18. Urola bailara, Telleriarte eta Brinkola artean (LEGAZPI)
2. ETAPA: ZUMARRAGA • ARANTZAZU
Burdin Harana
Legazpi herria Lenbur Museo-Lurraldea (Legazpi Natura eta Burdina) proiektuagatik nabarmentzen da gaur egun. Proiektuak museoa espazio bakartzat hartzen duen ohiko definizioarekin hausten du eta Legazpiko Burdin Haraneko hainbat eraikinetan barrena ibilbide bat proposatzen du, besteak beste, Mirandaolako burdinola, Euskal Burdinaren Museoa, Artzaintzaren Ekomuseoa, Ogiaren Txokoa, Erleen Museoa eta Langileen Ibilbidea. Langileen Ibilbidean 50eko hamarkadan Legazpiko industrian lan egiten zuten langileen eguneroko bizitzaren parte ziren ikasgela, etxebizitza edota kapera ikus daitezke. Museoaren helburua, azken batean, euskaldunek beren ingurunearekin zuten harremana azaltzea da, ardatz gisa burdinarekin lotutako industriaren bilakaera hartuz.
Telleriarte eta Brinkola auzoen artean kokatzen den kultura-paisaia bikaina, ingurune naturalaren eta bertako biztanleen arteko elkarrekintzaren emaitza da; izan ere, mendeetan zehar, burdinaren ekoizpena ardatz hartuta antolatu zuten ekonomia eta espazioa. Bi auzoen arteko paisaia belardi eta larreek osatzen dute, eta baserrietako nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiapena da nagusi. Hala ere, aipatu behar da multzo hori iragan industrial bati zor zaiola, izan ere, burdinoletarako eskulana, tiro-animaliak, egur-ikatza, sagardoa eta elikagaiak baserrietan lortzen ziren. XV. eta XVI. mendeetako jauregiak, bai eta hurrengo mendeetako baserri bikainak ere, burdinaren ekoizpenak eta merkaturatzeak sortutako aberastasunari esker eraiki ziren. Legazpiko udalerriaren historia ere estu-estu lotuta dago burdinaren industriak sortutako aukerekin; haiei esker egin zien aurre Legazpik 1608an Segurako jurisdikziotik bereizteko izandako auzi eta gatazka politiko luzeei, azkenik hiribildu independente kategoria eskuratzeko.
Jauregiak, baserriak, burdinolak eta errotak: industria-paisaia zahar baten mugarriak
Urola ibaiaren bi ertzetan, Telleriarte parean, jauregi-itxurako XV. eta XVI. mendeetako eraikin ederrak daude. Eskuineko ertzean Urbitarte etxea dago eta ezkerrekoan Araiztegi, biak elementu gotikoekin. Txantonerrota errotatik gora Elorregi multzoa nabarmentzen da, jauregia buru duela. XVI. mendean eraiki zuen Gregorio Lazarragak, Elorregi burdinolaren jabeak. Fatxada nagusia eta ezkerrekoa harlanduzkoak dituen hiru solairuko eraikuntza kubiko handia da. Beheko solairuan bi arku zorrotz ditu, eta alboetan beste bi ate, bata erdi-puntuko arkua eta bestea arku zorrotza, baita leihotxo konopial bat ere. Ezkerreko eta atzeko fatxadetan ere arku zorrotzeko leiho bikiak daude, baita hainbat gezileiho ere.
XVII. mendearen hasieran, jauregiaren ondoan ermita bat eraiki zuten San Joan izenarekin. Gaur egungo ermita 1824an eraiki zuten ibaiaren beste aldean, eta bertan Beobide eskultorearen San Joanen tailu bat jarri zuten. Ermitaren ondoan antzinako errota eta gaur egungo Elorregierrota baserria daude. Ibaian gora Erraizabal baserria dago, XVI. mendea baino lehenagokoa, Artzaintzaren Ekomuseoaren egoitza. Brinkolan, Agirreburualde eta Igeraldegaraikoa portxedun baserriak nabarmentzen dira; azken horretan Ogiaren Txokoa kokatzen da, non Igeraldeko errotako irinarekin egiten den ogia. Ibaian gorago, San Agustin baseliza neoklasikoa (XIX. mendearen amaiera), Olazarreko burdinolaren hondakinak eta sarrerako arku gainean armarria duen Guriditegiko oinetxea geratzen dira, eta Erdi Aroko elementuak dituen Etxehaundi etxea.
Azken aldaketako data: