Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

52. San Juan Bataiatzailearen eliza (GUARDIA)

6. ETAPA: SANTA CRUZ DE CAMPEZO • LAGUARDIA

Guardiako defentsa-antolaketa eta hegoaldeko aldearen babesa

San Joan Bataiatzailearen eliza hiribilduaren hegoaldean dago. Harresiari eta defentsa-dorreari atxikita, hiribilduko hego-ekialdeko atea babesten zuen. Hirigunearen defentsa helburu zuen hiri-antolaketaren funtsezko zatia zen. Antolaketa horretan bi defentsa-puntu sendo zeuden: Santa Maria de los Reyes eliza iparraldean eta San Joan eliza hegoaldean; eta biak batuz, kale Nagusia. Hiribildua ipar-hego ardatz horren inguruan antolatzen zen, Arabako beste hiribildu nabarmen batzuetan bezalaxe, hala nola Agurainen eta Gasteizen.

San Joan Bataiatzailearen eliza, erromanikoko munstroen zaindaria

San Joan Bataiatzailearen eliza Santa Maria de los Reyes eliza baino ezezagunagoa da agian, baina oso tenplu aipagarria da edonola ere, gure begirada merezi duten altxor handiak baititu bere baitan: Arabako erromanikoko munstroen multzo onenetakoa du. Gotikorako trantsizioan dagoen erromaniko berantiarrekoak izan arren, estetika eta pentsamolde erromanikoari zor zaion errepertorio ikonografikoa osatzen dute. Munstroaren gaia erromanikoaren oinarrizko osagaia zen: ustez Antzinaroan zein Erdi Aroan Lurraren mugetan bizi ziren izaki arrotz eta hibridoz osatutako iruditeriak osatzen zuen. Elizaren hegoaldean, Aitona-amonen Portada izenekoan, elizpearen gainean dagoen okulua horren erakusgarri bikaina da. Okulua inguratuz, pertsonaia arraro batzuk daude harrian zizelkatuta: giza aurpegia eta hegazti-lepoa duen bat; atzaparrak eta isatsak dituztenak, erromanikoan hain ohikoa zen sirena (kasu honetan arrain bat besarkatzen du eta burukoa darama); izaki bikefalo bat; gorputza ilez estalita duten pertsonaiak; jarrera groteskoetan kokatzen diren beste batzuk, erromanikoan ere oso ohikoak zirenak, adibidez hankak gorantz altxatuta ipurmasailak erakusten dituena. Alegiazko izaki horien artean oso berezia den bat identifikatu da, Esziapodoa: hanka handi bakarra duen izakia da, aldakatik ateratzen zaio eta salto txikiz mugitzen da. Horiez gain, San Joan Bataiatzailearen irudia aipagarria da, orain arte Araban identifikatu den bakarra baita. Pertsonaia berezi horiekin nahastuta, munstroekin zerikusirik ez duten beste pertsonaia batzuk daude: aingeru bat, Bibliako pertsonaia nabarmen bat (David erregea) eta meza ospatzen ari dela dirudien beste pertsonaia bat. Tenpluaren barruan elementu fantastiko gehiago daude, koruan aurki daitezkeenak, kasu baterako: herensuge bat, ispilu aurrean orrazten den sirena bat edo tximino bat danborra jotzen. Baliteke motibo horiek garai hartan oso ezagunak egin ziren kodex edo bidaia-liburuetako deskribapen eta ilustrazioetan inspiratuta egotea.

San Juan Bataiatzailearen elizak gurutze latindar formako oinplanoa du, tamaina desberdineko besoak, nabean altuera desberdineko bi atal, gurutzadura bat eta hiru abside. Eraikuntza fase ezberdinak ikusten dira: XIII. eta XIV. mendeetako tenplu gotikoa, funtsezko zatia. XVI. mendean, tenplua sortu zenetik bete zuen defentsa-funtzioa alde batera utzi eta hainbat aldaketa egin ziren, almenadun dorrea kanpandorre bihurtzea, esaterako. XVIII. mendean, Pilareko Ama Birjinaren kapera eraiki zen, tenpluaren oinean atxikitako barrokoaren harribitxia. Erretaula Nagusia, San Joan Bataiatzaile eseria buru duena, XVII. mendearen amaierakoa da, churrigueresko estilokoa, eta burualde poligonalari egokitzen zaio. Azkenik, aipatzekoa da Pietatearen kapera, Felix Maria Samaniego alegialari ezagunaren gorpuzkinak gordetzen dituena.

Partekatu

Azken aldaketako data: