Lehendakaritza

Soldata-arrakala murrizteko estrategiaren gobernantza

Gobernantza Eredua da gakoa Euskadin soldata-arrakala murrizteko Estrategia eta Ekintzarako Plan Operatiboak benetan ezarriko badira. Emakume eta gizonen arteko soldata-arrakalak eragindako arazoa estrukturala, kulturala eta hainbat diziplinari eragiten diona izanda, Eusko Jaurlaritzak estrategia jakin bat taxutu du arrakala horretan eragina daukaten faktoreak hainbat dimentsiotatik lantzeko, trakzio-lanak eginez, euskal gizarte osoaren inplikazioa eta konpromisoa bilduz.

Estrategia eta Plan Operatiboak ezarri, monitorizatu, gainbegiratu eta ebaluatzeko modua ematen duen antolaketa-egitura da Gobernantza Ereduaren oinarria, hortik abiatuta ahalik eta gardenen jokatzeko herritarrekiko nahiz eragile sozial ekonomikoekiko.

Eusko Jaurlaritzaren Gobernantza Eredua

Talde eragilea

Lehendakaritzako Idazkari Orokorra eta Emakundeko zuzendari nagusia izango dira Planeko Estrategia eta Gobernantzaren arduradun gorenak.

Soldata-arrakalari buruzko sailarteko Mahaia

Eusko Jaurlaritzan, soldata-arrakala murrizteko Estrategiaren neurriak ezartzen zeregin garrantzitsuak betetzen dituzten sailetako ordezkari politikoek osatuko dute Sailarteko Mahaia. Sailarteko Mahai horren helburua izango da Estrategiaren garapen operatiboa garatzea, Planaren neurriak eta emaitzak ebaluatzea, ekintza zuzentzaileak identifikatzea eta gainerako agenteekin gobernantza koordinatzea.

Talde Operatiboak

Talde Operatiboak honela osatuko dira: Estrategia ezartzeko lanean tartean diren sailetako zuzendariak, sail bakoitzeko Berdintasunerako Unitate Administratiboak, eta sail bakoitzeko Komunikazio Arloko arduradunak. Estrategia garatzen jardutea izango dute zeregin nagusia.

Erakundeen arteko koordinazio-taldea

Euskadiko erakunde-maila desberdinetako -Gobernu, Foru Aldundi eta Udaletako- ordezkariek osatuko dute taldea, eta soldata-arrakala murrizteko lantzen ari diren estrategiak eta neurriak koordinatu eta haien jarraipena egiteko koordinazio-lana burutzen jardungo da.

Elkarrizketa sozialeko mahaia - Soldata-arrakalari buruzko Foroa

Kontsultak egiteko eta gauzak kontrastatzeko gunea da, enpresetako agenteak eta sindikatuetako agenteak osatutakoa. Helburua du soldata-arrakala murrizteko xedea duten akordio sozialak lotzea.

Euskadin soldata-arrakala murrizteko Estrategia eta Ekintzarako Plan Operatiboak 60 neurri ezarriko ditu, Eusko Jaurlaritzako sei sailen eta Emakume erakunde autonomoaren bitartez. Honako helburu hauek izango ditu sail bakoitzak:

Lehendakaritza

  • Neurriok ezartzeak benetan zer eragin izan dituen ebaluatzea, soldata-arrakala murrizteko egin duen aurrerabidea aintzat hartuta. 

Lan eta Justizia Saila

  • Ikuskapenak egiteko plan bereziak ugaritzea, sexuan oinarritutako soldata-diskriminazioak zuzentzeko, halakorik egonez gero.
  • Langileei soldatagatik diskriminatuta ez egoteko eskubideari buruzko informazioa ematea. 
  • Uztartze erantzunkidearen aldeko neurriei bultzada ematea EAEko enpresetan.
  • EAEko enpresetan ezarritako berdintasunerako planen Euskal Erregistroa sortzea.
  • Soldaten inguruko errealitatearen inguruan gardentasuna bultzatzea, bai eta enpresetako hautaketa eta sustapenetan ere.

Hezkuntza Saila

  • STEAM ikerketetan emakumeek duten presentzia handitu, orientazioko langileei prestakuntza emanez, inguru teknologikoko enpresetan ate irekien programak antolatuz, tradizioz gizonek hartuak dituzten lanbideak ere ikasteko indarra emanez neska gazteei, eta, alderantziz, tradizioz emakumeek hartuak dituzten lanbideak ere ikasteko indarra emanez mutil gazteei.
  • Dirulaguntzen bidez, aukera ematea familiei haurtzaindegi pribatuetan eta ekimen sozialeko haurtzaindegietan sar ditzaten umeak.
  • 0-3 urte bitarteko hezkuntzaren estaldura unibertsala ziurtatzea.
  • Hezikidetzako eskolen ereduari indarra ematea: Hezikidetzako Plan Gidaria.

Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila

  • ETEei laguntzeko programei indarra eman, programa-pilotuak sortu eta uztartze erantzunkidea errazteko bestelako tresnak martxan jarri. 
  • Gaur egun inor zaintzeko lanen ereduaren inguruan sentsibilizatu herritarrak, eredu erantzunkidea bilatu, eta enpresetan norberaren bizia, lana eta familia uztartzeko proiektu eta planak garatzeko lanean jardutea. 
  • Familiei laguntzeko planak zaintzeko lanekiko erantzunkidetasunera bideratu, emakumeek lan-merkatutik irten beharrik ez izateko neurriak jarrita. 
  • Enpresetarako laguntza-ildoak ezarri, norbait zaindu beharrez eszedentzia edo lanaldi-murrizketak hartuta dauden langileak errazago ordezteko.
  • Laguntza-programa jakinak sustatu emakume eta gizonek gurasotasun-baimenak berdintasunez har ditzaten. 
  • Gurasotasun positiboko programak bultzatu.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila

  • Sektoreko enpresa eragileen eta elkarteen konpromisoa lortu, maskulinizatutako lanbideetan –batez ere, industrian– emakumeak sartzen lagundu dezaten. 
  • EAEko enpresa industrialetan maila gorenetan emakume gehiago egoteko neurriak bultzatu.
  • Kudeaketa aurreratuko ereduan berdintasuna txertatu.

Ogasun eta Ekonomia Saila

  • EAEko sektore publikoko esleipen-kontratuetan sexua dela-eta soldatan gerta daitezkeen diskriminazioak saihestu, horren inguruko klausulak zehaztuta. 
  • Klausulak ondo bete direla egiaztatzen saiatu, aplikazioaren adierazleak eta emaitzen neurgailuak ezarrita.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

  • Emakumeen presentzia eta parte-hartzea % 40 baino baxuagoa duten Administrazio Orokorreko nahiz erakunde publiko, organismo autonomo, sozietate publiko eta fundaziotako eremuetarako ekintza-planak proposatu.
  • Uztartze erantzunkidean sakontzea EAEko administrazioan.
  • Eusko Jaurlaritzan eta EAEko erakunde, organismo autonomo eta sozietate publiko nagusietan soldata-arrakalaren arazoa zertan den monitorizatu, arrakala % 10ekoa baino handiagoa dela detektatutako kasuetan, ekintza-planak martxan jartzeko.

Emakunde – Emakumearen Euskal Erakundea

  • Soldata-arrakala murriztu/ezabatzeko erronkaren, uztartze erantzunkidearen eta zaintza-lanaren garrantziaren sentsibilizazioa bultzatu.
  • Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren inguruko prestakuntza eman gizonezkoei.
  • Hezikidetzako programak bultzatu txikitandik, erantzunkidetasuna goiz-goizetik indartzen hasteko. 
  • Aholkularitza eta laguntza ekonomiko handiagoa eman enpresa txiki eta ertainei, berdintasunari buruzko diagnostikoak eta planak egin ditzaten, soldata-arrakala erauzteko neurri zehatzak jarrita.
  • Euskadiko soldata-arrakalari buruzko txostena aldiro-aldiro eguneratu, zer faktorek eragiten dioten zehatzago jakin eta, hartara, egin beharrekoak planteatzeko.

Azken aldaketako data: