22. Urbiako multzo megalitikoa (GIPUZKOA ETA ARABAKO PARTZUERGOA)
3. ETAPA: ARANTZAZU • ARAIA
Urbia eta Oltzako sakonune karstikoetan, Aizkorri mendilerroaren mendebaldeko isurialdean eta Gipuzkoa eta Arabako Partzuergoaren zati batean, historiaurreko eta geroagoko 40 aztarnategi arkeologiko baino gehiago identifikatu dira. Egia esan, leku hau etengabe ikertu da XX. mendeko lehen laurdenean Euskal Herrian ikerketa arkeologikoa hasi zenetik.
Kobazulo, harpe harritsu, megalito eta abarretan egindako indusketa arkeologikoek agerian utzi dute gizakiak mendiko ingurune pribilegiatu horietako baliabide naturalak urtaroaren arabera etenik gabe ustiatu dituela duela 13.000 urte baino gehiago hasi eta gaur arte. Okupazio horren erakusgarri dira ehorzketa eta oroimenerako eraikitako 16 monumentu megalitikoak: trikuharriak, zistak, tumuluak, cromlechak eta menhirrak. Artzaintzatik bizi ziren taldeek eraiki zituzten, duela 5.500 urte inguru hasi eta Historia ondo sartua izan arte (Historia: lehen erregistro idatzien ondorengo aro gisa ulertuta).
Trikuharriak Euskal Herriko lehen arkitekturak izan ziren. Komunitatearen panteoiak ziren: traza poligonaleko hilobi ganbera batez osatuak, joera angeluzuzenekoak, bloke bertikal handiekin eraikiak, batzuetan korridore bat aurrean zutela, eta oro har, hego-ekialdera begira zeuden (neguko eguzki-irteera). Ehorzketa-ganbera beste bloke batekin edo batzuekin estaltzen zen, eta gainean tumulu izeneko harri eta lur pilaketa ordenatua jartzen zioten. 2.500 urte baino gehiagoz erabili ziren, Kobre eta Brontze Aroetan. Hildakoak hilobi-eremuan jartzen zituzten, zeramikaz, lanabesez eta apaingarriz osatutako ostilamendu txiki batekin batera. Batzuetan, hil-ganbera oso txikia izaten zen, eta kasu horretan zista izena hartzen zuen. Inguruko megalitoen artean nabarmentzekoak dira Artzanburu, Kalparmuñabarrena, Pagarreta, Pagobakoitza eta Pagomakor trikuharriak, Astonzuloko zista eta Gorostiaran ekialdeko eta mendebaldeko tumuluak (oraindik ez dakigu zistarik edo trikuharririk duten). Zoritxarrez, eraiki ziren unetik maiz profanatuak izan ziren, haien inguruko sinesmen faltsuek eraginda: barruan urrez betetako idi-larruzko poltsa bat zutela, adibidez.
Denboran berriagoak dira cromlech edo harrespilak: Burdin Aroko egiturak dira, zirkulu bat marrazten duten bloke tinkatu ugariz osatuak. Eremu horren barruan, erdian egindako zulo batean zein lauzazko kutxatila txiki batek babestutako zeramikazko ontzi batean (zista ere esaten zaio), hildakoaren errautsak uzten zituzten. Ez dakigu gorpua non errausten zuten, baina ez zen eremu megalitikoan egiten. Inguru geografiko horretan, oraingoz bi harrespil identifikatu dira: Oltzako Arratea I eta Oltzako Arratea II.
Garai berekoak dira menhirrak, lurrean bakarrik kokatutako bloke handiak. Horien oinarrian edo albo bati atxikita, errautsen zati bat kokatzen zuten batzuetan, ehorzketa batenak edota eskaintza batenak. Urbian halako bi ezagutzen dira: Pagarreta eta Zorrotzarri.
Azken aldaketako data: