37. Santiago ermita (Zumaia)
3. ETAPA: ZARAUTZ • DEBA
Itsas ertzeko aterpetxea
Ermitaren multzoa eta seroretxea Erdi Aroan eraiki ziren Urola ibaiaren bokalaren eskuinaldeko hareazko dunaren gainean. Funtzio espiritualaz gain, Getariatik zetozen ibiltarientzat aterpetxea ere bazen, ibaiaren bestaldean kokatzen zen Zumaia hiribildura eramango zituen txaluparen zain egon zitezen. Tenpluaren berri zaharrenak XV. mendekoak dira.
Oinplano karratuko eraikina da, hegoaldeko zatian XX. mendeko portikodun eliz ataria duena, kanpai-hormaduna. Fatxada horretan leiho biribil bat eta ojiba-leiho bikiak nabarmentzen dira, eraikinaren antzinatasuna gogorarazten dutenak.
XX. mendearen hasieran, Ignacio Zuloaga margolari eibartarrak ermita zaharra, seroretxea eta dunaren zati handi bat erosi zituen. Bertan, Pedro Guimón arkitekto bizkaitarrak diseinatutako euskal estilo berriko udaldi-etxe bikaina eraiki arazi zuen. Ez zuen debozio-gune zaharra bota arazi, aitzitik, bere etxearekin batera finka osatzen duten elementuen baitan integratu zuen. Ermita berreraikia izan zen arren, antzinako tenplua eta seroretxearen zenbait zatik zutik diraute. Tenplu berrituaren absidean Kristoren irudi bat jarri zuen, bere lagun Julio Beobide eskultore zumaiarrak egina, eta elizaren albo batean Quintín de la Torreren Doloretako Andre Mariaren irudi bat. Haren parean XV. mendeko erretaula polikromatu bat dago, Ama Birjinaren eszenak dituena.
Zuloaga Etxe Museoa
Margolaria bizi zen artean, udaldi-etxe polit hau benetako arte-sorkuntzarako gunea izan zen. Izan ere, bertan elkartzen ziren lagunen artean artista nabarmenak zeuden: aipatutako Julio Beobide eskultorea eta Pablo Uranga margolaria. Gaur egun, Ignacio Zuloagaren obraren zati bat gordetzen da, bai eta artelan bilduma bikain bat ere. Margolanen artean nabarmentzekoak dira: Greco, Zurbarán, Goyaren eskola, Vicente López, Gutiérrez Solana eta abarren obrak. Horiez gain, zenbait eskultoreren lanak ere ikusgai daude: Rodinenak, adibidez.