Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

10. San Martin eliza (URRETXU)

1. ETAPA: LOIOLA • ZUMARRAGA

Hiribildu xume bateko eliza

1383ko urriaren 3an, Joan I.ak hiri-gutuna eman zion Villarreal de Urrechuari, egungo Urretxuri, eta peritu batzuk izendatu zituen herri berriko etxe-multzoa eraikitzeko orubeak finka zitzaten, testuan ezartzen ziren neurrien arabera. Lur-neurtzaileen aipamen horrek pentsarazten digu erregearen hiri-gutunaren aurretik han ez zegoela herririk, eta beharbada, elizarik ere ez.

Gipuzkoako hiribildu xumeenetako bat izan bazen ere, badirudi 1437rako handitu zela biztanle kopurua. Urte hartan, Sixto VI.a aita santuak 4 benefizio sortzeko lizentzia eman zion San Martin parrokiari. Horrelako baimenak ohikoak izan ziren Gipuzkoako parrokietan XV. mendearen amaieran, eta kultua emateko elizgizon finkoen kopurua handitzeko ematen ziren, hamarrenen diru-sarrera nahikoa zenean apaiz gehiago mantentzeko. Aldi berean, hamarrenen igoera hazkunde demografikoaren ondorio izan zen. Hala ere, Urretxuko San Martin parrokia, eta Mutrikukoa eta Arrasatekoa alderatzen baditugu, XV. mendean zehar Mutrikuk 7 benefizio oso eta 2 erdi zituen, eta Arrasatek 6 oso eta 8 erdi. Beraz, ezberdintasun horien argitan, Urretxuko hiribilduak nahiko biztanle kopuru diskretua zuela ikus dezakegu.

Arkitektura eta artea

Hala eta guztiz ere, San Martin eliza ez da inguruko beste elizak baino gutxiago. Areto formako oinplanoa du, eta hiru habearteek altuera bera dute. XVI. mendearen hasieran eraiki zuten, eta estilo errenazentista du, baina aztarna gotiko handiarekin. Hareharrizko harlanduz eraikita dago erabat, eta horrek elizan egindako inbertsio handia erakusten du. Elizaren sarreretako bat oinaldean dago, kanpandorrearen azpian (1720koa), eta bi arkiboltaz osatutako arku polilobulatu bat du, erremate konopiala duena. Interesgarria da burdinazko erretikula batez indartutako egurrezko atea. Hegoaldeko fatxadako arkua zorrotza da, eta giltzarrian ebakitako gurutze batez errematatuta dago. Giltzarrian, halaber, Ama Birjinari eskainitako idazkun bat ageri da, letra gotikoz egina.

Barrualdea guztiz berezia da, batetik, aretoaren zabalera handiagatik, eta bestetik, estalkien baxutasunagatik. Bestalde, gaur egun gangak biluzik ageri dira, eta haritz eta gaztainondo zurez eginak daudenez, oso eragin berezia sortzen dute. Jatorrian polikromiaz estalitako iztukuekin entokatuta zeuden, baina guztiak galdu egin ziren, gurutzadurako kupularen petxinetakoak izan ezik, horiek 1982an kendu baitzituzten. Erdiko habeartea kupula beheratuek estaltzen dute, pilare zilindrikoetan bermatuta, erdi egurrezkoak eta erdi harrizkoak. Alboko habearteek, aldiz, gurutze-gangak dituzte. Estalkia Juan Lizarazuk asmatu zuen.

Eraikinaren burualdea aldatuta dago, kapera nagusia kendu egin baitzuten handik pasatzen den kalea zabaltzeko. Gaur egun burualdea zuzena da eta bertan XVI. mendeko hiru erretaula daude: handiena Juan Lizarazurena, eta albokoak, Domingo Mendiaraz eta Martin Etxeberriaren bat (Andre Maria) eta Andres Araozen beste bat (Santa Katalina). Azken honek elementu erromanista interesgarriak ditu bankuan. Azkenik, tenplu osoan banaturik ageri diren tailuez gain, Gaspar Jauregiri, Napoleondar Gerretako gerrillariari, Gipuzkoako probintziak eskainitako hileta-monumentu neoklasikoa nabarmendu behar da (1852).

Partekatu

Azken aldaketako data: