Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

67. Urionako baserri multzoa (Munitibar-Arbaitzegi-Gerrikaitz)

5. ETAPA: MARKINA-XEMEIN • GERNIKA-LUMO

Mendiaren kolonizazioa Euskal Herrian

Gaur-gaurkoz ez dakigu noiz agertu ziren lehenengo baserri sakabanatuak, herrixka eta auzoen guneetatik urrun daudenak. Mendebaldeko Europako hainbat tokitan, 1000. urtearen inguruan, kokagune egonkorrak agertzen hasi ziren luberritutako lurretan (basoari kendutako lurrak). Kostaldeko Euskal Herrian, badirudi 1200. urtean errealitate hori gero eta ugariagoa zela. Seguruenik, biztanle kopurua handitzean lurraldearen erliebeak ez zuen uzten herri-guneak kanpoalderantz zabaltzen, eta, ziur asko, hori dela eta, mendiak soildu eta larre eta soro berriak sortu zituzten, biztanleriaren zati bat bertan finkatu zedin. XV. mendetik aurrera, sakabanatutako baserrien fenomenoa guztiz finkatuta zegoen, eta idatzizko dokumentuek lekukotasun ugari ematen dituzte gero eta urrunago eta gorago dauden lekuetan etxe berriak sortzeko prozesuaz.

Urionaren kasuan, baserriak XVI. mendetik aurrera eraiki ziren gutxienez. Kokapenari dagokionez, Gerrikako Santa Luzia baselizatik lerro zuzenean 1100 m-ra (ekialdean) eta San Miguel baselizatik 600 m-ra daude. Urionako baserri-multzoaren eta ermita bakoitzaren artean erliebe malkartsua dago, eta erreka bana maldan ia 100 m beherago. Egoera horrek kokagunearen isolamendua (halere, ez erabatekoa) areagotzen du.

Aro Modernoko baserriak

Kokalekua mendi-hegalaren zelaigune batean dago: leku erakargarria etxeak eraikitzeko, bai eta nekazaritza eta abeltzaintzarako ere. Lau baserriz osatutako multzoa da.

Goienengoa, goren dagoen baserria (izenak berak adierazten du), XVIII. mendeko baserria da, 3 isurkiko teilatua duena eta hareharrizko harlangaitzez egina. Izkinetan harlanduzko kateak ditu, eta aurrealdeko baoak ere hareharrizko harlanduz eginak daude. Aurrealdearen erdiko gorputza, sarrera eta ezkaratza dituena, egurrezko egitura baten bidez altxatzen da, eta oholen arteko tarteak hormen bidez ixten dira. Etxearen portada simetrikoa da: albo-gorputzetan bi leiho bata bestearen gainean jarrita, eta erdiko gorputzaren alde bakoitzean leiho bat. Ezkaratzaren sarreran bao dintelduna dago, erdian mainela duena: egurrezko habe batetik abiatuta, zutabe zilindriko xume batean bermatzen da. Teilatupeko solairuan usategi bat egon zen, hala erakusten dute bilbaduraren goiko aldeko triangelu formako baoek.

Ormaetxe aurreko baserriaren parean dago, beheraxeago, eta egikera zaharrena du. Datazio zehatzagorik ezean, zurezko egitura egiteko moduak XVI. mendera garamatza. Oinplano angeluzuzeneko eraikina da, 2 isurkiko teilatua du, eta lehen deskribatu dugun etxea bezala, aurrealdea hiru zatitan banatua du. Albokoak hareharrizko harlangaitzez eginak daude, harlanduzko kateekin; erdiko gorputza, berriz, bilbadurazkoa da eta ezkaratza du behealdean. Egurrezko bilbadurak zutabeak eta habe perpendikularrak ditu, diagonalean jarritako beso edo jabaloien bidez elkarri lotuak eta finkatuak. Piezak elkarrekin josteko, moldura berezi batzuk erabiltzen dira (miru isatsak), non jabaloi zeiharren muturrak ahokatzen baitira. Eraikuntza-sistema hori Errenazimentuari dagokio.

Etxeberri, izenak adierazten duen bezala, auzoko eraikuntzarik berriena da (ziur asko XIX. mendean eraikia), eta Barrenetxek, behealdean dagoenak, XVII. mendeko ezaugarriak ditu. Azken baserri horrek zurezko egitura du ia eraikuntza osoan, hegoaldean izan ezik, hareharrizko harlangaitzez egina baitago zati hori, harlanduzko kateekin. Lehenengo solairuan, bilbaduraren egitura hormaz itxita dago, teilatupeko solairuan izan ezik, non itxitura oholez egina baita. Gaur egun, ezkaratzak neurri txikiagoa du, sukaldea handitzeko itxitura bat jarri baitzuten, baina garai batean oso handia zen. Atean ez da ageri Goienengoa eta Goienetxe baserrietan ikusi dugun erako mainelik: atarian egindako aldaketen ondorioz desagertuko zen, agian.

Partekatu

unesco