21. Urgull mendia eta Donstiako alde zaharra (Donostia)
1. ETAPA: HONDARRIBIA • DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN
Kokaleku estrategikoa
Donostia hiriaren kokapen geografikoaren potentziala erabakigarria izan zen hiriaren sorreran: tonbolo baten gainean kokaturik, hondar-adar estu bat zuen lehen uharte izandako Urgull eta kosta lotzen zituena; eta ainguraleku bikaina zen, itsasoaren oldarretik babestuta baitzegoen, eta, aldi berean, Urumea ibaiaren bokalearen eta Kontxako badiaren ertzean.
Erromatarren garaian Urgull mendiaren oinean asentamendu bat sortu zen, eta 1000. urtearen inguruan Santa Maria eliza zutik zegoen, inguruan hilerri bat zuela. XII. mendearen amaierarako, Donostiako herrixkak goragoko kategoria juridiko batera jauzi egin zuen, forua edo lege idatzia jaso baitzuen, aurrerantzean bertako biztanleen bizitza arautuko zuena. Garai hortakoak dira Nafarroako erregearen ordezkari batek zuzendutako gaztelu bati buruzko lehen datuak.
Hurrengo sei mendeetan Donostiako hirigintza bere harresien barruan garatu zen. Fortifikazio horiek garrantzi berezia hartu zuten XV. mendearen amaieratik aurrera, eta etengabe birmoldatu ziren XIX. mendearen bukaera arte, batez ere Urgull mendian. Mende horietan, hiriak hainbat gerra-aldi izan zituen; aipatzekoak dira 1813an tropa anglo-portugesek egindako setioa eta hiria hartu ondorengo arpilaketa: hiribildua erabat suntsitu zuen sutea eragin zuten.
XIX. mendeak erabateko eraldaketa ekarri zion antzinako hiribilduari, eredu neoklasiko berriei jarraituz berreraiki baitzen: hirigunearen topografia bateratuz, kaleen egitura arrazionalizatuz, etab. Azkenik, prozesu horren amaiera gisa, 1864an tonboloaren kanpo-gotorlekuak eraistea erabaki zen, udal-agintariek nahi zuten izaera berriaren arabera hiria garatu ahal izateko; izan ere, profil militarra ez zetorren bat bainuetxe-hiri turistiko batekin. Ildo horretatik, 1880tik aurrera udalak Urgull mendiaren lagapena lortzeko ahaleginak egin ziren, eta, azkenik, 1921ean lortu zuten.
Ondare-multzoa
Ez dago bi gune horiek elkarrekin lotzeko ohiturarik, baina, egiazki, Urgull eta Parte Zaharra elkarri estu lotutako bi entitate izan dira: gaur egun, Urgull parke gisa aurkezten zaigu, eta Parte Zaharra, berriz, auzo turistiko gisa; duela 150 urte arte, aldiz, oso irudi desberdina zuten.
Donostiak ia ez du iragan militarraren aztarnarik, baina egon badaude: portuan, XV. mendearen azken urteetan eraiki zen harresiak zutik dirau (gero Portaletas sarbidea erantsi zitzaion); Bulebarreko aparkalekuan eta Bretxako merkatuko lurpeko solairuan, ikusgai daude XV. eta XVI. mendeetako harresien aztarnak.
Parte Zaharrean estilo neoklasikoa da nagusi, eta horren erakusgarri onenetako bat Konstituzio Plaza da: zirkuluerdiko arkudun arkupeak ditu eta hiriko udaletxe zaharra buru du. Hala ere, Abuztuaren 31 kalearen inguruan badira oraindik ere antzinatasun handiagoko elementuak: hala nola San Bizente eliza (errenazentista, 1507an hasia), Koruko Andre Maria eliza (barrokoa, 1743an hasia), San Telmo komentua (errenazentista, 1544), eta aipatutako Koruko parrokia horri itsatsita dauden zenbait etxe, bilbadura eta adreiluz osatuak.
Parte Zaharretik Urgull mendia behatzen badugu begiratu azkar batean, Erreginaren Kuboa (gailurrean, Jesusen Bihotzaren irudia buru duela) eta El Macho artilleria-plataformaren aurrealdea ikus ditzakegu. Gainera, mendia zeharkatzen duten harresiez jabetuko gara, mendia defendatzeko hainbat fasetan eraikiak. Bisitatu beharreko elementu ugarien artean aipatzekoak dira: Behatokiko bateria (ekialdean), Damen bateria (mendebaldean), bolborategia eta Santiago bateria (mendebaldean), El Macho eta Gobernadorearen bateria (goiko aldean). Lehen Karlistaldian (1833-1839) parte hartu zuten boluntario britainiarrei eskainitako hilerria ere bisitatzeko modukoa da, Ingelesen Hilerria izenaz ezaguna.