago: harlandua beheko solairuan eta lehenengoaren zati batean, eta gainerako hormak luzituta ditu. Harlanduz egindako zatian, baoek estilo gotikoko arku eta leiho bikiak dituzte. Lau garitoi ditu eraikuntzaren lau ertzak apaintzeko. Gaur egun, Euskotren Museoaren egoitza da: eraikinak errespetatu dira, eta jatorrizko ekipamenduaz gain Euskal Herriko trenbide-ondarearen bilduma aberatsa gordetzen da.
Azken aldaketako data: