42. San Salbador baseliza eta Urtiaga-Larrabiel historiaurreko labar-multzoa (Itziar)
3. ETAPA: ZARAUTZ • DEBA
Baseliza bakartia
San Salbador edo Salbatore baseliza Itziarko Itxaspe auzoan dago, Debako udal-mugartean. 130 metroko garaiera duen tontor txiki baino nabarmen batean dago, arte kantauriar eta sasiz osatutako baso itxi batez erabat estalia, bertatik tenplura igotzeko bidea bihurka doalarik. Zirkunstantzia guzti hauek, eta eliza hau inguruko baserrietatik nahiko urrun egoteak, tokiari, isolamendu itxura orokor bat ematen diote, mendietan galdutako Erdi Aroko eremitategi edo santutegi baten antz handiagoa duena, landa-eliza xume batena baino. Oinplano angeluzuzeneko ermita txiki bat da, bi isurkiko zurezko estalkia duena, eta, bere barruan, Salbatzailearen irudi bat gurtzen da. Irudi hori, tradizioaren arabera, itsasoan aurkitu zen. Elezahar horrek are gehiago laguntzen dio tenpluaren inguruko misterio sentsazio horri.
Sentsazio eta suposizioetatik haratago, egia de tenplu honek bere jatorriari eta funtzioei buruzko hainbat galdera sortzen dituela. Duela mende gutxi eraikitako santutegi txiki bat da, ala, beste kasu batzuetan bezala, ermita bihurtutako Erdi Aroko parrokia zahar bat? Hala balitz, Itxaspe auzoko gune zaharra izango litzateke? Galdera asko eta erantzun gutxi. Eremu egokia, beraz, etorkizuneko ikerketa historikoetarako.
“Euskal arrazaren sorlekua”
Salbatore mendiaren gainean izen bereko baseliza dago; eta haren hegoaldeko hegalean, Urtiagako haitzuloa. Aztarna arkeologiko eta antropologikoen aberastasuna dela eta, Madeleine eta Azil aldietako (duela 20.000 eta 8.000 urte artean) aztarnategi franko-kantauriar garrantzitsuenetako bat da. Aztarnategi hau, batez ere, duela 14.000 eta 10.000 urte artean datatutako hiru giza garezurrengatik nabarmentzen da, Telesforo Aranzadik eta Jose Migel Barandiaranek 1928 eta 1936 artean egindako indusketa arkeologikoetan bertan aurkitu zirenak. Aztarna antropologiko horiek mugarri garrantzitsua izan ziren gizakiaren eboluzioari buruzko ikerketetan.
Nolanahi ere, aurkikuntza horietatik abiatutako ikerketek eztabaida luzea sortu zuten. Bigarren Mundu Gerraren (1939-1945) aurreko hamarkadetan, antropologia eta beste diziplina zientifiko batzuk, medikuntza, psikologia edo historia kasu, garaiko adostasun zientifikoaren arabera, giza arraza batzuk besteetatik bereizten zituzten ezaugarri espezifikoen ikerketan eta definizioan jardun ziren. Interpretazio-esparru horren barruan, Urtiagako garezurretatik zaharrena, Madeleine aldiaren amaierako garaikoa, aurkitzaileek Cro-Magnongo Gizakiaren eta euskal arrazaren arteko katebegitzat hartu zuten, bere ustez euskal arraza garbiko gizabanakoenekin lehen gizaki mota horren ezaugarriak partekatzen baitzituen.
Edonola ere, muino honetako kobazuloko aztarnategiak, euskal esparruko aztarnategi garrantzitsuak dira, gainera, Azil aldiko (K.a. 10.000 eta 8.000 bitartean) okupazio garrantzitsu bat baitute, eta Brontze Aroko (K.a. 4.000 eta 1.000 bitartean) hilobien hondarrak.