Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

24. San Adriango pasabidea (GIPUZKOA ETA ARABAKO PARTZUERGOA)

3. ETAPA: ARANTZAZU • ARAIA

Muga- eta komunikazio-puntu estrategikoa

San Adriango tunela Santiagoko Bideko mugarria da zinez. Igarobide natural bat da, Oria bailara Arabako Lautadarekin komunikatzen duena. Puntu estrategiko honen goren aldia Erdi Aroa izan zen. Burgos eta Baiona lotzen zituen funtsezko bidean zegoen, eta merkatari eta bidaiariak ibili ziren bertatik. Alabaina, gizakiaren presentzia lehenagokoa da.

Arkeologiak asko erakutsi du leku horretan gizakiak izan duen presentziaren jatorria eta garapenari buruz. Tunel barruan aurkitutako aztarna zaharrenak historiaurrekoak dira, Goi Paleolitikokoak. Hala ere, geroagoko aztarnek, K.a. 3500 urte ingurukoek (Brontze Aroa) erakutsi dute giza talde bat toki horretan egonkortu zela, eta tunela haien asentamendu egonkorra izan zela. Inguruan aurkitzen diren monumentu megalitiko ugariak giza talde horren ehorzte-errituei dagozkie.

Erdi Aroan, Nafarroako eta Gaztelako erreinuen arteko mugan egoteagatik, leku garrantzitsua izan zuen bi erreinuen arteko liskarren eszenatoki gisa. San Adrianen rol militarraren erakusgarri gorena Nafarroako erregeek tunel barruan eraikitako gaztelua da. Gotorlekuari dagozkion egiturez gain, bestelako material ugari aurkitu da, adibidez: paparreko orratzak, gerrikoen belarriak, eraztunak eta txanponak (XI., XII. eta XIII. mendekoak). Gaztelak lurraldea bereganatu zuenean, pasabidearen eta gazteluaren jabe egin ziren. Gaztelako errege eta merkatariek San Adriango kokapen estrategikoa bultzatzeko interes ekonomiko nabaria izan zuten, izan ere, pasabide honen kontrola izateak posible egiten zuen Nafarroatik pasa gabeFrantziarekin komunikatzea. Hala, komunikabide honi esker Gaztelako artilea merkaturatzea ziurtatu zuten, eta Europa guztira eramatea. XIV. mendetik aurrera puntu estrategiko honen garrantzia areagotu egin zen,Postaseko Errege Bideko mugarri bihurtu baitzen; Madrileko gortetik Frantziara zihoan posta, Gasteiztik pasatu ondoren, San Adrianera iristen zen, eta handik Frantziako mugara.

1512an, Gipuzkoak Gaztelako erreinuarekin behin betiko bat egin ondoren, San Adrian jadanik ez zegoen mugan. Hala ere, gazteluak zutik jarraitu zuen, bidea babesteko eta galtzadaren mantenurako ordainsaria bertan kobratzen zelako. Hurrengo mendeetan handik pasatzen ziren bidaiari eta merkatarien beharrei erantzuteko azpiegiturak eraiki zituzten: biltegiak, ukuilua, ostatua eta ermita.

San Adriango multzoa

Aizkorri-Aratz Parke Naturalean kokaturik dagoen tunel naturala da, Gipuzkoa eta Araba arteko pasabidea. 1000 m-ko altueran dago eta 55 m-ko luzera du.

Iraganean izandako garrantziaren erakusgarri diren zenbait elementu kontserbatzen dira. Tunel barruan San Adrian ermita nabarmentzen da, gerora pasabideari izena eman diona; jatorrizko izena Lizarrate zen. Gaur egungo tenplua XIX. mendekoa da, ermita zaharra 1893 urtean eraitsi ondoren goitik behera eraikitako eraikuntza berria, eta galtzadaren zati baten eta ehorzketa-gune baten gainean eraikita dagoena. Oinplano angeluzuzena du, nabe bakarra eta bi isuriko teilatua. Kanpotik luzituta dago eta ertzetan harlanduzko kateak ditu.

Nafarrek eraikitako gaztelu zaharretik ekialdeko horma baino ez da geratzen: harlangaitzezkoa da eta sarrerako atea mantendu du, arku pixka bat zorrotza duena. Ostatua desagertu egin da, 1915eko sute baten ondoren bertan behera utzia izan baitzen (ordura arte bidaiariei ostatua eta jatekoa ematen zitzaien bertan). Ostatua abandonatua izan zenetik gizakiak ez du berriro tunela okupatu.

Kanpoaldean jatorrizko galtzadaren aztarnak ikus daitezke. Antzinarokoa dela esan izan da, baina ez da zuzena: Erdi Aroko galtzada da. Ibilbide eta egikera desberdineko bi galtzada ikus daitezke. Zaharrena XIV. mendekoa da, harrizko ilara bana du alboetan, eta erdian ertz bat, hartxintxarrez betea. Oinez edo zaldiz bidaiatzen zuten pertsonentzat pentsatua zegoen. Bestea geroagokoa da, XVIII. mendearen lehen erdikoa, eta lauza handien ilara bana du alboetan, eta hartxintxarrez betea dago. Gurdi eta zalgurdientzat pentsatua zegoen.

San Adriango multzoa ixteko,SanctiSpiritu ermita dago tuneletik 500 m-ra, Gipuzkoako Zegama herrian. Oinplano angeluzuzena du, bi isuriko hormigoizko teilatua, eta hegoaldera begira dago. Hormak harlanduxkoz eginak dira eta barrutik luzituta daude. Beti dago irekita, mendizaleen eta artzainen babesleku gisa. 1503 urtean Julio II.a aita sainduak prioretza titulua eman zion (Erdi Aroan Santiagoko Bideko lekuei ematen zitzaien).

Partekatu

Azken aldaketako data: