Sailburuaren agurra
Sailburuaren agurra:
Diskriminazioaren eta gorroto-delituen aurkako borroka berdintasunaren arloko, aniztasunaren kudeaketaren arloko eta gizarte-kohesioko politika aurreratuen ardatzetako bat da, bai eta gaitzespeneko eta bazterketako jarreren eta portaeren eraginpean dauden eta gizarte-egoera ahuletan dauden pertsonak gizarteratzeko eta beraien justiziarako edozein plangintzaren funtsezko oinarri ere.
Hurbileneko Europako erreferentziazko testuinguruan, gero eta gehiago dira kolektibo batzuen irudirako kaltegarriak diren diskurtsoen eta bazterketako eta diskriminazioko jardunbideen diskurtso legitimatzaileen ebidentziak. Fundamental Rights Agency-k (FRA) eginiko inkesten datuek eta populismo arrazisten eta xenofoboen adierazpen berriek erakusten duten egoera aintzat hartuta, berdintasunean eta giza eskubideekiko errespetuan oinarritzen diren jarrerak sendotu eta esku hartzeko sistemak finkatu behar dira eta, horretarako, prebentzioaren alderdian eta pertsonen, kolektiboen eta, oro har, gizartearen gaineko diskriminazioaren eta gorroto-diskurtsoen ondorio negatiboetan jardun behar da.
Testuinguru horretan, 2018ko abenduaren 13an eta 14an, Vitoria-Gasteizko Europa Biltzar Jauregian, “Tratu Berdintasunari eta Diskriminaziorik Ezari buruzko I. Euskal Kongresua” egingo da, gai horretan esku hartzeko euskal sistemaren oinarriak ezartzeko, honako hauek helburu izanik:
- Tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren gaiak politika-, erakunde- eta gizarte-agendan duen pisua areagotzea.
- Eragileek diskriminazio-moduen eta analisi-perspektiben inguruan jarduteko, hausnartzeko eta hausnarketa horiek trukatzeko leku iraunkorra sortzea.
- Euskal Autonomia Erkidegoan tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren arloan egiten dena ikusaraztea eta horren gaineko ezagutza parketatua sustatzea.
- Ekintza bideratuko duten etorkizuneko zantzuak identifikatzea: berrikuntzak, konexioak, harremanak, sinergiak, jardunbide egokiak eta abar.
Kongresua euskal erakundeei zuzenduta dago, bereziki berdintasunaren, aniztasunaren eta elkarbizitzaren sustapenaren arloan eskumena duten sailei, bai eta gai horietan inplikatuta dagoen hirugarren gizarte-sektore osoari ere. Halaber, Estatu eta Europa mailan intereseko polo bilakatu nahi du eta zenbait sektoretako eragile ordezkarien parte-hartzea eragin: abokatutza, hezkuntza, enplegua, epailetza, komunikabideak, segurtasuna etab. Horiek guztiak parte hartzera gonbidatzen ditut, aktiboki tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren arloan politikak eta esku hartzeko tresnak hobetzen laguntzeko eta, horrela, gizarte libreagoa, kohesionatuagoa eta berdinzaleagoa lortzeko.
Beatriz Artolazabal
Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua
Azken aldaketako data: