53. Samaniego jauretxea (GUARDIA)
6. ETAPA: SANTA CRUZ DE CAMPEZO • LAGUARDIA
Alegialari ilustratu bat, maiorazko garrantzitsu baten oinordekoa
Felix Maria Samaniego Guardiako pertsonaia nabarmenetako bat da, El Fabulista izenez ere ezaguna. Argien Mendean jaio zen, 1745. urtean. Bere garaiko aristokrata bat izan zen, eta Ilustrazioaren ideiak praktikara eramaten saiatu ziren euskal noble talde hautatuarekin harreman estuan egon zen, hain zuzen ere Euskalerriaren Adiskideen Elkartea (Real Sociedad Vascongada de Amigos del País) osatu zutenekin. Samaniegorengan eragin handia izan zuten, garaiko mugimendu intelektualak zekartzan ideia berriak ezagutu eta hartzeko aukera eman ziotelako, batetik, bere osaba Xabier Maria Munibek, Peñafloridako Kondeak (aipatu elkartearen sortzaileetako bat eta lehen zuzendaria), harekin batera Azkoitia, Azpeitia eta Bergara Gipuzkoako herrietan ibili baitzen; eta bestetik, Frantzian jaso zuen hezkuntzak, sendotasun humanista eman baitzion. Musikaria, saiakera-egilea eta antzerkigilea izan zen. Poesiak eman dio ospe handiena, eta zehazki, bere alegiek, hain zuzen ere, ideia erreformistak transmititzeko tresna bikaina bihurtu ziren literatur generoak.
Guardiako tradizio handiko familia batetik zetorren: Samaniegotarrak. Bertako leinu nabarmenetako bat zen; denbora luzez, leinu horretako familiaburuek hiribilduko erregidore iraunkor eta alferez nagusi kargu nabarmenak izan zituzten, 1733an Erregeak kargu horiek kendu zituen arte. Bederatzi senideren artean bosgarren semea izan zen, eta bere anaia Antonio Eusebio Jesusen Lagundian sartu zenez, familiaren ondare oso aberatsa heredatu zuen Felix Mariak; onura handiko ondarea. Bi maiorazko jaso zituen Guardian, Ebro ibaiaren ertzean Escobosa finka eta Azazetatik gertu dagoen Arraya jaurerria, bai eta Tolosako Yurramendi eta Idiakez maiorazkoak eta Oñatiko Irala ere. Guardiatik urrun egonaldi luzeak egin bazituen ere, Felix María Samaniegok denbora eta ardura asko eskaini zizkion oinordetzan hartutako maiorazkoari, eta azken urteak Escobosako etxaldean eman zituen, non musikari, ondo jateari, bere ondasunen administrazioari eta idazteari ekin baitzion. 1801ean hil eta familiaren jabetzako San Juan elizako Pietatearen Kaperan lurperatu zuten.
Samaniego jauretxea
Samaniegotarren jauretxea leinuko ondasunik nabarmenetakoa da, haien oinetxea baita. San Juan plazatxoan dago, eta bertan dago izen bereko eliza ere, leinuak hiribilduan duen presentzia nabarmenaren sinbolo gisa erreferentea den lekuan. Familiak eliza barnean kapera bat izateak leinuaren boterea erakusten du, ez soilik esparru zibilean, baita eliz gaietan ere, eta zehazki parrokia horretan. Izan ere, jauregia eta kapera pasabide baten bidez konektatuta zeuden, jauregiaren goiko aldea eta elizaren kanpoko horma lotuz. Gaur egun, agerian daude eusten zioten mentsulak.
Jauretxea Guardiako etxe barrokoen adierazgarririk onenetakoa da. Erdi Aroko lursail batzuen gainean eraikitako hiru solairuko eraikin handia da. Lau angeluko oinplanoa du, eta erdiko patio arkupeduna. Fatxada, alde nobleena, harlanduzkoa da eta bost bao-ardatz ditu, inposta-lerroen bidez banatuta. Ezkerretik hasita bigarren ardatzean sarrera nagusia dago. Ate dintelduna du, handia, eta alboetan toskanar ordenako bi zutabe, itxura klasizista ematen diotenak. Haren gainean, triglifoz apaindutako taulamendu bat ikus daiteke. Ondoren, erlaitz txiki bat ageri da, balkoiari eusten. Azkenik, familiaren armarri barrokoa ikus daiteke. Barrualdean, sotora jaisten zen ezkaratzeko harrizko eskailera kontserbatzen da, eta altzarien artean, XVIII. mendeko torloju bikoitzeko presa bat nabarmentzen da.
Azken aldaketako data: