Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

242. Sodupeko arkitektura modernoaren multzoa (Sodupe, Güeñes)

7B. ETAPA: BILBAO • BALMASEDA

Arkitektura modernoaren hastapenak Bizkaian

Korronte edo estilo guztiz berritzaileek artearen eta arkitekturaren esparruak irauli zituzten XIX. mendearen amaieran hasi eta XX. mendean zehar. Tradizio klasikoarekiko hausturaren ondoren, forma, bolumen eta motibo apaingarri berriak agertu ziren, eraikinaren kontzeptua bera aldatzeraino arkitektura berritu zutenak.

Bizkaian arkitektura modernoaren bat-bateko gorakada itzela egon zen XIX. mendearen amaierako industrializazio-prozesuaren ondorioz, batez ere Bilboko Itsasadarraren ezkerraldean. Industriaren garapenarekin batera, udalerri horietan biztanleria izugarri hazi zen, migratzaile kopuru itzela bertan ezarri baitzen hango jarduera ekonomiko garrantzitsuak erakarrita. Hiri berriak eraikitzeko beharra eraikuntza berritzeko benetako aukera izan zen, eta hala, arkitektura estilo abangoardista hedatu zen. Bizkaiko arkitektura garaikidearen distira 1870etik 1975era eman zen, XIX. mendearen amaieran indar handiz sartu zen eklektizismotik hasita, baina baita lurraldean arrasto handia utzi zuten euskal estilo berria eta erregionalismoa ere. Bizkaiko arkitektura modernoaren katalogoan aipagarriak dira halaber eraikuntza modernistak, Art Deco eta arrazionalistak.

Kadagua ibaiaren inguruko udalerriek ere garapen industrial handia izan zuten. Zalla, Gueñes, Gordexola eta Alonsotegi udalerriek jarduera handiko industria garrantzitsuak hartu zituzten, eta horrek berekin ekarri zuen biztanleriaren hazkundeari erantzungo zion eraikuntza-sare berri baten beharra.

Arkitektura modernoaren multzoa Sodupen

Sodupe herriak interes handiko arkitektura modernoaren hainbat adibide gordetzen ditu bere ondarean, adibidez: estilo eklektikoko San Bizenti txaleta eta Art Deco estiloko Sodupe farmazia dagoen eraikina.

Lehenengoa, 1905. urte inguruan eraikitako familia bakarreko jauregitxoa da. Estilo eklektikoa du, 1870 eta 1915 artean Enkarterrietako eskualdean garapen handia izan zuen korrontea, eredu historikoen irakurketa askean oinarrituz eta tradizio klasikoa ahaztu gabe hizkuntza berri bat sortu zuena. Apaindurak garrantzi handia hartu zuen eraikinaren diseinuan eta eraikuntzako material nobleak erabili zituzten batez ere, hala nola harlanduzko lana (soila zein harlangaitz-horma luzituarekin konbinatuta). San Bizenti txaleta lehenagoko (1805) eraikin bati atxikita eraiki zen. Diseinua orubera egokitu zen, horregatik du oinplano trapezoidala. Konposizio orekatua du eta eraikinaren alde batean dagoen dorrea nabarmentzen da, beiraz hornitutako egurrezko begiratoki bat duena. Begiratokian motibo zirkularrak dituzten burdinak ageri dira eta kupula txiki batek burutzen du. Fatxaden apaindura ugaria eta fina da, non moldura klasizistak eta leiho-inguruetako aurremarkoak nabarmentzen diren. Leihoen kokapena homogeneoa da bi solairuetan. Txaletaren antolamenduari dagokionez, aipatu behar da bi etxebizitza handitan banatzen dela, solairu bakoitzean bana.

Galarraga kaleko Sodupe farmaziako eraikina Art Deco arkitekturaren adibide bikaina da (eskualdean oso ohikoa ez den estiloa). Manuel Gutierrez delineatzaile proiektugileak 1932an eraikitako familia anitzeko eraikina da. Art Deco arkitekturak Bizkaian 1925 eta 1932 urteen artean lortu zuen bere une gorena, eta Parisen 1925ean ospatutako Arte Dekoratiboen Erakusketa izan zen bere hedapenerako akuilua. Estilo hori 17ko Belaunaldiari esker garatu zen, 1917 inguruan titulatutako arkitektoen taldeari esker. Talde horrek ildo berritzaile bati ekin zion eta Art Deco zabaltzeko bidea ireki zuen. Estilo honen ezaugarria da eklektizismoan hainbeste erabiltzen zen apaindura murriztea; beraz, sinpletasun handiagoa du.

Farmaziaren eraikina probintziako Art Deco kubistaren adibide onenetakoa da. Bolumen geometriko sinpleak eta fatxada mailakatuak ditu, aitzinamendu eta atzeraemate jokoan. Apaindurari dagokionez sinpletasun handia erakusten du: beheko solairuan lerro paraleloak erabiltzera eta kontraste kromatikora mugatzen da funtsean. Eraikuntzaren ertz batean dorre prismatikoa nabarmentzen da, eraikinaren gainerako atalen gainetik altxatzen baita. Elementu hori da eraikinaren izaera kubistaren adierazlerik handiena eta goiko bi solairuetako elementu lauz eta poligonalez apainduta dago.

Partekatu

unesco