Lehendakaritza

30. Euskal Autonomia Erkidegoko 2030erako Biodibertsitate Estrategia

Helburuak

Aztertzen ari garen proiektua lehentasunezko honako helburu hauekin jaio da: EAEko ekosistemen hondatzea geldiaraztea; habitat eta espezie basati, lehortar eta itsastar nagusien egoera hobetzea; eta lurralde zatiketaren eta inbasio biologikoen auziak modu integral eta sistematikoan aztertzea.

Gure ongizatea eta bizi-kalitatea kapital naturalean oinarrituta daude, hau da, biodibertsitatean eta geodibertsitatean. Horren barruan, ekosistemak daude eta honako oinarrizko ondasun eta zerbitzu hauek ematen dizkigute, besteak beste: lurzoru emankorrak eta funtzio anitzeko basoak, lur eta itsaso produktiboak, kalitate oneko ur geza eta aire garbia, baita polinizazioa, klimaren erregulazioa eta muturreko gertaeren kontrako babesa ere. Gainera, helburu hori Europar Batasunaren 2020rako Biodibertsitate Estrategiarekin bat dator. Estrategia horrek biodibertsitatea galtzea eta zerbitzu ekosistemikoak hondatzea geldiarazteko, eta ahal den neurrian, leheneratzeko xede eta neurri sorta bat finkatzen du.

Euskal Autonomia Erkidegoak bere kapital naturala babesteko eta aktiboki kudeatzeko lan luze eta etengabea egin du. Administrazio eskudunek Natura 2000 Sarearen barne dauden naturaguneetan egindako lana nabarmendu behar da, hala nola Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoak barne hartzen dituen espezieen kudeaketa. Oraindik, hala ere, bide luzea dago egiteko Euskal Autonomia Erkidegoko ekosistema lurtarren eta itsastarren egoera ona izateko eta biodibertsitatea nabarmen hobetzeko. Hobekuntza horren beharra Europar Batasunaren jarraibideetan aldarrikatzen da, hain zuzen, 2020rako bere biodibertsitate-galera geldiarazteko helburuarekin.

Aurrerapausoak eman diren arren, ekosistemetako asko hondatuta daude edo modu ez-jasangarrian erabiltzen dira. EAEren 2013ko ingurumen-profilaren arabera, biodibertsitatea murrizten ari da eta ekosistemen zati bat narriatuta dago (Batasunaren intereseko EAEko habitaten % 35 kontserbazio-egoera txarrean daude). Hori guztia mota askotako presioen ondorioa da. Alde batetik, dentsitate handiko herrialde txiki oso industrializatu honen eredu ekonomiko eta sozialak sortzen dituen presio handien ondorio, ez baitio merezi bezalako lehentasun-maila eman biodibertsitateari. Espezie exotiko inbaditzaileek eta klima-aldaketak, adibidez, gure kapital naturalean egiten ditugun presioen eraginak areagotu ditzakete.

Zalantzarik gabe, gizartean, ekosistemen eta horiek eskaintzen dituzten zerbitzuen garrantziari eta haiek hondatzea geldiarazi beharrari buruzko kontzientzia gero eta handiagoa da, baina oraindik ez da lortu kapital naturala aprobetxatzeko eta balioztatzeko beharrezkoak diren erantzukidetasuna eta konbentzimendua.

Legegintzaldia

XI. Legegintzaldia

Garatzeko jarduerak eta baliabideak

Une honetan, Biodibertsitate Estrategia lanketaren hasiera-hasieran dago, azaroan egoeraren diagnostikoa egiteari ekin baitzaio. Beraz, ez dago bere egitura estrategikoa zehazteko informazio gehiago. Dena den, estrategia honetako lanaren ardatz nagusiak IV. Ingurumeneko Esparru Programan modu orokorrean definituta daudela aurreratu daiteke, zehazki, honako atal honetan: «1. helburu estrategikoa. Gure kapital naturala babestea, kontserbatzea eta lehengoratzea, ekosistemek eskaintzen dizkiguten zerbitzuak gerizatzeko». Helburu horrek honako hau jasotzen du:

  • Ingurune naturalaren kontserbazioa modu eraginkorrean txertatzea politika sektorialetan.
  • Ekosistemen eta beren zerbitzuen galera mugatzea.
  • Lurzoruaren okupazioa geldiaraztea, erabileren nahasketa sustatzea eta espazio degradatuak berroneratzea eta berrerabiltzea bultzatzea.
  • EAEko kapital naturalaren kudeaketan tresna ekonomikoak jasotzea.
  • Lurraldean jarduten duten eragileak ekosistemen zerbitzuen garrantziaz sentsibilizatzea eta haiekin konprometitzea.

Estrategia honek partaidetza-prozesu garrantzitsu bat izango du, biodibertsitatearekin lotutako dimentsio sektorial osoa kontuan hartzeko. Hala, parte hartzen duten pertsona eta kolektiboen partetik ahalik eta iritzi, proposamen, ekarpen eta iradokizun gehienak jaso nahi dira. Horretarako, lan egiteko hainbat bide erabiltzea aurreikusten da: Irekia plataforma (http://www.irekia.euskadi.eus/es/debates/1066?stage=discussion ), sare sozialak, gune presentzialak, eta abar. Horiek oraindik ere definizio-prozesuan daude estrategia idazten ari den taldearen aldetik.

2016an zehar Biodibertsitate Estrategia lantzeko dauden baliabideak 36.000 € dira; horiek zehazten diren jarduerak lantzera, martxan jartzera eta segimendua egitera zuzenduta daude.

Oraingoz, gauzatze-aurrekontua ezin da zehaztu, ez baitira ez irismena ez jarduerak definitu. Informazio hori 2016ko lehenengo hiruhilekoan lortzea espero da.

Denborazko konpromisoa

Estrategiaren denbora-horizontea 2030a da eta 2020an ebaluazio bat egitea planteatzen ari da; izan ere, Europako 2020rako Biodibertsitate Estrategiak finkatzen duen denbora-horizontearekin bat etorriko litzateke. Hala ere, une honetan, alderdi horiek definitzeke daude eta ezingo da gehiago zehaztu 2016ko lehenengo hiruhilekora arte.

Segimendu eta ebaluaziorako formulak

Estrategiaren lanketan, proposatutako jardueren jarraipena eta ebaluazioa egiteko modua definitzea aurreikusten da. Beraz, 2016ko lehenengo hiruhilekora arte, ezingo da atal honetarako informazio zehatzagorik eduki.

Azken aldaketako data: