Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

29. Santiagoerrekako industriaurreko multzoa (Aia)

2. ETAPA: DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN • ZARAUTZ

Erdi Aroko jatorriko industria-paisaia

Santiagoerreka eta Manterolaerreka Oria ibaiaren behe-ibilguko bi errekasto garrantzitsuenak dira; Aiako lurrak igaro ondoren Orian isurtzen dira, Orio hiribilduko herri-gunearen aldeko ibai-bazterrean ez, bestean. Bi erreka horien bailaren alde banatan giro bukolikoa ikus dezakegu gaur egun (han-hemenkako baserriak, zelaiak eta baso txikiak, bertakoak zein birlandatuak), baina, ezkutaturik, Erdi Aroan jatorria duen paisaia industriala ere badago. Paisaia hori XIII. mendetik XIX. mendearen lehen erdira arte iraun zuen burdingintza- eta ontzigintza-jarduera handiaren emaitza da. Hala ere, industria-jarduera horiek lehenagotik egiten ziren bailara horietan; izan ere, dozena bat haizeola inguru aurkitu dira inguruetan, hidraulika burdinaren ekoizpenean ezarri baino lehenagokoak, beraz.

XIII. mendeaz gero energia hidraulikoaren erabilera zabalduz joan zen, eta lantegi-instalazio bikainak ekarri zituen, funtzionatzeko behar zuten ura bildu eta garraiatzeko presa eta ubideak baliatzen zituztenak. Bildutako ura mugimenduan jartzen zenean gabi handiak eta hauspoak mugiarazten zituen, burdina sortzeko. Minerala itsasoz ekarrarazten zen Bizkaitik, eta kanporatu ere itsasoz egiten zen. Garai hartako burdinolen artean Agorregi nabarmenduko dugu; Manterolarrekako bailaran dago eta bisitatu egin daiteke.

Arrazubiako burdinolaz mintzatuko gara hurrengo lerroetan. Erdi Aroko jatorria izan arren, XVIII. mendean erdietsi zuen ospe handiena, Armadako gerra-ontzientzako aingura handiak fabrikatzen espezializatu baitzen urte haietan.

XVIII. medeko 30. hamarkadan jarri zen abian Arrazubiako aingura-fabrika, Juan Fermin Gilisastiren eskutik, ainguratzarrak eraikitzeko teknologia berri bat garatu baitzuen. Ainguren Errege Fabrika bat ezartzeko proiektua zuen, gero Errenteriara eramateko, baina ez zuen aurrera egin. Gilisastik Arrazubian aingurak egiten jarraitu zuen mende oso batez, XIX. mendearen erdira arte.

XIX. mendea ezkero industria-guneetan etxebizitzak eta zerbitzuak ezarri ziren bezalaxe, lehenago ere, aro modernoan komunitate-azpiegiturak sortu ziren ekonomia-gune inguruan bizi ziren biztanleentzat: Arrazubian, adibidez.

Arrazubiako multzoa

Burdinola Santiagoerrekaren behealdean ezarri ostean sortutako dinamismoak hainbat bizilagun inguru horretara erakarri zituen. Errota eta lonja ere bazeuden. Lonjaren eraikina auzora iritsi baino lehenago kokatzen da, errepide bazterrean, eta gotiko berantiarreko arkitektura-osagaiak ditu.

XVI. mendearen azken aldera, Arrazubiako jaunak Santiagori dedikatutako ermita bat egitea erabaki zuen, seroretxe eta guzti, inguruko biztanleei gutxieneko liturgia-zerbitzua emateko. Gero frontoia ere eraiki zen, eta XX. mendean auzoko elkartea ere bai.

Santiago ermita Errenazimentu amaierako eraikin soila da, oinplano angeluzuzena eta burualde poligonala dituena, bai eta portikoa eta sarrera gaineko kanpai-horma. Presbiterioa eta nabea bereizteko harlanduzko arku fajon bat ageri da. Arku hori ez beste guztia harlangaitzezkoa da, eta eraikin osoa hareharriz egina da. Hormetan burdin zepa aztarnak daude, inguruetako burdinoletako ekoizpenaren ondorioz (Arrazubiakoa, batez ere, hurbilena baitzen).

Burdinola eta errota ermita baino gorago kokaturik zeuden, 200 bat metro ibaian gora. Burdinola desagertuta dago, baina presa kontserbatzen da oraindik Santiagoerrekaren ibilguaren barruan, bai eta antepara ere (errotaren gurpilera isuriko zen ura jasotzeko biltegia).

Partekatu

unesco