239. San Antolin Baseliza (Alonsotegi)
7B. ETAPA: BILBAO • BALMASEDA
San Antolin, familia baten ermita
Alonsotegiko udalerria Kadagoa ibaia zeharkatzen duen korridorean dago, Sasiburu mendilerroko Ganekorta eta Pagasarri mendiak banatzen dituen korridorean. Baliabide natural aberatsak ditu (meategiak, hariztiak, pagadiak eta larreak), hori dela eta, gizakia oso goiz agertu zen bertan. Horren erakusgarri dira gaur egunera arte iritsi diren saroiak, elurzuloak eta baserriak, mendeetan zehar egin zen jarduera aberatsa erakusten dutenak.
Hala ere, XIV. mendera arte ez zen Alonsotegi historian sartu (Arrigorriagako elizatearen zati gisa), izan ere, toponimoaren lehen aipamen dokumentalak garai horretakoak dira. XVI. mendean desanexioa gertatu ondoren, Alonsotegi elizate independente bihurtu zen, XIX. mendera arte.
Garai horren lekuko da udalerriak Irauregi auzoan gordetzen duen altxor historiko-artistikoa: San Antolin ermita. XV. mendetik ezagutzen da. XV. mendearen amaieran eta XVI. mendearen hasieran eraiki arazi zuen Coscojales familiak. Familia noble eta nabarmen hori burdinola eta dorre gotor baten jabeak izateaz gain, XVI-XVII. mendeetan Alonsotegiko saroien jabegoa izan zuten. Anton Perez de Coscojales eta Elvira Jimenez de la Renteria senar-emazteek (1542an jaiotako Martin de Coscojales historialari bizkaitar ospetsuaren aitona-amonak) sortu zuten ermita eta haren zaindari izan ziren. Dorre gotor bati eta burdinola bati erantsitako fundazio pribatu gisa eratu zen, eta horregatik du izaera funtzionala. San Antolin tenplua fundatzaileen eta ugazaben behar erlijiosoei erantzuteko sortu zen, asteroko kultuak eta bestelako ospakizun erlijiosoak hartzeko.
Ermita
XIX. mendearen amaieran ermita aurri-egoeran zegoen eta XX. mendearen hasieran zaharberritu zuten. Horma-perimetroa eta sortze-garaian ireki ziren bi sarbideak kontserbatzen ditu, baita burualde osoa ere, non pintura grisailak mantendu diren.
Bere jatorrizko erretaula ere kontserbatzen du, hori dela eta, San Antolin Bizkaiko tenpluen artean nabarmentzekoa da, jatorrizko erretaula kontserbatzen duen probintziako ermita bakarra baita. XVI. mendekoa da erretaula, erromanista estilokoa, eta honako egitura hau du: bankua, gorputz bakarra, joniar ordenako zutabek hiru kaletan banatua, eta atikoa. Erretaularen bankuan ermitako zaindarien irudiak nabarmentzen dira, Anton Perez de Coscojales ezkerrean eta Elvira Jimenez de la Renteria eskuinean, biak XVI. mendeko arropaz jantzita. Aipagarriak dira behe-erliebeak, bai eta atikoa errematatzen duen Kristo gurutziltzatua ere. Erretaulako hiru irudi ez dira jatorrizko erretaulakoak: Ama Birjina eta Haurraren irudi gotiko bat, San Antolinen XVII. mendeko egur polikromatuzko tailu bat eta XVI. mendeko hirugarren irudi bat.
Hareharrizko harlangaitzez egina, nabe angeluzuzena du, eta burualde nabarmena, apur bat estuagoa. Gutxi dira hormetako baoak, eta absidean daude batez ere (bi leiho txiki alboetan eta aurrealdean idi-begi bat). Ermitaren oinaldean kanpai-horma bat dago. Bi kanpai ditu triangelu-formako frontoi batez errematatuta, eta gainean gurutze bat. Behealdean, tenplurako sarreretako bat dago, aterpea eskaintzen duen duela gutxi eraikitako arkupe txikiaren azpian. Elizara sartzeko bi ateek (bigarrena albo batean dago) erdi-puntuko arku dobelatua dute. Barruan, absideak tertzeletedun gurutze-ganga du, eta nabeak nerbio bakunak.