“Lizarriturry y Rezola” xaboi fabrika zaharretik langileen etxeak baino ez dira gelditzen: solairu-etxe apalen lerrokada bat, apaingarri askorik gabeak, Donostiatik Lasarterako errepidearekin paraleloan, Zarauzko hiribidean. Etxeon atzealdean, mendi hegalean, Antiguako egoitza-etxeak daude. Enpresa 1860ko hamarkadan sortu zen, “J. Lizarriturry, Rezola y Cª” izenarekin. Aurki egin zen ezaguna, “La Providencia” markapean kandelak, glizerina, parafina. .. ekoizten hasi zenean. 1890. urtean ekin zitzaion langileentzako etxeak eraikitzeari, eta XX. mendean ere egiten jarraitu zuten, 1956an azken egoitza-multzoa egin arte. Enpresa 1990ko hamarkadaren hasieran itxi zen. Industria-instalakuntzak eraitsi zirenez, geratu zaigun lekukotasun bakarra Antiguako etxeak dira.