Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

35. San Prudentzio ermita (Getaria)

3. ETAPA: ZARAUTZ • DEBA

Erdi Aroko debozio-gune garrantzitsua

Txakolin-mahastiz inguraturik, San Prudentzio ermita Askizu landa-auzoaren lurretan aurkitzen da. Oinplano karratuko tenplu soila da eta harlangaitzezko hormak ditu. Gaur egungo itxura XVI. mendetik aurrerakoa da, baina baditu Erdi Aroko arkitektura-osagai batzuk: portada gotikoa, adibidez, geroago goratua izan zena. XX. mendean ermita eta aldameneko izen bereko baserriaren teilatua bat eginda zeuden, haren seroretxea baitzen.

Ermitan egindako arkeologia-indusketek erakutsi dute, Erdi Aroan jatorria duten beste ermita batzuen aldean, San Prudentzio ez zela izan landa-komunitate bateko parrokia. Aitzitik, beste horiek ez bezala, debozio handiko santutegia izan zen Erdi Aro betean. Horren froga da ermita barruan aurkitutako altxorra, Erdi Aroko jantzien hamarnaka osagarriz osatua (jauregi zein militar arlokoak): gehienbat larruzko gerriko eta uhalak dira, brontze urreztatuzko belarridunak, bai eta brontzezko plaka apaingarriak ere, koloretako beira-orezko esmaltez egindako motibo heraldiko eta apaingarriak dituztenak. XII. mendean datatutako multzoa da, segur aski ermitak jasotzen zituen eskaintzez osatua. Mende batzuk geroago, seguruenik erritu-objektu horiek jatorrizko esanahia galdu zutenean ermitaren zola azpian lurperatu zituzten.

Santutegi mirarigilea

Ermita soil honen barnean, santu titularraren eskultura moderno batez gain, magalean Jesus haurra duen Ama Birjina eseriaren eskultura gotiko bikain bat nabarmentzen da. Erdi Aroko irudi eder hau garai hartan santutegiak izan zuen debozio handiaren erakusgarri da.

Atentzioa ematen duen San Prudentzio ermitaren beste arlo bat nabarmendu behar dugu: gaur egun arte iraun duen sinesmen- eta erritual-multzoa. Seguruenik Erdi Aroko debozio-jardueretatik eratorritako hiru motatako sanazio-jardueren eszenatokia da tenplu hau.

Lehenik, Ama Birjinaren irudi gotikoaren horma-hobiaren oinetan harlandu bat ageri da, erdian hutsune bat duena, eta bertan, errekarri bat. Buruko minez dauden sinestunek errekarria hutsunean igurtzi behar dute, eta lortzen den hautsa buruan eman behar dute gaitza sendatzeko.

Bigarren, ermitako presbiterioan lanpara bat elikatzeko olioa gordetzeko ontzi bat dago. Garatxo edo konkorren bat duten elizkoiek olio-eskaintzak egiten dituzte azaleko gaitz horiek sendatzeko: esandako ontzian isurtzen dute ekarritako olioa, eta ondoren, ekarri dutena baino olio-kantitate txikiagoa hartzen dute bertatik, eta sendatu nahi dituzten guneetan ematen dute.

Hirugarren, ama berriek haur jaioberriak santutegira eramaten dituzte, eta umeen osasuna bermatzeko harilkoak jartzen dituzte aldarean.

Partekatu

unesco