19. Uliako jolas-parkea (Donostia)
1. ETAPA: HONDARRIBIA • DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN
Aisialdirako hiria
Donostia hiriak hirigintza-eraldaketa izugarria jasan zuen 1850 eta 1900 artean, eta horrekin batera, aldaketa soziologikoa eta hazkunde demografikoa. 50 urtean, 10 000 biztanle izatetik 40 000 izatera igaro zen, eta merkataritza-hiria izatetik, bainuetxe-hiri izatera; izan ere, Europako burgesia eta aristokraziaren aisialdi-leku nagusietako bat bihurtu zen hiria.
Hiriak hainbat atrakzio eskaintzen zituen: hondartzako eta Kontxako bainuetxeko bainuak, hotelak, kafetegiak eta kasinoak. Horiez gain, hiriko zurrunbilotik aldentzeko aukera ere bazegoen, hiritik ia urrundu ere egin gabe: lorategiz hornitutako guneetara eta are basora ere. Adibiderik bitxienetako bat da “mendi errusiarra” (gaur egun desagertua). Alderdi Ederreko lorategietan kokatua, 8 edo 10 m-ko altuerako muino artifizial bat zen, zuhaitzak eta bidezidorrak zituena. Bisitariari lorategi-eremu bat eskaintzen zion, ia basotxo bat, hiriko kaleetatik aldendu eta bestelako bizipena bilatzen zutenentzat.
Hala ere, hiriko jolas-parkeak gune urrunago eta goratuetan kokatzen ziren (Igeldon eta Ulian), eta hiriaren eta kostaldearen ikuspegi erakargarriaz gozatzeko aukera ematen zuten. Hara iristeko garraiobideak jarri ziren, garai hartan berritzaileak zirenak: Igeldoko funikularra eta Uliako teleferikoa, adibidez.
Donostiako Belle Epoqueko jolas-parkeen kasuan, Igeldokoak bakarrik jarraitzen du funtzionatzen; Uliakoak eta, batez ere, Martutenekoak funtzio hori galdu dute.
Jolas-parkea osatzen duten elementuak
Nahiz eta jolas-parkeko instalazio gehienak desagertu egin diren edo bertan behera utzita dauden, Uliako parkean oraindik badaude atrakzio batzuk.
1902an ireki zen. Ategorrieta kaletik zetorren tranbia Uliako gailurraren oinera iristen zen, 28 m beherago, ostalaritzako instalazioak zeuden lekura. Handik, teleferiko bat har zitekeen: hirunaka jarritako sei kablez egina zegoen, eta bidaiariak garraiatzeko metalezko gondola haien gainetik igarotzen zen. 280m-ko ibilbidearen ondoren, bisitaria mendiaren punturik altuenera iristen zen, eta bertatik bista ederrak ikus zitzakeen. Zoritxarrez, tranbiaren zerbitzu erregularra desagertu zenetik bisitarien kopurua jaitsi egin zenez, askoz gutxiago erabiltzen zen, eta, ondorioz, kendu egin zuten.
Goialdean begiratoki batzuk jarri ziren, eta horien artean, lehenik eta behin, Casa rústica esaten zitzaiona nabarmenduko dugu. XVIII. mendeko haize-errota zahar baten egitura hexagonala eta harkaitzetako azaleratze naturalak aprobetxatuz (guztiak gailurraren ipar-mendebaldeko muturrean), kafetegi bat jarri zuten. Zutabeen gainean finkatutako plataforma goratua gehitu zen terraza gisa, eseri eta freskagarri bat hartzeko, edo paseatzeko. Gaur egun, errotaren dorrea besterik ez da kontserbatzen.
Hego-ekialdera, gailurrean jarraituz, Peña del Ballenero esaten zaion begiratokia dago, Donostiako talaietako bat zegoen lekua, hain zuzen ere. Leku horren historiaren interpretazio mitiko baten ondorioz, kartel bat jarri zen ingelesez, frantsesez, euskaraz eta gaztelaniaz, X. mendean bale-talaia gisa erabili zela azaltzeko.
Azkenik, 1928an, Uliara bisitariak erakartzeko beste atrakzio bat zabaldu zen: uso- edo plater-tiroa, ondoan piknik-gunea zuena. Gaur egun ostalaritzako lokala martxan dago, baina tiro-eremua ez.