Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

55. Sorginaren Txabola trikuharria (BILAR)

6. ETAPA: SANTA CRUZ DE CAMPEZO • LAGUARDIA

1935ean aurkitu zuten, Arabako Bilar herritik gertu, La Lanagunilla esaten zaion irtengune natural baten gainean. Arabako Errioxan identifikatutako lehen hilobi megalitikoa da eta, zalantzarik gabe, ikusgarriena.

Historiaurreko panteoi honen izen berezia elezahar batetik dator: bertan sorgin bat bizi omen zen, eta San Joan Bataiatzailearen goizean, ekainaren 24an, bere bizilekua zen trikuharritik atera, eta bertakoek kantuan entzuten omen zuten, baina sekula ikusi gabe. Esaten zen, halaber, hara joaten zirenak harri bihurtu eta monumentu haren zati bihurtzen zirela.

Jakina denez, San Joan Bataiatzailearen gauean, ekainaren 23tik 24ra, jatorri paganoa duten erritu kristauak ospatzen dira, eguzkia gurtzeko. Erritu horiek su eta ur erritualak dira, udako solstizioa ospatzen dutenak, eta uzta onak eta energia txarren garbiketa eskatzeko egiten dira.

Megalitoaren jatorriari eta esanahiari buruzko mitoak alde batera utzita, duela 5.500 urte inguru, ehiza eta bilketarekin batera nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarritzen ziren taldeek eraiki zuten, eta ehorzketa-leku kolektibo gisa erabili zuten milaka urtez, jarraian zein noizean behin, Erromanizaziora arte.

Hainbat ikertzailek indusketa arkeologikoak egin dituzte bertan, eta hainbat aldiz zaharberritu dute. Gaur egun ezagutzen dugun trikuharria korridore motakoa da, neurri monumentalekoa, eta bertako hareharriz egina. Hilobi-ganbera bat du, 9 bloke handiz osatua. Horietatik hiruk, handienek, oinplano poligonaleko estalki erraldoi bati eusten diote (gaur egun berregina). Hego-ekialdera irekita dago, hau da, negu-garaian eguzki-irteeraren aldera; hain juxtu, urte-sasoi horretatik aurrera, eguzkia birsortu egiten da berriro. Hilobia osatzeko, beste bost blokez mugatutako korridore bat dago: txikiagoa da, eta bi gelaz osaturik dago, zeharkako lauza batek zatitzen baitu luzetara. Arkitektura hori guztia 25 metro inguruko diametroa duen tumulu batek inguratzen du. Tumulu horrek, antzina, trikuharriaren multzoa estaltzen zuenez, gela lurpean geratzen zen.

Indusketa-kanpainetan 39 ehorzketa-hondakin identifikatu dira gutxienez, 30 heldu eta 9 haur. Gehienak okrez bustita ageri dira, eta erabilera arrunteko objektuak eta eskaintzak dituzte inguruan: silexezko eta metalezko gezi-puntak, harrizko botozko aizkorak, hezurrezko idoloak, zeramikak, apaingarriak, kutunak, etab. Uste da haien eginkizuna hildakoei hil ondorengo bidaian lagun egitea zela.

Megalito hau eta beste batzuk eraikitzeak ahalegin kolektibo handia eskatzen zuen. Zoritxarrez, oso litekeena da gehiago edo gutxiago hilobiak hasiera-hasieratik profanatuak izatea. Ondorioz, monumentu horiek nahasita geratzen ziren, ehortzitakoa lekuz aldatuta, edota eraikuntzaren osagaiak beste helburu batzuetarako erabiltzen ziren. Espoliazio horien arrazoietako bat da garai batean megalitoak izaki mitologikoekin lotzen zituztela: urrezko zintzarriekin eta imajinaziotik sortutako beste aberastasun batzuekin lurperatzen zituzteneko elezaharrak ohikoak ziren.

Partekatu

Azken aldaketako data: