Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

87. San Roman ermita (Muxica)

6. ETAPA: GERNIKA-LUMO • BILBAO

Erdi Aroko herrixka txiki bat

Muxikako San Roman, ziur asko, Oka ibaiaren erdi ibilguan zeuden beste herrixketako bat izan zen. Gaur egun udalerri guztiak auzune honen izena hartzen duen arren, hasiera batean auzo bakoitzak bere izena izango luke. Adibidez, gaur egungo Muxikako parrokia-eliza Ugarte izeneko auzoan dago, eta, hain zuzen ere, bi ibairen artean dago. Horrek esango luke garai batean Ugartekoa soilik zela San Bizente eliza. Bestela esanda, Muxikak, Gorozikak, Usparitzak, Ugartek, Ibarrurik eta beste batzuek gaur egun udalerri bat osatzen dute, nahiz eta hasiera batean, Goi Erdi Aroan, kokaleku autonomoak izango liratekeen.

Muxika herrixkan San Roman baseliza nagusitzen da, urrunago edo gertuago dauden baserriez, zelaiez eta nekazaritza-lurrez inguratuta. Erdi Aroko kutsu nabarmena duen multzoa da. Jatorrian, bere parrokia propioa zuen herrigunea izango zen, komunitatearen benetako gune espiritual eta politikoa.

Baliteke Muxikatarren oinetxeak eta ermitak lotura estua izatea hasieran; izan ere, elizen gaineko patronatuak zituzten Ahaide Nagusietako askok zioten beraiek eraiki zituztela, beren kontura, beren lurretan. Badakigu kasu askotan baieztapen hori faltsua zela, baina Muxikako dorrea izan al liteke Goi Erdi Aroko antzinako biztanle haien oinordekoa? Hurbiltasun soila baino harreman estuagoa adierazten al du abizena eta toponimoa bat etortzeak?

Arkeologiak erakutsi digunez, oro har, eta bereziki mendialdean, Erdi Aroko lehen kokalekuak garrantzi txikikoak izango ziren, familia gutxiz osatutakoak. Ondorioz, existitzen ziren etxeak gutxi ziren, eta soroez, larreez, fruta-arbolen zelaiez eta basoez inguratuta egongo ziren, baita ukuiluez, errementeria txikiez, lurreko produktuak gordetzeko garaiez, artegiez eta abarrez ere. Mendebaldeko Europako lehen herrixka haietan, VIII. mendetik aurrera, landa-eliza txikiak eraikitzen hasi ziren, eta litekeena da Euskal Herri kantauriarrean biztanleek beraiek eraikitzea. Baliteke, beraz, Muxikatarrak izatea antzinako herrixkako lehen biztanleak, ondoren jauntxoen eta bandoburuen mailara igotakoak.

Hala ere, XII. edo XIII. mende inguruan, herrixkako antzinako eliza horietako asko potentzialtasun handiagoko herrietan kokatutako elizen menpe geratu ziren. Gune baten hazkundearen aurrean, litekeena da inguruko herrixka horietako batzuek boterea galtzea eta auzo huts bihurtzea.

Behe Erdi Aroko eraikuntza

Eraikin xumea da, oinplano angeluzuzena eta bi isurkiko teilatua ditu. Hareharrizko harlangaitzezkoa da, baoetan izan ezik, horietan material bereko harlandua baitago. Estilo gotikoko elementuak konbinatzen zitu. Hasierakoak (XIII. mendea) dira dekorazio zainduko mainela duten txaranbeldutako absideko bi leihoak. Berantiarrekoak (XVI. mendearen hasiera) dira dobeladun sarrera eta oinaldeko leiho germinatuak, biak zorrotzak. Barrualdean, gotiko berantiarreko San Roman santuaren irudia nabarmentzen da.

Partekatu

unesco